LinkedIn

Wikipedia, Entziklopedia askea
 LinkedIn
Jatorria
Egilea(k)Reid Hoffman (en) Itzuli
Sorrera-urtea2002
Argitaratze-data2003
Ezaugarriak
Hizkuntzaingelesa, errusiera, arabiera, txinera, frantsesa, italiera, portugesa, gaztelania, nederlandera, suediera, daniera, errumaniera, turkiera, japoniera, txekiera, poloniera, koreera, Indonesiera, Malaysiera eta tagaloa
Kokapena
LekuaMountain View
Kalifornia
JabeaMicrosoft

linkedin.com
Facebook: LinkedIn Twitter: LinkedIn Instagram: linkedin LinkedIn: linkedin Youtube: UCKz7zeOOpvAy5qs7sCy7QhA Edit the value on Wikidata

LinkedIn (lIŋktˈɪn ahoskatua) erabiltzaileen artean harreman komertzialak eta profesionalak sortzea helburu duen sare soziala da, hau da, sare sozial profesionala da. Ameriketan sortutako online zerbitzu bat da, webgune eta app mugikorretan jarduten duena. 2002ko abenduan sortu zuten Reid Hoffman, Allen Blue, Konstantin Guericke, Eric Ly eta Jean-Luc Vaillant-ek[1], eta 2003ko maiatzaren 5ean jarri zen abian.

Plataforma hau, nagusiki, sare profesionalak ezartzeko eta karrera garapenerako erabiltzen da. Erabiltzaile bakoitzaren profiletik abiatuta, horien curriculum vitaea, hau da, haien lan-esperientzia eta trebetasunak libreki ezagutarazten ditu. Webguneak milioika enpresa eta langile jartzen ditu harremanetan. LinkedInek aukera ematen die kideei (langileei zein enpresaburuei) profilak sortzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko (“konektatzeko”), online sare sozial batean, mundu mailako harreman profesionalak ordezkatzeko. Kideek edonori (kide izan edo ez) "lotura" bihurtzeko gonbita egin diezaiokete. LinkedIn ekitaldiak antolatzeko, taldeak batzeko, artikuluak idazteko, lan postak, argazkiak eta bideoak argitaratzeko, eta gehiagorako ere erabil daiteke.

Enpresaren diru-sarrerei dagokionez, 2015. urtetik aurrera, konpainiaren diru-sarrera gehienak honen erabiltzaileei buruzko informazioa kontratatzaileei eta salmentetako profesionalei saltzetik etorri dira.[2] 2016ko abendutik, Microsoft-en jabego osoko filiala da. 2021eko irailetik aurrera, LinkedInek 774 milioi kide baino gehiago erregistratu ditu 200 herrialde eta lurralde baino gehiagotan. Horregatik, honen sistema sei hizkuntzatan dago erabilgarri: alemanez, ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta portugesez.

Maila lokalean LinkedInen antzekoa da Artizarra, euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala dena. 500dik gora profesional euskaldunen arteko harremanak errazten ditu. Profesional bakoitzak Inguma datu-basean duen ekoizpenaz gain, honen uneko jarduera profesionalaren datuak ere erakusten ditu. Mundu mailako LinkedIn sarearen antzerakoa da, baina euskaraz eta euskararen alorrean lokalizatuta. Hor agertzen diren komunitate zientifiko-profesionalei elkarren berri eman nahi die.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LinkedIn 2002ko abenduan sortu zuten Reid Hoffman, Allen Blue, Konstantin Guericke, Eric Ly eta Jean-Luc Vaillant-ek. 2004ko abuztutik 2007ko apirilera bitartean, LinkedInek 11 milioi erabiltzaile inguru lortu zituen. 2006ko martxoan, lehen errentagarritasun hilabetea lortu zuen, eta 2008ko otsailean, gunearen bertsio mugikorra abiarazi zuen.

2008ko ekainean, Sequoia Capital, Greylock Partners eta beste arrisku-kapitaleko enpresa batzuek, konpainian %5eko partaidetza erosi zuten 53 milioi dolarrengatik, enpresari 1.000.000 dolar inguruko balioa emanez.[3]

2009ko azaroan, LinkedInek bere bulegoa ireki zuen Mumbain eta handik gutxira Sydneyn, Asia-Pacific taldearen zabalkundea hasi zuenean. 2010ean, LinkedInek Nazioarteko Egoitza Nagusia ireki zuen Dublinen, Irlandan. Abendurako, konpainiak 1.575 mila milioi dolarreko balioa zuen merkatu pribatuetan.

LinkedInek, 2011ko urtarrilean aurkeztu zuen saltzeko eskaintza publikoa. Konpainiak, 2011ko maiatzaren 19an negoziatu zituen bere lehen akzioak NYSE "LNKD" ikurrarekin, akzioko 45 dolarren truke. Urte berean, LinkedInek 154,6 milioi dolar irabazi zituen publizitate-sarreretan bakarrik, Twitter gaindituz, 139,5 milioi dolar irabazi baitzituen. LinkedInen 2011ko laugarren hiruhilekoan, irabaziak gora egin zuen konpainiak sare sozialen munduan izan zuen arrakasta handitu zelako.[4] Une horretan, LinkedInek lanaldi osoko 2100 langile inguru zituen, hau da, 2010. urtean baino 1600 gehiago, urte horretan 500 langile baitzituen.

2014ko apirilean, LinkedInek jakinarazi zuen 222 Second Street alokatu zuela, San Frantziskoko SoMa barrutian eraikitzen ari ziren 26 solairuko eraikina, 2500 langile hartzeko,[5] 10 urteko alokairuarekin.[6] Egoitza San Frantziskon zuten langile guztiak (1250 langile 2016ko urtarriletik aurrera) eraikin batean elkartzea zen helburua, salmenta eta marketineko langileak ikerketa eta garapeneko taldearekin bilduz.[6] 2016ko martxoan hasi ziren mugitzen. 2016ko otsailean, irabazien txosten baten ondoren, LinkedInen akzioak %43,6 jaitsi ziren egun bakar batean. LinkedInek, egun horretan, 10 mila milioi dolar galdu zituen merkatuko kapitalizaziotik.

2016an, LinkedInerako sarbidea blokeatu zuten Errusiako agintariek, 2015eko legeria nazionala ez betetzeagatik, hau da, sare sozialetako sareek herritarren datu pertsonalak Errusian kokatutako zerbitzarietan ez gordetzeagatik.[7]

2016ko ekainaren 13an, Microsoftek jakinarazi zuen LinkedIn eskuratuko zuela akzioko 196 dolarren truke, guztira 26.2 bilioi dolar, Microsoftek ordura arte egindako erosketa handiena izanik. Analistek uste zuten Microsoftek aukera ikusi zuela LinkedIn Officeko produktu-sortarekin integratzeko, sare profesionalaren sistema bere produktuekin hobeto integratzeko. Akordioa 2016ko abenduaren 8an gauzatu zen.[8]

2016. urtearen amaieran, LinkedInek iragarri zuen Dublingo bulegoan 200 lanpostu gehiago izango zituela, eta, beraz, guztira 1200 langile izango zituela.[9]

Microsoftek LinkedIn erosi eta gutxira, 2017ko urtarrilaren 19an, LinkedInen mahaigaineko bertsio berria aurkeztu zen.[10] Bertsio berriaren helburua erabiltzailearen esperientzia ezin hobea izatea zen, gailu mugikorretan zein mahaigainekoetan. Aldaketa horietako batzuk aurrez jaurtitako aplikazio mugikorretik jasotako atzeraelikaduraren arabera egin ziren. Asko erabiltzen ez ziren ezaugarriak kendu ziren. Adibidez, ukipen- eta iragazte-markaketaren ezaugarriak jada ez dira onartzen.

Erabiltzailearen interfaze berria merkaturatu ondoren, erabiltzaile batzuk kexatu egin ziren bertsio zaharrenean falta ziren ezaugarriez, moteltasunaz eta akatsez. Erabiltzaile libreek zein premium erabiltzaileek izan zituzten arazoak, bai mahaigaineko bertsioarekin bai gunearen bertsio mugikorrarekin.

2019an, LinkedInek Open for Business funtzioa atera zuen globalki, eta, horri esker, freelancer-ak plataforman aurki daitezke.[11][12] Urte berean jaurti zuten LinkedIn Events.[13][14]

2020ko ekainean, Jeff Weinerrek uko egin zion CEO izateari 11 urtez karguan aritu ondoren, eta lehendakari exekutibo bihurtu zen.[15]

2020ko uztailaren amaieran, LinkedInek jakinarazi zuen 960 langile kaleratzen zituela, plantilla osoaren %6 inguru, talentua eskuratzeko eta salmenta globalak egiteko ekipoetatik. Langile guztiei zuzendutako mezu elektroniko batean, Ryan Roslansky zuzendari nagusiak esan zuen murrizketak COVID-19aren pandemia globalaren ondorio zirela.[16]

2021eko apirilean, CyberNews-ek jakinarazi zuen LinkedInen 500 milioi kontu sarean filtratu zirela.[17] Hala ere, LinkedInek adierazi zuen LinkedInen ustezko datu-multzo bat ikertu zutela, salmentarako argitaratu zena, eta ondorioztatu zuten zenbait webgunetako eta enpresatako datu-bilketa bat zela.

2021eko ekainean, PrivacySharks-ek esan zuen LinkedIneko 700 milioi erregistro baino gehiago hacker-foro batean zeudela salgai. LinkedInek geroago adierazi zuen hori ez zela arau-haustea, bazterturiko datuak baizik, eta haien zerbitzu-terminoen urraketa ere bazela.[18]

Plataforma eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LinkedInen oinarrizko funtzionaltasunak aukera ematen die erabiltzaileei profilak sortzeko, non langileentzako, normalean, curriculum vitae batez osatuta egoten den, beren lan-esperientzia, heziketa, prestakuntza eta trebetasunak azalduz, eta honi, erabiltzailearen argazki pertsonalak laguntzen dio.

Honela, enpresaburuek lanpostuak zerrendatu ditzakete eta hautagai egokienen artean bilatu. Erabiltzaileek lana, jendea eta negozio-aukerak aurki ditzakete hauek guztiak bere harreman-sareko erabiltzaileek gomendatuta. Erabiltzaileek honez gain, aukeratutako lanpostuak gorde ditzakete, eta noski, enpresa desberdinak jarraitu ditzakete hauen informaziorik ez galtzeko.

Webguneak, gainera, kideak konektatzeko aukera ematen du sare sozial honetan, eta horren bidez, mundu osoko harreman profesionalak lotu ditzake. Kideek edonor gonbida dezakete konexio bat izatera. Erabiltzaileek hainbat konexio mota izan ditzakete: lehen mailako konexioa, non hau konexio arrunt bat den; bigarren mailako konexioa, lehen mailako konexio hauen konexioa; eta hirugarren mailako konexioa, bigarren mailako konexioen konexioa. Kide baten konexio-zerrenda hainbat modutan erabil daiteke, adibidez, erabiltzaileek bigarren mailako konexioak bila ditzakete interesa duten enpresa batekin, eta gero, lehen mailako konexio bat eska dezakete enpresa beraren sarrera bat lortzeko.[19]

Erabiltzaileak beraien artean era askotara konekta daitezke:

  • Konexioak elkarreragin daitezke “like” (gustukoa) emanez besteen “post”-ei edo mezuei, bai eta gainerakoak zoriondu ere urtebetetze, urteurren edo horrelako egun berezietan mezuak bidaliz.
  • Erabiltzaileek testuak eta iragazkiak parteka ditzakete LinkedIn bideo aurkezpenarekin.[20]
  • Erabiltzaileek "post"-ak eta artikuluak idatz ditzakete LinkedIn plataformaren barruan beren sareko partaideekin partekatzeko.

LinkedIn aplikazioak, askotan, LinkedInen Api garatzailearekin elkarreragiten duten hirugarren mailako aplikazioei egiten die erreferentzia. Hala ere, kasu batzuetan, erabiltzaile baten profil-orrian agertzen diren aplikazioetara jo dezake.

2015eko otsailaren 12an, LinkedInek erabilera-terminoak eguneratu zituen garatzaileen APIrako.[21] API garatzaileak LinkedInen datuekin elkarrekintzarako gaitasuna ematen die enpresei eta partikularrei. Aplikazioek berrikuspen prozesu bat igaro behar dute eta erabiltzaileari baimena eskatu behar diote honen datuak hartu aurretik.

API-aren erabilera normala LinkedInen garapen-dokumentuetan ageri da,[22] besteak beste:

  • LinkedIn erabiliz, kanpoko beste zerbitzuetan saioa hasi.
  • Erabiltzailearen profilari gauzak edo atributuak gehitu.
  • Gauzak edo artikuluak partekatu erabiltzaileen denbora lerrora.

2008ko urrian, LinkedInek aplikazio plataforma bat sortu zuen, non bertan kanpoko online zerbitzuak bazkide baten profilean txertatzeko aukera ematen duen. Hasierako aplikazioen artean, Amazon Reading List bat zegoen, LinkedIneko kideei irakurtzen ari diren liburuak erakusteko aukera ematen diena.

2010eko azaroan, LinkedInek enpresei, produktuak eta zerbitzuak zerrendatzeko baimena eman zien konpainien profileko orrietan; LinkedIneko kideei produktuak eta zerbitzuak gomendatzeko eta kritikak idazteko aukera ere eman zien.[23]

Webgunearen mugikorreko bertsio bat ere kaleratu zuten 2008ko otsailean, eta hau sei hizkuntzetan jarri zuten eskuragarri: txineraz, ingelesez, frantsesez, alemanez, japonieraz eta gaztelaniaz.[24]

2011ko urtarrilean, LinkedInek CardMunch erosi zuen, telefono txartelak eskaneatuz kontaktu bihurtzen dituen aplikazio mugikor bat. 2013ko ekainean, CardMunch LinkedInen aplikazio eskuragarri gisa jarri zen. 2013ko urrian, LinkedInek iPhoneko erabiltzaileentzako zerbitzu berri bat iragarri zuen, "Intro" izenekoa, honek, erabiltzailearen hatza bere LinkedIneko profilarekin lotzen du.[25]

LinkedInek gainera, interes taldeen eraketan laguntzen du, 2012ko martxoan honelako 1.248.019 talde zeuden, eta talde hauek 1 eta 744.662 arteko kide kopuruz osatuta zeuden.[26] Taldeak eztabaida-eremu mugatu baten alde daude, taldeko jabeek eta kudeatzaileek moderatua. Taldeak pribatuak izan daitezke, kideentzat bakarrik eskuragarriak edo Interneteko erabiltzaileentzat oro har irekiak, mezuak bidaltzeko taldera batu behar badira ere. Taldeak ikusleria zabal batera iristeko funtzionalitatea eskaintzen duen heinean, spamaren kontrako soluzioak ere eskaintzen ditu.[27] Hala ere, spam posta korronte etengabea dago, eta orain, hainbat enpresa daude xede horretarako zerbitzua eskaintzen duenak.

2011ko abenduan, LinkedInek iragarri zuen inkestak egiten ari zirela taldeei.[28] 2013ko azaroan, LinkedInek Showcase Pages plataforma gehitu zuen.[29] 2014an, iragarri zuen Product and Services Pages zerbitzua ezabatuko zuela Showcase Pagesen kontzentrazio handiagoa izateko.[30]

LinkedInek barneko ezagutza grafiko bat mantentzen du, arlo batean edo erakunde edo sare batean lan egiten duten guztiak (pertsonak, erakundeak, taldeak) konektatzen laguntzen duena. Hau pertsona bakoitzaren ingurunea arakatzeko erabil daiteke, zerikusia izan dezaketen eguneratzeak aurkitzeko.[31] Honek, era berean,  entrenamenduzko kasuak erabiltzen ditu machine learning bide entitate bati buruzko propietate berriak edo aplika dakiokeen informazio berria inferitzeko modeloak ikasteko.[32]


Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LinkedIn bereziki egokituta dago Sandra Longek dioenez, bere irudia eta balio paregabea "aktiboki kudeatzen" baititu erabiltzaileek beraien karrerako aukerak izateko. LinkedIn lan bilatzaileentzako plataforma bat izatetik sare sozial bat izatera pasa da, erabiltzaileei marka pertsonal bat sortzeko aukera ematen diena. Kontraste-txosten baten arabera, marka pertsonal bat "ikusmen publikoko pertsona bat da, LinkedIn, Twitter eta beste sare batzuetan erakusten dena, esperientzia erakusten duena eta konexio berriak sustatzen dituena".[33]

LinkedInek aukera ematen die profesionalei beren marka pertsonalerako erakusketa sortzeko, bai tokian bertan, bai World Wide Web osoan.[34]LinkedInek Profile Strength Meter tresnaren bidez, erabiltzaileak bere profilean informazio nahikoa eskaintzera animatzen ditu bilatzaileen ikusgarritasuna optimizatzeko. LinkedInen erabiltzaile baten presentzia indartu dezakezu, gunean talde profesionaletakoa bada. Guneak aukera ematen die erabiltzaileei hauen profilei bideoa eransteko.[35] Erabiltzaile batzuek argazkilari profesional bat kontratatzen dute hauen profil-argazkirako.[36] Bideo-aurkezpenak profilari gehi daitezke.[37] LinkedInen gaitasunak hain azkar hedatu dira, ezen kanpoko aholkularien artisau-industria bat hazi baita erabiltzaileei sisteman nabigatzen laguntzeko. Bereziki azpimarratzen da erabiltzaileei LinkedIn profilekin laguntzea.[38]

LinkedIn gehienbat lan bilatzaileek eta enpresaburuek erabiltzen dute. Jack Meyerren arabera, online konektatzeko "lehen mailako plataforma digitala" bihurtu da profesionalentzat.[39] Australiak 12 milioi langile profesional ditu, eta horietako 10 milioi LinkedIn plataforman daude. Mundu osoko zifretan oinarritutako estimazio baten arabera, 122 milioi erabiltzailek LinkedIn bidez lortu zituzten lan-elkarrizketak eta 35 milioi LinkedIneko konexio baten bidez kontratatuak izan dira.[40]

Horretaz gain, LinkedInek aukera ematen die erabiltzaileei lanean interesa izan dezaketen enpresak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta gobernuak ikertzeko. Bilaketa-koadroan enpresa edo erakunde baten izena idaztean, enpresa edo erakundeari buruzko datu berriak agertzen dira. Datu horien artean daude, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko langile-proportzioa, enpresan okupatzen diren titulu edo postu arruntenen ehunekoa, enpresaren egoitza eta bulegoak, eta gaur egungo eta lehengo langileen zerrenda.

LinkedInek bezeroekin konektatzen lagun diezaieke negozio txikiei. Hauetan bi erabiltzailek "lehen mailako konexioa" izan dezakete batek beste baten gonbidapena onartzen duenean. Hauetako bakoitzera lotutako pertsonak “bigarren mailako konexioa” osatzen dute eta hauetara lotutakoek “hirugarren mailako konexioa”. Honek erabiltzailearen barne sarea osatzen du, erabiltzailearen profila bilaketetan agertzea ahalbidetuz.

LinkedIn Top Companies, LinkedInek argitaratutako zerrenda-sorta bat da, eta Estatu Batuetan, Australian, Brasilen, Kanadan, Txinan, Frantzian, Alemanian, Indian, Japonian, Mexikon eta Erresuma Batuan lan egiteko hautagaien interes handiena erakartzen ari diren konpainiak identifikatzen ditu. 2019ko zerrendek Googleren enpresa nagusia, Alphabet, AEBetako enpresarik eskatuena moduan identifikatu zuten, Facebook bigarren postuan zuela eta Amazon hirugarrenean. Zerrendak, mundu osoko LinkedIneko kideen mila milioi ekintza baino gehiagotan oinarritzen dira.

Kritikak eta eztabaidak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LinkedInek kritikak jaso ditu, batez ere, helbide elektronikoen meatzaritzari eta autoeguneratzeari dagokienez. Kide baten izenaren azpiko deskribapena aldatzea lan-titulu baten aldaketatzat hartzen da, baita erredakzio-aldaketa edo "langabetu" bihurtzeko aldaketa hutsa bada ere. Kide batek "desaktibatu jardueren eguneraketak" aukeratzen ez badu, pertsona horren kontaktu guztiei eguneratze bat bidaltzen zaie, "lan berriarengatik" kideari zorionak emateko eskatuz.[41]

LinkedIneko kideei bestearen trebetasunak eta esperientzia "indartzeko" aukera ematen dien ezaugarria zentzugabetzat hartu da, euskarriak ez baitira nahitaez zehatzak edo kidearen trebetasunekin ohituta dauden pertsonek ematen dituztenak baitira.[42] 2016ko urrian, LinkedInek onartu zuen "benetan axola duela nork indartzen zaituen", eta kritikei aurre egiteko "lankideen eta elkarrekiko beste konexio batzuen" onespenak nabarmentzen hasi zen.[43]

Kideen posta elektronikoko kontuak erabiltzea spama bidaltzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LinkedInek bere kideen posta elektronikoko kontuetatik "gonbidapen mezuak" bidaltzen zituen Outlookeko kontaktuetara, hauen baimena lortu gabe. "Gonbidapena" mezu elektronikoaren titularrak bidaltzen zuela zirudien. Erantzunik ez bazegoen, hainbat aldiz errepikatzen zen erantzuna ("XYren gonbidapenari oraindik ez diozu erantzun"). LinkedIn auzitara eraman zuten Estatu Batuetan, posta elektronikoko kontuak bahitzeagatik spam-a bidaltzeko. Enpresak adierazpen askatasunerako eskubidea alegatu zuen. Gainera, kaltetutako erabiltzaileei sare bat eraikitzen lagunduko zitzaien.[44][45][46]

Erregistratzeko prozesuan, erabiltzaileek hauen posta elektronikoko pasahitza sartzea eskatzen da, eta hauek, hau baztertzeko aukera dute. LinkedInek, orduan, harremanetarako gonbidapenak bidaltzen dizkie helbide-liburu horretako kide guztiei edo erabiltzailearekin posta elektronikoko elkarrizketak izan dituen orori. Kidearen helbide elektronikoen liburua irekitzean, hautatutako helbide elektroniko guztiekin irekitzen da, eta gonbitak "hautatutako" helbide elektronikoetara edo helbide guztietara bidalia izango denaren abisua iritsiko zaio kideari. LinkedIn auzitara eraman zuten, kideen kontaktu bakoitzari beste bi jarraipen gonbidapen bidaltzeagatik hasierako gonbidapen baimendua irakurri ez zuten lagunekin lotzeko.

2014ko azaroan, LinkedInek demanda ezesteko mozio bat galdu zuen. Hutsegiteren batean, gonbitak adierazpen-askatasunaren eskubideek gehiegi babesten ez zuten iragarki bihurtu ziren.[47][48][49] Azkenean, eskaera LinkedIneko kideen alde ebatzi zen 2015erako.[50]

Segurtasuna eta teknologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko ekainean, Yevgeniy Nikulin-ek eta beste hacker batzuek, 6.4 milioi inguru LinkedInen erabiltzaile-pasahitzen hash kriptografikoa lapurtu zuten, ondoren, lapurtutako hashak linean argitaratzeko. Ekintza horri, LinkedIn 2012 hack deritzo. Gertakariari erantzunez, LinkedInek pasahitzak aldatzeko eskatu zien erabiltzaileei. Segurtasun-adituek LinkedIn kritikatu zuten, pasahitzen fitxategian kriptografiako gatza ez erabiltzeagatik eta SHA-1-en iterazio bakarra erabiltzeagatik.[51] 2013ko maiatzaren 31n, LinkedInek bi faktoreren kautotzea gehitu zuen, segurtasunaren hobekuntza nabarmena, hackerrak kontuetan sar ez daitezen.[52] 2016ko maiatzean, LinkedInen 117 milioi erabiltzaile-izen eta pasahitz eskaini ziren lineako salmentan, 2,200 dolarreko balioan.[53] Uste da kontuaren xehetasun horiek LinkedIn 2012ren hack originaletik datozela; izan ere, lapurtutako erabiltzaile-identifikatzaileen kopurua gutxietsi egin zen. Erabiltzaileei egunero bidaltzen zaizkien mezu elektronikoen kopuru handia kudeatzeko (mezuak, profil ikusketak, hauen sareko gertaera garrantzitsuak besteak beste), Message Systems-en Momentum posta elektronikoaren plataforma erabiltzen du LinkedInek.[54]

2014. urtean, Dell SecureWorks Counter Threat Unit (CTU) ohartu zen 2889-mehatxu-taldeak, Iranen oinarritutako taldeak, LinkedInen 25 kontu faltsu sortu zituela. Kontuak erabat garatutako pertsonak edo laguntzeko pertsonak ziren. Phising-a eta malwareak erabiltzen dituzte biktimen kontra.[55]

Le Figaroren txostenen arabera, Frantziako Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak eta Kanpo Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak uste dute espioi txinatarrek LinkedIn erabili dutela enpresetako eta gobernuetako milaka funtzionarioei informazioa lapurtzeko.[56]

2017an, Alemaniako Konstituzioa Babesteko Bulego Federalak (BfV) informazioa argitaratu zuen esanez Txinako inteligentzia-zerbitzuek sare sozial faltsuen profilak sortu zituztela LinkedIn bezalako lekuetan, eta politikariei eta gobernuko funtzionario alemanei buruzko informazioa biltzeko erabili zituztela.[57][58]

Mezu elektronikoak LinkedInen zerbitzarietara eramatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013aren amaieran, LinkedInen aplikazioak erabiltzaileen mezu elektronikoak atzeman zituela eta LinkedInen zerbitzarietara eraman zituela jakinarazi zen.[59]

Pribatutasun-politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stiftung Warentest alemaniarrak kritikatu du erabiltzaileen eta LinkedInen arteko eskubideen oreka neurrigabea dela, erabiltzaileen eskubideak gehiegi murrizten dituela eta enpresari eskubide handiak ematen dizkiola.[60] Halaber, esan da LinkedInek ez diela erantzuten kontsumitzailea babesteko zentroen eskaerei.[61]

2016ko azaroan, Errusiak bere herrialdean sarea blokeatzeko asmoa iragarri zuen, "atzerrian zerbitzari errusiarretan dauden erabiltzaileen datuak legez kanpo biltegiratzen baititu". Lege egokia indarrean zegoen 2014az geroztik.[62][63]

2018ko urraketa edo aurreko gertaeraren ondorio luzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko uztailean, Credit Wisek posta elektronikoaren eta LinkedInen "web iluna" pasahitzaren erakusketen berri eman zuen. Handik gutxira, erabiltzaileak estortsio-mezu elektronikoak jasotzen hasi ziren. Informazio hori erabiltzaileen kontaktuak hackeatu zirela frogatzen duen "ebidentzia" gisa erabili zuten, eta erabiltzaileekin bideo pornografikoak erakusteko mehatxua egin zuten. LinkedInek dio horrek zerikusia duela 2012ko bortxaketarekin; hala ere, ez dago kasu hori den ebidentziarik.[64]

Nazioarteko murrizketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an, Siriako erabiltzaileek jakinarazi zuten LinkedInen zerbitzariak Siriari esleitutako IP helbideetatik sortutako konexioak onartzeari utzi ziola.

Konpainiaren bezeroarentzako arreta-zerbitzuak adierazi zuen haiek emandako zerbitzuak AEBetako esportazioa eta berresportazioa kontrolatzeko lege eta araudien mende daudela, eta "horregatik, eta politika korporatibo gisa, ez dugu onartzen Kuba, Iran, Ipar Korea, Sudan edo Siriatik datozen kideen kontuak, ezta gure gunera sartzea ere".[65]

2011ko otsailean, Txinan LinkedIn blokeatzen ari zela jakinarazi zuten, "Jasmine Iraultza" batera deitu ondoren. Blokeatu egin zela uste zen, disidenteentzat Twitter-era sartzeko modu erraza zelako, Twitter lehenago blokeatu izan baitzen.[66] Egun batez blokeatuta egon ondoren, Txinan LinkedInerako sarbidea berrezarri zen.[67]

2014ko otsailean, LinkedInek "领英" (pinyin: Lǐngyīng; lit. «elite lider») izeneko txinatar hizkuntza sinplifikatuaren bertsioa kaleratu zuen, Txinan ofizialki zerbitzua luzatuz.[68] LinkedIneko zuzendari nagusiak, Jeff Weiner-ek, blog batean aitortu zuen erabiltzaileek beren webgunean Txinako arauak betetzeko argitaratzen duten edukiaren zati bat zentsuratu beharko zutela, baina esan zuen, halaber, Txinako pertsonei lineako zerbitzua eskaintzearen onurak kezka horiek baino handiagoak zirela. 2017. urteko udazkenetik, mendebaldeko herrialdeetako lanpostuak Txinarako ez dira posible.[69]

2016ko irailaren 23an, Moskuko auzitegi batek irizpena eman zuen LinkedIn Errusian blokeatua izan zedin, datuak atxikitzeko lege berri bat hausteagatik. Lege horren arabera, Errusiako herritarren erabiltzaile-datuak herrialdearen barruko zerbitzarietan gorde behar dira. Debeku hori 2016ko azaroaren 10ean berretsi zen, eta Errusiako Internet hornitzaile guztiak LinkedIn geroago blokeatzen hasi ziren. LinkedInen aplikazio mugikorra ere debekatu egin zuten Google Play Store-n eta iOS App Store-n, Errusian, 2017ko urtarrilean.[70][71] 2021eko uztailean Kazakhstanen ere blokeatu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Fundadores de LinkedIn | Centro de prensa de LinkedIn» web.archive.org 2011-06-20 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  2. (Ingelesez) Nast, Condé. (2015-10-05). «LinkedIn’s Plan for World Domination» The New Yorker (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  3. (Ingelesez) Facebook; Twitter; options, Show more sharing; Facebook; Twitter; LinkedIn; Email; URLCopied!, Copy Link et al.. (2008-06-18). «Professional networking site LinkedIn valued at $1 billion» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  4. (Ingelesez) «Stocks to Watch: Nuance Communications, LinkedIn, Merck and More» Wall Street Journal 2012-02-10 ISSN 0099-9660. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  5. (Ingelesez) Evangelista, Benny. (2014-04-23). «LinkedIn leases 26-story S.F. skyscraper» SFGATE (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  6. a b www.bizjournals.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  7. (Ingelesez) Online and On All Fronts: Russia’s Assault on Freedom of Expression. 2017-07-18 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  8. (Ingelesez) Greene, Jay. (2016-06-14). «Microsoft to Acquire LinkedIn for $26.2 Billion» Wall Street Journal ISSN 0099-9660. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  9. (Ingelesez) O'Brien, Ciara. «LinkedIn to add 200 jobs at its EMEA HQ in Dublin» The Irish Times (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  10. (Ingelesez) «Introducing the New LinkedIn Desktop» press.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  11. (Ingelesez) «LinkedIn Brings Its 'Open for Business' Feature to India» NDTV Gadgets 360 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  12. «Open for Business: LinkedIn launches ‘Open for Business’ feature globally for SMEs» The Economic Times (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  13. (Ingelesez) «LinkedIn Launches Events to Facilitate Professional Meet-Ups» Social Media Today (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  14. (Ingelesez) «LinkedIn Launches Its Own Events Feature» WeRSM - We are Social Media 2019-10-17 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  15. (Ingelesez) «LinkedIn CEO steps aside after 11 years, says time is right» The Seattle Times 2020-02-05 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  16. «Engadget is now a part of Verizon Media» consent.yahoo.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  17. (Ingelesez) «LinkedIn Data Breach - 500M Records Leaked and Being Sold» CyberNews 2021-04-06 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  18. (Ingelesez) «Exclusive: 700 Million LinkedIn Records Leaked June 2021 | Safety First» PrivacySharks 2021-06-27 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  19. (Ingelesez) Spiegel, Lynda. (2016-06-01). «How Job Hunters Should Use LinkedIn Second-Degree Connections» Wall Street Journal ISSN 0099-9660. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  20. (Ingelesez) «Introducing LinkedIn Video: Show Your Experience and Perspective» blog.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  21. (Ingelesez) «API Terms of Use» legal.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  22. (Ingelesez) «LinkedIn Developer Solutions» developer.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  23. (Ingelesez) «LinkedIn Adopts 'Recommend' Over 'Like'» ClickZ 2010-11-02 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  24. Txantiloi:NL «Social-networkingsite Linkedin introduceert mobiele versie» Tweakers (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  25. (Ingelesez) «LinkedIn Intro: Doing the Impossible on iOS [UPDATED 11/1»] engineering.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  26. (Ingelesez) «World's Largest LinkedIn Group Breaks The 700,000 Member Mark» www.newswire.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  27. «How to Avoid LinkedIn "SWAM" (Site Wide Automatic Moderation)» web.archive.org 2014-03-24 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  28. (Ingelesez) Wasserman, Todd. (2011-12-15). «LinkedIn Rolls Out Polling for Groups» Mashable (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  29. (Ingelesez) «Announcing LinkedIn Showcase Pages» blog.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  30. «Crash Course: LinkedIn Showcase Pages 101» web.archive.org 2014-10-16 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  31. (Ingelesez) «Building The LinkedIn Knowledge Graph» engineering.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  32. (Ingelesez) «Machine Learning in LinkedIn Knowledge Graph» www.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  33. (Ingelesez) Samuel, Alexandra. (2019-08-12). «A Social-Media Guide for Introverts» Wall Street Journal ISSN 0099-9660. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  34. «Using LinkedIn To Maximize Your Brand» www.qqtube.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  35. (Ingelesez) Bariso, Justin. (2019-07-31). «How to Use LinkedIn and LinkedIn Video to Expand Your Reach, Build Your Network, and Find the Right Customers for Your Business» Inc.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  36. (Ingelesez) Collamer, Nancy. «7 LinkedIn Tips To Build Your Personal Brand» Forbes (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  37. (Ingelesez) «5 tips to make LinkedIn work better» enterprisersproject.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  38. (Ingelesez) Moran, Gwen. (2018-07-20). «Give your LinkedIn profile a complete makeover in under an hour» Fast Company (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  39. (Ingelesez) Meyer, Jack. «15 Ways to Use Linkedin to Find a Job» TheStreet (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  40. «Yahoo ahora forma parte de Verizon Media» consent.yahoo.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  41. (Ingelesez) Avenue, Next. «How LinkedIn Is Thwarting Your Job Search» Forbes (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  42. (Ingelesez) Adams, Susan. «Everything You Need To Know About LinkedIn Endorsements» Forbes (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  43. (Ingelesez) Weinberger, Matt. «LinkedIn is making its endorsements feature a lot smarter to help people find jobs» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  44. (Ingelesez) «LinkedIn Argues It Has Free Speech Right To Email Users' Friends» www.mediapost.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  45. «Courthouse News Service» web.archive.org 2014-10-16 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  46. (Ingelesez) «LinkedIn Illegally Sold Your Professional Data, Lawsuit Claims» Mic (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  47. (Ingelesez) «LinkedIn to face lawsuit for spamming users' email address books» BetaNews 2014-06-15 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  48. (Ingelesez) Roberts, Jeff. (2013-09-21). «LinkedIn is “breaking into” user emails, spamming contacts – lawsuit» Gigaom (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  49. (Ingelesez) «Judge Rejects LinkedIn's Free-Speech Argument In Battle Over Email Invitations» www.mediapost.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  50. (Ingelesez) D'Onfro, Jillian. «LinkedIn might have to pay you money for spamming your email contacts» Business Insider (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  51. (Ingelesez) «UPDATE 2-LinkedIn suffers data breach» Reuters 2012-06-06 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  52. (Ingelesez) «LinkedIn Just Added Two-Factor Authentication, So Enable It Now» Lifehacker (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  53. (Ingelesez) Beck, Kellen. (2016-05-19). «LinkedIn resetting passwords after 117 million user credentials stolen» Mashable (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  54. (Ingelesez) «The biggest email provider you’ve never heard of» Fortune (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  55. (Ingelesez) Intelligence, Dell SecureWorks Counter Threat Unit Threat. «Suspected Hacker Group Creates Network of Fake LinkedIn Profiles» www.secureworks.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  56. (Ingelesez) Samuel, Henry. (2018-10-23). «Chinese spies fooled 'hundreds' of civil servants and executives, France reveals» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  57. (Ingelesez) «German intelligence unmasks alleged covert Chinese social media profiles» Reuters 2017-12-10 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  58. (Ingelesez) Grieshaber, Kirsten. (2017-12-10). «Germany’s intelligence head warns of increased cyberspying from China» The Globe and Mail (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  59. (Ingelesez) Perlroth, Nicole. (2013-10-24). «LinkedIn's New Mobile App Called 'a Dream for Attackers'» Bits Blog (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  60. «Golem.de: IT-News für Profis» www.golem.de (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  61. (Alemanez) Warentest, Stiftung. «Soziale Netzwerke - Datenschutz oft mangelhaft» www.test.de (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  62. (Alemanez) «Russland blockiert LinkedIn» Der Spiegel 2016-11-17 ISSN 2195-1349. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  63. (Alemanez) online, heise. «Russland blockiert Linkedin» heise online (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  64. (Italieraz) «LinkedIn è valutata come "Scarso" con 1,6 / 5 su Trustpilot» Trustpilot (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  65. (Ingelesez) «Syria: Linkedin Kicks Off Syrian Users!» Global Voices Advox 2009-04-18 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  66. (Ingelesez) «China blocks access to LinkedIn» www.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  67. (Ingelesez) «LinkedIn website working again in China» Reuters 2011-02-25 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  68. (Ingelesez) «LinkedIn jumpstarts China expansion with Chinese language site» Reuters 2014-02-25 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  69. (Alemanez) LinkedInsiders. (2017-11-10). «Keine Stellenanzeigen mehr für China auf LinkedIn» LinkedInsider Deutschland (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  70. (Ingelesez) Brandom, Russell. (2017-01-06). «Russia is erasing Linkedin from app stores» The Verge (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  71. (Ingelesez) Times, The Moscow. (2016-11-10). «Moscow Court Upholds Decision to Ban LinkedIn in Russia» The Moscow Times (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]