Mercedes Kareaga
Mercedes Kareaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Eibar, 1908ko abenduaren 15a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Eibar, 1997ko otsailaren 26a (88 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | ekintzailea |
Kidetza | Emakume Abertzale Batza |
Izengoitia(k) | Kareaga´tar Eskarne |
Mercedes Kareaga Gisasola (Eibar, Gipuzkoa, 1908ko abenduaren 15a - Eibar, Gipuzkoa, 1997ko otsailaren 26a) gizarte ekintzailea eta ongilea izan zen.
Emakume aurreratua eta kementsua izan zen, berdintasunaren eta pertsona behartsuak gizartean integratzearen alde lan egitera dedikatu zuena bere bizitza. Aurrera eramandako egitasmo ugariren artean, hiru nabarmendu daitezke: 1951n Goi Argi Sociedad Femenina Eibarresa sortu zuen, Espainian emakumeentzat sortutako lehen elkartea; 1964an Patronato eibarrés de beneficencia infantil y obras sociales deiturikoa eta, azkenik, 1973an ezgaitasun mentala zuten pertsonei lana emateko Cayetano Careaga tailer babestua, bere aitaren omenezko izena daramana.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mercedes Kareaga Eibarko Estaziño kalean jaio zen 1908ko abenduaren 15ean. Ama Emilia Gisasola zen (Organistaneko Emilia bezala ezagutua) eta aita Cayetano Kareaga, grabatzaile eta damaskinatzaile ospetsua. Hamalau urterekin Providentziako Mojen Aldatzeko ikastetxean -Madre Loyola zeritzon mojak zuzenduta- Magisteritza ikasketak hasi zituen, bukatuko ez zituen arren. 16 urteko neskatoa zela katekista bezala hasi zen, doktrina erakusten, 1936 urtera arte: hezitzaile eta gizarte ekintzaile bezala.[2] Aita tailerduna zen eta Mercedesek bertan egiten zuen lan, lantegiaren kontabilitateaz arduratuz.[3]
1936an, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, Eibar utzi behar izan zuen bere familiarekin, Bilbon lehendabizi eta Asturiasen ondoren babesa bilatuz. Militar matxinatuak iristerakoan, Mercedes itsasontzi batean Frantziara aldetzen ahalegindu zen, baina Almirante Cervera gurutzaontziak (El Chulo del Cantábrico ezizenetik ere ezagutua) ihesa moztu zion eta Eibarrera itzuli behar izan zuen. Bere herrian, zigor modura, eskolak garbitzera behartu zuten.[3]
Gerra ostean buru belarri ekingo zion gizarte lanetan, Eibarko emakumeen formazioa helburu. 1943an andre gazteei ezkontzarako hitzaldiak ematen topatzen dugu eta Acción Católica taldekoei: 9 parte-hartzailerekin hasitako hitzaldi zikloak, bigarren urterako 60 kide zituen. Mercedes 12 urtez egon zen borondatezko lan hori egiten. Antzerkiak ekarriko zituen, txangoak antolatu, behar izana zutenentzat janaria bildu eta banatu…[3]
Goi Argi elkartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu espainiarreko emakumeen lehen elkartea izango zena, Mercedesen eta ondoan zuen laguntzaile talde fidelaren ekimenez sortu zen 1951eko martxoaren 19an, emakumeen formazioa eta aisialdirako gune bat izateko xedearekin.[4][5] Gizonezkoak ezin ziren bertara sartu, eta horrek nolabait errezeloa sortu zuen agintarien artean, Gipuzkoako Gobernu Zibiletik elkartearen irekiera oztopatuz. Donostiako gotzainarengana jo zuten Goi Argikoek, eta honen zein Eibarko alkatearen esku hartzea ezinbesteko izan ziren debekuak bertan behera geratzeko. Euskarazko izena baina onartu ez eta Sociedad Femenina Eibarresa deituko zuen 24 urtez, 1975an jatorrizko Goi Argi berreskuratu zuen arte.[6][7]
Orduko Dos de Mayo eta gerora Toribio Etxebarria izango zen kalean, 19. pegoran, lehen solairu osoa erosi zen elkartearen egoitza kokatzeko, hein handi batean herritarren artean zabaldutako 250 pezetako partaidetzei esker.[7][4]
Sukaldaritza, joskintza, osasuna… bazkideen interesen harirako hitzaldiak emango ziren bertan. Denborarekin herrian talde kulturalak sortzen joan eta berbaldiok hauen esku geratzen joan ziren heinean, Mercedes gizarte ekintzekin zentratu zen: tonbolak, diru-bilketak, lore-salmentak… Ekimenokin ateratako diru-etekinak elkartasuneko norabidea izan zuten beti.[3][8][7][4]
Patronato eibarrés
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1962an Eibarren poliomilitisez gaixotutako kasu ugari eman ziren. Errehabilitazio-gune bat sortzeko premia ikusi eta 1964an Patronato eibarrés de beneficiencia infantil y obras sociales deiturikoa eratu zen, Mercedes Kareaga tarteko zelarik. Urteen poderioz, dibertsifikatzen joan zen Patronatoak eskainitako laguntza ildoa: ume atzeratu eta gormutuentzat eskolak, premia bereziko pertsonentzat tailerrak, Legarreko ospitalea berrizteko “Operación Ladrillo” deituriko ekimen arrakastatsua, haurtzaindegia, tramiteak burutzeko alargun eta jubilatuei zuzendutako aholkularitza.[3][9]
Cayetano Kareaga tailerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mercedesek urritasun maila desberdinak zituzten pertsonenganako sentsibilitate handia zuen, euren mugak kontutan hartzen zekien eta dohainak balioan jartzen ahalegintzen zen beti, hezi eta gizartean integratzeko aukera eskaintzea helburu. Eibarko Estaziño kalean, aurretik aitaren tailerra egondako leku berean 1973an babestuko tailer hauek zabaldu ziren, esan bezala premia bereziko pertsonei lan-aukera eskaintzeko asmoz. Harrera oso ona izan zuen Mercedesen gertuko lan taldean tailerrez tailer gazteontzako behar eske joan zirenean eta herriko hainbat lantegitarako piezak egingo zituzten bertan.1991n Gureak taldearen barruan sartu zen Eibarko tailerra.[3][7]
Mercedes Kareaga Gisasola, Eibarko Pagei kaleko bere etxean hil zen 88 urteko zela.
Hizlari ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EAJ-PNV ren Eibarko batzarra sortzen parte hartu zuen eta Emakume Abertzale Batzako (EAB) militantea izan zen. 1931an egin zuen bere lehen agerpena hizlari gisa eta handik aurrera herri ugaritan aritu zen: besteak beste, Eibarren bertan, Deba, Donostia, Zumaia, Zarautz, Mutriku, Gasteiz, Amurrio, Durango, Gernika, Bakio, Arrigorriaga, Leitza, Lekunberri, Zangoza... [3] Mitinak partekatu zituen, esaterako Polixene Trabudua, Julene Urzelai, Elbira Zipitria, Pilar Landaburu, Arantzazu Barrena, Jose Antonio Agirre edota Telesforo Monzónekin. Orduko prentsan kazetaritza artikuluak idatzi zituen Karega´tar Eskarne izengoitia erabiliz, besteak beste Argia, Euzkadi eta El Día kazetetan.[11] 1933an politika utzi zuen, arrazoi ezezagunak tarteko; urte horretatik aurrera ez da agertzen bere aipamenik EABko ezta EAJko ekitaldeetan.[3]
Aitortzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1974ko San Andres egunez, Grabatzaile saria jaso zuen, herritarren alde egindako lanaren aitortza gisa, Eibarko Udalak eta herriko elkarteen hainbat ordezkarik aho betez izendatu ostean.
- 2018an, Eibarko emakumeen aztarnak izeneko erakusketa kolektiborako Leire Kareaga artista eibartarrak bera izan zuen, Tere Gantxegi taldekidearekin batera, inspirazio iturri.[12]
- 2022an Eibarko Udalak bere izena daraman beka abiatu zuen, emakumeek Eibarko historiari egindako ekarpena bistaratzeko helburuarekin.[13][14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Mercedes Kareaga Gisasola — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ Andretxea. (Noiz kontsultatua: 2017-10-06).
- ↑ a b c d e f g h Ibarra, Ane Miren /, Irazu, Eluska. (2005). Mercedes Kareaga. ... eta kitto! Euskara Elkartea, 79-86 or. ISBN 84-609-9869-X..
- ↑ a b c ««Cuando ayudas y alegras a la gente yo me siento muy feliz»» El Diario Vasco 2010-11-07 (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ «Mercedes Kareaga eta Tere Gantxegi — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
- ↑ «Martxoaren 8an, Goi Argi emakumeen elkarte eibartarraren fundatzaileak gogoan» Eibarko Udala - Ayuntamiento de Eibar (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ a b c d «Carmen Apellaniz Aizpitarte — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
- ↑ «Goi-Argi, un foco de importantes iniciativas sociales y de solidaridad con los necesitados» El Diario Vasco 2020-03-15 (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ «Surgió después de un brote de poliomielitis» El Correo 2012-02-07 (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ EibarOrg. «Eibarko Errehabilitazio Patronatua itxi egingo dute» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
- ↑ AZPIRI, Begoña.-Mercedes Careaga Guisasola (1908-1997). Euskophil 2008: VII Campeonato Filatélico De Euskalherria = Euskal Herriko VII. Filatelia Txapelketa. argitalpenean jasoa. orr. 5-18
- ↑ Eibarko emakumeen aztarnak – Leire Kareaga | Artista Eibartarra. (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
- ↑ «I. Merzedes Kareaga Beka: Eibarko herriarentzat interes berezia duten ikerketa historikoko proiektuak xede.» Egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
- ↑ «Mercedes Kareaga Bekak sortu dira emakumeen ekarpena aitortzeko eta justizia egiteko» etakitto.eus 2021-02-03 (Noiz kontsultatua: 2022-04-30).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia, Karmele Perez Urraza, Josu Chueca: "EMAKUMEAK Hitza eta Bizitza". Euskal Herriko Unibertsitatea, 2012. 238.or.