Il Correggio
Il Correggio (Jaiotza-izena: Antonio Allegri da Correggio) italiar pintorea (Correggio, 1489 - 1534). Errenazimentuko italiar margolari nagusietakoa izan zen.
[aldatu] Biografia
Bere herrian hasi zen ikasten, eta Mantuan ezagutu zituen Andrea Mantegnaren obrak. Leonardo da Vinciren sfumato teknika berezia eta Florentziako pintoreek ohi zituzten arkitektura-egiturak erabili zituen lehen koadroetan (Madonna di San francesco, 1515). XVI. mendearen hasieran, Italia osoan erabiltzen ziren teknikak jaso eta sintesia egiten saiatu zen, garai hartan pintatu zituen Ama Birjinek erakusten duten bezala. Il Corregiok bere antze berezia Parmako freskoetan erakutsi zuen lehenbizikoz (San Pauloko komentuko freskoak, 1519-1520). Rafaelen eta Michelangeloren obrak Erroman ikusi eta ezagutu ondoren (1517tik 1519ra bitartean) egin bide zituen Parmako lan haiek. Obra haren ondotik, beste lan batzuk egiteko parada izan zuen Parman bertan (San Joan Bataiatzailearen elizako freskoak, 1520-1521; Ama Birjinaren Jasokundea, 1524-1530). Muralekin batera, oihalak ere pintatu zituen, erlijio-gaiak hartuta betiere (Gurutzetik eraistea; Ama Birjina goporrarekin). Bestalde, XVI. mende bukaerako pintoreei aurreratu zitzaien, argilunak erabiliz (Artzainen gurtza edo Gaua). Mitologia-gaiak ere aurkeztu zituen, eta sentsualitate handiko obrak egin zituen (Leda, Jupiter eta Io, Danae, 1530-1535).
Il Correggiok oso ukitu bitxia zuen, eta harmonia eta kolore dotorez jantzi zituen bere lanak. Veneziarren eta florentziarren dohainak biltzen zituen margolaritzat geratu da pinturaren historian. Eragin handia izan zuen XVII. mendeko italiar margolariengan. Arrazoi askorengatik, lehen pintore barrokoa izan zela esan daiteke.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.