Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hiesaren aurkako xingola.
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du aholku medikorik ematen

HIES edo Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea, GIB izeneko birusak eragitearen ondorioz gertatzen da. Ingelesezko baliokidea "AIDS" (Acquired Immune Deficiency Syndrome) da, unibertsalki erabilia dena.

Euskaraz hies hitz arrunt gisa ere erabiltzen da, hala nola hiesa gaixotasun kronikoa da esaldian. Euskaldunon Egunkariak bere estilo libururako egin zuen hautu hori 1990eko hamarkadan eta harrezkero hainbat testuingurutan hala erabiltzen da.

Sindromea gaixotasun infekzioso eta ez-infekzioso multzo batek osatzen du, heriotza tasa altua daukana gaur egun. Pandemia horrek ia 40 milioi gaixo sortu ditu mundu osoan (2006). OMEk kalkulatzen du 25 milioi pertsona baino gehiago hil direla 1981etik, sindromea eriden zenetik, alegia. EAEn, berriz, 1984tik 2005 arte 10.000 pertsona kutsatu ziren, horietaik 5.279k HIESa garatuz eta azken hauetatik 2.969 hil zirelarik.

Jatorria eta historia

1980ko hamarkadaren hasieran, gaixotasun ezezagun bat berebiziko bortizkeriaz hasi zen Estatu Batuetan jendea hiltzen. Inork ez zekien zer zen gaixotasun hura eta zerk eragiten zuen. 1983an sorburua Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) zela jakin zen.

Geroago, Pasteur Institutuan eta Caude Bernard Ospitalean (Paris) egindako ikerketek bigarren birus bat (GIB2) aurkitzea posible egin zuten Afrikako mendebaldean kokaturiko foku batetik abiatuta. Birus hau Afrikar tximinoei (tximu berdea) erasotzen dienaren antzekoa da eta seguruenik giza espezieari zuzenean transmititu zitzaion, Afrikatik Haitira, Estatu Batuetara eta gero mundu osora igaroz.

Egiturari dagokionez, bi birus hauen arteko diferentzia estalki birikoan dauden proteinen osaera ezberdinean datza. Antza denez, diferentzia hauek askoz ere birulentzia handiagoa ematen diete GIB1-ek sortutako infekzioei, GIB2 delakoak sortutakoei baino. Bestalde, beren geografi banaketa ere ezberdina da: GIB2 Afrika mendebaldeko lurraldeetara mugatuta baitago, GIB1 mundu guztian zehar zabalduta dagoen bitartean.

HIESaren lehenengo kasuak Los Angelesen eta New Yorken detektatu ziren 1981eko ekainaren 5ean, baina birusaren hedakuntza hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen. HIESaren birusaren aurkikuntza 1983an ia aldi berean egin zuten Luc Montagnier-ek, Parisko Pasteur Institutuko ikertaldeko zuzendariak, eta Robert Gallok, Estatu Batuetako minbiziaren institutu nazionaleko tumoreen ikerketarako laborategiak. Aldiberekotasun horrek bi entitateen arteko auzi kontaezinak sortu zituen, eta baita bi estatuen artean ere. Alabaina, arestiko ikerlan batzuk bat datoz aurkikuntzaren lehentasuna L. Montagnier-i ematean.

Lehenengo kasuak detektatu zirenetik ondorengo urteetara, HIESaren epidemia “arrisku-talde” izenekoetara (bena-barruko drogazaleak, homosexualak, “ukitutako” heterosexualak eta odol-transfusioen hartzaileak) mugatu zen. Baina laster asko egiaztatu ahal izan zen oso azkar hedatzen zela giza kolektibitateen bizimoduaren aldaketen ondorioz, hots, ohitura sexualen liberalizazioa, bidaien ugaritzea, transfusioen gehikuntza, orratz hipodermiko eta xiringatxoen elkarbanatzea, Afrikako jendea hirietarantz migratzea eta osasun-asepsia urria.

Kasuen kopurua nabarmenki gehitu da azken urteotan eta eredu epidemiologikoa aldatu egin da. Gaur egun, transmisioa lehen aipatutako arrisku-taldeen barruan egonkortu egin dela nabaria da, bai Europan eta bai Estatu Batuetan ere. Transfusioen bidezko kutsapena gutxitu egin da, baina kutsapen heterosexualen eta haurdun dauden emakumeek seme-alabei transmititutako kasuen gehikuntza nabarmena izan da. Hortaz, behin betiko baztertu behar da “arrisku-talde” bezalako terminologia eta haren ordez “arrisku-portaerak” bezalakoak erabili beharko lirateke.

GIBa

Birusari buruzko informazioa

Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) erretrobirus bat da, ARN bere baitan daukan proteinez osatutako barne estalki edo "core" bat daukana, eta glikoproteinez osatutako kanpo estalki bat. Barne estalkiaren barruan ARNz gain, alderantzizko transkriptasa deritzan entzima dago; hau da erretrobirus bat definitzen duena eta haren erreplikaziorako ezinbestekoa dena.

Beste birusak bezala, GIBa ezin da era independentean bizi, eta zelula baten barruan bizi behar du. GIBaren ezaugarria erantzun immunologiko ororen ardura duten T4 linfozitoak eraso eta desegitea da. Azken hauek organismoaren defentsan parte hartzen duten beste zelula guztiak koordinatzen baitituzte.

T4 linfozitoak inbaditu ahal izateko GIBak bere kode genetikoa (RNAz osatua), T4 linfozitoenean (DNAz osatua) barneratu behar du. Horretarako, birusak aldez aurretik RNA DNA bihurtu behar du, eta hori alderantzizko transkriptasa entzimari esker egiten du. Behin GIBak bere kode genetikoa T4 linfozitoenean ezarri ostean, linfozito horiei esker bere burua erreplikatu ahal izango du; ondorioz, zelula horiek suntsituko ditu eta immunitate sistema ahulduko.

Birusa gure organismoan

GIBa odolaren bidez sartzen da giza gorputzera. Oso birus ahula da, ez da gorputzaren kanpoaldean egoteko gai eta ondorioz, ez da arnasaren bidez transmititzen gripearen birusaren moduan. Gorputzean sartutakoan birusa linfozitoetan sartzen da, hau da, immunitateaz (organismoa infekzioen aurka babesteaz) arduratzen diren odol zeluletan.

Zelula horien barruan, birusa sor egoeran gera daiteke hainbat urtetan. Hori da pertsona seropositiboei gertatzen zaiena. Pertsona horiei analisia egiterakoan, HIESaren birusa dutela hauteman ohi zaie, baina ez da gaixotasunaren sintomarik aurkitzen. Beste modu batetara esanda, birusaren eramaileak dira eta beraz bere ingurukoei transmiti dakieke baina ez dute oraindik gaixotasuna garatu. Hala ere, kasu batzuetan birusa ez da inoiz aktibatzen eta beraz, ez da gaixotasuna garatzen.

Birusa aktibatzen bada, abiadura handian ugaltzen da eta beste linfozitoak infektatzen hasten da. Infekzioaren hasieran CD8+ T zelulen erantzuna bortitza da. Baina birusak hainbat mekanismo ditu zelula horien eragina gainditzeko, besteak beste, hainbat mutazio gerta daitezke eta, azkenean, ondorio larriak ekar ditzake erasoak. Mekanismoa gainditzeko, material genetikoa muta daiteke eta horrek traba gehiago jartzen dizkio sistema immunologikoari. Horren ondorioz, zelula horiek suntsitu egiten dira pixkanaka pixkanaka eta organismoa babesik gabe geratzen da. Babes ezaren sintomak agertu baino lehen, beste sintoma batzuk agertzen dira, gongoil linfatikoen hantura, esate baterako.

Babes ezaren eraginez, organismoa ahulago eta edozein infekzioren menpe geratu ohi da. Gaixotasunaren azken uneetan, tumore kaltegarriak agertzen dira, gaixoaren egoera fisikoa eta psikologikoa izugarri okertzen da eta azkenean, hil egiten da.

Gure immunitate-sistemak, edozein birus atzematean, birusen kontra joaten diren substantzia batzuk sortzen ditu, antigorputzak. GIBaren birusa organismoan sartzen denean honek denbora epe zehatz bat behar du birus zehatz horren kontrako antigorputzak sortzeko. Denbora epe hau 3-12 aste artekoa da. Epe horri "leiho garaia" deitzen zaio, eta bertan GIBak kutsatutako pertsona batek beste pertsona batzuk kutsatu ditzake, nahiz eta probaren bidez (odol-analisia) ez antzeman. Lehen begiratu batean ezin da jakin pertsona batek GIBa daukanentz.

Beraz, kontuan hartu behar dugu arrisku-jokabide baten ostean hiru hilabete igaro behar direla GIBaren proba era fidagarrian egin ahal izateko.

Transmisio-bideak

GIBa EZ da transmititzen

  • Listuaren bidez.
  • Mahai tresna berak erabiltzeagatik.
  • Infekzioa duten pertsonak musukatu edo ukitzeagatik.

GIB birusa BAI kutsatzen da:

  • Infektatutako pertsonekin, babesik gabe, preserbatiborik erabili gabe, adibidez, sexu harremanak izateagatik.
  • Xiringa, hortzetako eskuila edo bizar xafla bera erabiltzeagatik, infektatutako odolaren arrastoak izan baititzake.
  • Transfusio batean, infektatutako odola hartzeagatik.
  • Infektatutako amatik fetura, karenaren bidez.

Prebentzioa

  • Edozein eratako harreman sexualetan preserbatiboa erabiltzeak kutsatzeko arriskua gutxitzen du. Hau da, sexu-harremanetan, bikoteak egonkorrak ez badira, edo izan arren, infektatuta egoteko arriskurik egonez gero, preserbatiboa erabili behar da.
  • Orratz edo xiringen trukaketarik ez da egin behar.
  • Gaixotasun hau dutenek ez dute odolik eman behar, ezta plasma, organo edo semenik ere. Infektatutako pertsonen odola uki dezaketen tresnak (xiringa, hortz eskuilak, bizar xaflak…) ez ditu beste inork erabili behar.
  • Gaixotasunak jotako edo birusa duten emakumeek ez lukete umerik izan behar. Izanez gero, ez liokete eman behar bularrik.

Ez da osasun-zentro edo ospitaletan gaixotasuna hartzeko beldurrik izan behar, odola ateratzeko edo transfusioak egiteko materiala behin besterik ez baita erabiltzen. Gainera, emaileen odolak oso analisi zehatzak pasatu behar izaten dituzte.

Tratamendua

1996tik gaixotasunaren pronostikoa erabat aldatu duen tratamendu eskema hasi ziren erabiltzen, aktibotasun handiko tratamendu antierretrobirala edo ingelesez highly active antiretroviral therapy (HAART), familia ezberdinetako sendagaiak konbinatzean datzana.

Hauek dira gaur egungo sendagaiak hiru multzo edo familiatan sailkatuta:

  • Alderantzizko Transkriptasaren Inhibitzaile Nukleosidoak (ATIN edo ingelesez NRTI):
    • Zidovudine (en, fr), Zidovudina (es) edo AZT ("Retrovir"): Lehendabiziko sendagai antirretrobirala izan zen, 1987tik erabiltzen dena.
    • Didanosine, Didanosina edo ddI ("Videx"): Bigarren antirretobiral onartua izan zen.
    • Zalcitabine edo Zalcitabina ("Hivid"): Haren ekoizpena bertan behera utzi dute lboko eragin txarrengatik.
    • Stavudine, Estavudina edo d4T ("Zerit").
    • Lamivudine, Lamivudina edo 3TC ("Epivir").
    • Abacavir ("Ziagen").
    • Emtricitabine edo Emtricitabina ("Emtriva").
  • Alderantzizko Transkriptasaren Inhibitzaile Ez-Nukleosidoak (ATIEN edo NNRTI):
    • Efavirenz ("Sustiva").
    • Nevirapine edo Nevirapina ("Viramune").
    • Delavirdine edo Delavirdina ("Rescriptor"): Oso gutxitan erabilia gaur egun.
    • Etravirine edo Etravirina ("Intelence"): 2008an FDAk onartua.
  • Proteasaren Inhibitzaileak (PI):
    • Saquinavir ("Invirase").
    • Ritonavir ("Norvir").
    • Indinavir ("Crixivan").
    • Nelfinavir ("Viracept").

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: hartutako immuno eskasiaren sindromea .