Mahoma

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mahomaren irudikatzea, Erdi Aroko Irango miniatura batean

Mahoma edo Mahomet,[1] jatorriz Abu l-Qasim Muhammad ibn ‘Abd Allāh al-Hashimi al-Qurashiarabieraz: محمد; transliterazioa: Muḥammad— (Meka, Arabia —gaur egun Saudi Arabia—, 570eko apirilaren 26aren inguruan - Medina, Arabia —gaur egun Saudi Arabia—, 632ko ekainaren 8a) Islamaren azken profeta da. Musulmanek Islamaren ardatzak Mahomaren aurretik ere bazirela uste dute eta eurentzat Adam, Noe (Nuh), Moises (Musa) eta Jesus (Isa) ere Jainkoak bidalitako profetak ziren. Musulmanen arabera, Jainkoa, Gabriel goiaingeruaren bitartez, Mahoma profetari egin zion errebelazioa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahoma Mekan (مكة) jaio zen 570. urtean, eta Koraix (Quraysh) tribuko familia aberats batekoa zen. Medinan (gaur Saudi Arabian) hil zen 632ko ekainaren 8an.

Aita Abd Ala ibn Abd al-Mutalib zen, hashimi klaneko kide, eta Mahoma jaio baino lehen hil zen; ama, berriz, 6 urte zituenean galdu zuen. Aitona Abd al-Mutalib arduratu zen umeaz hasieran eta, Halima, emakume beduino baten esku, jarri zuen umea. Honek basamortuan hazi eta hezi zuen haurra, bere ustetan onura handiak baitzituen honek edonorentzat. 8 urte zituenean aitona galdu zuen eta osaba Abu Talib, Aliren, kalifa izango zenaren aita arduratu zen bere heziketaz.

Damasko eta Meka artean aritu zen merkataritza lanetan, Jadiyaren esanetara. Jadiya Juwaylid (خديجة بنت خويلد ) merkatariaren alaba zen, Mahomak baino 20 urte gehiago zituen alargun aberatsa, eta Mahomarekin ezkondu zen —Mahomak 25 urte zituela—, 4 alaba izanez: Zainab, Ruqayyah, Umm Kulzum eta Fatima (badirudi bi seme ere izan zituela, Al-Qasim eta Abdullah, baina berehala hil ziren). Zazpigarren seme bat ere izan zuen Medinan, Mariyah Al-Qibtia-rekin (Mariyah, koptoa): Ibrahim. Seme hau ere berehala hil zen, 17 edo 18 hilabete zituelarik.

Jainkoaren profeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

610. urtean, Mahomak 40 urte zituen eta Gabriel (Jibril, جبريل) aingerua azaldu omen zitzaion. Jainkoak bidaltzen zizkion bertsoak buruz ikasi eta behin eta berriro errepikatzeko agindua jaso zuen, geroan, Koranen idatziko zirenak. Gabrielek azken profeta zela esan zion eta Jainkoaren hitza predikatzen hasi behar zuen. Erlijio berri hau monoteista zen, eta Azken Epaiaren Eguna iragartzen zuen.

Koranek esaten duen bezala, Mahoma analfabetoa zen (ummi). Gabrielek esan zion Jainkoaren hitza "memorion"-en esku utzi zuen, eta hauek behin eta berriro errezitatuz memorizatu egin zuten. Profeta hil zenean, inongo aldaketarik gabe jaso nahian, idatziz jarri zuten. Horrela izan ziren grabatuak Koranen bertsoak.

Mahomak ez zituen aurrez aurre judu eta kristau erlijioak ukatzen, baina Jainkoak bera bidali zuela zioen bere erakusketak osatu eta hobetzearren.

Hejira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hejira»
Mahoma, Kaaban (Nakkaş Osman, 1595 inguru, Istanbul).
XVI. mendetik aurrera, Mahomaren aurpegia beloz estalia irudikatzen hasi zen.

Mahomaren jarraitzaileak ugaritzen ari ziren eta mehatxu izaten hasi zen tribuetako buruzagientzat. Tribu hauen aberastasuna Kaaban zetzan, Mekako erlijio gune garrantzitsuena zenean. Mahoma politeismoaren aurka zegoen eta horrek arrisku handia zekarkion bere tribuari, qurayshi-ri, Kaabaren zaintzaile baitziren. Hori izan zen Mahoma eta bere jarraitzaileei egin zitzaien jazarpenaren arrazoi nagusienetako bat.

Bizitza arriskutsua bihurtu zen eta Mahomak hainbat atentatu sufritu zituen. 619an, Jadiya, Mahomaren emaztea, eta osaba Abu Talib hil ziren. Tristuraren urtea deitu izan zaio. Mahoma kide zuen klan hark ere atzera egin zion, eta bere jarraitzaileak jazartzeari ekin zion.

Azkenean, Jathrib-era (gero Medina izango zenera) joan zen bere jarraitzaileekin, Hejira (هجرة) ezagutzen den bidaian. Bere tribuekiko edo familiekiko harremanei alde egin eta Islamarekiko konpromisoa indartu zuen. Migrazio honek markatuko du islamiar egutegiaren hasiera.

Ezkontza politika eta egonkortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jadiya hil ondoren, Sawdah-ekin ezkondu zen.
  • Emaztea hil ondoren, Mahoma Aisharekin ezkondu zen, adiskide zien Abu Bakren alabarekin, alegia. Gerora, Mahoma hil ondoren, musulmanen lider izango zen. Askoren ustetan, Aishak 6 urte zituen eta Mahomak 54, ezkontza 9 urte bete arte kontsumatu ez bazuten ere. Beste batzuen iritziz, Abu Bakren alabak zaharrago behar zuen garai hartan.
  • Medinan, Hafsahekin ere ezkondu zen, Umarren alabarekin. Hau izango zen Abu Bakr-en ondorengo. Ezkontza haien bidez, Mahoma eta haren jarraitzaile nagusien artean harremanak finkatzen ari ziren. Ezkontza gehiago ere izan ziren.
  • Mahomaren alaba, Fatima, Alirekin ezkondu zen, Mahomaren lehengusuarekin.
  • Beste alaba, Ruqayyah, Uzmanekin ezkondu zen, baina Ruqayyah hil egin zen.
  • Uzman bere koinata Umm Kulzumekin ezkondu zen, hau da, Mahomaren beste alabarekin.

Gizon horiek izango ziren ondorengo urtetan Mahomaren ondorengo; beraz, lehenengo lau kalifak Mahomarekin erlazionatuta zeuden, ezkontza ezberdinak medio. Musulmanek rashidún (الخلفاء الراشدون) deitzen diete, "zuzenduak".

Gerra Santua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medinan hasi zen bere erlijioa indar hartzen. Gerra piztu zen Meka eta Medinaren artean eta Mahomaren jarraitzaileak irten ziren garaile. Horretarako sortutako armada berriak borrokarekin jarraitu zuen eta Arabia osoa konkistatzeari ekin zion. Mahomaren heriotzarako, Penintsula osoa hartuta zuen, jada, Siria eta Palestinarekin batera, eta Islama zabaltzen ari zen gelditu gabe. Mahomaren jarraitzaileek bide horretatik jarraitu zuten eta Palestina, Siria, Mesopotamia, Persia, Egipto, Afrika iparraldea eta Espainia ere hartu zituzten.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun motz baten ondoren, 632ko ekainaren 8an hil zen 63 urte zituelarik, Medinan.

Abu Bakr, Aisharen aita, Mahomaren hirugarren emaztearen aita, aukeratu zuten Mahomaren ondorengo, kalifa, bera baitzen Mahomaren gogoko.

Mahomaren ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatima eta bere seme-alabak bizi ziren Mahoma hil ondoren. Xiiten ustez, Fatimaren senarra, Ali, eta bere ondorengoak izan ziren Islamaren benetako liderrak. Suniek ez daude ados, baina Mahomaren ondorengoak errespetatzen dituzte.

Mahomaren ondorengoak izen ezberdinak hartu dituzte: sayyid, sharif. Gaur egun, herrialde musulmanetako hainbat lider eta noblek Mahomaren ondorengo direla zin egiten dute: Ipar Afrikako fatimi dinastia, idrisiak, egungo Jordaniako errege familia, Agha Khan iman ismaelitak...

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahomaren bizitzaren berri Koranen bidez jaso dugu eta ezagutzen diren biografia zaharrenak Ibn Ishaqen (768. urtean, Muhammad hil eta 120 urtetara idatzia) Jainkoaren profetaren bizitza eta al-Waqidirena (822) dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mahoma Aldatu lotura Wikidatan