Ur-ipurtats

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Ur-ipurtatsa
Status iucn3.1 CR eu.svg

Iraute egoera: Arrisku larrian
Mustela lutreola edo ur-ipurtatsa
Mustela lutreola edo ur-ipurtatsa


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Carnivora
Familia: Mustelidae
Generoa: Mustela
Espeziea: M. lutreola
Izen binomiala
Mustela lutreola
Linnaeus, 1761
European Mink area.png

Ur-ipurtatsa edo europar bisoia (Mustela lutreola) ugaztun haragijalea da, Mustelidae familiakoa. Harenganako interesaren arrazoi nagusia jasaten ari den murrizketa da. Joan den mendearen erdialdera arte Erdialdeko Europaren zati handi bat betetzen zuen animalia hau galtzeko arrisku larrian da gaur egun, eta haren populazio bideragarri bakarrak iberiar penintsularen iparraldean eta Frantzia hegoaldean daude. Horren errudun nagusitzat haren habitata suntsitsea eta bisoi amerikarrra sartzea jotzen dira.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ile motzekoa, txokolate kolore uniformea du gorputz osoan eta ezpainaren goiko eta beheko aldean orban zuri bat du. Dimorfismo sexuala ageri du tamainaren bidez; arrak 700-1100g-ko pisua eta 500-580mm-ko luzera du, eta emeak, berriz, 450-650g-ko pisua eta 430-505mm-ko luzera. Gorputza luzanga, belarri txikiak, hanka motzak eta buztana gorputzaren luzeraren erdikoa ditu. Mintz interdigital ez osoak ditu bai aurreko zein atzeko hanketan.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai batean Erdialdeko Europa osoan banatzen zen Ural mendietaraino, Europa iparraldetik itsaso Mediterraneo eta Beltzeraino. Ordutik 20 herrialde baino gehiagotan galdu da, batez ere Erdialdeko Europan. Gaur egun Europako ekialdean dezente geratzen da, baina Europako mendebaldean Frantziako Landetan, Euskal Herrian, Errioxan eta Burgosen dago soilik. Hego Euskal Herrian Gipuzkoako Oria, Deba, Agauntza, Leitzaran eta Abaloz ibaietan ikusi da; Bizkaian Artibai, Oka, Ibaizabal, Nerbioi eta Plentzia ibaietan; Nafarroan, besteak beste, Ebro, Aragoi ibaia, Irati, Arga, Ultzama ibaia, Basaburua, Alhama eta Bidasoan; eta Arabako Zadorra, Dulantzi, Jugalez, Artziniega ibaia eta Ega ibaietan. Ez dago Iparraldeko daturik.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaietan, erreketan, aintziretan, inguru zingiratsuetan, ubideetan, paduretan eta kostaldeko inguruetan bizi izaten da. Ibaien bidearen erdialdea eta bukaera hautatzen ditu, izan ere, korronte motela, ibaiertzeko landare estaldura handia eta uraren kalitate ona ditu gogoko. 0-200m artean izaten da isurialde atlantikoan eta 300-1500m artean isurialde mediterraneoan, baina tarte hauen barruan, kota baxuetan aurkezten ditu dentsitate altuenak.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haragijalea da, igeri eta urpean ibili ohi da, eta ibai ertzak korritzen ditu ornodun txikien eta krustazeoen bila. Batez ere arrainak, ugaztun txikiak eta hegaztiak jaten ditu, eta anfibioekin, narrastiekin eta intsektuekin osatzen du bere dieta.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere jarduera gauekoa eta ilunabarrekoa du. Emeak arrak baino eguneko jarduera handiagoa du. Arren eguneko jarduera apurra beren atseden lekuen inguruetan gertatzen da, sastraka arteetan. Arrak aktiboago egoten dira araldian daudenean.

Espezie bakartia da, lurraldekoitasun arinekoa, sexu eta adin desberdineko banako ugari bizi dira elkarrekin ibaiaren zati zabaletan. Arrek 8-14 km-ko ibai zatiak korritzen dituzte, eta emeek, berriz, 2-5 km-koak. Haien dispertsio ahalmena handia da, batzuetan ibaitik kanpora, mendietan eta jatorrizko lekutik kilometro askotara. Emeek lurralde jakin batzuk izaten dituzte, eta arrek handiago beste batzuk; emeenak arrenen barruan egoten dira, baina arren lurraldeen arteko gainezarpena minimoa da.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsaila eta apirila artean sartzen dira araldian. Emeek hiru araldi ere izan ditzakete ernalduak ez badira. 40-42 eguneko kumaldia izan eta gero, apirilean edo maiatzean jaiotzen dira kumeak. 2 eta 7 kume artean jaiotzen dira, itsu eta ilerik gabe.

Ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

30 egun arte hartzen dute titia. Heldutasun neurria 3 hilabetera izaten dute. Irailean, 4 hilabete ingururekin, independizatu egiten dira eta 9-10 hilabeterekin lortzen dute heldutasun sexuala.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren harrapariak harrapari gautarrak, arrano beltza, ipurtatsa, bisoi amerikarra, igaraba... izan daitezke. Haren bizkarroien artean aldiz bisoiaren aleutiana gaitzaren parbobirusa dago.

Arrastoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinatzak txikiak dira, 2 cm inguru zabal, 2 edo 3 oineko taldeetan aurkitzen dira, saltoka ibiltzen den seinale, eta haien forma izar-antzekoa da, 5 behatzak oso zabalduta erdiko kuxinetik irtenda. Gorotzak, berriz, zilindrikoak eta luzangak dira, baina ez dira aurkitzen hain errazak, ur-ipurtatsak ez baitu lurraldea beroriekin markatzen bisoi amerikarrak edo igarabak bezala.

Iraute egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCNk Europako ugaztun mehatxatuen hartzen du, ipar-katamotzarekin eta Gulo gulorekin batera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ur-ipurtats Aldatu lotura Wikidatan