John Keats

Wikipedia, Entziklopedia askea
John Keats
John Keats by William Hilton.jpg
Bizitza
JaiotzaMoorgate1795eko urriaren 31
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
BizilekuaIngalaterra
Irlanda
Eskozia
Italia (geografikoa)
Talde etnikoaIngelesa
HeriotzaErroma1821eko otsailaren 23a (25 urte)
Hobiratze lekuaErromako hilerri protestantea
Heriotza moduatuberkulosia: tuberkulosia
Familia
Ezkontidea(k)ezkongabea
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaLondresko King's College
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, errelatorea, medikua eta idazlea
Lantokia(k)Ingalaterra
InfluentziakJohn Milton, Edmund Spenser, William Hazlitt eta Virgilio
Mugimenduaerromantizismoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaerlijiorik eza

IMDB: nm1563088 Musicbrainz: d0639a62-b2da-4c22-ae84-ea81956944e3 IMSLP: Category:Keats,_John Find a Grave: 566 Edit the value on Wikidata
John Keats firma reconstrucción.png

John Keats (Londres, 1795eko urriaren 31 - Erroma, 1821eko otsailaren 23a) ingeles poeta erromantikoa izan zen. Bizitza motza izan zuen arren, Erromantizismo ingeleseko izen handienetakotzat hartzen da. Antzinako Grezia eta Erromako mitologia izan zuen oinarri bere olerki askotan, eta edertasuna bilatzen saiatu zen obra guztietan.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Keats 1795eko urriaren 31n jaio zen, Londresen. Ezbeharrak bata bestearen atzetik jazo zitzaizkion poetari, oso gaztetik gertatu ere. Zazpi urterekin aita hil zitzaion, zaldi batetik erorita, eta, amaren bigarren ezkontza motz baten ondoren, amonarekin bizitzera joan zen familia osoa Enfieldera. Zoritxarra hauspoa izan zen, hein batean, urteak geroago gauzatuko zuen lanerako: izan ere, Enfieldeko ikastetxean greziar eta erromatar klasikoak ezagutu eta ikasi zituen, hainbeste ezen hamabost urterekin Virgilio poetaren hitzak itzultzeko gai baitzen.[1]

Alabaina, tuberkulosiak ere laster egin zuen agerraldia Keatsen bizitzan. Lehenengo biktima poetaren ama izan zen, 1810ean hil baitzen eriak jota. Bederatzi urteren ondoren, gaixotasunak anaia ere akabatuko zuen. Ama hil zenean, Keats anai-arrebak bi tutoreren eskuetan jarri zituen amonak, eta horiek zirujau baten laguntzaile jarri zuten idazlea; hortaz, Enfieldeko eskolak eskaintzen zion mundu klasikoa abandonatu behar izan zuen, behin-behinean. Osasun zientzien bidea jarraitu zuen urte luzez, zenbait kirurgialarirekin lan egin, farmazia ikasketak burutu, eta are farmazialari aritu baitzen.[1]

Literaturaren ildotik bananduta ibili zen urte horietan, baina ez erabat. Izan ere, ogibideak uzten zion denboran literatura ikasten ibiltzen zen, eta 1816an, azkenean, osasungintzaren bidea utzi eta literaturarena hautatu zuen behin betiko. Trantsizioaren urtean, mugarri izan zitzaizkion, batetik, Edmund Spenser idazle ingelesaren lana, eta, zehazki, haren The Faerie Queene ("Maitagarrien erregina") obra; eta, bestetik, Leigh Hunt editorea ezagutu izana. Azken horrek batu zuen Keats Erromantizismo ingelesaren beste bi zutoin izango zirenekin; alegia, Percy Shelley eta Lord Byron lagun minekin. Gainera, haren poesia lanak argitara eman zituen Huntek, zorte gutxirekin kaleratuak izan baziren ere, Keats gaitzetsia izan baitzen orobat kritikaren eta irakurleen aldetik.[1]

Keatsen lehenbiziko garrantzizko lana Endimion poema luzea izan zen, 1818an argitaratua. Poemak Diana Ilargiaren jainkosa eta Endimion artzainaren arteko maitasuna kontatzen du; munduko edertasunaren maitalearen alegoria da. Lan horri esker iritsi zitzaion errekonozimendua, hasiera batean kritika ugari jaso zituen arren.[2]

Lehenago ama eta anaia bezala, Keats tuberkulosiz gaixotu zen eta lagun baten etxera joan zen sendatzera. Bertan, Londresko Hampsteaden, Fanny Brawne ezagutu zuen, bere bizitza osoko maitasun tragikoa. Orduan osatu zituen bere poemarik ederrenak (Lamia eta The Eve of St Agnes), oda handiak (On Indolence, On a Grecian Urn, To Psyche, To a Nightingale, On Melancholy eta To Autumn), eta Hyperion poema epikoaren bi bertsioak. Hyperion 1818 eta 1819 urteetan idatzia da: zoritxarreko maitasunaren eta eritasunaren aurrean, berriz ere Greziar mitologian oinarriturik, balio absolutuak eta hilezkortasuna uztartzeko ahalegina da eta, era berean, poeta-sortzailearen alegoria. Poemak, odak eta Hyperion 1820an argitaratu ziren Lamia and other poems liburuan

1820ko irailean, gero eta eriago zegoela, Napolirantz jo zuen eguraldi onuragarriagoaren bila. Hilabete batzuk geroago, 1821eko otsailaren 23an, Erroman hil zen eta bertako hiíerri protestantean lurperatu zuten. Mende laurden bat pasatxo besterik ez zuen. Epitafioan berak idatzitako hitzak ezarri zituzten: "Hemen baten bat datza, haren izena uretan idatzi zena"[2]

Literatura lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keatsen poesiaren ezaugarriak irudien bizitasuna, sentikortasuna, eta filosofia mitologiaren bidez agertzeko ahalegina dira. XIX. mendeko poetengan eragin handia izan zuen, baina, bereziki, obraren alderdi formalari dagokionez; XX. mendean Keatsen obraren balio teknikoa eta intelektuala aintzat hartu da. Haren obraren baitan ezarri ohi dira, orobat, gutunak, anai-arrebei, adiskideei eta Fanny Brawneri bidaliak; bere obrari buruzko iruzkin aberatsak izateaz gainera, literatura-balio handikoak dira.

Hasi naiz jabetzen gizakia bere zirkunstantziek moldatuta dagoela. Eta zein dira, bada, zirkunstantzia horiek, bere bihotzeko froga-harriak ez badira? Eta zein dira, bada, froga-harri horiek, bere bihotzarentzako probak ez badira? Eta zein dira, bada, bere bihotzarentzako proba horiek, bere natura aldatu eta azkartu egiten dutenak ez badira? Eta zer da, bada, aldatzen den natura hori, bere arima ez bada? Eta zer zen, bada, bere arima hura mundura sortu eta proba, aldaketa eta hobekuntza horiek jasan aitzin? Nortasunik gabeko adimena. Eta nola, bada, osatu da azkenean nortasun hau? Bihotzaren bidez. Eta nolatan bihurtu da bihotza bitartekari, zirkunstantzi-mundu baten bidez izan ez bada?...

John Keatsen eskutitza, 1819ko udaberria.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Igartua Aristondo, Amaia. Keats hilkorraren olerki hilezkorrak. Berria, 2021eko otsailak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
  2. a b c Keatsen barne-muinetan. Euskaldunon Egunkaria, 1994ko urtarrilak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]