Edukira joan

Juan Zumarraga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan de Zumarraga» orritik birbideratua)
Juan Zumarraga

1. Metropolitan Archbishop of México (en) Itzuli

1546ko otsailaren 12a - 1548ko ekainaren 3a (egutegi gregorianoa)
← baliorik ez - Alonso de Montúfar
Elizbarrutia: Mexikoko Artxidiozesia
1. Bishop of México (en) Itzuli

1530eko abuztuaren 20a - 1546ko otsailaren 12a
← baliorik ez - baliorik ez →
Elizbarrutia: Diocese of México (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaDurango, 1468
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Talde etnikoaespainiarra
HeriotzaMexiko Hiria1548ko ekainaren 3a (79/80 urte)
Hobiratze lekuaMexiko Hiria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakapaiz katoliko latindarra, misiolaria, inkisidorea eta apezpiku katolikoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Find a Grave: 127129284 Edit the value on Wikidata

Frai Juan Zumarraga,[1] O.F.M. (Durango, 1468Mexiko Hiria, 1548ko ekainaren 3a) fraide bizkaitarra izan zen, frantziskotar ordenatuta.

Euskal Herrian, sorgin-ehizen prozesuetan parte hartu ostean, Mexikoko lehenengo apezpiku bilakatu zen 1528an, Espainiar Inperioaren hastapenetan, Karlos V.a enperadorearen garaian. Karlos V.ak izendatu zuen Zumarraga Espainia Berriko II. Apezpiku 1528an (Julián Garcés-en ostera), baina, horretarako, Espainiara joan behar izan zuen Mexikotik zeremonia ofizialera, eta hori 1533ko apirilaren 27an izan zen, Valladolideko San Frantzisko komentuan.

1536tik 1543ra Inkisizioaren kargudun jardun zuen eta, indigenen aurkako abusuengatik hainbat salaketaren berri izan zuelarik, haien babesle aritu zen. Bestalde, Real y Pontificia Universidad de México delakoaren sortzaile nagusia izan zen, gaur egungo Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa dena. 1533ko apirilaren 27an kontsakratua izan zen eta, hamalau urteren ostean, 1547an, artzapezpiku.

Azkenik, Gure Ama Guadalupekoaren agerpenekin lotu izan dute, Hego Euskal Herrian sorgin-ehizan jardun zuen garaian.

Durangoko (Juan Zumarragaren jaioterria) Ezkurdi Parkean bere omenean dagoen monumentua

Juan Zumarraga 1468. urtean jaio zen, Durangon, garai hartako Bizkaiko jaurerrian (gaur egungo Bizkaia), Gaztelako koroaren parte zena. Ama, Teresa Lariz, Muntsaratz familiako kide zuen, Abadiñoko (Bizkaia) Muntsaratz Dorretxean bizi zena. Aita, berriz, Juan Lopez Zumarraga zuen.

Frantziskotar Familian sartu zen (Anaia Txikien Ordena izenarekin ere ezaguna), Valladolidetik gertu dagoen El Abrojo-ko Scala Coeli monastegian bizitzera pasaz. Garai hartan Valladolid Gaztelako hiriburua zen, Concepción-eko probintzia frantziskanoan kokaturik, non Aita Zaindari izan zen.

1527. urtean, 60 urte zituela, Karlos I.a ezagutu zuen, Aste Nagusia Juan Zumarraga zegoen konbentuan pasa zuenean. Enperadoreak, joateko momentuan, limosna handi bat eman nahi izan zion Juan Zumarragari, ezetz esan ezin zuenean, onartu eta pobreei eman ziena.[2]

Mexikoko I. Apezpikua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Zumarragak Karlos I.arekin izandako elkartzearen ondorioz, Nafarroako Bisitadore izendatu zuten, Frai Andrés de Olmos-ekin batera sorgin-ehizarekin erlazionaturiko prozesu batean parte hartzeko. Mexikoko Artxidiozesia sortzean Mexikoko Hirian, Hernán Cortés-ek lurraldea konkistatu eta gutxira, Karlos I.a-k Frai Zumarraga proposatu zuen apezpiku modura bai eta, bere botereen barruan, Indioen Babesle, 1527ko abenduaren 12an. Hasierako erresistentzia baten ostean, frantziskanoek onartu egin zuten erabakia eta, behin kargua onarturik, Ameriketara joan zen, Frai Andrés de Olmos eta Mexikoko Entzutegiko lehen kideekin batera (Nuño de Guzmán eta hainbat entzule: Parada, Maldonado, Matienzo eta Delgadillo). Hala, 1528ko urtarrilean Espainiatik atera eta urte berdineko abenduaren 6an Mexikora iritsi ziren.[2][3]

Parada eta Maldonado entzuleen heriotzaren ondorioz, iritsi eta gutxira, Entzutegia irregulartasun-periodo batean sartu zen. Errudun Zumarraga agertu zen, Indioen Babesle modura iristen zitzaizkion gehiegikeri-kexa guztiei erantzuteko zituen mugatze guztien ondorioz. Tira-biren puntu gorena 1530. urtean iritsi zen, Nuño de Guzmánek preso batzuk elizatik kanporatu zituenean (garaiko babes-eskubidea urratuz). Honi erantzunez, Zumarragak entzule oro eskumikatuko du, hiriko ohikunea bertan behera utziz. Gatazka hauen testuinguruan eta kexei erantzuteko ezintasunaren ondorioz, Zumarraga Karlos I.arekin kontaktuan jartzen saiatu zen. Hasieran lortu ez bazuen ere, azkenean, zituen arazoen berri eman zion enperadoreari. Hala, Karlos I.ak Mexikoko Erregeorderria sortuko du, Antonio de Mendoza erregeorde izendatuz, bai eta Ramírez de Fuenleal buru zen bigarren Entzutegi bat osatuz. Era berean, Gorteetara arazoen berri emateko deia jaso zuen eta, hala, 1532ko maiatzean Espainiarantz bueltatuko da.

1533ko apirilaren 27an, Karlos I.aren eta Aita Santua den Klemente VII.aren arteko hitzaldiaren ostean, Valladolideko San Frantzisko komentuan sagaratua izan zen. 1534ko ekainean Espainia Berrirantz egin zuen buelta, urte berdineko urrian iritsiz. Itzultze-bidai hau zenbait artisau-familiekin burutu zuen, bere hasierako ideia hogeita hamar bat fraide frantziskotarrekin itzultzea bazen ere. Juan Zumarraga Mexikora itzuli zen, apezpiku sagaratu modura baina Indioen Babeslearen kargua galdurik.

1535ean, Inkisidore Apostoliko izendatu zuten, eta 1543. urterarte mantendu zuen kargua. Inkisidore bezala, jainkoaizunkeriaren inguruko 183 kasu eraman zituen, gehiengoak buruzagi indigenen aurka, bai eta enplastero eta hainbat espainolen aurka. Azkeneko hauei, jabetza handien jabe, konfiskatu egiten zitzaizkien ondasunak.

1537an, Paulo III.ak indioen bataio kolektiboak onartu zituen, 1539. urtean Zumarragak Oaxaca-ko, Michoacán-eko zein Guatemalako Apezpikuak Prelatuen Biltzar batera deitu zituen, Paulo III.aren erabakiaren inguruan legea egiteko.

1539. urtean, Carlos Chichimecatecuhtli Ometochtzin-en (Carlos Ometochtzin modura ezaguna) aurkako prozesu bat gidatu zuen. Carlos Ometochtzin, Texcoco-ko Nezahualpilli-aren (buruaren) semea, arnegaritzat salatu zuten, bai eta jainkoaizunkeriaren sustatzaile izateaz zein giza-opariak egiteaz ere; errealitatean, indigenen Erregeorderriaren aurkako matxinadaren sustatzaile zen, soilik. Carlos Ometochtzin erruduntzat jo zen eta 1539ko azaroaren 30ean Mexiko Hiriko Enparantza Nagusian bizirik erre zuten, “bere kulturako jainko zaharrak adoratzeagatik”.[4] Erabaki hau Karlos I.aren zein Inkisidore Nagusiaren belarrietara heldu zen, modu argian erabakia kritikatu zutelarik. Izan ere, Inkisizioak soilik katolikoen aurka jotzen zuela ulerturik, jurisdikzio inkisitiboaren mugak non zeuden eztabaidatu zen, indigenak infidelak baino neofitoak zirela zehaztuz.[3] Erabakiaren ondoriozko amonestazioek Zumarragarengan eragin handia izan zuten, azkenean erabakia bertan behera utzi bazuen ere, Mexiko utzi eta Txinara joatea pentsatzen aritu zelarik.

1544an Bisitadore zein Inkisidorea zen Francisco Tello Sandoval Mexikora iritsi zen, 1542ko Lege Berriak ezartzera. Lege hauek indioak esklabo bihurtzea debekatzen zuen, bai eta, printzipioz, enkomienden betikotasuna ere (azkeneko hau legetik ezabatua izan zen ostera). Zumarragak Espainia Berriko erregeordearen eskaera onartu zuen, tenporalki aipaturiko Lege Berriak bertan behera uzteko eta beharrezkoak ziren kontsultak egiteko, Legearen ondoriozko enkomenderoen haserrearen ondorioz.

1548ko uztailaren 8an, Paulo III.ak, oraindik Aita Santua zenak, Mexikoko I. Artzapezpiku izendatu zuen, baina bulda Mexikora iritsi zenerako Frai Juan Zumarraga jada hilik zegoen[3].

Juan Zumarraga Mexiko Hirian hil zen 1548ko ekainaren 3an, gaur egun Mexiko Hiriko katedraleko kriptan hilobiraturik dagoelarik (Artzapezpikuen Kripta modura ezaguna).

Inprimategi eta eskolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1533. urtean, Indietako Kontseiluari inprimategi eta paper-sorta bat eskatu ostean, Mexikon inprimategi bat eraikitzeko, Karlos I.ari gutun bat idatzi zion, testuak inprimatzeke zeudela esanez, paperaren prezio altuaren ondorioz ezinezkoa zelarik testu hauek inprimatzea.

1539an, Juan Zumarragak Juan Cromberger-i Sevillako inprimategiaren filial bat Mexiko Hirian sortzea eskatu zion, Zumarragaren jabetzan. Inprimategi honen buru, halaber, Juan Pablos jarriko du. Mexikoko inprimategi honetan editaturiko lehen obra Breve y más compensiosa doctrina cristiana izan zen, espainolez zein mexikaneraz idatzitakoa. Hala, Amerika osoko lehen inprimategia sortu zen.[5]

Tlatelolcoko Santa Kruz eskolaren eraikitzean modu aktiboan hartu zuen parte, 1536. urtean ateak zabaldu zituena. Eskola hau. halaber, azteken formakuntzara bideratu zen. Ostean, Letraneko San Juan eskola ere fundatuko du, bai eta Mexikoko lehen ospitalea, Amor de Dios izena jarri ziona. Era berean, Mexikoko lehen unibertsitatea sortzeko kudeaketekin ere hasi zen, bai eta San Frantziskoko Komentuan Amerikako lehen liburutegia sortu ere.

Kontrobertsiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frai Juan Zumarraga, Wade Davis-en ikerketen arabera, azteken kodex askoren erretzearen errudun litzateke. Kodex hauek, halaber, peiotearen erabilera erritualaren ingurukoak lirateke, zeinetan peiotea eta beste landare batzuk erabilera medizinal eta sakratu modura erabiltzen diren benetako fede-ekintza batean[6].

Era berean, Zumarragarentzat indigenen kulturan zuen interesak Frai Andrés de Olmosi indigenen antigoaleko gauzei buruz ikertzen hastea eragin zion.

1537an, bere arrebari idatzitako gutuna Euskaltzaindiak argitaratu zuen Euskera aldizkarian [7]. Eskutitza euskaraz (bizkaieraz) eta gaztelaniaz idatzita dago, eta prosazko euskal testurik zaharrenen artean dago.[8]

Erlijio-liburuak, berriz, gaztelaniaz idatzi zituen osorik:

  • 1543an, Doctrina breve muy provechosa de las cosas que pertenecen a la fe católica y a nuestra cristiandad en estilo llano para común inteligencia eta Doctrina breve para la enseñanza de los indios idatzi zituen;
  • Hiru urte geroago (1546), Doctrina cristiana cierta y verdadera;
  • Eta, 1547an, Regla cristiana.

Ama Guadalupekoaren agerpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Guadalupeko Ama Birjinaren irudia (Ama Guadalupekoaren Basilika, Mexiko Hiria)

Tradizio katolikoaren arabera, Ama Guadalupekoaren agerpenen lekuko nagusia Juan Zumarraga dugu.

Kontaerak dioenez, 1531ko abenduaren 9 eta 12aren artean, Tepeyac-eko muinoan, Ama Guadalupekoa agertu omen zitzaion, behin baino gehiagotan, Juan Diego Cuauhtlatoatzin-i. Lehen agerpenean, Ama Guadalupekoak Juan Diegori agindu zion Juan Zumarragaren bila joatea, bere nahia zen muino horretan zehatz jainkotegi bat eraikitzeko esanez. Kontaerak jarraitzen duenean, Juan Diego behin baino gehiagotan joan zen Zumarragaren bila, honek sinesten ez ziolarik. Azkenean, jainkotegiaren eraikitzea mirari baten agerpenarekin baldintzatu zuen Zumarragak; hala, Juan Diegok Gaztelako arrosa bat muinotik ekartzeko agindua jaso zuen. Juan Diego, orduan, muinorantz joan zen, ulertu gabe nolatan lortuko zuen halako arrosa bat muino hareatsu batean eta, gainera, abenduan. Birjinaren azkeneko agerpenean, 1531ko abenduaren 12an, miraria eman zen: Tepeyacen arrosak agertu ziren. Hala, Juan Diegok arrosak moztu eta bere ayate-an apezpikuaren etxera eraman zituen. Zumarragaren aurrean zegoela, ayatea ireki eta, loreak erortzeaz gain, ayatearen larruan Birjinaren irudia agertu zen estanpaturik.

Halere, Zumarragaren idatziek ez dute gertaera honi erreferentziarik egiten. Hala, bere gutun, nota zein oroitidazkietan ez da halakorik agertzen; zeinetan ez den, ez Birjinari, ez Juan Diegori buruz hitz egiten, ez Tepeyacen tenplu bat eraikitzearen inguruan ere. Gainera, hala idatzi zuen Zumarragak bere Regla Cristianan: «Ya no quiere el Redentor del mundo que se hagan milagros, porque no son menester, pues está nuestra santa fe tan fundada por tantos millares de milagros como tenemos en el Testamento Viejo y Nuevo»[9] Tepeyacen, halaber, Tonantzin-en santuario autoktonoan, Ama Guadalupe Birjinari eskeinitako ermita bat eraikiko da, XVI. mendearen lehen erdialdean.

Istorio hau benetakotzat hartzen dutenek, bestalde, oinarri modura Nican Mopohuan idatzirik agertzen diren kontakizunak hartzen dituzte. Liburu hau, halaber, testu indigena bat omen da, ustez, agerpenak eta gero idatzitakoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b (Gaztelaniaz) Iraburu, José María.. (). Hechos de los apóstoles de América. Fundación Gratis Date ISBN 8487903002. PMC 434788809. (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «Biografia de Juan de Zumárraga» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  4. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/herritar-azteka-bat-bizirik-erretzeko-agindu-zuen-juan-zumarraga-mexikoko-inkisidoreak-bere-kulturako-jainko-zaharrak-adoratzeagatik
  5. Zulaica Gárate, Román.. (1991). Los franciscanos y la imprenta en México en el siglo XVI. (1. ed. facsimilar. argitaraldia) Instituto de Investagaciones Bibliográficas, Universidad Nacional Autónoma de México ISBN 9683619959. PMC 29525382. (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  6. Davis, Wade. (2001). El río : exploraciones y descubrimientos en la selva Amazónica. Banco de la República/El Áncora Editores ISBN 958-36-0076-8. PMC 49248768. (Noiz kontsultatua: 2022-09-11).
  7. Antonio Tovar, Enrique Otte, Koldo Mitxelena: «Nuevo y más extenso texto arcaico vasco: De una carta del primer obispo de México, Fray Juan de Zumarraga», Euskera, XXVI. zenbakia, 1981.
  8. (Gaztelaniaz) «Académico vasco estudia semejanzas entre el georgiano y el eusquera» El País 1981-08-07 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  9. de Zumárraga, Fray Juan (1994). Regla Cristiana Breve. Ediciones Eunate.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]