Maria Luisa Habsburgo-Lorenakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maria Luisa Habsburgo-Lorenakoa
Maria Luisa Habsburgo-Lorenakoa
Datu pertsonalak
Izen osoa Maria Ludovica Leopoldina Francisca Theresa Josepha Lucia de Habsbourg-Lorraine
Jaio 1791ko abenduaren 12a
Viena (Austria)
Hil 1847ko abenduaren 17a (56 urte)
Parma (Italia)

Maria Luisa Habsburgo-Lorena edo Austriakoa (Viena, Austria, 1791ko abenduaren 12aParma, Italia, 1847ko abenduaren 17a) Frantzisko I.a Austriakoa (edo Frantzisko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa) eta Maria Teresa Bi Sizilietakoaren alaba zen eta Frantziako enperatriza izan zen 1810etik 1814ra arte.

1810ean, Austriako enperadorearen alaba zaharrena Frantziako enperadorea eta Italiako erregea zen Napoleonekin ezkondu beharrean izan zen, horrela sinatu baitzuten bi potentziek 1809ko Wagrameko batailan izandako porrotaren ondoren sinatu zuten Schönbrunneko Itunean. Gogoz kontra ezkondu bazen ere, Maria Luisa berehala hasi zen posizio berriaz gozatzen, garbi bazuen ere, frantsesen gogokoa ez zela eta, 20 urte lehenago, Austriako artxidukesa zen Marie Antoinettek gilotinan bukatu zituela bereak.

Napoleonen porrota etorri zenean, Elbara deserriratu zuten eta Maria Luisak senarrarekin ez joatea erabaki zuen, bere semearekin batera, Vienara itzuli zelarik. Waterlooko behin betiko porrotaren ondoren, semearen interesen defentsan, Habsburgo-Lorena familiara hurbildu zen berriro eta Vienako Kongresuan, Parma, Piacenza eta Guastalla dukerriak lortu zituen. 24 urte besterik ez zituen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzisko enperadorea (Frantzisko I.a Austriakoa edo Frantzisko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa), Maria Luisaren aita.
Maria Teresa, Austriako enperatriza eta Maria Luisaren ama
Maria Luisaren sendia 1808an. Eskuinean eserita dagoen neska da

Maria Luisa Vienako Hofburg jauregian jaio zen 1791ko abenduaren 12an. Gurasoak Frantzisko I.a Austriakoa eta Maria Teresa de las dos Sicilias izan zituen eta 1793ko urriaren 16an gilotinan hil zen Marie Antoinetteren hiloba zen. Maria Luisak ez zituen 22 hilabete besterik.

Ez zuen asko gozatu bere ama Maria Teresaren presentziaz, baina artxidukesa gazteak haurtzaro erosoa izan zuen Vienako Hofburg eta Schönbrunn jauregietan edo Laxenburgeko Udako Jauregian. Heziketa xumea izan zuen, aitarekin lasai asko Vienako kaleetan paseatu eta funtzionarioen seme-alabekin jolas eginez. Hizkuntzak ikasi zituen, frantsesa batez ere eta italiera eta alemanieraz ere defendatzen zen. Sendia bizitza pribatu burgesean murgilduta bizi zen eta sukaldaritza, bordatuak eta musika ikasi zituen.

Txiki-txikitatik entzuten joan zen gerraren arriskua. Maria Luisak 4 urte zituenean, Campo Formioko Ituna sinatu zen Frantzia eta Austriaren artean eta Napoleonen izena ezaguna zuen. Egurrezko jostailuetako batek Bonaparte izena du eta hori da deabrua Maria Luisaren jokoetan.

12 urteko Maria Luisarentzat Napoleon Iraultzaren ikurra zen, Eliza eta europar monarkiak suntsitu nahi zituen Antikristoa eta bere aita Frantzisko da ordena eta justiziaren eredu.

1805ean, Napoleonen garaipena gero eta garbiagoa zen eta Vienan sartu eta enperadoreak Schönbrunnen ezarri zuen egoitza. 13 urteko neskatxa eta bere senideak Hungariarantz bidali zituzten babes bila. Baina, Napoleon garaitezina zegoen une hartan eta Austerlitzeko gudua irabazi zuen 1805eko abenduaren 2an.

1807ko apirilaren 13an, Maria Teresa enperatriza bere hamabigarren semea erditzen ari zen eta hil egin zen 35 urte besterik ez zituenean. Maria Luisaren aitak 39 urte zituen bigarren aldiz alargundu zenean eta emazte bila hasi zen berriro. 1808ko urtarrilean, bere lehengusua zen Maria Luisa Habsburgo-Estekoarekin ezkondu zen. Gure Maria Luisa eta bere amaordearen artean 4 urteko tartea besterik ez dago.

Ez dago Napoleon geraraztea lortuko duenik eta austriar artxidukeak alde egin beharrean dira. Lehen gutxi balitz, enperatriz berriak Napoleoni gorrotoa izaten erakutsiko die eta, 1809ko uztailaren 6an Wagrameko gudua galdu eta Austria errenditu beharrean izaten denean, Schönbrunneko Ituna ezin jasan den makurketa izango da haientzat.

1809ko abenduaren 20an, Napoleon eta Josefina Beauharnaisekoa dibortziatu egin ziren. Seme-alabarik ezin izan eta bere dinastia propioa eraikitzeko gogoz zegoen enperadorea. Proposamenen artean, Anna Pavlovna Romanova Dukesa Handia zegoen, Errusiako tsarraren 14 urteko arreba, edo gure Maria Luisa, Austriako enperadorearen 17 urteko alaba. Errusiarrek ez zuten gogo handirik erakutsi eta Metternich, berriz, adi egon zen, Paris eta Mosku aliatuko ote ziren beldur baitzen. Horrela lortu zuen Frantziskok alaba bere arerio nagusiari eskaintzea. Bi alderdiek kontsideratu zuten komenigarria ezkontza hura. Maria Luisak onartu beharra izan zuen egina etorri zitzaion akordioa.

Ezkontza Napoleonekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Luisa eta Napoleonen ezkontza 1810ean
Frantziako enperatriza 1811n
Enperatriza 1811n
Maria Luisa enperatriza 1811n
Maria Luisa erregentea semearekin 1813an

1810eko martxoaren 11n ezkondu ziren, baina ez aurrez-aurre, ordezkoekin baizik. Vienako artzapezpikuak 12 eraztun bedeinkatu omen zituen, enperadorearen behatzaren neurria ez zutela ezagutzen-eta. Martxoaren 13an, Maria Luisak Viena utzi zuen eta 16rako aurreikusi zen emakume-eskaintzaren erritua. 40 urte lehenago Marie Antoinettek jarraitutako protokolo bera nahi zuen Napoleonek. 3 logela egon behar zuten: Austriarena, neutrala eta Frantziarena. Lehenengoan, Maria Luisa bilutsik jarriko zen; bigarrenean, Napoleonen arreba gazteak arropa frantsesak eskainiko zizkion eta, hirugarrenean, berriz, benetan Frantzian izango zen.

Enperadorea presaz zegoen eta emaztearen bila iritsi zen martxoaren 27an, 21:30ean. Napoleonek protokoloa hautsi eta emaztearekin pasatu nahi zuen lehen gaua, baina Nanteseko gotzainaren baimena nahi zuen aurrez. Honek Vienan egindako ezkontza balidatu egin zuen eta, Parisekoa falta bazen ere, senar-emazte zirela aitortu zuen. Hurrengo goizean, enperadoreak ezkontzarekin pozik zegoela zirudien:

« Mon cher, épousez une Allemande, ce sont les meilleures femmes du monde, douces, bonnes, naïves et fraîches comme des roses!  »

1810eko apirilaren 2an, Parisek ongietorria eman zion Maria Luisari. 40 urteko Napoleon, bere tunika inperiala soinean, 18 urteko Maria Luisa Habsburgo-Lorenakoarekin ezkondu zen.

Klero barnean zeuden desadostasunak bistakoak izan ziren une hartan eta 13 kardenal ez ziren bertaratu. 1809az geroztik, Napoleonen eskumikatzearen alde daude batzuk eta bigamo kontsideratzen zuten, Pio VII.a aitasantuak ez baitzuen Josefina Beauharnaisekin burutako dibortzioa onartu. Enperadoreari ez zitzaion itsusikeria hura gustatu eta polizien zaintzapean jarri zituen disidenteak. Ezinegona ezin bareturik ibili ziren: Bonaparteren aldekoek Josefina nahi zuten, errepublikarrek gorroto zioten burua galdu zuen austriarraren hilobari, monarkikoek ez dute nahi Bonaparte familiaren legitimitatea...

Hala ere, ospakizunak ikustekoak izan ziren. Su artifizialek argitu zuten Pariseko zerua, iturrien jarioak ez ziren geratzen...

Frantziako enperatrizaren bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon liluratuta geratu zen emazte berriarekin, baina Maria Luisa ez zegoen lasai izeba erail zuten frantsesen artean. Josefinaren presentzitik urruti, Maria Luisak bizitza pribatua nahiago zuen Parisko gizartea baino. Josi eta bordatzea gustuko zituen, arpa, klabezina eta pianoa jotzen zituen, kantuan saitzen zen, marrazten edo irakurtzen ematen zuen denbora.

Berehala geratu zen haurdun eta erditzeko unea iritsi zen. Arriskua ikusi eta medikuak umearen ala amaren bizitza zaindu behar zuen gehiago galdetu zion Napoleoni. Napoleonek Maria Luisa nahi zuen salbatu. Umearen hankak azaldu ziren lehenengo, baina 1811ko martxoaren 20an, 09:15ean, Napoleon Francois Charles Joseph Bonaparte oinordeko preziatua jaio zen. Ez zuen zirkinik egiten eta hila jaio ote zen beldur izan ziren, baina 7 minutu geroago, garrasi batean hasi zen.

Maria Luisak asko sufritu zuen eta, deskantsu beharrean zegoenez, haurra Montesquiou anderearen zaintzapean jarri zuten. Hezkuntza ere planifikatuta zegoen eta amak ezin izan zuen ezer asko erabaki. Maria Luisak Austrian egoteko mirea zuen, han lasai asko berak zainduko zuela semea eta.

1812ko maiatzean, Napoleon Errusiarako kanpainarantz abiatu zen. Maria Luisak Dresderaino lagundu zion eta Napoleon desastrea izango zen bidaiarantz joan zen. Uztailaren 18an, emaztea Parisen zen, jada, eta enperadorea kanpoan, sinbolikoa bazen ere, Frantziako erregina erregentea bilakatu zen. Austria ere gerran sartu zen eta, Maria Luisa Napoleonen alde zegoen eta bere aitaren kontra. Azaroaren 9an, Napoleon itzuli egin zen, Leipzigen porrota izugarria izan eta gero.

Maria Luisak ez zekien zer egin. Senarraren ondora joateko ideian egon zen, baina, azkenean, Bloisen geratu zen. Izeba Marie Antoinette bezala bukatuko zen beldurraren-beldur zen. Azkenean, Napoleon Elbara deserriratu zuten eta Maria Luisak senarrarekin ez joatea erabaki zuen, bere semearekin batera, Vienara itzuli zelarik. Waterlooko behin betiko porrotaren ondoren, semearen interesen defentsan, Habsburgo-Lorena familiara hurbildu zen berriro eta Vienako Kongresuan, Parma, Piacenza eta Guastalla dukerriak lortu zituen. 24 urte besterik ez zituen.

Maria Luisa Frantziatik kanpo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neipperg, Maria Luisaren bigarren senarra
Napoleonek 1815ean Maria Luisari idatzitako gutuna
Maria Luigia izena ezartzen duen dekretua
Reichstadteko dukea, Maria Luisa eta Napoleonen semea
Guglielmo eta Albertina Montenuovo, Maria Luisaren seme-alabak

1814ko apirilaren 23an, Maria Luisa Austriarantz abiatu zen eta bidaia hartan osasuna izurratu zitzaion nabarmen.

Vienan, izugarrizko ongietorriak egin zizkioten, baina Maria Luisak ez zeukan oraindik senarrarengana joateko ideia baztertuta. Aitak oporretara bidali zuen, beti ere Napoleonekin biltzeari ekidin nahian. Neipperg jeneralak zainduko zuen:

« Dans six semaines, je serai son meilleur ami et dans six mois son amant  »

Irailerako, Maria Luisaren sentimenduak norabidez aldatuta zeuden eta Vienara iritsi bezain pronto, bere etorkizuna eta semearena zeintzeko grinan zegoen. Napoleon zain zegoen Elban, baina emazteak ez zuen harengana joateko asmorik, Neippergekin maiteminduta baitzegoen. Frantsesek ez zuten sekula ulertu Maria Luisaren jarrera.

Bitartean, Metternich Maria Luisaren eskubideen alde ari zen. 1815eko martxoaren 8an, Maria Luisak Napoleonek Elbatik alde egin zuela jakin zuen. Metternichi idatzitako azken 3 gutunetan, Frantziara itzuli beharko zuen beldurra adierazi zion. Napoleonek gerra galduko duen itxaropenez dago eta Neippergekin Parman biltzeko asmoz.

1815eko maiatzaren 31n, Maria Luisak lasaitzeko arrazoiak zituen, Austria, Prusia eta Errusiaren arteko itunaren aurrean: 3 potentziek onartu zuten Parmako dukerria Maria Luisa eta bere semearentzat izango zela. Ingalaterrak, Frantziak eta Espainiak ere horrela onartu zuten.

Azkenean, 1815eko ekainaren 18an, Napoleonek behin betiko porrota izan zuen Waterloon. 1815eko abuztuaren 15ean, Napoleon Santa Helena uhartera joan behar izan zuen eta lehen enperatriza izan zena Neippergekin geratu zen.

1816ko otsailaren 29ko dekretuaren arabera, bere izena italinizatu egin zuen eta Maria Luigia izango zen handik aurrera. Apirlilean joan zen Parmara eta oso harrera ona egin zioten.

1817ko maiatzean, medikuek seme-alabarik izateko ezintasuna adierazi bazioten ere, Maria Luisak alaba bat izan zuen, Albertina, Montenuovoko kondesa izango zena (Neipperg izenetik Neubergera eraldatu zen eta hau Montneuf da).

1819ko abuztuaren 8an, berriz, Alberto Guglielmo (Albrecht Wilhelm) jaio zen eta 1822 eta 1823an, Matilde eta Gustavo. Parma eta Viena osoa jakinaren gainean bazegoen ere, seme-alaba hauek ez ziren legitimoak eta ezin zuten jauregian bizi eta Maria Luisarentzako hori sufrikario jasanezina izan zen. Bitartean, lehen semea Vienan zegoen eta bazirudien ez zela Maria Luisaren oinordeko izango Parmako agintaritzan, ama hilko zenean, eskualde hori Borboien eskuetara itzuliko baitzen. Maria Luisak laugarren aldiz ezkontzen ari zen aitari idatzi zion bere semearen eskubideak babesteko laguntza eskatuz eta, azkenean, Napoleon gaztea Reichstadteko duke egingo zuten. Egoera hori bermatzeko, Maria Luisa Vienara joan zen eta hantxe egon zen 1818ko uztailaren 2tik irailaren 1 arte. Asko gozatu zuen bere semearen eta bere aitaren ondoan, baina berehala pasatu ziren egun eder haiek.

Bi urte geroago ikusiko zuen berriro Napoleon II.a izango zena eta 1826 eta 1828an esperientzia errepikatzeko aukera izan zuen. 1832an elkartu zirenean, berriz, semearen heriotzaren unea izango zen.

Napoleonen heriotza eta bigarren ezkontza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1821eko maiatzaren 5ean hil zen Napoleon. Maria Luisak uztailaren 19ra arte, Gazzetta del Piemonte irakurri zuenean, ez zuen jakin alargun zela. Uztailaren 24an, semeari idatzi zion:

« Je suis sûre que vous ressentirez cette douleur profondément, comme je la sens moi-même, parce que vous seriez un ingrat si vous oubliez toute la bonté qu'il a eue pour vous dans votre petite enfance, je suis aussi certaine que vous chercherez à imiter ses vertus, tout en évitant les pièges qui ont fini par le perdre  »

Alargunak Neippergekin ezkontzeko aukera zuen eta 1821ean egin zuten ezkontza morganatikoa. Sekretua izan zen, senarra Maria Luisa baino maila sozial gutxiagokoa baitzen garaiko elitean. Seme-alabak ondora etorri zitzaizkion bizitzera eta, gauzak bere tokian, Maria Luisa haurtzaroan gozatu zuen Viena burges hartako giroa saiatu zen txertatzen Parman.

Semearen heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Luisa, Parmako dukesa

8 urte iraun zuen ezkontzak, 1829ko otsailaren 22an, bihotzeko arazoek Neipperg hil baitzuten. senarraren heriotza kolpe latza izan zen Maria Luisarentzat, baina Vienak jendaurrean dolurik ez erakustea agindu zion. Vienak onartzen ditu Maria Luisa eta Neippergen seme-alabak, baina ez dago haurren onarpen ofizialik edo adopziorik egiteko aukera. Frantzisko enperadoreak bere iloba Napoleoni, bisitan zetorkion gizon hura aitaordea zuela esan zion. Geroago jakin zuen Reichstadteko dukeak beste anaia-arrebaordeak ere bazituela eta amari buruzko iritzia erakutsi zuen:

« bonne mais faible  »

Napoleon gazteak Maria Luisa Neippergekin ezkondu zela jakin zuenean, komunikazio guztiak eten zituen amarekin. Maria Luisaren tristurarako ez zuten askotan elkar ikusiko.

Reichstadteko dukea Habsburgotarren printzipioetan hezia izan zen eta ofizial egin zuten 1828an. Mutil garai eta argal hark ez zuen sekula osasun sendorik izan eta, 20 urte bete zituenean, tuberkulosiak bereak egin zituen, 1832an heriotzara eraman zuelarik. Ama Maria Luisa semearengana joateko ahaleginetan, ekainaren 24ra arte ez zen iritsi eta uztailaren 22an bere ondoan zegoen semea hil zenean. Zirrara berezia ekarri zuen heriotzak Vienako gortera eta, batez ere, amaren bihotzera.

Hirugarren ezkontza eta azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bombelles, Maria Luisaren hirugarren senarra
Maria Luisaren dagerrotipoa 1849an, 56 urte zituenean

Neippergen heriotzaren ondoren, badirudi dukesa alargunak amorante batzuk izan zituela inguruan, Charles-René de Bombelles iritsi zen arte. 6 hilabete geroago, 1834ko otsailaren 17an, ezkondu ziren eta hau ere ezkontza morganatiko eta sekretua izan zen. Estatuko gizon nagusia zen eta badirudi hau izan zela arrazoi nagusia amodioa baino gehiago.

1835eko martxoaren 2an, Frantzisko II.a hil zen eta Fernando I.ak, Maria Luisaren anaiak, hartu zuen tronua.

Bizitza lasaia etorri zitzaion azkenean Maria Luisari. Albertina Luigi Sanvitale, Fontanellatoko kondearekin, ezkondu zen eta 4 seme-alaba izan zituzte. Gillermo, berriz, Juliana Batthyány Strattmann kondesarekin ezkondu zen eta 3 seme-alaba izango zituzten.

1847ko abenduan, Maria Luisa gaixotu egin zen eta, hil aurretik, hurbileko sendia bildu zuen eta testamentuaren berri eman zien. Eguberri bezperan izan ziren hiletak eta gorpua Vienara eraman zuten.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maria Luisa Habsburgo-Lorenakoa Aldatu lotura Wikidatan