Edukira joan

Bixente Retegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gotzon (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:30, 2 abuztua 2023
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Bixente Retegi

Bizitza
JaiotzaIrun1908ko azaroaren 2a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaFlossenbürgeko kontzentrazio esparrua1944ko maiatzaren 23a (35 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: eritasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jardueraknekazaria
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

Bixente Retegi Etxeberria (Irun, Gipuzkoa, 1908ko azaroak 2Flossenbürg, Alemania, 1944ko maiatzak 23) —erdarazko idazkeran Vicente Retegui Echeverría edo Echevarría gisa ageri izan dena maiz— nazien kontzentrazio esparru batean hildako euskal herritar bat izan zen. Gaztetan nahitaezko soldadutzatik ihes eginda, Urruñan atxilotu eta naziek deportatutako 250 inguru euskal herritarretako bat izan zen Retegi.

Jatorria eta lehen urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bixente Retegiren jaiotza agiria (Irungo Udal Artxiboa).

Laborari familia batean jaio Bixente Retegi, nahiz kalean bizi izan zen Irunen, Uranzu kaleko 20. atarian.[1] Ama Josefa Martina Etxeberria Iginiz[2] (1878-02-05) irundarra zuen, eta aita Matias Bernardino Retegi Etxaide[3] (1878-05-20), irundarra baita ere. Jaiotza agirian azaltzen denez, amaren aldetik aitona Salbatore Etxeberria urruñarra zuen, eta amona Gabriela Iginiz, irundarra, garbitzailea zen hiriko ospitalean.[4]

Retegiren haurtzaroko eta gaztarako bizieraz ez dago beste xehetasunik.

Soldadutzatik ihes

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogei urte zituela, nahitaezko soldadutzara deitu zuten Retegi, herriko mutil gazte guztiak bezala. Gogoan izan behar da une hartan Espainiako Erresuma gerra odoltsu batean sartuta zegoela azken 16 urteetan, Marokoko gerran, hain zuzen. Gerraren azken fasean, Espainiako armada modu masiboan hasi zen arma kimikoak erabiltzen, Frantziako armadaren laguntzaz.[5]

Gainera, laino beltzak ziren, gero eta ilunagoak, egoera ekonomikoaren gainean bai Espainian, bai Europan oro har, 1929ko kraxaren ondorioz: langabezia ikaragarria zen, bereziki gazteen artean. Itxaropenik gabeko egoera hartan, nahitaezko soldadutzara deitzen zituzten gazte askok nahiago zuten bizi berri baten bila abiatzea, gerra krudel hartara joan aurretik. Horrela, Bixente Retegik jaioterria utzi zuen, 1929. urtearen hasieran, soldadutzara deitu zuten orduko; Irungo Udalak desertore deklaratu zuen, 1929ko urtarrilaren 19an emandako agindu baten bitartez.[6][oh 1]

Urruñako bizitza, okupazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urruñara jo zuen Bixente Retegik, ez bakarrik amaren parteko aitona Salbatore Etxeberria urruñarra zuelako,[4] baizik, batez ere, bere anaia Jose Mari han bizi zelako.[7] Ziurrenik, anaia ere nahitaezko soldadutzatik ihes eginda joan zen Urruñara, 1928an, desertore gisa agertu baitzen Irungo Udalaren ebazpen batean.[8]

Datu askorik ez dago jakiteko zer eratako bizimodua egin ote zuen Bixente Retegik Urruñan, edo zertan aritu ote zen lanean. Jakina da, aldiz, bertan ezkondu zela, 1938ko urtarrilaren 26an, Laurentina Jaurena Olaizola azkaindarrarekin. Ez zuten seme-alabarik izan; emaztea gazterik hil zen, 1941eko martxoaren 27an.[9]

Alemanen okupazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emaztearen heriotza gertatu zenerako, alemanek Frantzia ia osorik okupatuta zeukaten, 1940ko ekainaren amaieraz geroztik. Okupazioaren ondorioz, Frantzia bi zatitan banatu zuten: alde batetik, Atlantikoko itsasegi osoa, Ipar Euskal Herri oso barne, Hirugarren Reicharen mende gelditua zegoen, 1940az geroztik.

Bixente Retegiren Buchenwaldeko sarrera fitxa.[oh 2]

Ez dago daturik ziur jakiteko ea Bixente Retegik parte hartu ote zuen Lapurdin ugari izan ziren Erresistentziako talderen batean.[oh 3] Zernahi gisaz, ulertu beharra dago Urruñan desertore eta erbesteratu gisa bizi zela. Lurralde okupatu batean, susmopean egoteko ezaugarri guztiak biltzen zituen Bixente Retegik. Gestapok 1943ko abenduaren 1ean atxilo hartu zuen.[9]

Kontzentrazio esparruetara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Compiègne lehenbizi, Buchenwald gero

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako lur okupatuetan atxilotutako beste askoren gisara, Royallieuko (Compiègne) frontsalag edo igarotze esparrura eraman zuten Retegi. Esparru horretara biltzen zituzten naziek Frantzian barrena atxilo hartutako asko, handik Poloniako, Austriako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetara tren konboietan bidaltzeko.[oh 4] Compiègnetik 1944ko urtarrilaren 17an abiatutako konboian agertzen da zerrendatuta Bixente Retegi, 40354 zenbakiaz.[10][oh 5] Hiru eguneko bidai luze eta gogorra izan zen, negu betean Europa zeharkatu baitzuten, baldintza ezin tamalgarriagotan.Geldiune batean, Amagne-Lucquy-ko geltokian, preso talde handi bat ihes egiten saiatu zen; hamar batek soilik lortu bazuten ere, zigor gisa, bagoi bat hustu eta han zihoazen atxilotu guztiak beste bagoietara banatu zituzten. Horrela heldu ziren Buchenwaldeko (Alemania) kontzentrazio esparrura, 1944ko urtarrilaren 19an.[7]

Berrogeialdia bete behar izan zuten Buchenwaldera iristerakoan, esparru nagusira sartu aurretik, pilaketa, hotz eta gose baldintza izugarrietan. Retegi hilabete luze bat egon zen Kleine Lager edo esparru txiki hartan, 1944ko otsailaren 23an Flossenbürgera (Bavaria, Alemania) eraman zuten arte, tren konboi batean, Espainiako Errepublikaren alde borrokatutako beste preso ugarirekin batera. Haietako gehienak ez ziren bizirik irten esparru hartatik.[11]

Flossenbüergeko sarrera txartela. Eman zizkioten jantziak zehazten dira.

Konboi hartan Retegirekin batera joandako bi preso bizirik irten ziren gerra amaieran, eta lekukotasuna eman zuten harekin batera bizi izandako atxiloaldiaz; Santiago Anabitarte[12] altzatarra eta Antonio Otermin[13][14] donostiarra ziren. Bi deportatu lekuko hauek azaldu zuten Bixente Retegi bizirik zela 1944ko otsailean, Flossenbürgera eraman zutenean, baina geroztik arrastoa guztiz galdu ziotela.[9]

Flossenbürgeko esparrura heltzerakoan Rertegiri eman zioten fitxan (Effektenkarte) zehazten da ogibidez nekazari (Landwirt) zela, eta anaia bat zuela, R. Joseph izenekoa, Irunen (Urun) bizi omen zena. Baita ere, argitzen da jantzi batzuk eman zizkiotela (zamarra bat, bi galtza pare, bi jertse eta hiru alkandora). Behean, Retegiren eskuzko sinadura ageri da. Zigilu bat du gainetik ezarria, heriotza data zehazten duena, 1944ko maiatzaren 23an.[15]

Flossenbürgeko txartelaren atzealdean, hil ondoren gelditu ziren jantzi urratuen azalpena.

Fitxaren atzealdean, Retegi hil ostean haren gorpuzkietatik kendutako jantzi urratuen azalpen bat ematen da, hizkera administratibo lehor bat erabilita: «Atzealdean zerrendatutako efektuak zakarretara bidali ziren, erabat hautsita eta erabiltezinak zeudelako. Beraz, bidalketa eta enbalaje gastuak ez zeuden justifikatuta. Flossenbürg, 1944ko maiatzak 31».[4] Hiru hilabete doi iraun zuen bizirik Retegik kontzentrazio esparruan. Heriotzaren arrazoi zuzena ezezaguna den arren, jan eskasa, gehiegizko lan behartuak eta, orobat, bizi baldintza ezin gogorragoak izan ziren Retegiren heriotzaren jatorria, kontzentrazio esparruetara eramandako deportatu askoren gisara. Izan ere, Flossenbürgeko eremuak ikaragarrizko hazkundea ezagutu zuen 1944an. Eremu nagusiaren inguruan, satelite edo kommando ugari eraiki zituzten, eta Retegi hil zen garairako, maiatzaren amaierarako, 10.000 atxilotu baino gehiago zituzten. Horren ondorioz, eguneroko bizi baldintzak ikaragarri gogortu ziren.[16]

Estatu Batuetako armadak 1949an egindako zerrenda.

Nolanahi ere den, Estatu Batuetako armadak gerra amaitu ostean, 1949ko abuztuan, egindako zerrenda batean adierazten denez, «bihotz gutxiegitasun» bat izan zen Bixente Retegiren heriotza eragin zuen gaitza. Dokumentu berean, heriotza datarekin batera, argitzen da, baita ere, erraustegira eramana izan zela gorpua.[oh 6] Kontzentrazio esparruetan hildako preso gehienen moduan, naziek ez zuten frogarik utzi nahi izaten: gorpuak erre eta errautsak sakabanatu egiten zituzten.[9]

Anaia Jose Mari aitorpen eske

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Bixente Retegiren anaia Jose Marik eskaera bat aurkeztu zuen, Donibane Lohizuneko herriko etxean, Frantziako Errepublikak gerrako biktimatzat har zezan Bixente. Horretarako, dosier zabal bat osatu zuen, eskueran zituen datu guztiekin; besteak beste, Buchenwalden harekin batera egondako Santiago Anabitarteren[17] eta Antonio Oterminen[13][14] lekukotasun idatziak jaso zituen, esanez kontzentrazio esparruan bizirik ikusi zutela. Dosierrean Bixenteren argazki bat erantsi zuen, deportatu fitxa bati erantsita. Baita ere, Bixenteren azken bizilekua ere zehazten du, Azkaineko Apitutxenborda etxea;[18] horrela, frogatu nahi zuen anaia Frantziako Errepublikan bizi zela gerra baino lehenagotik, zehazki 1929az geroztik.[9][oh 7]

Irungo Udalak oroimen ekitaldi bat eskaini zien, 2022ko otsailaren 7an, Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian,[19] nazien indarkeria jasan zuten 27 irundarrei. Ekitaldian udal talde politiko guztiek parte hartu zuten, eta nazioarteko artxiboetan bildutako dokumentazioa eman zien udalak biktimen senideei, besteak beste, Bixente Retegiren oinordekoei.[20][21]

  1. Ez du ematen nahitaezko soldadutzatik ihes egitea gutxi batzuen aukera zenik urte haietan. Izan ere, Bixente Retegirekin batera, hiriko beste 21 gazte deklaratu zituen desertore Irungo Udalak 2019ko urtarrilaren 19ko erabaki bakarrean.
  2. Izena gaizki idatzita ageri da Buchenwaldeko sarrera fitxan: lehenik Venzint idatzitakoa Vencint gisa ageri da zuzenduta. Jaiolekua ere oker idatzita dago, Ilun. Beherago, zehazten dira atxilotze data (Verhaftet am), 1943ko abenduaren 1a, eta Buchenwaldeko esparrura iritsitako data, 1944ko urtarrialren 19a.
  3. Urruñan eta inguruko herrietan Frantziako Erresistentziak izandako antolakuntzaz eta ekintzez, ikus Guy Lalanne eta Jacques Ospital (2009) 1936-1945. Ascain, Ciboure, Saint-Jean-de-Luz, Urrugne. Témoignages d'une époque. Ziburu, Jakintza. ISBN 979-1090257184
  4. Royallieuko esparrua 1941eko ekainetik 1944ko abuztura bitarte erabili zuten naziek. 54.000 inguru preso bidali zituzten bertatik Mauthausen, Ravensbrück, Buchenwald edo Neuengammeko esparruetara. Horien arteko bat izan zen Bixente Retegi. Ikus Camp de Royallieu.
  5. Fondation pour la Mémoire de la Déportation erakundearen zerrendan, abizena oker ageri da idatzita, Retegay. Nolanahi den ere, ez dago zalantzarik Bixente Retegiren erregistroa dela, jaioteguna eta herria ongi jasota baitaude.
  6. Estatu Batuetako armadak 1949ko abuztuaren 8an egindako zerrendan Bixente Retegiren izen-deiturak oker idatzita ageri dira, Vincente Retegni moduan. Baita ere, esaten da Asquin izeneko herrian bizi zela; ziurrenik, Azkainez ari da.
  7. Unai Egia ikertzaileak azaltzen duenez, Jose Mari Retegik osatutako dosierra 2013ko ekainaren 6an egiaztatua izan zen, azkenekoz, Nantesen. Ikus Unai Egia, Vicente Retegui, cremación el 31/5/1944 "su ropa hecha jirones, no justifica ni el envío".

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Uranzu kalea 20, Irun» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  2. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, DEAH/F06.098//2418/001-01 (370 or., 30/B zk.,1878-02-05).
  3. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, DEAH/F06.098//2418/001-01 (399 or., 118/B zk.,1878-05-20).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «Vicente Retegui 2/11/1908 - Irun - Gipuzkoa - Flossenbürg 23/5/1944» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  5. Berasain, Kristina. (2017-07-21). ««Gernika baino hamar bat urte lehenago bonbardatu zuten Rif»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  6. «Irungo Udal Artxiboa - QUINTAS.- Reclutamiento ó alistamiento para el servicio militar: declaración como PROFUGOS...» www.irun.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  7. a b (Gaztelaniaz) Hernández, Carlos. «Deportados.es» deportados.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  8. «Irungo Udal Artxiboa - Reemplazos.- Declara prófugos a los mozos...» www.irun.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  9. a b c d e (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «Vicente Retegui, cremación el 31/5/1944 "su ropa hecha jirones, no justifica ni el envío".» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  10. (Frantsesez) «Fondation pour la Mémoire de la Déportation, Livre Mémoiral» www.bddm.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  11. (Gaztelaniaz) Hernández, Carlos. Deportados.es. (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  12. «Altzari buruzko dokumentazio zentroa - Santiago Anabitarte» altza.info (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  13. a b (Gaztelaniaz) «DNSD-SECRETARÍA,FICHERO,48,O0049021 - Ficha de Antonio Otermin» PARES (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  14. a b «Altzari buruzko dokumentazio zentroa - Antonio Otermin» altza.info (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  15. (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «35) Vicente Retegui Echeverria - causa de la muerte 23 de Mayo de 1944» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  16. (Frantsesez) «Historique du camp | Flossenbürg» Flossenbürg | Association des déportés et familles de disparus du camp de concentration de Flossenbürg & Kommandos 2020-02-03 (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  17. Altzatar bat nazien kontzentrazio eremuetan - Estibaus. (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  18. «Azkaine, Apitutxenborda - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-17).
  19. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  20. «Holokaustoren biktimak oroitzeko ekitaldia - Irungo Udala» www.irun.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  21. «Holokaustoaren biktimak gogoratu ditu udalak» Bidasoko Hitza 2022-01-28 (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]