Erdi Aroko filosofia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Filosofiaren historia

Raffael5.jpg

Antzinako greziar filosofia

(K.a VII - K.o I).

I. mendearen ondorengo filosofia

(K.o I).

Erdi Aroko filosofia

(K.o IV-XV).

Pizkundeko filosofia

(K.o XV-XVII).

Moderniateko filosofia

(K.o XVIII).

Idealismo transzendentala

Filosofia garaikidea

(K.o XIX-XXI).

XIX. mendea:

Materialismoa, Bitalismoa eta Existentzialismoaren aurrekaria


XX. mendea:


Erdi Aroko filosofia izenez Erdi Aroan Europa eta Sortaldean garatu zen filosofia izendatzen da. Denboraldi hau Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketarekin hasi eta 1492ko Amerikaren aurkikuntzarekin amaitzen da.


Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko filosofia Humanismoaren emaitza izan zen, jakintzaren aldetik, oso homogeneoa izan zen "Erdi Aro" baten ideia (latinez "aetas media", "medium aevum"), giza zibilizazioaren garapenean Antzinaro klasikoko munduaren eta mundu modernoaren artean txertatutako parentesi baten modura. Horren ondorioz zetorren ikusmoldearen arabera, gizonak, izaditik eta arrazoitik aldenduta, ez zuen giza heldutasuna, betetasuna iritsi, hau da, ez zen ailegatu sortzaile, libre eta bere buruaren jabe izatera, XV. mendeko Berpizkundea arte. Ideia hori, eta antzeko beste batzuk (mende "ilun" eta "barbaroak"), erabili izan dira Erdi Aroaren ezaugarriak zertzeko. Joan den mendearen erditik aurrera, hausten hasi zen lehengo berdintasun intelektuala: azpiko joera filosofikoak hasi ziren sumatzen, eta ez hori bakarrik, baita garai "modernoak" oinarritzen zituzten zimenduak ere. Oinarri berriak finkatzeko ahaleginek, eta denbora modernoen izate bereziak, polemika berriak eragin zituzten, gaur egun historialariak oraindik banatuak dauzkatenak.

Sartaldeko Erdi Aroko pentsaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diokleziano enperadorearen erreforma sozio-politikoak (245-313) oso aldaketa garrantzitsua eragin zuen erromatar munduaren ikusmoldean: inperio berriztatua erakunde burokratiko eta militar handi eta zentralizatu bat zen, inperio agrario bat defenditzen eta bateratzen zuena. Biztanle gehienek, beren jaunek gobernatzen zituzten jabetza handietan bakarturik, ez zituzten beren buruak zuzenean loturik ikusten militar eta funtzionarioekin; segurtasuna, barne ordena, jabeak ematen zizkien. Aldi berean, jabeek ere ez zuten berena balitz bezala sentitzen gobernuan zuten eginkizuna. Hiritar aktiboaren bizimodua, hiritarrek beren gauzatzat hartzen zuten polis (civitas) hura, desagertua zen, edo indargabetzen ari zen (haren oinarri zen erlijioa bezala). Egoera hori, Inperioa ez zelarik gauza propio bezala sentitzen, eta haren mende bizi zen oro bakartzen zuelarik, beste erakunde batentzat gertatzen zen egokia, Elizarentzat, egia salbatzailea eta kontsolamendua eskaintzen baitzituen hark. Agustine Hiponakoaren pentsamendua (354-430), Erromatar Inperioaren egitura berriak zekarren mundu ikuskeraren argibide argia da: pertsona ez da physis batean bizi, hots, izadi orohartzaile batean, grekoek uste zuten bezala, aitzitik, mundu pertsonal batean bizi da, gizadiak berak sortzen duen horretan, bere kideen arteko harremanen jokoan (kide horiek oraingoak nahiz iraganekoak izan): pertsona historian bizi da. Gizona historia baten esparruan bizi da, eta hartan egiten; Jainkoaren oparizko egintza hurrenez hurrenekoetan, eta Jainkoaren gonbidapen horiek, onartuz eta ukatuz,ematen dituen erantzunetan, harik eta, egun batean, sortu den oro berriz ere bere Sortzailearenga itzultzen den arte. “Egintzen” segida ez du gehiago kausalitate determinista batek gidatzen, aitzitik, borondateen “elkarrizketa” batek gidatzen du, eta borondate horiek arrazoizko hautapenak egiten dituzte, ez halabeharrezkoak eta zentzubakarrak.

Agustinen aurkikunde handia gizonaren historikotasuna da, Jainkoaren transzendentziari eta izadiaren sekulartzeari esker lortua.

Teologia monastikoa eta mundu karolingiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

V-XI. mendeak hartzen dituen aldiaren ezaugarri dira, batetik, ekonomia komuneko nekazari komunitate txikien bakartasun autarkikoa, egitura sozial hierarkizatu baten baitakoa, jabetasuna, funtzio zibila edo politikoa eta pertsonen errealitate ontologikoa bereizten ez zirena. Adiskidetasunezko eta familiako harremana zen, odoleko familiarena berarena bezain naturala, jopua eta jauna lotzen zituena, orobat jauna eta bere gainekoa, eta, hala, hurrenez hurren denak bizi diren lurrarekiko lotura arte. Bestalde, bazen ikusmolde bat, jainkozko probindentzia inoek zalantzan jarri ezin zuela zioena, eta gauza garrantzitsuena, irabaztea izan ezik, hierarkia feudalean parte hartzea zela zioena.

Johannes Scotus Erigenak (810-877?) bere garaikideen mundu ikuskera laburbiltzen duen sintesi espekulatiboa eskaini zuen.

Teologia monastikoaren gorena markatzen du haren sistema filosofikoak: teologia, pentsamendu oro Jainko kristau pertsonalean jartzen duelako, physis-aren arkhe gisa, eta monastikoa, ez duelako aplikazio tekniko eta zientifiko zuzena bilatzen, osotasunaren bizitzaren baitan, bizitzaren beraren berehalako ulerpena baizik. Haren unibertsalen errealismoa eta teozentrismoa (jainkozko subjektibotasuna), funtsezko eztabaidagai izango ziren mundua aldatu orduko. X.- XIV. mendeetako mundua eta gizonak beste era batekoak izango dira, eta ezingo dute egoera berrietan aurreko garaietako eskema teorikoak aplikatzen jarraitu.

Teologiatik filosofiara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginpide zentralen gorenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1000. urtetik aurrera, izadia, gizakiaren mundua, gizonen arteko harremanak, eta gizonen eta jainkoaren artekoak ulertzeko moduak, aldatu egin ziren. Elkartzeko eta mugitzeko forma berriek pertsonen eta ideien zirkulazioa erraztu zuten. Zuzenbideak egituratzen du bizitza soziala: "Gizakiari berez dagokiona da eskubideak epailearen aurrean defendatzea, arrazoia eta legea erabiliz hartarako, ez armak animaliek bezala", zioten "Inbestiduren auzian", Aristoteles aipatuz, alderdi batekoek zein bestekoek. Monarkia zentralizatzaileak diruaren ahalmenaren babesarekin sortzen dira; diru hori merkatariek mailegatua da, beren irabaziei begira, noble feudalen arestiko erruralismoa baztertuta.

Eliza bera ere zentralizatu egiten da (Cluny ordena), eta hartan ere pisu handiagoa hartzen du zuzenbideak. Hautsi egiten da Jainkoaren Herriko kideen eta hiritarren arteko nahasketa. XII. mendean, bai Elizak, bai Estatuak, beren arteko aldeak argitzen dituzte, horretarako zuzenbidea erabiliz: Erromatar Zuzenbidea batak (Justinianorena), Grazianoren Decretum obraren bilduma besteak. Zuzenbideari esker jaio ziren Roscelin Compiègneko, Gilen Champeauxkoa eta Pedro Abelardoren (1079-1142) mendearen ezaugarri diren espiritu logikoa eta sistematizazio ahalegina. Azken horrek zehaztasunez bereizi zituen pentsamenduaren ordena eta errealitatearena: adimenak, jarduteko modu miragarriz, kontzeptu bera egozten die izaki errealaren egoera edo maila bera duten banako guztiei, eta, era berean, noble, elizgizon edo jopu deitzen diete pribilejio jakin batzuk dituztenei, edo gizarte maila bera dutenei; pertsonaren estatusa deitzen zaio horri Gizarte hura pertsonen banakotasunaz ohartzen hasi zen, eta baita gauzen banakotasunaz ere, neurtu, kontatu, kontratatu eta ordaindu baitzitezkeen. Aristolelesen berreskuratze ia osoa, eta haren erabilera teknikoa, izan zen “XII. mendeko Berpizkundea” deitzen den horren emaitza. Joan Salisburykoaren (1115-1180) Rex iletratus, assinus coronatus ("Errege letragabea, asto koroatua") esapideak, eta hark aita santuaren eta erregearen inguruko elizgizonengan, eta oro har estamentu sozial guztietan, diruak zuen eraginaz egindako salaketak, gizarteak egindako aurreramenduaren adierazle dira, eta argi eta garbi azaltzen dute zeinen urruti geratu zen Eurigenaren naturaltasun erruralista hura.

XIII. mendea eta “zientziaren” arazoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mendeko aurreramenduak, zientziaren alorrekoak ez ezik, zientziari berari buruzko kontzeptuari buruzkoak izan ziren, eta orobat epistemologia edo ezagutza zientifikoari buruzkoak. Ezagutza unibertsala eta halabeharrekoa, sistematikoa eta denei adierazdakiekeena bermatzen eta sortzen duen unibertsalik ez bada, nola oinarritzen da zientzia? Nola ezagutu daiteke modu halabeharreko eta unibertsalez gizabanako bakartuez osaturiko mundu bat, gizabanako horiek kontingenteak eta batere halabeharreko ez badira? Aristotelesen logika, XII. mendeko begiez irakurria, unibertsalen errealismoari kontrajartzen zitzaion, pagano eta antiplatonikotzat jotzen baitzen. Aristotelesengan bilatzen zen “zientzia”, kontingentearena zen, aldi batekoarena, sortzailea alde batera utzita, sortutakoarena. Aristolesen “iruzkingile” behinenak, Ibn Rushd edo Aberroesek (1126-1198), ikuspuntu epistemologikoa proposatu zien irakurle latinoei “zientziaren” arazoari heltzeko. Haren dotrinak, zenbait aldaketarekin, Aberroeszale latino deituek onartu zituzten. Siger Brabantekoa (1284an hila) lehen mailan egon zen Arteen Fakultatekoko jakintza sekularraren beregaintasunari buruzko polemikan, Teologia eta Zuzenbideko fakultateenaren kontra; haren arabera, ez zegoen zertan proposatu behar banakoaren giza adimenaren argitze jainkozkorik.

Adimen bakar bat (aktiboa eta pasiboa), luzatzen da, estimuaren bidez, hau da, gauza sentigarriei buruz epaiak egiteko ahalmen sentigarriaren bidez, gizaki bakoitzarenganaino.

Estimuak adimen komun bakarrekin duen loturari esker, gauza da gizona animalien sentigarritasuna gainditzeko: gizonak bai baitu ezagutza unibertsal eta halabeharrekoen ahalmena, eta, horrexegatik beragatik, sor dezake “zientzia’’, bizikizunei buruzko iritzi bakan eta bereziak baino haruntzago. Tomas Akinokoarentzat berriz (1226-1274), elkarren independente dira adimen eragilea eta jasailea, eta biak dira gizakiaren substantziaren osagai, adimen hastapen bakarra eta forma espiritual bakarra.

Zentzuen bidez eskuratzen du gizonak arimaz kanpoko gauzaki ezagutuaren erreprodukzio sentigarria (phantasma). Adimen eraginkorrak, aktiboak, fantasma hori argitzen du, eta handik forma bat ateratzen, “egintza” moduan, adimen jasailea “formatzera”,taxutzera igarotzen dena. Adimen jasailea ordea ez du kopuruak erabakitzen, espiritua baita; horren ondorioz, forma ez da banakakoa izango, unibertsala baizik: adimen jasaileak hartutako forma kontzeptu unibertsala izango da, denentzat berdin-berdina, eta gauza halabeharrez den horren ezagutza.

Gauzen formaren abstractio-aren bidez, zientzia beharrezkoa eta subjektu artekoa egin dezake gizaki bakoitzak. Frantziskotar maisuek, gero eta gehiago, subjektu pentsalariaren jarduna azpimarratzen zuten. Bonaventura da Bagnoregiotik hasita (1229-1274), epaitzearen une subjektiboa bihurtu zen frantziskotarrek ezagutzaz zuten teoriaren gune nagusia. Frantziskotar eskolan, berrikuntzarik handienak John Duns Scoten obrarekin etorri ziren (1266-1308), eta, batez ere, hurrengo belaunaldian, Gilenekin Ockhamgoa (1258-1349).

XVI. mendea: filosofia eta teologiaren bereizketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mendean jada Gilen Ockhamgoak egituratu zituen ondoen, bere aurrekoen aurkikuntza eta hastapenak sistema logiko batean, ezagutzaren metafisika oro baino haruntzago, alor horretan mugitzen baitziren Sigeriko Serioa nahiz Tomas Akinokoa. Tomasek ez bezala, haren ezagutzaren teoriaren arabera, gauzen esentzia ezik, haien specie intelligibilisa beretzen baitzuen adimenak (hau da, gauzen irudia eta irudikapena), Gilen Ockhamgoak ez zuen beharrezkotzat jotzen bitartekaritza hori, izakien ekonomiaren hastapenaren arabera ("ez dago zertan gauzak beharrik gabe zertan ugaldurik"). Ezagutza enpirikoak, Gilenetzat, ez dauka jadanik objektuaren erreprodukzio izatearen tasuna, aitzitik, gauza sentigarriari buruz, ikurra da.

Horrek esan nahi du ikurraren egitura ez datorrela bat gauzaren egiturarekin, ez baita haren kopia. Era horretan, kontzientziaren edukiak eta kanpoko errealitatea hasten dira filosofian bereizten. Bere epistemologiari jarraituz, Elizaren eta Estatuaren erabateko banaketa, eta bi erakundeen autonomia osoa eta elkarrenganako errespetua, defendatu zituen Ockhamek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erdi Aroko filosofia Aldatu lotura Wikidatan