Heriotza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Assar (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:55, 18 abuztua 2016
Burezur bat, heriotzarekin lotutako sinboloa.

Heriotza biziaren erabateko eta betirako amaierari deritzo. Zergatien artean zahartzaroa, malnutrizioa, gaixotasunak, traumatismo larriak, indarkeria eta suizidioa daude. Gaur egun munduan 10 eragilerik ohikoenak dira kardiopatia iskemikoa, istripu zerebrobaskularrak, BGBKa, arnas aparatuko infekzioak, minbizia (bereziki arnas aparatukoa), HIESa, gaixotasun diarreikoak, diabetesa (mellitus), errepideetako istripuak eta hipertentsio-kardiopatiak, hurrenkera honetan OMEren arabera. Hala ere, hainbat kasutan heriotza eragin duena ez da argi gelditzen eta batzuetan autopsia egin behar izaten da, indikazio mediko eta judizialengatik.

Heriotza-tasarik handienak dituzten herrialdeak afrikarrak dira, 2006an Niger, Sierra Leona, Liberia, Hegoafrika, Angola, Botswana eta Zimbabwe.

Heriotzaren benetako izaera hainbat erlijio-ohituren arduretako bat izateaz gain, filosofiaren aztergaia ere bada. Berpizkunde (kulto abrahamikoetan) eta berraragiztatze (Indiakoetan) sinesmenak heriotzaren osteko beste bizitza batzuekin lotuta daude.

Biologikoki, gorpuek ekiten diote deskonposizio prozesuari pertsona hil eta denbora tarte gutxira.

Heriotzaren pertsonifikazioa

Heriotzaren irudikatzea 1912ko frantziar egunkari batean, kolera izurrite batean.

Greziar mitologian Tanatos heriotzaren pertsonifikazioa zen, eta Hesiodo poetaren arabera ("Teogonia" olerkian jasoa), Nyx (Gaua) eta Erebos (Iluntasuna) bere gurasoak ziren eta Hipnos (Loa) bere bikia. Bitartean, Erroman Mors (Letus edo Letum) zen pertsonaia baliokidea, baina Homerok berak Hypnos eta Thanatos erabili zuen "Iliada"-n. Lotutako beste senide batzuk, pertsonaia negatiboak, Geras (Zahartzaroa), Oizys (Sufrimendua), Moros (Patua), Apate (Etsipena), Momus (Errua), Eris (Liskar) eta Nemesis (Ordain-justizia).

Bestela, tradizio juduan "heriotzaren aingerua" edo argia eta ilunarena aipatzen da antzinetik, Abaddon (aingeru suntsitzailea) edo Azrael izenekin. Zeltiar mitologian, Ankou izena dauka Herioak. Baina Erdi Arotik modu zabalduan, Mendebaldeko kulturan heriotza pertsonifikatu edo gizakia bezala irudikatu da. Herioak sega bat eraman ohi du eta jantzita daraman kapa beltzaren txanoak aurpegia estaltzen dio. Pertsonaia historian zehar maiz erabili izan da arte mota desberdinetan, literaturan, antzerkian eta zineman. Halaber, mitologiak sortu du azken hamarkadotan batik bat banpiro eta zonbi moduko pertsonaiak, "bizidun hildako"-tzat hartutakoak.

Azkenik, heriotzarekin lotutako sinbolorik sinpleena burezurra da, arras hedatuta dagoena.

Lotutako ohiturak

Neolitikotik eta Brontze Aroa arte munduan eraiki izan zituzten megalito izenekoak, hileta-monumentu funtzioa zeukatenak trikuharrien (dolmen) kasuan, eta agian baita beste adibide batzuetan ere bai (harrespilak, tumuluak, zutarriak). Denboran aurrera, Antzinako Egipton eta Andeetako zibilazioetan momifikazio teknikak egiten zituzten gorpuak ondo kontserbatu ahal izateko.

Erlijio handiekin lotuta, mota askotako errituak garatu izan dira. Hilerriak zendutako pertsonak lurperatzeko erabili izan dituzte mendeetan zehar Kristautasunak eta Islamak, esate baterako. Gaur egun, gero eta sarriagotan erretzen dira gorpuak, errausketaren bidez.

Geure kulturan, Santu Guztien Eguna ere ospatu egiten da azaroaren 1ean, eta bezperan, mundu anglosaxoian nagusiki, Halloween izenekoa.

Artelanak

Herioaren garaipena margolana (1562), Pieter Bruegel Zaharrak margotua.

"Requiem" (latinez "atsedena") izenekoak dira hildakoen alde egindako mezak, bereziki Eliza Katolikoak ospatutakoak. Mendeetan zehar meza hauen testuak abestuta jaso zituen kantu gregorianoak: Introitus, Kyrie eleison, Graduale, Tractus, Sequentia (Dies Irae), Offertorium, Sanctus, Agnus Dei, Communio, Pie Jesu, Libera Me eta In paradisum. Musikatutako 2.000 requiem baino gehiago konposatu izan dituzte historian, lehenengoen artean Johannes Ockeghem (1460) eta Antoine Brumel (1500) musikagileenak ditugularik. Wolfgang Amadeus Mozartena ziur aski ezagunena da (1791), baina aipatzekoak dira halaber Hector Berlioz, Giuseppe Verdi, Antonín Dvořák eta Johannes Brahmsenak, izan kontzertuak edo oratorioak. Hileta-martxak pieza laburrak dira bestela, Frederic Chopinek egindakoa (Pianorako sonata 2. zbk (Chopin), 1839) ospetsuena izanda.

Olerkaritzan, beste alde batetik, elegia izeneko obrak konposatu egiten dira bereziki hildako pertsonen oroimenean. Lan aipagarrienak A.E. Housmanen To an Athlete Dying Young (Gazte hiltzen ari den atleta bati), W. H. Audenen In Memory of W. B. Yeats (W. B. Yeatsen oroitzapenez), E. E. Cummingsen My Father Moved through Dooms of Love (Aita maitasunaren galbidean ibili zen), eta John Peale Bishopen Hours (Orduak, F. Scott Fitzgeraldi buruz).

Zineman ere gero eta ohikoagoak dira azken hamarkadotan heriotza gai nagusitzat hartzen dituzten pelikulak. Antzerkian, margolaritzan eta eskulturagintzan ugariak dira lotutako lanak.

Bizitzaren azken fasea

Hilzorian dauden pertsonen alboan egoteko, bakardadea ebitatuz eta sufrimendua kendu edo gutxitzeko sortu ziren hospizioak eta zainketa aringarriak. Tradizionalki erlijioaren kutsua izan du, errukiaren sentimendutik abiatuta, baina gaur egun gero eta sartuagoa dago praktika laiko moduan osasungintzan eta gizartean orokorrean. Osasun arlo honetan, heriotza eta gero ere profesionalak arduratzen dira familia eta lagunen doluaz, prozesu naturala dena baina batzuetan konplikatu egiten dena.

Beste alde batetik, eutanasiaren fenomenoak jendartean eztabaida sortzen du gure garai honetan. Izan ere, oso herrialde gutxitan dago araututa behar den bezala legearen aldetik.

Mugako esperientziak

Sakontzeko, irakurri: «Heriotza mugako esperientzia»

Psikiatria, Neurologia eta Parapsikologiatik hainbat bizipen ikertu egin dituzte 1970eko hamarkadatik, "heriotza klinikoa" bizi izan dutenek kontatutakoak. Testigantza horiekin hipotesi bat baino gehiago sortu izan dituzte adituek.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heriotza Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Heriotza