Malaysia Airlines konpainiako 17 hegaldia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Malaysia Airlines konpainiako 17 hegaldia
Malaysia Airlines Boeing 777-200ER PER Koch-2.jpg
9M-MRD, istripua izan zuen hegazkina Pertheko Aireportuan 2010ean.
Lekua Grabovo, Donetskeko oblasta
 Ukraina
Data 2014ko uztailaren 17a
Istripu mota Misil batek joa
Heriotzak 298

2014ko uztailaren 17an, Boeing-777 bidaiarien hegazkin malaysiar bat erori zen Ukraina ekialdean, Errusiako mugatik gertu, 295 bidaiari zeramatzala. AEBko inteligentzia zerbitzuen arabera, hegazkina misil batek jota erori zen.

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malaysia Airlines konpainiako hegazkina Amsterdam eta Kuala Lumpur arteko hegaldia egiten ari zen, eta 10.000 metroko altueran zihoala, Ukrainako radarretatik desagertu zen. Konpainia malaysiar bateko hegazkinak lurrarekin harremana galdu zuen herrialdearen ekialdeko Donetsk eskualdean. Bertan, Ukrainako indarren eta errusiazaleen arteko borrokak ziren nagusi.

Arrastoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malaysiako hegazkinean zihoazen 295 pertsonetatik 100 baino gehiagoren gorpuak aurkitu zituzten istripuaren lekuan, Larrialdi Egoeretako Ministerioko iturrien arabera. Gainera, matxinatu ukrainarrek hegazkinaren kutxa beltza aurkitu zuten.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxinatu errusiazaleek su etena proposatu zioten Petro Poroxenko ukrainarraren Gobernuari, herrialdearen ekialdean erori zen Malaysiako hegazkinaren istripua ikertu ahal izateko. Errusiako bi hegazkin konpainia nagusiek, Aeroflotek eta Transaerok, jakinarazi zuten beste herrialde batzuetara joateko eskaintzen zituzten bidaietan ez zirela Ukrainako aire espaziotik igaroko.

Txinak, bestalde, herrialdeko aire konpainiei agindu zien ez zezatela Ukraina ekialdearen gainetik hegan egin.

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 19an, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko 21 ikertzaile iritsi ziren ezbeharraren gunera, hegazkina zergatik erori zen argitzeko. Suitzak ESLAn zuen enbaxadorearen arabera, «tokiko talde armatuek» ez zieten inguru osoa ikusten utzi, eta airera tirokatu zuten. Errusiazaleen kontrolpeko eremuan zeuden Boeing-777 hegazkinaren geldikinak. Ukrainako Atzerri Ministerioak esan zuen ordurako 181 hilotz aurkituzdituztela, eta matxinoen jarrera salatu zuen[1].

Mapa hondamendi Malaysia Airlines konpainiako 17 hegaldia.[2]       (lerro) - ibilbidea Malaysia Airlines konpainiako 17 hegaldia       Gutxi gorabeherako suziriaren aireratzea azalera[3]      Area pro-errusiako militanteak okupatu on 17.07.2014

Egun berean, hegazkinaren aztarnak desagerraraztea egotzi zien Kievek ekialdeko matxinoei. Donetskeko purpatik 38 gorpu lapurtzea ere egotzi zieten[4].

Uztailaren 20an, hegazkinaren inguruan «babesgune bat» ezarri zuten Kievek eta matxinoek. Ukrainako bi aldeek eta Errusiak adostu zuten gorpuak ateratzeko prozedura[5].

Uztailaren 21ean, hegazkinean zihoazen 298 bidaiarien gorpuak ateratzeko lanekin bukatu zuten Donetsken. Guztira, 282 gorpu atzeman zituzten, eta beste hamasei gorpuri zegozkien 87 gorpuzkin. Hegazkinaren inguruan "babesgune bat" ezarria zuten Kievek eta matxinoek, gorpuak topatzeko lanak errazteko. Tren geltoki batean zituzten hilotzak, bagoi hozkailuetan, identifikatu zain. Egun berean, iritsi ziren biktimen identifikazioan adituak ziren Herbehereetako hiru ordezkariak Donetskera, eta ziurtatu zuten gorpuak zituen trena eraman egingo zutela. Kiev prest agertu zen gorpuak Herbehereetara eramateko, autopsiak egiteko. Vladimir Putin Errusiako presidentea prest agertu zen gatazka konpontzeko[6].

Uztailaren 22an, matxino errusiazaleek hegazkinaren kutxa beltzak entregatu zizkieten Malaysiako agintariei. Aleksandr Borodai Donetsk eskualde matxinoaren lehen ministroak eman zizkien kutxa beltzak, bere Gobernuaren egoitzan egindako ekitaldi batean. Bestalde, 282 gorpu zituen tren-izozkailua Kharkivera iritsi zen. Bertan, hainbat adituk aztertuko zituztne gorpuak, tartean Herbehereetako adituek, biktima gehienak herrialde horretakoak baitziren[7].

Uztailaren 23an, Herbeheretako Hercules hegazkin batek eta Australiako Boeing batek Malaysia Airlinesen hegaldiko biktimen gorpuzkiak Eindhoveneko basera eraman zituzten. Kharkivetik (Ukrainako ekialdea) Eindhovenera (Herbeheretako hegoaldea) eraman zituzten. Hilversumen, auzitegiko medikuek biktimak identifikatzeko lanari ekin zioten, baina zenbait hilabete behar zituzten amaitzeko. Bestalde, egun berean kaxa beltzak iritsi ziren Erresuma Batura, eta adituek ikertzeari ekin zioten[8].

Uztailaren 28an, NBEko giza eskubideetarako mandatari bereziak, Navi Pillayk, ohartarazi zuen Malaysian Airlines konpainiako hegazkina bota izana "gerra krimena" izan zitekeela, nazioarteko zuzenbidea urratzen zuen ekintza zelako. Errusiak, berriz, hegazkin istripuaren inguruko ikerketa bere gain hartzeko eskatu zion NBEren Segurtasun Kontseiluari. Izan ere, Atzerri ministro Sergei Lavroven arabera, bestela gerta zitekeen "ikerketa nahita desbideratzea"[9].

Uztailaren 29an, Malaysia Airlines konpainiako MH17 hegaldiaren eraistea ikertzeko taldea osatuko zuten 12 herrialdetako fiskalek eta ikertzaileek. Konkretuki, Herbehereak, AEB, Malaysia, Alemania, Belgika, Australia, Erresuma Batua, Filipinak, Kanada, Zeelanda Berria, Indonesia eta Ukrainak ikerketa taldea osatzea adostu zuten[10].

Abuztuaren 1ean, 60 lagunetik gorako Herbehereetako eta Australiako aditu talde bat hegazkin malaisiarra erori zen Ukrainako tokira heldu zen. Adituek istripuaren tokira sartzeko aukera zuten bigarren aldia zen, izan ere, aurreko egunean ibilbide seguru bat irekitzea lortu eta bertaratzea erdietsi zuten. Hegazkinaren hondakinak Grabovo herriko zelai batean barreiatuta zeuden, Donetsk eskualdean[11].

Abuztuaren 3an, Malaysia Airlines hegazkina erori zen tokian lanean ari ziren nazioarteko adituek azaldu zutenez, beraien lehentasuna hildako 298 bidaiarien gorpuzkiak aurkitzea eta aberriratzea zen, eta hori egin arte ez ziren MH17 hegazkinaren zatiak bilatzen hasiko. Hegazkina erori zen tokian Ukrainako Armadaren eta errusiazaleen artean izaten ari ziren borroka gogorren ondorioz, denbora asko behar izan zuten lana burutzeko. Herbehereetako eta Australiako forentseak istripuaren tokian izan ziren, hirugarren egunez jarraian, eta gorpuak eta hegazkinaren zatiak bilatzen aritu ziren. Azken egunetan aurkitu zituzten gorpuzkinak Ukrainaren kontrolpean zegoen Kharkiv hirira eraman zituzte goizaldean eta handik Herbehereetara eraman zituzten[12].

Abuztuaren 6an, AEBko talde bat Ukrainara heldu zen MH17 hegaldiaren istripua ikertzeko. Taldeko kideek "berreskurapen lanetan duten esperientzia partekatuko zuten". Kieven egongo ziren, ez zuten istripuaren lekua bisitatuko[13].

Irailaren 9an, Herbehereetako Segurtasun Batzordeak eginiko txosten baten arabera, "energia handiko objektuak" jaurti zituzten MH17 hegaldiaren kontra, eta horren ondorioz erori zen. Txostenaren ondorioek azaleratu zutenez, hegazkinak ez zuen "akats teknikorik", eta airean egin zuen eztanda[14].

Azaroaren 16an, hegazkinaren zatiak jasotzen hasi ziren. Herbehereek zuten horretarako ardura, eta esan zutenez hainbat egun beharko zituzten errekuperazio lanak burutzeko[15].

Bidaiariak eta tripulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat herrialdetakoak ziren bidaiariak: 154, Herbeheretakoak; 43, Malaysiakoak; 27, Australiakoak; hamabi, Indonesiakoak; bederatzi, Erresuma Batukoak; lau, Alemaniakoak; lau, Belgikakoak; hiru, Filipinetakoak; bat, Kanadakoa; eta beste 41 nongoak diren ez dute zehaztu.

HIESari buruzko nazioarteko biltzar batera joatekoak ziren hegazkinean zihoazenetako ugari. Melbournen (Australia) egingo zuten biltzarra igandetik aurrera, eta HIESa ikertzen ziharduten ikerlariak ziren hildako ugari. Hildakoetako bat Joep Lange zen, HIESaren Nazioarteko Elkarteko presidente ohia[16].

Hegazkinean zihoazen pertsonen nazionalitatea[17]
Nazionalitatea Pertsonak
 Alemania 4
 Australia 27
 Belgika 4
 Kanada 1
 AEB 23
 Filipinak 3
 Frantzia 6
 Hong Kong 1
 Indonesia 12
 Malaysia 29 (+ 15 tripulanteak)
 Herbehereak 192
 Erresuma Batua 10
 Zeelanda Berria 1
Guztira 298

Arrazoiak eta ardura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kievek erasoa miliziano errusiazaleei egotzi zien arren, haiek gezurtatu egin zuten. Ziotenez, ez zuten behar adina armamentu 10.000 metroko altueran hegan egiten zuen hegazkin bat botatzeko. Errusiazaleen arabera, berriz, Ukraina izan zen hegazkinari eraso egin ziona[18].

Uztailaren 18an, misila errusiazaleek jaurti zutela esan zuten AEBek. AEBko enbaxadoreak agerraldia egin zuen NBEren Segurtasun Batzordean, eta bertan esan zuen hegazkina nahita eraitsi zela, matxino errusiazaleek kontrolpean zuten eremu batetik. Powerrek gogorarazi zuen milizia errusiazaleek horrelako erasoak egiteko adina teknologia zutela, eta beste hegazkin batzuek ere eraitsi zituztela Ukrainako gatazka hasi zenetik[19].

Uztailaren 19an, bi aldeek elkarri leporatzen zioten hegazkina eraitsi izana. Kievek zuzenean egin zuen Mosku erantzule, matxinoei armak eman zizkiolakoan. Kievek zioenez, Buk hegazkinen kontrako sistemarekin eraso zioten Malaysiako hegazkinari. Anton Geraxenko Ukrainako Barne Ministerioko aholkulariak sare sozialetan zabaldutakoaren arabera, Buk sistema hori Errusiara eraman zuten, han suntsitzeko. Matxinoek lurretik 10.000 metrora dagoen hegazkin bat eraisteko baliabiderik ez zutela berretsi zuten. Moskuk Ukrainaren aurkako frogak aurkeztu zituen. Defentsa Ministerioak azaldu zuenez, hegazkina eroritako eremutik gertu armadaren hegazkinen aurkako sistemak detektatu zituzten. AEBek bere egin dituzte Kieven susmoak. Errusiak, berriz, Kievi leporatu ZioN ez ixtea aire eremua[20].

Herbehereek Ukrainarekin, Malaysiarekin, Australiarekin, eta Belgikarekin batera Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskatu diote nazioarteko auzitegi bat eratu dezala kasua epaitzeko. Errusia, ordea, ez dago ados, eta betorako ahalmena du kontseiluan[21].[22]

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak adierazi zuen posible zela hegazkin malaysiarra eraitsia izana, eta "ekintza terrorista" baten ondorio izan zela berretsi zuen. Vitali Jarema Ukrainako fiskalburuak aitortu egin zuen matxinoak ez zirela 'Buk' aire-defentsa sistemez jabetu.

Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomazia buruak Malaysia Airlines konpainiako Boeing-777 hegazkinaren istripua argitzeko "nazioarteko berehalako ikerketa" eskatu zuen. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi zuen bere lehentasuna Ukraina ekialdean eroritako hegazkinean hiritar estatubatuarrik ba ote zegoen ikertzea zela. Gainera, "zer gertatu den eta zergatik" ikertzeko laguntza eskaini zuen[23]. Amerikako Estatu Batuetako Etxe Zuriko bozeramaile Josh Earnestek "berehala" su etena emateko eskatu zien Ukrainari, Errusiari eta Ukraina ekialdeko matxinoei, gorpuak berreskura zitzaten.

Errusiako hedabideak urrunago joan ziren, eta Malaysiako hegazkina jo zuen misil ukrainarraren benetako helburua Vladimir Putin presidente errusiarraren hegazkina eraistea zela esan zute. "Putinen hegazkinak eta Malaysian Airlines konpainiarenak topo egin zuten puntu eta korridore berean. Varsoviatik gertu izan zen, 330a mailan, 10.100 metrora. Presidentearen hegazkina 16:21ean (14:21, Euskal Herrian) zegoen puntu horretan, eta Malaysian Airlinesena, aldiz, 15:44an (13:44, Euskal Herrian), zehaztu zuten hedabideotan[24][25].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Malaysia Airlines konpainiako 17 hegaldia