Vladimir Lenin

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula

Vladimir Ilitx Ulianov, Lenin (Simbirsk, 1870eko apirilaren 22aGorki Leninskiye, 1924ko urtarrilaren 21a) errusiar iraultzailea, boltxevike alderdiaren burua, Sobietar Batasunaren lehen idazkari nagusia, eta Leninismo ideologiaren sortzailea izan zen.

"Lenin" bere ezizen iraultzaileetako bat zen. Georgi Plekhanovekiko aurkakotasuna adierazteko sortu zuela uste da, Plekhanovek Volgin ezizena erabiltzen baitzuen, Volga ibaiagatik; Uljanovek luzeagoa den eta kontrako norantzan doan Lena ibaia hartu zuen. Dena den, teoria ugari dago bere izenaren sorrerari buruz eta berak ez zuen inoiz azaldu zergatik aukeratu zuen. Batzuetan Mendebaldean "Nikolai Lenin" modura ezaguna da, baina ez zuten inoiz horrela izendatu Errusian.

Bizitza

Aurreneko urteak

Simbirsk-en jaio zen, egun Uljanovsk deritzon hirian, Volga ibaiaren ertzetan, 1870eko apirilaren 22an. Guraso Ilia Nikolaevitx Uljanov eta Maria Aleksandrovna Uljanova izan zituen. Aita estatuko administrazioko langilea izan zen, hezkuntza saileko funtzionarioa. Familiaren jatorriari begiratuta, hainbat arrazatako jendeak osatua zen: errusiarrak, mordoviarrak, kalmukiarrak, juduak, alemaniarrak eta suediarrak. Sei neba-arreba izan ziren, eta familiak errusiar eliza ortodoxoari men egiten zion. Txikitan ikasi zuen irakurtzen eta musikarako abilezia ere erakutsi zuen: zortzi urterekin bazekien pianoa jotzen; dena den, eskolan hasi eta alde batera lagako zuen zaletasun hori. Vladimirren haurtzaroa anaia nagusiaren itzalak, Alexandrerenak, markatu zuen, arlo guztietan imitatzeko eredua bilakatu zitzaion eta. Ikasle ona izan zen, ikastea oso gustuko izan zuen Vladimirrek, eta batxilergoa amaitzean berau saritzeko urrezko domina irabazi zuen.

Aleksandr Uljanov

Vladimir Uljanov Lenin 1887 inguruan

Hamazazpi urte zituenean, 1886an, aita hil egin zen, eta urte bereko maiatzean anaia nagusia, Aleksandr, atxilotu zuten. Leporatu ziotena larria zen: Errusiako tsar Alexandro III.aren aurkako atentatu saioa. Narodnaya Volya (Herriaren gogoa) alderdiko militantea zen, borroka armatua aintzat hartu zuen taldea, monarkia deuseztatuko bazuten. Atentatu saioak porrot egin ostean, ehunka atxilo izan ziren eta hamabost lagun, Tsarraren aurkako hilketa saioa leporatuta, auziperatu zituzten, tartean Aleksandr. Aurreneko epaiketa saioan ez zuen ezer aitortu nahi izan, baina ikusita auziperatu askoren egoerak txarrerako egin zezakeela, bere gain hartu zuen erantzukizun osoa. Hona alegatua:

« Nire asmoa Errusiako zoritxarreko herritarren askapena lortzea zen. Adierazpen askatasuna ukatzen duen sistema honek, legearen barruan herriaren ongizate eta kulturaren alde lan egiten lagatzen ez duen estatu honek, ez digu beste aukerarik ematen, terrorea eta izua erabiltzea baino. Ezin diogu erregimen honi aurrez aurre inolako indarrik egin, ondo babestuta dago eta errepresiorako hamaika tresna baitauka. Hortaz, justiziaren alde zer edo zer egitekotan ezinbestean jo behar dugu terrorismora, berau baita estatuaren biolentziaren aurkako gure erantzuna, inoiz herriak askatasuna lortuko badu eskueran dugun bide bakarra. Ez naiz heriotzaren beldur, ez baitago ongizatearen alde hiltzea baino sari ederragorik. »


Urkamendira eraman zuten. Piotr Belousov margolariaren lan batek, Bestelako bide bati ekingo diogu, Vladimir gaztearen eta amaren dolua azaltzen du. Lenin gaztea marxismoaren iturrietatik edaten hasia zen sasoi horretan, eta ikasleen protesta ekimenetan parte hartzen. Atxilotua izan zen eta Kazaneko unibertsitatetik egotzia. Bere kabuz jarraitu zuen ikasten, eta Karl Marxen Das Kapital (Kapitala) lana sakon aztertu zuen. 1889an familia Samarara aldatuko da, eta bertan Vladimirrek ildo marxistako eztabaida taldea sortu eta dinamizatu zuen; bitartean amak hamaika ahalegin egin zituen semea unibertsitatean berriro onar zezaten; ez zuen baina Kazanekoan berriro ekiterik; azkenean aukera eman zioten, dena den, San Petersburgoko unibertsitatean abokatu ikasketei eusteko eta amaitzeko (1891).[1]

Berriro bueltatu zen Samarara, abokatu jarduteko asmoarekin; hala ere, aurretik sortu zuen lagun talde marxistak arreta handia eskatzen zion eta berau izan zen Vladimirren benetako kezka.

Iraultzailea, bidaiak eta erbestea

Lenin atxilotu zuteneko argazkia: 1895eko abendua.

1893an San Petersburgera abiatuko da Lenin, eta iritsi bezain laster bertako marxistekin egingo du bat. 1885ean atxilotu zuten eta lau hilabetez preso hartu; ondoren Siberiara bidali zuten, Shushenkoye herrira. Han Georgi Plekhanov ezagutu zuen.

1855ean Langile Klasearen Emantzipazioaren aldeko Borrokarako Batasuna sortu zuen.

1898ko uztailean Nadezhda Krupskaya ekintzaile sozialistarekin ezkondu zen Lenin, eta hurrengo urtean The Development of Capitalism in Russia (Kapitalismoaren bilakaera Errusian) lana eman zuen argitara.[2] 1900an, ezarri zioten erbeste-aldia amaituta, Errusian eta Europan zehar bidaiatzeari ekin zion: Zurich, Geneva, Munich, Praga, Viena, Manchester eta London hirietan izan zen. Sasoi horretan, Julius Martovekin batera, Iskra (Txinparta)egunkaria sortu zuen; gerora Martov oposizioan izango du. Artikulu nahikotxo idatzi zuen garai horretan eta izenpetzean ezizen ugari erabili zuen, Lenin edo N. Lenin delakoa ohiko bihurtu artean.

1903an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren II. Kongresuan parte hartu zuen; kongresu horretan banatu ziren boltxebikeak eta mantxebikeak. Leninek Errusiako Langileen Alderdi Sozialista Demokratikoaren barruan tinko egiten zuen lan (ELASD; errusieraz РСДРП). Boltxevikeen buru egin zen alderdiaren barruan, mentxevikeekin izandako liskar batzuen ondorioz. Boltxevike berbak Gehiengoa esan nahi du; mentxevikek, Gutxiengoa. Boltxebikeek alderdian jardungo zuten militanteen kopurua murriztu nahi zuten, alegia, alderdia iraultzaile profesionalek estu zuzentzea nahi zuten. Zatiketa egina zegoen, eta Leninen 1902ko Что делать? (Zer egin?) panfletoak banaketari lagundu egin zion.

1905eko azaroan Lenin erbestetik bueltan da, 1905eko Errusiako Iraultza babesteko.[3] 1906an alderdiaren (ELASD) zuzendaritza batzorderako hautatu zuten. Sasoi horretan Finlandia eta Errusia zituen bizileku; Tsarren gobernuak saio iraultzailea bertan behera laga zuenean, Leninek Europarako bidea hartu zuen ostera ere, eta 1917ra arte bertan bizi izango da batik bat.

1909an Leninek Materialismoa eta Enpirio Kritizismoa lana eman zuen argitara marxismo-leninismo ideologiaren zutabe teorikoetako bat. Europan zehar zebilen Uljanov han-hemengo biltzarretan, ekitaldietan, dena delakoetan. Garai honetan Leninek harreman estua izan ei zuen Inessa Armandekin, askok maitasunezko erlaziotzat hartu dutena.[4]

1914an Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Lenin erbesteratua zegoen, eta Errusiak gatazkan esku hartzearen aurka agertu zen.

1917an Otsaileko Iraultza sortu zenen, Errusiara itzultzea lortu zuen. 1917an boterea lortu baino hilabete batzuk lehenago "Apirileko Tesiak" idazki ospetsua idatzi zuen non Leninen ustez, iraultza nola bideratu behar zen azaltzen zuela. Uztailean, berriro ihes egin behar izan zuen, Finlandiara, boltxebikeek behin-behineko gobernuaren aurkako saio armatuak porrot egin eta gero. Urriaren hasieran, berriro ere Petrogradora itzuli zen. Urriaren 25ean, Errusia osoko Sobieten II. Kongresuak Herriaren Komisarioen Kontseiluko lehendakari izendatu zuen, eta estatu berriaren buruzagi bihurtu zen.

1919an III. Internazionalaren edo Internazional Komunistaren (Komintern) sorrera sustatu zuen.

1922an SESBen sorrera sustatu zuen.

1924an hil egin zen, zenbait aploplexia-krisi izan ostean. Pixkat lehenago Leninek bere testamentu politikoa egin zuen, baina Stalinek ez zuen aintzat hartu eta gizon honek hartu zuen Sobietar Batasuneko lehendakaritza.

Ez dagoenean aholkuak

Iraultza prestatzen ari zela, Lenin bertan ez zegoela, aholku hauek idatzi zituen iraultzaileentzat:

≪Agintea sobietek hartzeak esan nahi du, gaur egun, matxinada armatua. Matxinada armatuari uko egiteak adieraziko luke baztertzea boltxebismoaren agindurik garrantzitsuena "aginte osoa sobietei" eta orokorrean langileen iraultzarako internazionalismo osoaren aurka jokatzea.

Marxek, matxinada armatuaz ari dela, iraultza guztietako irakaspenak laburtzeko Dantonen hitz batzuk aipatzen ditu: "De l´audace, encore de l´audace!". Danton iraultzarako taktiken arloan maisurik handiena izan da. Errusiara eta 1917ko urrira egokituta, hitzok esan nahi dute:

-Hainbat lekutatik batera erasotzea, ahalik eta lasterren, Petrogradon. Erasoaldi horrek kanpotik eta barrutik irten beharko du, langile auzoetatik, Finlandiatik, Revalditik, Kronstandtetik. Untziteria osoa eta askoz ahaltsuagoak diren indarrak gura "guardia burgesaren" aurka (junkerrak), 15.000 edo 20.000 gizonek (beharbada gehiagok) eratua, gure "Vendée"ko tropen aurka (kosakoen zati bat), etab.

-Gure hiru indar nagusiak, untziteria, langileak eta unitate militarrak konbinatzea, kosta ahala kosta, honako helburuak hartu eta zaindu ahal izateko: a), telefono zentrala; c) tren geltokiak, eta d), zubiak, lehenik.

-Gizonik ausartenak aurkeratu (gure "toperako tropak" eta langile gazteak, eta marinelik onenak) eta eurekin destakamentu txikiak eratu (...) garrantzi handieneko operazioetan aritzeko, esaterako:

Petrogrado inguratu eta bakartu eta hiriaz jabetu ontzi, langile eta tropen eraso bateratuaz (...).

-Langileen arteko gizonik onenekin fusil eta esku-bonbekin armaturiko destakamendu bat osatu etsaien "guneei" eraso eta inguratzeko (eskola militarrak, telefono eta telegrafo zentralak, etab.).

Elementuon aginduak izan beharko luke: hobe hil arerioari aurrera egiten utzi baino (...).

Errusiako iraultzaren eta munduko iraultzaren garaipena bizpahiru borroka egunek erabakiko dute."≫

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Service, Robert. Lenin: A Biography. Londres: Pan ISBN 0-330-49139-3..
  2. (Ingelesez) Lenin, V.I.. (1896–1899). The Development of Capitalism in Russia: The Process of the Formation of a Home Market for Large-Scale Industry. (Noiz kontsultatua: 2007-03-16).
  3. Christopher Read (1905) Lenin: 81
  4. Neil Harding, Lenin’s Political Thought (1986), p250

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Marx (ezkerrean) eta Lenin-en (eskuinean) irudiak Bilboko Otxarkoaga auzoan kokatutako monumentuan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vladimir Lenin

Lan hautatuak

Mikhail GorbatxevKonstantin TxernenkoYuri AndropovLeonid BrezhnevNikita KhrustxevStalinLenin