Jorge Luis Borges

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:49, 23 urtarrila 2016
Jorge Luis Borges
Jorge Luis Borges
Borges 1951n
Datu pertsonalak
Izen osoa Jorge Francisco Isidoro Luis Borges
Jaio 1899ko abuztuaren 24a
Buenos Aires ( Argentina)
Hil 1986ko ekainaren 14a
Geneva ( Suitza)
Sinadura

Jorge Francisco Isidoro Luis Borges ( audio) (Buenos Aires, 1899ko abuztuaren 24a - Geneva, Suitza, 1986ko ekainaren 14a) argentinar idazlea izan zen. Ipuinak, saiakerak eta olerkiak idatzi zituen, batez ere. El Aleph da bere libururik ezagunenetarikoa. Latinoamerikako literaturaren egile ospetsuenetarikoa da, eta Julio Cortazar-ekin batera, idazle argentinarrik famatuena. 1980an Miguel de Cervantes saria eman zioten.

Intelektual kosmopolita, bere estilo original sotilak, eta erabiltzen dituen gaiek bere garaiko Argentinako idazleengandik bereizten dute. Borgesen idazkera guztiz pertsonala da, berezia, inongo eta inolako estetika edo ideologiaren mende kokatzen ez dena. Bestalde, barrokoaren oparotasuna eta isekarako joera biltzen dituen hizkuntza baten asmatzailea da.

Bizitza eta obra

Jorge Luis Borges, Ameriketako literatura berriaren esentzia, Buenos Airesen jaio zen, 1899an, familia aberats batean, portugaldar jatorrikoa aitaren aldetik eta ingelesa amarenetik. Gazte-gaztetatik, ingelesa gaztelania bera baino lehenago ikasita, irakurle amorratua izan zen, eta idazten ere oso gazterik hasi zen. Bederatzi urte besterik ez zuela Oscar Wilderen Printze zoriontsua itzuli zuen ingelesetik[1]. 1914tik 1921era Europan bizi izan zen familiarekin, Italian lehendabizi, eta Suitzan gero. Genevan egin zituen batxiler ikasketak, hots, handik urte askotara hil zen hiri berean. Garai hartan frantses prosalari errealistak eta olerkari espresionista eta sinbolistak, Rimbaud bereziki, irakurri zituen. Horrez gain, Schopenhauer, Nietzsche, Carlyle eta Chestertonen lanak ezagutu zituen. Hiztegi baten laguntza besterik ez zuela, alemanez ikasi zuen eta frantsesezko lehenbiziko bertsoak idatzi zituen[2].

Adolfo Bioy Casares, Victoria Ocampo eta Borges 1935ean.

1919an Espainiara joan eta, 1921 arte, Palma de Mallorca, Madril eta Sevillan bizi izan zen. Abangoardiako idazleekin harremanetan jarri zen, batez ere, ultraismoaren -1918an aldarrikatutako poesia higikundea- jarraitzaileekin. Gero berak zabaldu zuen higikunde hura Argentinan. 1921ean Buenos Airesa itzuli zen eta aldizkari bat sortu zuen, ultraismoaren bidetik, beste idazle batzuekin batera: Proa. Baina beste aldizkari askotan ere idatzi zuen, literatura kritika batez ere: Martin Fierro, Nosotros, Valoraciones, Sur, El hogar astekarian, eta abar.

1946an Perón jeneralaren gobernuaren aurkako manifestua izenpetu zuen. Izan ere, jeneralaren politika demagogikoa eta populista kontrajarrita zegoen idazlearen kontserbadurismo elitistarekin. Peronek, idazlea gutxiesteko asmoz, Buenos Airesko merkatuetako elikagaien ikuskatzaile izendatu zuen, baina Borgesek uko egin zion karguari. Bien bitartean, irakasle eta argitaratzaile gisa atera zuen bizimodua, Sur eta Emece argitaletxeetan, batez ere. Urte askotan Ameriketan ibili zen hitzaldiak ematen, bere idazle eta pentsalari ospea alde guztietara zabalduz. Ingeles erromantikoen poesia, Kafkaren obra, literatura fantastikoa eta gautxoen poesia izan ziren haren hitzaldietako gai nagusiak.

1950-1953 bitartean literatura ingelesa irakatsi zuen Buenos Airesko unibertsitatean, eta Argentinako idazleen elkarteko lehendakaria izan zen. 1955ean Argentinako Letren Akademiako kide hautatu zuten eta, Peron erorarazi ondoren aginpidea bereganatu zuen gobernuak, haren eskuetan utzi zuen Buenos Airesko Liburutegi Nazionala, 1974 arte. Gaztetandik begietatik gaixo ibili zen eta 1956an erabat galdu zuen ikusmena. Hurrengo urtean Literaturako Sari Nazionalala eman zioten El Aleph ipuin liburuarengatik. Bioy Casares idazlea laguna zuen eta harekin batera autore klasikoak argitaratu zituen eta garrantzi handiko polizia eleberrien bilduma baten zuzendari izan zen (El septimo círculo, Emece argitaletxearentzat).

1960 ondoko urteetan, Roger Caillois itzultzailearen frantsesezko itzulpenen eta azterketa kritikoen ondorioz, haren ospea mundu osora zabaltzen hasi zen. Nobel sarirako hautagaien zerrendan agertu zen behin baino gehiagotan, baina ez zioten eman, Argentinako diktadura militarraren alde egindako adierazpenengatik, nahiz eta aurka azaldu zen geroago, gerra zikinaren izugarrikeria nabarmenen aurrean. 1980an Miguel de Cervantes saria jaso zuen. Genevan hil zen, 1986an.

Borgesen idazgintza

Borgesek goren mailako lekua du gaztelaniazko literaturaren historian. Oso estilo berezia du, bere-berea: prosa bat itxuraz biluzia eta hotza, baina zentzuz betea eta guztiz iradokitzailea, ironia finez pikardatua, doi-doia, hitz elkarketa bereziez hornitua. Borgesek irakurle asko izan ditu mundu osoan zehar. Nahiz eta haren obra, den bezalakoa izateagatik, literaturaren abenturan murgildutako jendearentzat izan, haren ospea unibertsala da, gizatasunaren barrenenean dauden arketipoekin elkartasun sakona agertzen zuelako, batetik, eta irudimen guztiz emankorra zuelako, bestetik.

Prosazko lanak

Fitxategi:Borges 001.JPG
Borges 1976an.

Borgesek ez zuen idatzi ez eleberririk, ez arnas luzeko saiakerarik. Hori dela eta, haren prosazko lan guztiek halako alegia itxura hartzen dute, askotan saiakeren egitura izateaz gainera. Generoen arteko desberdintasuna, beraz, lausoa da Borgesen obran, erabiltzen duen egitura molde bereziagatik.

Haren lehenengo lanak, dena den, saiakeren artean sailka daitezke, berez besteko gairen bat lantzen baitute, literatura gehienetan, baina baita metafisika, matematika edo Argentinako nortasun nazionalaren bilaketa ere: Inquisiciones (1925, Ikerketak), Tamaño de mi esperanza (1928, Nire esperantzaren neurria), El idioma de los argentinos (1928, Argentinarren hizkuntza), Evaristo Carriego (1930), Discusion (1932, Eztabaida), Historia de la eternidad (1936, Betikotasunaren historia). Askotan gai horiek berak erabili zituen han eta hemen bere hitzaldietan, edota fikziozko lanetan.

Lehen kontakizun liburua, Historia universal de la infamia (1935, Doilorkeriaren historia unibertsala), irudizko biografien bilduma da, Hombre de la esquina rosada (Kantoi arrosako gizona) izeneko polizia kontakizun errealistarekin burutua. Aurreko horren antzeko estiloko kontakizunak idatzi zituen hurrengo liburuan, El jardin de los senderos que se bifurcan (1941, Banatuz doazen bidexken jardina). Handik hiru urtera, liburu hura Ficciones titulupean argitaratu zuen, baina askoz mardulagoa. Bi horien ondotik kontakizun liburu gehiago idatzi zituen: El Aleph (1949), El hacedor (1960, Egilea), El informe de Brodie (1970, Brodieren txostena) eta El libro de arena (1975, Hareazko liburua).

Borgesek bere liburuetan ohiz kanpoko edo ez ohiko gauzak ohikoak balira bezala erabiltzen ditu. Baina, Borgesengan, ameskeria adimen jokoarekin lotuta agertzen da beti, espekulazio metafisikoarekin zerikusia izan dezakeen irudimen arrazoitu moduko bati esker. Gai berak erabiltzen ditu beti, ia modu obsesiboan: gizon bakoitzaren eta ororen artean dagokeen erlazioa, denbora (zirkularra, ametsezkoa edo, besterik gabe, ezin ulertuzkoa), ispiluak, alegiazko liburuak, polizia giroko azpijokoak (nabarmena da horretan Chestertonen eragina), labirintuak (hiriak, hondakinak, patuak aldi berean) eta, horren guztiaren azpian, deserrotze mingarri bat sexuarekiko eta izadiarekiko.

Poesia lanak

Borgesek ultraismoarekin estuki lotuta hasi zuen bere poesia lana, metaforaren goraipamen gartsua eginez eta modernismoaren egiturak arbuiatuz: Fervor de Buenos Aires (1923, Buenos Airesko suharra), Luna de enfrente (1925, Aurreko ilargia), Cuaderno San Martin (1929, San Martin Koadernoa). Hasierako lan horietan nabarmena da identitate nazionalaren baieztapena lortzeko ahalegina.

Aurrerago, alde batera utzi zuen abangoardia, eta olerkigintzaren molde klasikoetan murgildu zen, Quevedoren eraginpean, besteak beste. Nolanahi ere, haren poesiak oso ezaugarri pertsonalak izan zituen gero ere, erabili zituen gaietan, batez ere, bere kontakizunetan eta saiakeretan erabili zituen berberak. 1964an El otro, el mismo (Bestea, berbera) argitaratu zuenez geroztik bere espekulazio filosofikoa bertsotan ematen ahalegindu zen, baina alde batera utzi gabe hainbeste erakarri zuten mitologia lanbrotsuak (Argentinako independentziako heroiak, eta marjinatuak, gautxoa hezala), Eskandinaviako poetak, kemenari edota nagitasunari buruzko elezaharrak, Spinoza, Kafka edo Cervantes bezalako gizonen bizitzako intuizio iluna, eta abar. Hauek ditu hurrengo poesia lanak: Elogio de la sombra (1969, Itzalaren laudorioa), El oro de los tigres (1972, Tigreen urrea), La rosa profunda (1975, Arrosa sakona), La moneda de hierro (1976, Burdinazko txanpona), Los conjurados (1975).

Idazleen arteko lankidetzea

Fitxategi:Borges y Sabato.jpg
Borges eta Ernesto Sábato 1975ean.

Nahiz eta ez zuen eskolarik sortu, ez behintzat eskolaren zentzu hertsian, zenbait idazle Borgesen ardatzaren inguruan ibili ziren. Horien artean aipagarriena Bioy Casares da. Hiru polizia eleberri idatzi zituzten elkarrekin: Seis problemas para don Isidro Parodi (1942, Sei arazo Isidro Parodirentzat), Un modelo para la muerte (1946, Eredu bat heriotzarentzat) eta Cronicas de H. Bustos Domecq (1967, H. Bustos Domecqen kronikak). Horiez gainera beste liburu hauek ere beste idazle batzuekin batera idatzi zituen: Manual de zoologia fantastica (1957, Zoologia fantastikoari buruzko eskuliburua, Margarita Guerrerorekin), Antiguas literaturas germánicas (1951, Antzinako germaniar literaturak, Delia Ingenierosekin), El compadrito (1945, antologia, Silvina Bullrichekin), eta abar.

Idazlanen zerrenda

  • Inquisiciones (1925).
  • Discusión (1932).
  • Historia universal de la infamia (1935)
  • Poemas (1943).
  • Ficciones (1944).
  • El Aleph (1949).
  • El hacedor (1960)
  • El informe de Brodie (1970).
  • El oro de los tigres (1972)
  • El libro de arena (1975).
  • Libro de sueños (1976).
  • Nueva antología personal (1980).
  • La memoria de Shakespeare (1983)

Euskaraz: Ipuin hautatuak[3] (Juan Garziaren itzulpena; Ibaizabal arg., 1998).

Berak esanak

«Bizitza honetan egin daitekeen bekaturik larriena egin dut: ez naiz zoriontsu izan».

Erreferentziak

  1. Biblioteca de Traducciones Hispanoamericanas: Traductores Cervantesvirtual.com
  2. Jorge Luis Borges Efemérides Culturales Argentinas. Me.gov.ar
  3. Jorge LUIS BORGES: Ipuin hautatuak Euskaratzailea: Juan Garzia Garmendia, Ibaizabal, 1998

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jorge Luis Borges Aldatu lotura Wikidatan