Katingo sarraskia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wrocławen dagoen Katingo sarraskiaren oroitarria.

Katingo sarraskia edo Katingo basoko sarraskia (polonieraz zbrodnia katyńska, hitzez hitz «Katingo krimena») Errusiako Katin hirian Bigarren Mundu Gerran Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak egindako poloniar hiritarren (horietatik asko gerra-presoak ziren armadaren ofizialak) masa exekuzioa izan zen. 1940ko udaberrian egindako sarraskian, hiru leku ezberdinetan egina, 15.000[1] eta 22.000[2] poloniar artean erail zituzten.

Wehrmachtek hilobiak aurkitu zituenean Londresen erbestean zegoen poloniar gobernuak SESBekin harremanak apurtu zituen. Hirugarren Reichak propaganda-helburu moduan erabili zuen sarraskia, Stalinek naziei kulpa egotzi zien bitartean[3]. 1990 artean, Mikhail Gorbatxov gobernuan zegoela, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak ez zuen bere erantzukizuna onartu. Honek oraindik Polonia eta Errusiaren arteko harremanak oztopatzen ditu.

2010eko apirilaren 10ean, sarraskiaren 70. urteurrena gogoratzeko Lech Kaczyński Poloniako presidentea eta hainbat militar eta politikari eraman zituen hegazkina Smolensk hiritik gertu istripua izan zuen eta ez zen inor bizirik irten.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran Katingo basoko sarraskia Kozielsk kontzentrazio-esparruan zeuden poloniar ofizialen hilketa izan zen[4], Katingo basoan, Gnezdovo herritik gertu egin zelako. Hala ere gaur egun 22.000 poloniar herritarren hilketa deitzeko erabiltzen da, Ostaxkov, Kozielsk eta Starobielsk kontzentrazio-esparruetan eta Bielorrusia eta Ukrainako mendebaldeko presondegietan zeudenak eta Stalinek aginduta Katin basoan eta Kalinin, Kharkiv eta beste hiriko presondegietan erailak izan zirenak.

Katingo hilerriaren ate nagusia.

1939ko irailean, Adolf Hitler eta Stalinek Molotov-Ribbentrop ituna sinatu eta astebete pasa ondoren, nazi eta sobietarrek Polonia inbaditu zutenean, hainbat poloniar preso hartu zituzten. Horietako asko Ostashkov, Kozielsk edo Starobielsk bezalako kontzentrazio-esparruan sartu zituzten, asken bietan batez ere ofizialak eta Ostaxkoven poliziak eta espetxeetako funtzionarioak sartu zituzten.

1940ko martxoaren 5ean, Stalinek Lavrenti Beriari bidalitako txosten baten arabera[5], sobietar politburoren kideek - Stalin, Viatxeslav Molotov, Lazar Kaganovitx, Mikhail Kalinin, Kliment Voroxilov eta Beria - Ukraina eta Bielorrusiako espetxeetan zeuden "nazionalistak eta kontrairaultzaileak" exekutatzeko agindua sinatu zuten[6]. Agindu honen ondorioz 22.000 poloniar herritar erail zituzten, horietatik 15.000 inguru gerra-presoak zirenak[7]. Hildakoen artean poloniar Inteligentzia Agentziaren kideak, poliziak, erreserbista eta ofizial militarrak zeuden.

1943an sarraskiaren aurkikuntzak Londresen erbestean zegoen poloniar gobernuak SESBekin harremanak apurrarazi zuen. SESBek 1990 arte ukatu zituen salaketak, NKVD sarraskia eta bere estalketaren erantzulea zela aitortu zuenean.

Sobietar prestaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilarrien mugak.

1939ko irailaren 19an, Estatu Segurtasunaren Lehenengo Graduko komisarioa zen Lavrenti Pavlovitx Beriak gerra-preso eta atxilotuen NKVDko aholkularia zen Piotr K. Soprunekori deitu eta poloniar presoentzat kontzentrazio-esparruak eraikitzeko agindua eman zion. Honako hauek eraiki zituzten: Jukhnovo (Babininoko tren geltokia), Juzhe (Talitsi), Kozelsk, Kizelxtxina, Oranki, Ostaxkov (Seliger aintziran dagoen Stolbni uhartea, Ostaxkovetik gertu), Putivli (Tetkinoko tren geltokia), Starobielsk, Vologod (Zaenikevoko tren geltokia) eta Griazovets.

1940 apirilaren 3tik maiatzaren 19ra 22.000 gerra-preso eta preso arrunt inguru erail zituzten kontzentrazio-esparruetan, horietatik 6.000 Ostashkoven, 4.000 Starobielsken, 4.500 Kozielsken eta 7.000 Bielorrusia eta Ukrainako mendebaldeko espetxeetan.

395 preso baino ez ziren bizirik atera sarraskitik. Hauek Juknov kontzentrazio-esparrutik atera eta Griazovetsera eraman zituen.

Nahiz eta 1943 arte alemaniarrek sarraskiaren berririk ez zituztela esan, Kanpoko Harremanetarako Bulegoak gerra ondoren egindako txosten batean nazien iradokizun edo konplizitatea zutela esan zuen[8]

Sarraskiaren teknologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lech Kaczyński Poloniako presidenteak 2007an egindako ofrenda.

Poloniar presoen %99a exekutatuak izan ziren. Kozielsken zeudenak Smolensketik gertu, Katingo basoan, erail zituzten. Starobielsken zeudenak Járkov izeneko NKVDren espetxean erail eta Piatikhatkin lurperatu zituzten; Ostaxkoven zeuden poliziak Kalinin izeneko NKVDren espetxean erail eta Miednoje lurperatu zituzten.

Kalininen NKVDko buruzagi ohia izandako Dimitri S. Tokarevek espetxea berriro bisitatu zuenean, exekuzioei buruzko informazio zehatza eman zioten. Tokareven arabera, fusilamentuak arratsaldean hasi eta egunsentian bukatzen ziren. 1940ko apirilaren 4an egindako garraiatzean 390 lagun hil zituztenez, borreroek gogor lan egin behar izan zuten gau batean hainbeste lagun hiltzeko. Hori zela eta, hurrengo egunetan 250 laguneko garraiatzeak egin zituzten. Exekuzioak egiteko Moskutik bidalitako Walther pistola alemaniarrak erabili zituzten.

Exekuzioak metodikoak ziren. Zigortuaren informazio pertsonala miatu ondoren, bilurrak ipini eta isolatutako gela batean sartzen zuten. Exekuzioen hotsak ezkutatzeko makina zaratatsuak (agian haizagailuak) erabiltzen zituzten gauez. Gela sartu eta berehala, garondoan tiro egiten zuten. Hilotza beste atetik atera eta itxaroten ari ziren bospasei bagoietan sartzen zuten, nondik hurrengo zigortua ateratzen zuten. Egunero egin zuten metodo bera, maiatzaren 1ean izan ezik.

Smolensketik gertu, berriz, poloniarrei eskuak bizkarrean lotu eta hilobietara eramaten zituzten, non garondoan tiro egiten zieten.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarraskira amaiera emateko asmotan 1990eko hamarkadan errusiar, poloniar, ukraniar eta bielorrusiar ikertzaileek batu eta gertatutakoa azaldu zuten. Badaude, baita ere, Stalinek SESBeko mendebaldeko eskualdeetan bizi ziren beste 11.000 poloniar hil zirela azaltzen duten txostenak[9]. Era berean, nazien 1941eko inbasioan, alemaniarrek 100.000 poloniar inguru erail zituzten[10].

1998an, Boris Jeltsin eta Alexander Kwasniewskik Katinen eta Mednojen oroitarriak ipintzea erabaki zuten.

2007an Andrzej Wajda zinema zuzendari poloniarrak sarraskiari buruzko Katyn izeneko filma egin zuen, ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Sariaren izendapena lortu zuena.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. in.news.yahoo.com
  2. www.ipn.gov.pl
  3. Tadeusz Romerren elkarrizketa
  4. Józef Czapski: En Tierra Inhumana, Bartzelona: Acantilado, 2008, 116-117. orr.
  5. Order of Execution by Stalin
  6. CIA: The Katyn Controversy: Stalin's Killing Field
  7. Józef Czapski: En Tierra Inhumana, Bartzelona: Acantilado, 2008, 11. orr.
  8. Katyn and the Soviet Massacre of 1940: Truth, Justice and Memory. George Sanford. Routledge, 2005. ISBN 0-415-33873-5, 9780415338738. 135. orr.
  9.   Piotrowski, Tadeusz (2007), The Polish Deportees of World War II: Recollections of Removal to the Soviet Union and Dispersal Throughout the World, 4. orrialdea, ISBN 0786432586, http://books.google.com/books?id=9Kefzi0_vwIC&pg=PA4 .
  10.   Piotrowski, Tadeusz, Poland’s Holocaust, 18. orrialdea, ISBN 0-7864-0371-3 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Katingo sarraskia Aldatu lotura Wikidatan

Koordenatuak: 54°46′N 31°47′E / 54.767°N 31.783°E / 54.767; 31.783