Baruch Spinoza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Spinoza

Baruch Spinoza, baita Benedictus de Spinoza edo Bento de Espinosa ere (Amsterdam, 1632ko azaroaren 24a - Haga, 1677ko apirilaren 21a), filosofo judu sefardi holandarra, kartesianismo kritikoaren oinordekoa. XVII. mendeko hiru filosofo arrazionalista handietakotzat jotzen da, René Descartes frantsesarekin eta Gottfried Leibniz alemaniarrarekin batera.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia judu batean hazia eta hezia izan arren, sinagogatik egotzi zuten bere iritziak zirela eta; horregatik, bere bizitzan harreman estuagoak izan zituen kristauekin juduekin baino. Holandan bizi izan zen bizitza osoan, eta kristal optikoak leuntzea zuen ogibide. Spinozaren filosofiak tradizio askotan ditu erroak; batetik, juduen iturriak sakon ezagutzen zituen: Biblia, Talmuda eta Erdi Aroaren hasierako filosofo juduak, Maimonides batez ere, eta Kabala. Bestetik, eragin berezia izan zuen beragan Descartesen filosofiak, hartan oinarritu baitzen bere pentsamoldea egituratzeko. Horietaz gainera, Spinozaren pentsamenduak lotura estua du Gilen Ockhamgoarekin eta eskolastikaren tradizioarekin; halaber, Greziako estoikoen filosofiak, Giordano Brunok eta Hobbek itzal handia izan zuten beragan. Bere garaiko usadioari jarraituz, lan gehienak latinez idatzi zituen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cogitata metaphysica (1663, Metafisika-gogoetak), Tractatus de intellectus emendatione (1662), Tractatus theologico-politicus (1665, Tratatu teologiko-politikoa), Tractatus politicus (1675-1677, Tratatu politikoa), eta Ethica ordine geometrico demonstrata, 1675ean bukatua eta bera hil ondoren argitaratu zena.

Spinozaren metafisika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spinozaren pentsamendua panteista da; haren ustez, mundua eta errealitate guztia printzipio bakar batera, hastapen sortzaile eta eratzaile bakar batera, biltzen da; substantzia deitu zion printzipio hari, eta Jainkoarekin lotu zuen. Spinozaren arabera, substantzia, berez dena, izateko beste ezeren premiarik ez duen hura da. Beraz, Spinozarentzat substantzia bakarra eta perfektua da Spinozaren Jainkoa, eta gainerako gauza guztiak atributuak dira. Atributuak mugagabeak dira, baina gizakiak bi besterik ez du ezagutzen, pentsamendua eta hedadura, hots, arima eta gorputza. Den gauza orok bere barneko printzipioaren aginduari jarraitzen dio, eta, hala, mundua bere baitako aginduaren arabera gobernatzen da, zeren eta substantzia Jainkoa den guztia baita eta gauza guztiak haren ondorio. Substantzia edo Jainkoa izadia da, baina horrek bi zentzu ditu Spinozarentzat; batetik, gauza guztiak Jainkoagandik datoz, baina, bestetik, Jainkoak ez du sortzen beragandik desberdina den ezer; beraz, izadia Jainkoaren adierazpide da.

Spinozaren etika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spinozak obra mardul bat idatzi zuen etikari buruz: Ethica ordine geometrico demonstrata. Liburu horretan mundua eta gizakiaren egitura eta eraketa matematika bidez adieraz daitekeela erakutsi nahi izan zuen, gizakiaren portaera geometriaren bidez froga daitekeela. Spinozaren iritziz, dena da izadia; gizakia pentsamendua da, baina harri bat bezain izadi da hala ere, gizakia ere substantziaren modu bat baita, Jainkoaren aldaera bat. Baina gizakiaren berezitasuna gorputza eta arima izatean datza eta nola ideien eta gauzen artean lotura estua den, paralelismo estua dago arimaren eta gorputzaren artean ere. Gizakiari gertatzen zaizkion gauza guztiak, baita grinak ere, naturalak dira, izadiaren aginduari jarraitzen baitiote. Spinoza, beraz, determinista zen. Gizona esklaboa dela uste zuen, premien morroi bizi delako. Aske izateko bide bakarra ezagutza du, aske ez dela jakitea, bere izatea den bezalakoa dela onartzen duenean ez baitu bere burua estutzen. Filosofia eta ezagutza Jainkoaren beraren jakintza da, eta jakintzaren modu goren horretan daude gizonaren askatasuna eta zoriontasuna. Bere determinismoan oinarrituz, politikan demokrazia aldeztu zuen; halaber, pentsamendu- eta iritzi-askatasunaren aldekoa zen, gizon guztiek, Jainkoaren adierazpide diren aldetik, eskubide berberak dituztela uste baitzuen.


Geografia
Herbehereak
Artikulu hau Herbehereetako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Baruch Spinoza


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]