Genghis Khan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Genghis Khan
Genghis Khan

1206ko udaberria – – 1227ko abuztuaren 25a (21 urte gutxienez)
Ondorengoa Ögedei Khan

Jaiotza 1162ko abuztu bukaera edo iraila hasiera
Khentii mendiak, egungo Mongolia
Heriotza 1227ko abuztua
Ezkontidea Börte, Khulan, Yisugen, Yisui eta beste batzuk
Egoitza Borjigin

Genghis Khan (1162? – 1227ko abuztua) mongoliar tribu guztiak batu zituen eta Mongolen Inperioa sortu zuen printze bat izan zen eta. Bere benetako izena Temudjin zen eta tenplu izena Taizu. Asiako hainbat erreinu konkistatu zituen, hala nola Hsi-Hsia erreinua (txinatarrak), Kara-Khitai erreinua eta Khwarezm inperioa (musulmanak).

Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1167an jaio zen Baikal aintziratik gertu, ingurugiro aristokratiko batean. Borjigin klanekoa zen, Amur ibaitik Txinako harresirainoko eskualdean zabaltzen zena eta bere aita Yesugei, honen buruzagia. Hau, tartariarek pozoituta hil zen eta Timuyin bihurtu zen tribuaren buruzagi hamahiru urte zituela.

Hau zela eta, hainbat klanek bere babesa emateari utzi zioten eta handik aurrera bere familiak (bere ama, bere sei anaiak eta bera) pobrezian bizi behar izan zuen, nekazaritzatik eta arrantzatik. Honetaz gain, matxinadak izan ziren eta baita bere aitak utzitako boterea lortzeko hainbat borroka ere. Baina laster erakutsi zuen bere gaitasun eta indar militarra eta bere menpekoak garaitzeaz gain, inguruko herrialdeak ere garaitu zituen.

Genghis Khan eta Toghril Khan (XV. mendeko Jami' al-tawarikh eskuizkribuko ilustrazioa)

Garai honetan razziak eta erasoaldi txikiak egiten zituenez, hainbat gazteren leialtasuna lortu zuen eta berekin elkartu ziren. Hauen artean Jamuka gaztea da aipagarriena. Honen gizarte mailak ( noble familiakoa zen) eragina izan zuen Timuyin-en botererako bidean. Eta honela, bere hasierako jarraitzaile hauek zirela eta, geroago bere guardia inperiala izango zena sortzen joan zen. Hala ere, botere bidean gehien lagundu ziona bere aitaren laguna, Toghril (Keraiten buruzagia) izan zen, bere armadako bigarren lerroko nagusi izendatu baitzuen eta honela gizon gehiago elkartu baitzitzaizkion.

Geroago, hainbat liskar eta lehia egon ziren botereagatik. Ondorioz, Tumuyin eta Jamuka banandu egin ziren. Azken hau bere babesa kentzen saiatu zen, baina bere menpean zeuden klanak Tumuyin-en agintepean jarri ziren. Honetaz gain, Troghril ere banandu egin zen, bere alaba Tumuyin-en seme zaharrenarekin ezkontzeko baimena ukatu eta gero. Orduan, Jamuka eta Troghil elkartu egin ziren lehenago bere kidea izandakoari aurre egiteko, baina beraien armadako barne arazoak zirela eta, garaituak izan ziren; beren ondoan borroka egin zuten klan asko Tumuyin-ekin elkartu ziren gainera. Honela, Keraitak garaituak izan ziren eta geratzen zen botere indartsu bakarra Namianoak izanik, Jamuka eta bere jarraitzaileak hauen babespean jarri ziren. Baina garaituak izan ziren (baita geroxeago hauen aliatuak ziren Merkitak ere) eta Jamuka atxilotu eta hil egin zuten.

Azkenean 1206rako Mongolia guztia bere menpe zuen. Tribuen asanblada orokor batek Tumuyin (39 urte zituen), Gengis Kan izendatu zuen Onon ibaiaren ertzean Quriltai izeneko zeremonia bat eginez. Uigurrera jarri zuten Mongoliarren ahozko eta idatzizko hizkuntza moduan eta herrialde antolatuago eta orekatuago bat bihurtzeko lanetan hasi ziren. Karakorum Mongoliako hiriburu izendatu zuten.

Oirateak, Kirgizak eta Uigureak garaitu eta boterearen oinarriak finkatu ondoren, Txinako konkista hasiz zuen Gengis Kan –ek beste hainbat herrialderen laguntzarekin. 1208an Txinako Harresia zeharkatu zuten Mongoliarrek eta euste-puntu bat jarri zuten barruan. 1213an bere armadak mendebaldera eta hegoaldera bidali zituen eta Qin dinastiak gobernatzen zuen lurraldera sartu ziren. 1215ean Yenking hiria (gaur egungo Beijing) hartu zuten. Txinaren hegoaldera ez sartzea erabaki zuen, alde batetik, bere gizonentzako gogorregia zelako eta beste aldetik, Txinako hegoaldea iparraldea baino indartsuagoa zelako.

1218an Kara-kitai erreinua lortu zituzten. Azken honekin inperioak Khwarezm inperio musulmanarekin (gau egungo Irak, Iran eta Turkestango zati bat direnarekin) muga izatea lortu zuen eta hemengo agintariak erasorako asmorik ez zuela ematen zuenez, merkatariei inperiorako bideak zabaltzea erabaki zuen Genghis Khanek. Baina Ala al-din Muhammad agintariak, Mongoliatik itzultzen ari zen karabana bat erasotu zuen eta bertako pertsona guztiak hil zituen. Honengatik, eta merkatu bideen erabateko jabetza lortu nahi zuelako, Genghis Khanek musulmanak erasotzea erabaki zuen. Ala al-din- ek bere armada talde txikietan banatu zuenez eta Mongoliarrak agertzean ihes egin zuenez, erraza izan zen hauek garaitzea, nahiz eta bere semea armada berriro osatzen eta mongoliarrei aurre egiten saiatu. Beraz, Bukhara eta Samarkanda (Khwarezmeko hiriburua) suntsitu zituen, bere jeneraletako bik iparraldean eta hegoaldean aurrera jarraitzen zuten bitartean. 1223rako Jwarizm guztia bereganatua zuten mongoliarrek. Geroago, Peshawar eta Lahore hiriak (gaur egungo Indiako iparraldea eta Pakistan) konkistatu zituzten. 122an, gaur egun Errusia denean sartu ziren eta Volga eta Dnieper ibaietatik Pertsiako golkoraino iristen zen eskualdea arpilatu zuten.

1225an Mongoliara itzuli zen garaile. Ondoren, sortu ziren matxinadak zapaltzeari eskainiz izan bere denbora, Hisi-Hisiako lurraldean batez ere, ez zituztelako azken kanpainarako soldaduak bidali nahi eta matxinada hasiera izan zitekeelako (Genghis Khan hil arte ez ziren deuseztatu).

Genghis Khan 1227ko abuztuaren 18an hil zen zalditik erori eta pairatu zituen zauriengatik, Hisi-Hisiako erreinuari eraso egin baino lehen. Bera hil ondoren, Mongoliar inperioa bere lau semeen artean banatu zen, Ogodeiren (hirugarren semearen) agintepean. Hau, 1229an khan izendatu zuen Mongoliar printzeen asanbladak. Bere aitaren konkistak sendotu zituen; Txina iparraldekoa eta Koreako menderatzea osatu zuen; inperioa zabaldu zuen; Georgia, Armenia eta Kaukasori bere babesa eman zizkion eta Errusiako Danubio lautadan sartu zen.

Txina osoko (bai iparraldea eta baita hegoaldea ere) erabateko menderatzea Genghis Kan-en Kublai Kan izeneko bilobak egin zuen, Txinako enperadore garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zena.

Mongoliar inperioa 1368an desagertu zen.

Armada eta estrategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genghis Khan eta bere jeneralen konkista nagusiak.

Genghis Khanek Mongoliar Inperioa ez zuen indarragatik bakarrik lortu, baita estrategia onak erabili zituelako eta gobernadore ona izan zelako ere. Bere ezaugarrietako bat bere izaera eta lider itsura ziren. Garai hartan normala zena baino altuagoa zen, buru zabala zuen, masailezur indartsua eta begirada sarkorra.

Mongoliarrak herrialde borrokalaria ziren: gizon guztiak libreak zirenak (nobleak zirenak behintzat), gaztetatik gerrarako entrenatzen zirenak eta zaldunen tradizio indartsu eta aspaldiko bat zutenak. Honek, Genghis Khanek armadaren antolaketan egindako erreformekin batera eta guardia pertsonalaren sorrerarekin batez ere ( bere semeek eta beste familiako batzuek osatua), oso paper garrantzitsua izan zuen inperio Mongoliarraren sorreran. Hauek dira egindako erreforma batzuk:

  • 10.000 (Touman), 1.000 (Mingan), 100 (Jegun) eta 10 (Arban) gizoneko taldeak egin zituen. Talde hauetan etnia eta tribu ezberdinetakoak nahastu zituen eta horrela armada barruko erlazioa obetu eta sendotu egin zuen.
  • Bere aginduak bidaltzeko mezularien sare handi jarri zuen martxan.
  • Zaldi berriak eta ekipoa emateko lekuak jarri zituen.

Genghis Khanek garaile izateko aukera eman zioten aldaketa hauez gainera, diziplina inoiz baino gehiago sendotu zuen eta arau zorrotzak jarri zituen. Armada zaldunez osatzen zen ia erabat eta beranduago, ingeniari talde bat sartu zuen setioak egiteko. Arkua zen armarik eraginkorrena. Txikia zen eta zaldi gainean azkar zihoazen bitartean erabiltzeko erraza. Atzealdean airearekin soinua ateratzen zuen dispositibo bat zuen, horrela gerlariak bazekien gezia nora zuzendu, nahiz eta ez ikusi. Inpultso handi batekin armadurak zeharkatu zitzakeen.

Gerlari mongoliarrak tenperatura baxuak jasan ahal izateko jantzi egokiekin ibiltzen ziren eta bidaia handiak egiteko beharrezko gauza guztiekin ibiltzen ziren, baina zaldiek pisu handirik eraman gabe, borrokarako erabili behar baitzituzten. Gerlariak aztertuak izaten ziren gerrara joan aurretik eta bere ekipoa baldintza onetan mantentzen ez zuena zigortua izaten zen.

Mongoliarren armadaren egitura, normalean, aurrealdean zaldun pisutsuen bi lerrokoa eta atzean zaldun arinen hiru lerrokoa izaten zen. Azken hau aurreratu eta bere arkuak erabiltzen zituen gero, atzera itzultzen ziren bidea zaldun pisutsuei uzteko.

Beste ezaugarri garrantzitsu bat komunikazioa da. Ostatuak zeuden puntuetan yan-ak jarri zituen janari, edari eta ordezko zaldiekin bai mezularientzako eta baita bere espioientzako ere. Askotan espioiak bidaltzen zituen karabanekin bidaiatu zezaten eta beste askotan etsaiaren herritarrek ematen zien informazioa. Aurkakoa erasotu baino lehen, berari buruzko ahalik eta informazio gehien lortzen zuen, horrela eraso egoki bat prestatu al izateko.

Azpimarratzeko beste gauza bat gerra psikologikoa erabili izana da. Etsaiak garaitzeko, beldurra zabaldu zuen konkistatutako lurraldeetan. Mongoliarrak sarraski izugarriak egin zituzten eta herritarrei erakusten zizkien hauen ondorioak (gorpuak, buruak...).

Beste abantaila estrategiko Mongoliar bat beren etsaiek beraiek inguruan zuten ezjakintasuna zen eta zaila izaten zen etsaientzat Mongoliarren gerlarien kopurua kalkulatzea. Hainbat estrategia erabiltzen zituen, zaldien gainean panpinak jartzea adibidez eta honek ezustekoa mongoliarren alde jartzen zuen.

Hona hemen, adibide batzuk:

  • Txinako herrialde bat setiatu nahi izan zuenean, Mongoliarrek ezin zuten irabazi eta une honetan Genghis Khanek bere adimena erakutsi zuen ondoko plan hau eginaz: Txinatarrei beren hiriko txori guztiak emateko esan zien eta horrela bakean utziko zituela. Txinatarrek aginduak jarraitu zituzten. Txoriak Genghis Khanen eskuetara iritsi zirenean, honek su eman zien denei eta txoriek beren habietara eta hiriko etxeen teilatuetara egin zuten ihes. Honela hiri guztiak su hartu zuen eta biztanleak korrika ihesi astean, Mongoliarrek eraso egin zieten.
  • Beste batean, Targutai eta Yamuga-ren aurkako borrokan, bere armada txikiagoa zenez, Gengis Khanek bere gizonei, bakoitzak gizonaren tamainako panpina bat egiteko esan zien eta beren badaezpadako zaldietan jarri zituzten. Orduan, armadak askoz handiagoa ematen zuen eta etsaiak izutu egin ziren. Azken honek, borroka irabazten lagundu zien Mongoliarrei.
  • Hungariari eraso egitean ere estrategia on bat erabili zuen. Genghis Khan-en armadako pisu gutxiko zaldunek ezin zieten Holandako zaldun astunei aurre egin, beraz, Mongoliarrek gudan atzera egiten zutelako itsura egin zuten. Horrela, zaldi Holandarrak nekatu egin ziren eta orduan, erasoari ekin zioten Mongoliarrek.

Hala ere, nahiz eta agintari gaizto eta bihozgabea zela esan bere lurraldeetan bakea eta ordena ezarri zituen, tribuen arteko borrokak bukarazi zituen, komunikazio bide berriak eraiki zituen, bere menpekoen sineskera desberdinak errespetatu zituen eta irakurtzen jakin ez arren, idatzitako hizkuntzaren balioa baloratzen jakin zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Genghis Khan Aldatu lotura Wikidatan