Urtxalle

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau pilotari oiartzuarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lekuona».
Urtxalle
Bizitza
Jaiotza Oiartzun1828ko urriaren  14a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Errenteria1901 (72/73 urte)
Jarduerak
Jarduerak bertsolaria, pilotaria, gitarra-jotzailea eta artista

Manuel Frantzisko Lekuona Urtxalle (Oiartzun, Gipuzkoa, 1828ko urriaren 14a - Errenteria, Gipuzkoa, 1901) XIX. mendeko pilotaria izan zen. Pilotan bikain aritzeaz gain, bertsolaria, gitarra-jotzailea, artista, bohemioa eta plaza gizon ezaguna izan zen. Pilota desafioekin lortu zuen fama eta munduko lehen argazkien artean ageri da, garaiko pertsonaia boteretsuekin. Besteak beste, Agur jaunak abesti ezagunaren jatorrian zerikusia izan zuen, modu batean edo bestean.

Showman alaia zen: herri guztietako festetarako kontratatzen zuten, pilota partidarako ez ezik, ondoren gitarra hartu eta bertsotan giro umoretsua jartzen zuelako ere. Jokatzen zituen norgehiagokak ere ez ziren arruntak, beti handicap bat jartzen zion bere buruari, ikuskizuna sortu eta jendea erakartzeko: lau pilotari zaldi gainean oinezko baten kontra, sagardo botila edo zartaginarekin eskuz jokatzen zuenaren aurka, beste baten bizkar gainera igota… Eta ondoren, desafioetan irabazitako dirua gainontzekoak gonbidatzen xahutzen zuen, herriko ostatuan. Plaza gizona zen Urtxalle, artista, bohemioa, mundu guztia bereganatzen duen horietakoa. Izatekotan, guztiz konforme ez zuena familia zen, gonbidapenak medio sosik gabe itzultzen baitzen etxera. Gozotegia bazuen etxe azpian, baina lanean ere oso eskuzabala zen, eta askotan gozokiak oparitu egiten zituen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo Urtxalle baserrian jaioa, hortik hartu zuen goitizena. Hamalau urte bete arte eskolan ibilia, gero gurasoek Tolosara bidali zuten, gozotegi batean ikastun aritu zedin. Garai hartan trinketan jokatzen zen gehienbat Gipuzkoako herri handi hartan, eta Urtxalle laster trebatu zen pilota jokoan.[2]

Jokatzen hasi eta bi urtera, hain deigarria zen haren trebetasuna, Oiartzungo harakin batek, entzunda Donibane Lohizunen hamasei urteko jokalari batek trinketean mila franko jokatuko zituela, desafioa onartu eta partida antolatu zuen, bere aldeko jokalaritzat Urtxalle aukeratuta. Manuel Frantziskok, hamabost urterekin, batean utzi zen aurkaria, eta huraxe izan zuen debuta.[2]

Bi urte gehiago egin zituen Tolosan, gozotegiko ikastun. Gero, Oiartzuna itzuli zen, gurasoenera, eta azucarilloak, bizkotxoak eta txokolatea egiten jarri zuten gurasoek. 1845. urtea zen, pilota jokoak loraldia zuen, desafio handiak jokatzen ziren: nafarrak giputzen aurka, Ipar Euskal Herrikoak Hego Euskal Herrikoen aurka... Dema haietan, Euskal Herri osoko gogoak berotu eta asaldatzen ziren. Urtxalle goizez gozogintzan aritzen zen, eta arratsaldez jokoan: trinketean, errebotean eta luzeko pilota jokoetan.[2]

Hamazazpi urterekin jokatu zuen lehen partida luzeko pilota jokoan, eta orduz geroztik buru-belarri artu zen pilotan. Joko aldaera guztietan nagusi izan zen, eta amaigabeko joan-etorrian ibili zen, abenturazale bizitza eginez. Euskal Herri osoa txunditu zuen bere maisutasunarekin, orain Baigorrin, gero Biarritzen, Donibane Lohitzunen, Hazparnen, Urruñan, Baionan, Donibane Garazin, Behobian, Azkainen, Donezteben, Beran, Lesakan, Tafallan, Iruñean, Lekunberrin, Donostian, Oiartzunen, Hondarribian, Irunen, Tolosaan, Azpeitian, Zarautzen, Hernani, Errenterian, Orion nahiz Durangon.[2]

Luzeko pilota jokoetan, errebotean eta trinketean jokatu zuen. Alde guztietatik deitzen zuten, plazak inauguratzeko eta herriko jaietan jokatzeko, eta beti joaten zen umore onez eta gogotsu. Gamio, Iribarren, Zenon, Azpirotz, Santo Domingo, Hernaniko Ezkerra, Txikito Azpeitikoa eta Mathieu Borotra izan zituen aurkari, eta haien kontra batzuetan irabazi, bestetan galdu.[2]

1851ko pilota partida, Napoleon III.a enperadorearen aurrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtxallek jokatutako pilota partida guztietatik ospetsuena 1851. urtean Napoleon III.a enperadorearen aurrean lehiatutakoa da. Pilota desafioa Biarritzen jokatu zen: Ipar Euskal Herriko lau pilotari hiru oiartzuarren aurka, errebotean. Iparraldekoen aburuz pilotarik onena Gaskoinian jokatzen zen, eta gaskoi bat ere bazuten taldean, baina hala ere oiartzuarrek —tartean Urtxallek— irabazi zuten, gutxiago izan arren. Napoleon III.a enperadorearen aurrean lortutako garaipen arrakastatsuaren oihartzuna azkar zabaldu zen nazioartean, eta «Biarrizko Heroiak» izenarekin ospetsu egin ziren, Urtxalle batik bat, onena baitzen. Ipar Euskal Herrian oporrak igaro ohi zituen Londresko argazkilari batek, fama hura ikusita, argazkia atera zion 1855 inguruan.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Mikel GARCIA IDIAKEZ: «Urtxalle: pilotari bohemio bat boteretsuenen artean», Argia, 2155. zenbakia, 2008-10-19. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentziarekin argitaratua.
  2. a b c d e «Urchalle», in Euskal-Erria: revista bascongada, Donostia, 1901eko bigarren seihilekoa, 410-416. orrialdeak.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]