Tenis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tenis partida

Tenisa Ingalaterran eta XIX. mendean sortutako kirola da, pilota batekin eta bi edo lau jokalarien artean jokatua. Tenis jokalariei tenislari ere deritze.

Mende haren amaieran arautu zuten: Sare batek banatzen duen zelai batean jokatzen da, jokalariak erraketez baliatzen dira pilota sarearen gainetik aurkariaren zelaira botatzeko, partidek ez dute iraupen jakinik (beharrezko puntuazioa lortzean bukatzen da), prestakuntza fisikoa eta teknika behar dira tenisaren ezaugarriak eta arautegia betetzeko.

Ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jokoaren helburua: Helburua, erraketaz pilota tenis zelaia banatzen duen sarearen gainetik bidaltzea da, aurkaria arauz itzultzeko gai izan ez dadin ahaleginduz; baina kontuan hartu behar da, pilotak aurkariaren zelaiaren zatiaren barruan jo behar duela lurra sare gainetik iragan ondoren.
  • Jokoaren modalitateak: Partida edo norgehiagokak banakakoak (bi jokalari elkarren kontra) edo binakakoak (bikote bat bestearen kontra) izan daitezke. Lehen modalitatean gizonezkoak eta emakumezkoak bereizten dira; bigarrenean, ordea, partida mistoak ere antolatzen dira. Badira bai profesionalentzako, bai afizionatuentzako lehiaketak.
  • Zelaiko zorua: ezberdina izan daiteke lehiaketa batetik bestera. Gehien erabiltzen direnak lur trinkoz, belarrez eta material sintetikoz eginak dira.
  • Erraketa: Zurezkoa edo gai sintetikozkoa izaten da normalean. Zati kolpekaria ertz obalatuan mihiztatutako lokarri sarea (sokateria) da, bere heldulekua duena. Ezaugarriz oso erraketa ezberdinak erabiltzen dira; pisu ezberdinekoak, esaterako, erabiltzaileen (emakume, haur, gizonezko) arabera. Heldulekuaren diametroa ere ezberdina da pisuaren arabera.
  • Pilota: Zuria edo horia izan daiteke, kautxuz egina eta forratua; barrutik hutsa da, gainak uniformea izan behar du eta josturarik gabea.
  • Sarea: Tenis zelaia bitan banatzen du. Zelaian zeharka dagoen oihal zuriz estalitako kabletik zintzilikatzen da. Kableari zelaitik kanpo dauden bi zutabeek eusten diote. Sarearen zuloek txikiak izan behar dute, pilota ez pasatzeko modukoak.
  • Partidaren iraupena: Ez da denboraz neurtzen, jokalariek lortu behar duten set kopuru jakin batez baizik. Normalean gizonezkoek bost set egin behar dituzte partidako; emakumeek, berriz, hiru. Partida, jokalarietako batek hiru (gizonezkoek) edo bi (emakumeek) set irabaztean bukatzen da.
  • Puntuazioa: Set bakoitza hainbat joko edo gametan banatzen da. Set bat irabazteko, jokalariak sei joko lortu behar ditu, aurkariaren gain gutxienez bi jokotako aldea izanik. Halako alderik ez badago, jokoak aurrera egingo du jokalarien artean bi jokoren aldea lortu arte. Set batean jokalariek seina jokotan berdintzen badute, txapelketa askotan “tie-break” edo “bat-bateko heriotza” izeneko desberdinketa sistema erabiltzen da: jokoak aurrera egiten du bietan batek zazpi puntu lortu arte; horretara iritsi denak bi puntuko aldea baldin badu, berea da jokoa; aldea txikiagoa baldin bada, jokoan jarraitzen dute, bietako batek bi puntuko aldea lortu arte. Lau puntu lehenengo ateratzen dituenak eskuratzen du jokoa. Hiru puntura berdintzen badute (“deuce”), bi puntu segidan atera behar dira jokoa eskuratzeko. Aurrera egiten du jokoak halakorik gertatu arte. Jokoan puntuak kontatzeko era berezia da: ateratako lehen puntuari "15" esaten zaio, bigarrenari "30" eta hirugarrenari "40"; laugarren puntua ateratzeak, berriz, jokoa eskuratzea esan nahi du, gorago aipatutako berdinketa kasuak salbu. Kontatzeko era hori plazako lehengo pilota jokoei zor zaie, non puntua egindakoan, hurrengo sakea 15, 30 eta 40 metro gehiagoko puntutik egiten baitzen. Itxura guztien arabera, euskal jokoetan erabiltzen zen sistematik heldu dira puntuen izen horiek.
  • Kolpeak: Partidan pilota erraketaz jotzeari deitzen zaio horrela. Pilotari norberaren zelaian lurra jo ondoren nahiz jo aurretik eman dakioke kolpea. Botea eman ondoren, drive eta errebes kolpeak erabiltzen dira: lehenengoan, erraketari eusten zaion alde beretik ematen da kolpea; bigarrenean kontrako aldetik. Botearen aurretiko kolpeetan bolea da aipagarriena. Lehenengoak zelaiaren atzealdetik eman ohi dira; boleak, berriz, sarearen hurbiletik. Jotzean pilotari ematen zaion efektuaren (edo gurpilaren) arabera, aldaki desberdinak izaten ditugu. Kolpe mota bakoitzerako erraketari eusteko era desberdina izaten da.
Sakea (Tommy Haas)
  • Sakea: Zerbitzu esaten zaion ekintza honen bidez, pilota jokoan jartzen da. Norberaren zelai eremuko hondoko marraren atzetik egin behar da, marra zapaldu gabe. Kolpea hartu ondoren, pilotak sare gainetik pasa eta aurkariaren sake eremuan, diagonalki kontrakoan, jo behar du lurra. Zuzena izan arren, pilotak sarea ukitu badu, “let” gertatu dela esaten da, eta berriz egin behar da sakea. Zerbitzua puntu bakoitzaren hasieran egiten da, eta bi aukera izaten dira sakea zuzen egin ahal izateko. Sake mota ezberdinak daude: laua, “lifting-a” eta moztua, pilotari eragindako efektuaren arabera. Kasu bakoitzean era desberdinean hartzen da erraketa.
  • Zelai aldaketa: Partidan, jokalariek zelaia trukatu egiten dute aldika. Aldaketa hori, set batean egindako jokoen kopurua bakoitia den bakoitzean egiten da. Set berria hastean, bukatutako jokoen kopurua bikoitia baldin bada, lehen “game”a jokatu eta zelai aldaketa egiten da.

Hiztegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Dejada: Normalean erraketaren atzeko aldeaz ematen den kolpe honekin gutxitu egiten da pilotaren indarra, aurkariaren zelaian bote txikiaz eta saretik hurbil eror dadin.
  • Errestoa: Sakeari erantzuteko ematen den kolpea.
  • Globoa: Kolpe honekin pilota altu bidaltzen da, aurkariaren gainetik iragan eta honen zelaiaren hondoko marratik hurbil bote egin dezan.
  • Lifting-a: Kolpe mota honekin aurrerantz jirarazten da pilota, botearen angelua eta altuera handiagoak izan daitezen. Pilotari biraketa indar handiena ematen zaionean, topspin deitzen zaio kolpe honi.
  • Moztua: Pilotari ematen zaion efektu edo gurpil mota da: atzerantz jirarazten da pilota, eta ondorioz altuera eta angelu txikiagoz egiten du honek botea.
  • Pashing shot-a: Pilota, aurkariaren gainetik eta berak moztu gabe iraganaraztea.
  • Smash-a: Erremate ere esaten zaio. Altu doan pilotari, lurra jo aurretik, besagainez ematen zaion kolpea, pistara bizkor eta zuzen bidaltzeko.

Txapelketa ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenislari ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tenis Aldatu lotura Wikidatan