Medina
Wikipedia(e)tik
- Artikulu hau Saudi Arabiako hiriari buruzkoa da, beste esanahientzat ikus Medina (argipen)
Medina (arabieraz مدينة madīna) Saudi Arabiako hiri bat da, Hiyaz eskualdean dagoena. Bere izen osoa Madīnat an-Nabī ("Profetaren Hiria"), Madīnat Rasūl Allāh ("Jainkoaren mandatariaren hiria") edo Al-Madīna al-Munawwara ("Hiri Argitsua") da, bertan, lehen elkarte musulmana sortu zelako. Aurretik Jatrib deitzen zen. Medinak, 2006an, 1.300.000 biztanle zituen.
Mekak eta Medinak osatutako multzoari, arabieraz, Al-Haramayn Ash-Sharifayn deitzen zaio, hau da "Bi Toki Santuak".
Medina hitzak "hiria" esan nahi du. Batzuetan Europako hizkuntzetan erabiltzen da, hiri arabiarren hirigune zaharra izendatzeko.
[aldatu] Historia
622. urtean, hau da, bere predikazioa hasi eta hamabi urtera, Mahomak eta hazten ari zen Mekako elkarte musulmanak, ondoan zegoen Jatrib hirira joatea erabakitzen dute, jasaten ari ziren jazarpenetik ihes egiteko. Urte horrek, Hejirarena deituak (arabieraz hijra, "migrazioa"), islamdar egutegiaren hasiera adierazten du. Mahoma eta bere erlijiokideak Jatribera joatera gonbidatuak izan ziren, hiriko bi tribuak ziren 'Aws eta Jazrayen arteko etengabeko ika-miketan epaile izan zitezen. Hiriko biztanle gehienek onartu zuten Mahoma buruzagi bezala. Hiritik gertu eraiki zen lehen mezkita, Qubako mezkita deitua, eta jada hirian, Mahomaren etxea izan zen lehen otoitz eta musulmanen toki nagusia. Bere egiturak, aurretik patio bat zuen eraikina, mezkitak eraikitzeko eredu bezala balio izan zuen aurrerantzean.
Jatribeko musulman biztanleek, gatazka asko izan zituzten Mekako politeisten aurka, horietako azkena, profetari, bere jaioterrira 629an erromesaldia egitea ahalbidetu zion armistizio batera iritsi zelarik, mekatar garrantzitsu asko Islamera bihurtzea eragin zuen bisita. Hilabete beranduago, Medinako musulmanek, Mekara joatea erabaki zuten. Abu Sufyan buruzagia, geldiaraztera bidalia, Islamera bihurtu zen, eta hiriari, amore ematea beste erremediorik ez zitzaion geratu. Meka, honela, Islamaren gune izpirituala bihurtu zen, botere gunea, omeiatarren dinastia iritsi zen arte, Jatrib edo Medinan izaten jarraitu zuen arren. Dinastia honek, hiriburua Damaskora pasa zuen. Medinan hil zen Mahoma, 632ko ekainean. Bere etxeko patioan lurperatua izan zen, ondoren, Profetaren mezkita edo Masjid al-Nabawi mezkita bihurtu zena, bigarren garrantzitsuena, Mekakoaren ondoren, nora musulmanak makurtzen diren otoitz egiterakoan.