Belkoain

Koordenatuak: 43°13′24″N 2°02′45″W / 43.223333°N 2.045833°W / 43.223333; -2.045833
Wikipedia, Entziklopedia askea
Belkoain
Datu orokorrak
Garaiera491 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak43°13′24″N 2°02′45″W / 43.223333°N 2.045833°W / 43.223333; -2.045833
MendikateaAndatzako mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
Mendizaletasuna
Ohiko bideaAdunatik, Andoaindik

Belkoain Andoaingo udalerrian dagoen mendia da, Oria bailararen mendebaldean. Bi gailurreko mendia da, ekialde-mendebalde ardatz batean biak. Ekialdekoa zertxobait altuagoa da (492 m) eta mendebaldekoan (488 m) gurutze bat dago. Espainiako Gerra Zibilean lubaki-andana zabala eraiki ziren tropa nazionalen erasoak gelditzeko, Saseta defentsa-sistemaren baitan. Haiekin izandako gudetan ehundik gora hildako izan ziren errepublikazale eta euskal gudarien artean.

Belkoain trikuharria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Belkoain trikuharria»

Belkoain trikuharria izen bereko mendiaren bi gailurren artean dago. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio. Tumuluak 11 metroko diametroa du eta 1,60 metro (iparraldean) eta 1 metro (hegoaldean) arteko altuera. Erabat nahastua eta itxuragabetua dago. Ganbera suntsituta dago. [1]

Gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko abuztuaren 16an erreketeak Aduna, Zizurkil eta Asteasun sartu ziren eta gudariak Andatzarrate, Zarate eta Belkoain artean zeuden. Gudariek erresistentzia eremu menditsuetara eramatea erabaki zuten, hiriguneak ezin zituztelako defendatu. Abuztuaren 18an kolpistek Andoain hartu zuten. Oria ibaiaren ekialdean Eusko Gudarostearen Azpeitiko Komandantziako Kandido Saseta komandanteak diseinatutako defentsa-sistema antolatu zuen Herniotik Belkoainera: Zelatun, Iturrioz, Andatzarrate, Santa Marina ermita, Irumuño, Zarateaitz, Zarateko Benta eta Mareamendi. Azpeitiako Komandantzia abuztuko lehen astean eratu zuten eta oso baliabide eskasak zituen. Frontera joaten zirenak ez ziren soldadu profesionalak, gaizki armatutako zibilak baizik. Azpeitian autobusean sartu eta Andatzarratera eramaten zituzten astebeteko txanda betetzeko. Denentzat armarik ez zegoenez, lubakietan uzten zituzten ordezkoentzat.[2]

Abuztuaren 23-28 artean Belkoain mendian borroka gogorrak izan ziren gudarien eta Pablo Cayuela erreketeen zutabearen artean. Abuztuaren 23an erreketeak Andoaingo Sorabilla auzotik Belkoain konkistatzen saiatu ziren baina porrot egin zuten gudariek haien aurka egin zutelako. Altxatuek estrategia aldatu zuten abuztuaren 24tik aurrera, Adunako Basopetako muinotik maniobra inguratzailea egiten saiatu ziren. Eraso horien ondorioz Azpeitiko Komandantziak errefortzuak eta ingurua ezagutzen zuten gidariak bidali behar izan zituen. Gudariek lubakien lerroa ezarri zuten Txingorrigain tontorretik gertu, Marea edo Mareamendi inguruan. Horri esker, erreketeen erasoaldiari aurre egin zioten 28ra arte. Abuztuaren 24an Basopeta inguruko Ulanberro baserriko Jose Ignazio Arsuaga Mendizabal, 16 urteko adunarra, hil zen su gurutzatuan jasotako bala-tiroaren ondorioz. Abuztuaren 27an Kandido Sasetak Belkoain mendiko postua sendotzera zihoazela esan zuen Euzkadi egunkarian. Abuztuaren 28an, goizeko 07:30ean, Aldir komandantearen taldeak Belkoain mendiaren kontrola hartu zuen eta gudariek Andatza, Andatzarrate eta Zarateaitzera atzera egin behar izan zuten presaka, bertan 7,5eko bi kanoi, bi metrailadore eta bi fusil metrailadore utziz. Operazio hartan bi errekete hil ziren eta zazpi zauritu.[2]

Belkoainen hildako soldaduen hilobi galdua. Fermin Belamendia Arrillaga andoaindarraren testigantza.

Abuztuaren 29an Pio Arzallus Albisu, Andoainen bizi zen 54 urteko errezildarra, beste lau lagunekin batera Tolosara eraman zuten eta fusilatu ondoren hobi komun batean ehortzi zituzten. Bizilagun batek egindako salaketa partikularraren arabera Piok etxean argi susmagarriak omen zituen, eta haien bidez, Belkoain mendiko milizianoak laguntzen omen zituen morse alfabeto bidez argi-seinaleak eginez.[2]

Ondorengo egunetan kolpistek Belkoaindik Zarateko Benta aldera kanoikada ugari jaurti zituzten, bertan baitzegoen gudarien kuartela. Irailaren 18an, errekete batzuk atera ziren Belkoaindik, nagusien baimenik gabe, Zarate konkistatzeko asmoz. Helburutik 500 metro ekialdera zeudenean, Ipidegi inguruan, gudariek aurre egin zieten eta 15 errekete inguru hil ziren.[2]


Indusketa arkeologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko tontorretik gertu dagoen harresia

2013ko uztailean hasi zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak lehen kanpaina arkeologikoa, Euskal Herria, Galizia, Caceres, Valentzia, Zaragoza, Sevilla eta Kantabriatik etorritako 20 bat gazteren laguntzarekin.[3] Inguruko bizilagun batzuek emandako informazioan eta hainbat iturri historikotan (garaiko prentsa, Aduna, Zizurkil eta Asteasuko udal-artxibategietako dokumentazioa eta Euskadiko Artxibo Historikoa) oinarrituta ikusizko prospekzioak egin ziren aurretik eta Gerra Zibileko defentsa-eraikuntzekin lotutako ustezko hondakinak identifikatu ziren 3 eremutan. Okupazio-fase laburrak eta ikertutako eremua zabala eta landaretza estalki trinkoa izateak lanak baldintzatu zituzten. Horregatik, eremu horietara mugatu eta metalen detektagailua erabiltzea erabaki zen.[2]

  • Mendebaldeko tontorretik gertu dagoen 2. harresia (bestea baino pixka bat beherago)
    Lehen eremua Belkoain mendiaren mendebaldeko tontorretik 190 metro mendebalderantz dago. 60 metro inguruan egin ziren lanak. Batez beste 90 cm inguruko altuera duen harresi irregular bat aurkitu zuten, horizontalean eta lehorrean jarritako neurri txiki eta ertaineko kareharriz osatua eta lurreko arroka naturalaren gainean kokatua. Funtzio estrukturala "txarrantxatze-horma" da, hau da, bultzada horizontal edo albokoei eusteko diseinatutako horma. Ikertutako eremuan 1,5 metroko eraisketa partziala dokumentatu zuten baina ezin izan zuten gerra ekintza batekin lotu, ebidentzia materialik ez zutelako aurkitu. Are gehiago, eremu osoan ez zuten defentsa-sistemarekin lotutako interes arkeologikoko aztarnarik aurkitu. Horma hego-ekialderantz 200 metroan luzatzen da, borda zahar baten hondakinetaraino eta espazio zabalagoa hartuko lukeen itxitura baten zatia litzateke. Ebidentzia arkeologikorik aurkitu ez bazuten ere, harresiaren kokapen estrategikoa kontutan hartuta, ikerlarien ustez litekeena da lubaki edo parapeto gisa erabili izana, Mola jeneralaren tropek hartutako Oria ibaiko haranaren kontrol bisual argia baitago bertatik.[2]
  • Bigarren eremua Mandabieta inguruan dago, Mareako bidegurutzetik 500 metro ekialdera eta Andoaingo Sorabilla auzora doan baso-pistatik gertu. Borda batera zihoan antzinako bide bat garbitu zuten 100 metro inguruan. Bidea lehen eremuko hormari elkarzut doa bordaraino eta uhar itxura du. Horregatik ikerlarien ustez Sorabilla inguruan zeuden tropetatik lurraldea defendatzeko testuinguruan esanahia izan zezakeen. Hala ere, ez zuten interes historiko-arkeologikoko materialik aurkitu.
  • Hirugarren eremua Marea inguruan dago, Txingorrigain tontorretik gertu. 100 metro inguruko lubaki-tarte bateko 55 metro inguru garbitu eta induskatu zituzten. Oinplanoan lau angeluko eta U formako profileko lubakia aurkitu zuten lurrean hondeatuta. Lubakiaren helburua Belkoain Basopeta ingurutik defendatzea zen, hego-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko lerroa mugatuta. Bertatik Aduna eta Zizurkildik Belkoainera doazen bideak mendera zitezkeen. Lubakiaren behealdean gerrako materiala aurkitu zuten: 222 bala-zorro, horietatik 6 kolpekatu gabeak, eta 9 kargadore. Topatutako zorroek botila itxura dute, 7,92 x 57 milimetroko kalibrekoak dira eta Txekoslovakiako jatorria duen Mauser VZ-24 fusilari dagozkio. Aztertutako 3 eremuetatik hau izan zen defentsa gisa erabili zela baieztatzen duten ebidentzia arkeologikoak aurkitu ziren leku bakarra.[2]

Esku-hartze arkeologiko honen emaitzak iturri dokumentalekin alderatuz altxatuen tropak Belkoain gainera 1936ko abuztuaren 28an Basopetatik Marea ingurura eginiko "maniobra inguratzaile" baten bidez iritsi zirela baieztatu zuten.[2]

2014an Aranzadi Zientzia Elkarteak, UEUk, Udalbiltzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek antolatutako auzolandegian Euskal Herri osoko 19 gaztek Marea inguruan topatutako lubakiko hondeatzearekin jarraitu zuten eta beste lubaki bat berreskuratzen hasi ziren.[4] Aurreko urtean induskatu gabe utzitako 50 metroetan lan arkeologikoak egin ziren ekialdeko noranzkoan eta egitura mugatu zen. Ahalegin berezia egin zuten inguruko herrietako bizilagunen ahozko testigantzak biltzen: 9 bideo-grabazio egin zituzten guztira.[2]

2015ean jarduera Zarateaitz ingurura zabaldu zuten.[2]

2019an Aranzadik egindako 6. kanpainan kanoien kokapena eta hainbat obus zati aurkitu zituzten, Zarateko bentako[5] Angel Usabiagak bere aitarengandik jasotako informazioari esker.[6]

Belkoaingo gurutzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belkoaingo gurutzea 2015ean

Belkoaingo gurutzeak 8 metroko altuera du[7] eta Belkoain mendiaren mendebaldeko tontorrean kokatuta dago.[2] Gurutze hau Gerra Zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoan zerrendatua dago.[7] Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Adunako Falange Española Tradicionalista y de las Jonsek “Jainkoaren eta Aberriaren alde hildakoen memorian” hormigoizko gurutzea eraikitzeko ideia izan zuen.[2] Udalak baimendu ondoren, 1939. urtean hasi ziren lanak.[2] 1939ko irailaren 24an inauguratu zuten.[7] 1939ko abenduaren 31n eman zuten obraren kostuaren eta diru-sarreren jatorriaren berri. Kostuak diru-sarrerak baino handiagoak izan ziren. Adunako eta Andoaingo Karrika eta Sorabilla auzoetako biztanleek eskudirutan ekarpenak egin behar izan zituzten gastua estaltzeko.[2]

1999an Adunako zenbait herritarrek ikurrina bat jarri zuten gurutzean.[8] 2005 herritar horiek salatu zutenez ikurrina zulatuta aurkitu zuten eta Viva España zioen pintada bat zegoen mojoi batean.[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Belkoain» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  2. a b c d e f g h i j k l m n Karlos, Almorza,. (2016). Saseta Defentsa-Sistema :Armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen =El Sistema de Defensa Saseta : La resistencia armada antifascista en Aduna, Asteasu y Zizurkil. Aranzadi Zientzia Elkartea ISBN 9788494425189. PMC 971696495..
  3. Adunako gerra zibila garaiko memoria historikoa berreskuratzen. Aranzadi Zientzia Elkartea (argitaratze data: 2013-07-22) (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  4. Aduna-Asteasu-Zizurkil auzolandegia: lubakitutako memoria. Aranzadi Zientzia Elkartea (argitaratze data: 2014-07-16) (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  5. (Gaztelaniaz) «Hallan los restos del primer frente en Gipuzkoa contra los sublevados del año 36» Naiz 2019-07-11 (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  6. Agirre, Laida Goiburu. (2019). «Erresistentziaren arrasto biziak» Berria 2019-07-12 (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  7. a b c Gerra zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalagoa (sic). (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  8. a b «Belkoaineko ikurriña zulatuta» Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza 2005-01-15 (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]