Fundación Lurgaia Fundazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fundación Lurgaia Fundazioa
Datuak
Mota Fundazio ekologista
Herrialdea  Euskal Herria
Egoitza Bilbo, Bizkaia
Sorrera 2002
https://lurgaia.org/eu/

Fundación Lurgaia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, 2.002. urtean sortua, eta biodibertsitatearen kontserbazioa eta natura ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu; espezieak, habitatak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia besteak beste.

Lurgaia Fundazioa Bizkaia lurraldeko Busturialdea eskualdean sortu zen, Urdaibaiko natura biosferan ditu bere jardueraren sustraiak, bertan hasi zen lanean fundazioa eta bertan du gaur arte egindako eta egiteke duen anbizio handieneko proiektua, Undabaso proiektua deiturikoa, Bizkaiko baso misto eta harizti handienetakoa eta Urdaibaiko eta Busturialdeko harizti handiena berreskuratzeko proiektua hain zuzen ere.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundación Lurgaia Fundazioa, edo euskaraz ezagunagoa den Lurgaia fundazioa, 2.002. urtean sortu zen, urte berean sorturiko Urdaibai Fundazioa ordezkatuz.

Urdaibai Fundazioa Urdaibaiko naturagunea kontserbatzeko eta suspertzeko helburuarekin sortu zen, Urdaibain eta Busturialdeko eskualdean zuela bere jarduera. Hilabetetako lana eta eztabaidaren ondoren, Lurgaia fundazioa izeneko (Fundación Lurgaia Fundazioa izen ofiziala) erakunde berritua sortzea erabaki zuten, aurreko fundazioak zuen lanari jarraipena emateko eta erronka berriei heltzeko. Lurgaia fundazio berriak beraz, aurreko fundazioaren urte berean sortu zen, eta 2.003. urtean hasi zituen bere lehenengo jarduerak egiten.

Izenaren aldaketa Lurgaia fundazioak dituen erronka eta anbizio zabalei aurre egiteko izan zen, Urdaibai naturguneaz eta Busturialdeaz zein Bizkaiaz harago doan anbizio handiko proiektuak aurrera eramateko. Lurgaia fundazioak beraz, Bizkaian izanda ere bere jardungune nagusia Euskal Herri osora eta iberiar penintsulara zabaltzen du bere jarduera, kantauri isurialdeko basoei protagonismo berezia emanez.

Jarduera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurgaia fundazioaren jarduera nagusia ondare naturala eta paisaia zein ekosistema naturalak kontserbatzea eta berreskuratzea da, hori boluntarioen lanarekin eta ekarpenarekin eramaten du aurrera. 3 programa nagusietan oinarritzen du bere jarduna: Quercus programa, Aqua programa eta Biodibertsitate programa.

Quercus programa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustiaketararako landaketen (batez ere pinu eta eukalipto) hedapen kezkagarria dela eta, baso autoktonoak babestu eta berreskuratzeko abiatutako programa da. Programa horretan baso naturala osatzeko asmoz espezie autoktonoen landaketekin basoak bere suspertze propioa izan dezan laguntzen da, alegia, baso potentzialaren berreskurapena ahalbidetuko duen espezien landaketa egiten da, jakinda beti ere basoa bera dela bere prozesu naturala eramango duena eta erabakiko duena landatutako zein zuhaitz edo zuhaixka espezie edo ale gailenduko den.

Programa hau batez ere kantauri isurialdeko basoei begira dago, kantauriko arteak eta haritzak protagonismoa edukita. Ibar eta haranetan baso misto, kantauriko artadia eta hariztia dira programa honen ardatzak, mendi altuagoetan pagadiak du protagonismoa.

Aqua programa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Programa honetan protagonismoa errekek, ibaiek, hezeguneek, padurek eta beraiei lotutako espezieek dute. Paduretan landare halofiloek (ingurune gazietan hazten direnek) dute protagonismoa eta ibai zein erreketan haltzez, sahatsez, lizarrez, hurritzez eta zumarrez osaturiko basoak dira nagusiak.

Aqua programak hezegunetako ekosistemak osatu eta berreskuratzeko helburua du.

Biodibertsitate programa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Programa honek, bere izenak argi eta garbi adierazten duen bezalaxe, biodibertsitatea osatu, babestu eta kontserbatzeko dihardu. Horretarako ekosistema ezberdinen jarduera ekologikoa eta bioaniztasunaren ikerketa sakona beharrezkoa da.

Programa honen helburu nagusia arrisku handien dauden espezieak babestu eta haien egoera hobetzea da.

Tresnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurgaia fundazioak lur-zaintza ereduarekin lan egiten du, bertan jabe pribatu zein publikoari lurrak erosi edo lagapen bidez hartu egiten ditu eta etorkizuneko baso naturala berreskuratzeko asmoz lur horien zaindari legal gisa aurkezten da.

Lur-zaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurgaia Fundazioak, gizarte zibila ordezkatzen duen erakunde bezala, lursailak eskuratzen ditu bere jabeekin (publikoekin zein pribatuekin) egindako borondatezko dohaintzaren, salerosketaren edo lagapen-hitzarmenen bidez. Jabeok titulartasunari eusten diote, baina lurzoruaren erabilera iraunkorra bermatzen dute, balio naturalak, kulturalak eta paisaia-balioak kontserbatu eta/edo berreskuratu asmoz.

Fundazioaren estatutuen arabera, hartutako lursailak kontserbazio zorrotzerako erabiliko dira, eta ez dira erabiliko erauzketa-etekin ekonomikoa edo bestelako etekinak lortzeko. Fundazioen legeak hori horrela izango dela bermatzen du; izan ere, fundazioa bera desegitekotan, helburu berberak bermatuko zituen beste erakunde baten titulartasunera igaroko lirateke lursailak.

Basoa berreskuratzeko urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoa berreskuratzea prozesu bat da, naturala batez ere. Lurgaia fundazioak jarduera ezberdinak egiten ditu prozesu natural horretan laguntzeko, lursaila erosi edo hartu eta zuhaitzak landatzen dituen arte urrats ezberdinak jorratzen ditu, hona hemen erakundeak eta bere boluntarioek jorratzen dituztenak eta basoak behar dituen urratsak:

  1. Zaintza-akordio bat sinatzen dute eta horrela lursailera sar daitezke.
  2. Egurra ateratzeko pistak kentzen dituzte, jatorrizko profila berreskuratzen laguntzeko.
  3. Mozketaren ondorengo hondarrak utzi egiten dira, lurrera elikagaiak ematen diote eta intsektuen eta onddoen babesleku dira.
  4. Espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzen eta/edo ezabatzen dituzte.
  5. Inguruko haziak bildu eta bertako espezieak erabiltzen dituzte, jatorri lokala bermatuta, aberastasun genetikoa babesteko.
  6. Landatzen dute. Boluntariotza korporatiboarekin, propioarekin edo kontratazioarekin.
  7. Naturaltasuna bilatzen dute landaketan: dentsitate ezberdinak, espezie natural egokiak eta lerrorik edo ordenarik gabe.
  8. Urlehortarrentzako putzuak eraikitzen dituzte eta hegaztientzako zein saguzarrentzako habia kaxak jartzen dituzte.
  9. Aleak tutorizatu eta babesten dituzte.
  10. Espezie exotiko inbaditzaileen berragerpena kontrolatu eta landaketen aurrerapena zaintzen dute.
  11. Natura ingurunearen ezagutza zabaldu eta sortzen dute.
  12. Lehen fasean, landare aitzindariak, “sastraka” deiturikoak, kolonizatzen dituzte eta mantenugaiak ematen dizkiete lurrari, intsektuei, hegaztiei eta bestelako izaki bizidunei. Segida ekologikoa bermatzen da.
  13. Babeskiak kentzen dituzte berrerabiltzeko eta etorkizuneko baso naturala zaintzen dute.
  14. Azkenik, natura arduratzen da, milioika urte daramatzan bezala. Lurgaia fundaziokoek "bideratzaile" gisa dute euren burua, basoa, prozesu natural baten ondorioz, bera bakarrik berreskuratzen dela erabat jabetuta.

Irizpideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurgaia fundazioak bere eguneroko jardunan segitzen dituen irizpideak honako hauek dira:

Landareen jatorri lokala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso naturala berreskuratzeko bidean espezie autoktonoak halabeharrezkoak dira, baina horretaz gain, espezie autoktoen artean, erresilientzia handiko barietate lokalak bilatzen dituzte landaketarako, lan egiten duten ingurura moldatutako genetikadun barietateak.

Espezieen aldakortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

35 zuhaitz eta zuhaixka espezie inguru landatzen dituzte ahalik eta aberastasun handiena lortzeko, horretarako kokapena, lurzorua eta une bakoitzean egokienak diren espezieak aukeratzeko beste faktore ezberdin batzuk kontuan hartzen diuzte.

Segida ekologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoak lehengoratzeko, modu naturalean eta berez gertatzen diren segida ekologikoko prozesuei erreparatzen die erakundeak. Lehenengo urratsak erraztu eta “bizkortu” egiten ditu zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatuz. Horrekin, belar-sastrakak saihestea lortzen du.

Heterogeneotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natura imitatzen saiatzen da Lurgaia fundazioa, eta, horregatik, ez du lerroan landatzen, ez da espezieekin uniformea, ez du belar-sastrakarik egiten, ez eta hildako zura ezabatzen ere, horrek guztiak elikagaiak lurrera ekartzea errazten baitu, prozesu ekologiko naturala indartuz.

Jarraitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berreskuratzen dituzten espazioen zatiketa saihesten saiatzen dira, konektibitatea errazteko eta baso baten berezko prozesu ekologiko guztiez hornitutako ekosistema dinamiko handi bat lortzeko.

Profil hidrologikoa berreskuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurezko ateratze-pistek profil hidrologikoa aldatu, higadura erraztu eta paisaia aldatzen dute. Jatorrizko egoera leheneratzeko lan egiten du Lurgaiak, posible eta komenigarria den guztietan.

EEIen kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berreskuratutako lursoiletan, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzen eta ezabatzen dituzte, horretarako lan mekanikoa burutzen dute, metodo kimikoak ekidituz.

Lotutako fauna sustatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako fauna eta flora espezieak berreskuratzen ari diren eremuetara erakartzeko ekintzak egiten dituzte, hala nola putzuak, hegaztientzako eta narrastientzako babeslekuak eta abar sortzea.

Hondakinak eta isurtzeak ahalik eta gehien murriztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasen isurketa landaketa propioaren bidez konpentsatzen dute.

Borondatezko lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarteak parte hartzeko eta inplikatzeko modu gisa erabiltzen du boluntariotza eta borondatezko sistema.

Boluntariotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioak boluntariotza sistema batekin lan egiten du, erakundeko partaidez gain gizartearen laguntza eskatzen du bere ekintza ezberdinak gauzatzeko. Jardun edo txango ezberdin guztietan boluntarioak aurkezten dira jarduna aurrera eramaten laguntzeko. Boluntariotza sare handia dute eta funtsezko zutabea da erakundearen jardueran.

Boluntarioekin burutzen dituzten ekintzen artean hauek daude: haziak biltzea, landaketak egitea, landare inbaditzaileak ezabatzea, putzuak sortzea, ibaiak eta hondartzak garbitzea eta abar.

Boluntarioekin gizartea naturaren kontserbazioan parte hartzea eta kontzientzia hartzea lortzen dute. Lurgaia fundazioaren ustez boluntariotza jendea naturara gerturatzeko, erakartzeko eta konektatzeko tresna eraginkorra da.

Undabaso proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Undabasokoa da Lurgaia Fundazioaren proiekturik nagusia, handiena eta anbizio handienekoa. Proiektua Urdaibai biosfera erreserbako zein Busturialdeko harizti eta baso misto handiena eta Bizkaiko handienetakoa egiteko erronka da, Muxikako Ibarruri auzo inguruetako Undabaso izeneko inguruan.

Undabaso proiektua 2008. urtean hasi zen, lehenengo urtetan lursail txiki eta banatuak lortzen zituzten baina urteak pasa ahala lur eremu zabal eta konektatu bat berreskuratzea lortu dute. 2020. urtean jarraipen handiko 105 hektarea kudeatzen ditu Undabason jada, eta 153 hektareara heltzeko helburua abiatu du. Urdaibaiko erreserba osoan, guztira 200 hektarea inguru kudeatzen ditu Lurgaia fundazioak.

Urdaibai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UNESCOk Urdaibaiko Biosfera Erreserba izendatu zuen 1984an. Paisaia, kultura, turismoa eta kontserbazioaren ikuspegitik interes bereziko eremua da. Undabaso proiektua Urdaibairen barruan kokatzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]