Edukira joan

Jean-Jacques Rousseau

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Jean-Jacques Rousseau

Bizitza
JaiotzaGeneva1712ko ekainaren 28a
HerrialdeaGenevako Errepublika
BizilekuaTurin
Staffordshire
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaErmenonville1778ko uztailaren 2a (66 urte)
Hobiratze lekuaJean-Jacques Rousseauren zenotafioa
Parisko Panteoia
île des Peupliers 
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-biriketako geldialdia
Familia
AitaIsaac Rousseau
Ezkontidea(k)Thérèse Levasseur (en) Itzuli  (1768ko abuztuaren 30a -  1778ko uztailaren 2a)
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, classical composer (en) Itzuli, musikologoa, eleberrigilea, autobiografialaria, pedagogoa, naturalista, antzerkigilea, entziklopedista, gutun idazlea, politologoa, saiakeragilea, musika-kritikaria eta botanikaria
Lan nabarmenak
MugimenduaEnlightenment philosophy (en) Itzuli
musika barrokoa
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaProtestantismoa
katolizismoa
Protestantismoa

IMDB: nm0003707 iTunes: 277613624 Musicbrainz: 4a7f3a02-b1ba-4e26-8e30-f580ece1150c Discogs: 1097374 IMSLP: Category:Rousseau,_Jean-Jacques Find a Grave: 1520 Edit the value on Wikidata
Artikulu hau filosofoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Rousseau (argipena)».

Jean-Jacques Rousseau (Geneva, 1712ko ekainaren 28a - Ermenonville, 1778ko uztailaren 2a) suitzar idazle, musikagile eta filosofoa izan zen, frantsesez idazten zuena. Ilustrazioko pentsalari nagusietako bat izan zen. Lanik ezagunenak Gizarte-Hitzarmena, Aitorpenak eta Emilio, edo Hezkuntzaren gainean ditu.

Jean-Jacques Rousseau oso filosofo berezia izan zen bere garaian, haizearen kontra joan zena eta maiz kritikatua bere ideiengatik. Ilustrazio garaiko baikortasun eta aurrerabide giroan, gizartea, aurrerapena, arteak eta zientziak kritikatu, eta mespretxatu zituen arrazoian oinarritua, haiek gizakiaren ustelkeria eta gaitz guztien iturria zirela ondorioztatuz[1]. Hori zela-eta, Erromantizismoaren aitzindaritzat hartzen da, arrazoiaren aurrean sentimenduen garrantzia azpimarratzen duen korrontearena. Pedagogian lan handia egin bazuen ere, ekarpen garrantzitsuenak politika arloan egin zituen, eta haren ideiek eragin handia izan zuten Frantziako Iraultzan.

Jean-Jacques Rousseau bere aitari irakurtzen, Maurice Leloiren marrazkia, 1889

Rousseau Genevan jaio zen 1712ko ekainaren 28an, frantziar jatorriko[2] familia kalbinista batean. Ama galdu zuen jaio eta berehala, eta anaia bakarra oso gazterik joan zen etxetik. Beraz, Rousseauren heziketa aitaren gain gelditu zen; haren izaera fantasiatsuaren eraginez, Antzinako Grezia eta Erromako literatura irakurri zuen haurtzaroan, hala nola Plutarcoren Vitae parallelae[3]. Hamabi urterekin, lanean hasi behar izan zuen, aitak alde egin baitzuen justiziatik ihesi. Bera ere Suitzatik joan zen, eta Annecyn hartu zuen bizilekua, Françoise-Louise de Warensen gerizpean. Haren bitartez, 1728an, Turinera joan, eta katoliko bihurtu zen[4]. 1731-1740 bitartean, Madame de Warensek Chambéryn zeukan etxean bizi izan zen. Urte horietan, filosofia, kimika, matematikak, musika eta latina ikasi zituen, Warens andrearen maitale izateaz gain.

1742an, Parisa joan zen ospe eta diru bila, baina ez zuen arrakastarik izan, musika alorrean saiatu zen arren. Han, Diderot eta beste filosofo batzuk ezagutu zituen, eta hiriko literatura giroetan sartzen ahalegindu zen. 1743an, Veneziara joan zen Frantziako enbaxadorearen idazkari, eta urtebete eman zuen hiri hartan. Parisa itzulirik, opera bat estreinatu zuen, Les Muses galantes (1743, Musa adeitsuak), Jean-Philippe Rameauk, garai hartako musikari ospetsuenetako batek, gogor kritikatu zuena. Horrek zaputz handia egin zion, uste baitzuen Rameauk lagundu egingo ziola. Nolanahi ere, ordurako sona handia zuen musikaren alorrean, eta Encyclopédie-ko argitaratzaileek musikari buruzko artikulu batzuk eskatu zizkioten, gerora egin zuen Musika Hiztegiaren oinarri izan zirenak.

Discours sur les sciences et les arts-en lehen argitalpena

1745 hasieran, Thérèse Levasseur lixibagilearekin lotu zen; bost seme-alaba izan zituen harekin, eta, Thérèseri bizitza guztian mantenua eman zion arren, umezurtzen erruki etxera bidali zituen bost haurrak, garai hartan askok egiten zuten moduan. Filosofoek eraso gogorrak egin zizkioten horregatik, eta, hari ere, atsekabe handiak sortu omen zizkion horrek aurrerantzean.

1750ean, ospe nabarmena erdietsi zuen Parisko ingurune sozial eta literarioan Dijongo Akademiak lan bat saritu ziolako: Discours sur les sciences et les arts (Zientziei eta arteari buruzko hitzaldia), zientzien eta arteen indarberritzeak ohiturak garbitzen lagundu ote zuen galderari erantzuten ziona. Bestalde, musika idazten jarraitu zuen, eta arrakasta handia lortu zuen 1752an Le Devin du village (Herriko aztia) operarekin. Italiar musikaren nagusitasuna aldarrikatu zuen beti Rameau eta beste zenbait frantses musikarien aurrean. Lettre sur la musique francaise (1753, Frantses musikari buruzko gutuna) obran azaldu zituen musikari buruz zituen ideiak. Inoiz ez zuen baliatu nahi izan musikako lan haiek eman zioten ospea.

Louise d'Épinay, Rousseauri Montmorencyko basoko Ermitage etxea utzi ziona.

1754an, Genevara joan zen, eta berriz besarkatu zuen kalbinismoa. Frantziara itzulirik, entziklopedistengandik aldentzen hasi zen, eta, 1755ean, Discours sur l’origine et les fondements de l’inégalité parmi les hommes (Gizakien arteko desberdintasunaren jatorriari buruzko gogoeta) liburua idatzi zuen; giza izaerari hondatzailetzat eta gizakien arteko desberdintasunen sorburutzat jo zituen liburu hartan historia eta zibilizazioa, eta, horrenbestez, kritika biziak eragin zituen entziklopedisten artean, aurrerabidearen eta arrazoiaren etsaitzat hartu baitzuten Rousseau. Parisen onik ez zuela, Montmorency aldera joan zen 1756an, Thérèse Levasseur eta beraren amarekin, eta Louise d'Épinayk utzi zion etxe batean kokatu zen. Baina, hurrengo urtean, alde egin behar izan zuen handik d'Houdetot kondesarekin, Jean-François de Saint-Lamberten maitalearekin, maitasun harreman bat izan zuelako[3].

1761ean, Julie ou La Nouvelle Héloïse (Julie edo Heloïse berria) gutun eleberria idatzi zuen izadiaren araberako bizimoduaren alde, eta, 1762an, argitaratu zituen bere bi obra nagusiak: Émile, edo Hezkuntzaren gainean eleberri pedagogikoa eta Du Contrat social (Gizarte hitzarmena) politika saiakera. Elkarren osagarri aurkeztu zituen bi obra horiek. L´émile obran, kulturak gizakiaren berezko ontasuna hondatu duela azpimarratu zuen, erlijio eta heziketa molde naturaletara jo behar dela. Entziklopedistek atzerakoitzat salatu zuten bere ikuspegi idiliko horiengatik. Hala ere, aurrerabidea ezinbestekoa dela ohartua, gizartea berritu beharra aldarrikatu zuen Du Contrat social liburuan, eta gobernua hiritarren borondatearen araberako hitzarmen batez eratu behar dela aldarrikatu zuen, monarkia hitzarmen horretatik kanpo ezarri zuelarik. Frantziako gobernuak berehala kondenatu zituen bi liburu haiek, eta Suitzan hartu zuen aterpe. Bernara joan zen lehenik, baina, agintariek handik ere bota zutenez, Neuchatelera aldatu zen, Prusiako erregearen mendean baitzegoen. Han erantzun gogorrak idatzi zizkien bere aurkariei: Lettre a Monsieur de Beaumont (Gutuna Beaumont jaunari) Parisko apezpikuak egin zizkion salaketei erantzunez, eta Lettres ecrites de la montagne (Menditik idatzitako gutunak), Genevan zituen aurkariei eginiko ihardespena.

Rousseauren azken hitzak, Jean-Michel Moreauren irarlana, 1783

1766an, Britainia Handira joan zen David Hume filosofo ingelesak deiturik, baina, geroago, liskarrak izan zituen horrekin ere. Ordurako, filosofoek eraso gogorrak eginak zizkioten, Voltairek bereziki, Le Sentiment des citoyens (Hiritarren sentimendua) idazlanean. 1768an, Frantziara itzuli zen; hara-hona ibili zen alderrai, eta izena ere aldatu zuen; Lyonen eta Grenoblen bizi izan zen, eta, 1770ean, Parisen hartu zuen berriz bizilekua. Aldi hartan, Dictionnaire de la musique (1767, Musika hiztegia) argitaratu zuen, eta Pygmalion antzezlan lirikoa edo melodrama arrakasta handiz antzeztu zen. Behartasunean eman zituen azken urteak, partiturak kopiatzen eta bere azken idazlanak ontzen, Reveries du promeneur solitaire (Ibiltari bakartiaren lilurazko ametsak), besteak beste. 1778ko uztailaren 2an hil zen, Ermenonvillen, Paristik hurbil; egun batzuk lehentxeago, maiatzaren 30ean, hila zen Voltaire, haren etsai handia.

Rousseauren lan batzuk, biografia kutsua zutenak batez ere, hura hil ondoren argitaratu ziren. Hala, Dialogues ou Rousseau juge de Jean-Jacques (Elkarrizketak edo Rousseau Jean-Jacquesen epaile) 1780 eta 1782 bitartean eman ziren argitara, eta Les Confessions (Aitorkizunak) bi liburukitan argitaratu ziren, 1782an eta 1789an. 1789ko Iraultzak erabateko goraipamena eta laudorioa ekarri zion; haren errautsak Panteoira eramateko antolatu zen segizioak jendetza ikaragarria bildu zuen.

Idazlan nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientziei eta arteari buruzko hitzaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Discours sur les sciences et les arts izan zen Rousseauri ospea eman zion lehen idazlana. Dijoneko Akademiak galdera hau planteatu zuen: Zientzien eta arteen indarberritzeak morala garbitzen lagundu ote du? Ezezko enfatikoa izan zen Rousseauren erantzuna. Hitzaldiak bi zati nagusi ditu. Lehenengoa azterketa historikoa da, azaltzeko, historian zehar, zientziak eta arteak loratu diren garaietan, nola bertutea eta morala gainbehera etorri diren. Besteak beste, Antzinako Egipto, Antzinako Grezia (Atenas eta Esparta) eta Txinako adibideak erabiltzen ditu. Bigarren zatia arte eta zientzien azterketa da, dakartzaten arriskuak agertuz. Haren arabera, gizakiaren bizioak dira arte eta zientzien sorburua[3]:

« Astronomia sineskeriatik jaio zen; elokuentzia handinahikeria, gorroto, leunkeria eta faltsukeriatik; geometria zikoiztasunetik, fisika jakin-min hutsaletik; dena, filosofia morala barne, giza harrokeriatik. »

Arteak ere erasotuak dira bigarren zati horretan. Rousseauk dioenez, laudorioak jasotzea da artisten lehenbiziko nahia, beren lana besteena baino hobetzat hartua izan dadin. Eta gizartea gaitasun espezializatuak balioesten hasten denean, adorea, eskuzabaltasuna eta neurritasuna gisako bertuteak gutxiesten ditu. Horrek beste arrisku bat dakarkio gizarteari: bertute militarraren gainbehera. Hala ere, eraso guzti hauen ondoren, hitzaldiaren amaieran goraipatzen dira ustelkeria saihestea lortu zuten pentsalari zentzudun batzuk, Bacon, Descartes eta Newton barne[3].

Gizakien ezberdintasunaren funtsa eta jatorriari buruzko hitzaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hona naturaren araua. Zertaz egiten diozu aurka?, Jean-Michel Moreauk Gizarte hitzarmenarako egindako irudia, 1777

Gizakia naturatik urruntzea, hainbat ilustratuk aurrerapentzat hartutakoa, gainbehera gisa aurkeztu zuen Discours sur l’origine et les fondements de l’inégalité parmi les hommes lanean. Horrezaz gainera, legeak boteretsuak defendatzeko egiten zirela erantsi zuen, eta gizarteko desberdintasunak, horren ondorio zirela. Jabetza pribatua kritikatu zuen gizartea bi talde handitan banatzen dituelako: jabeak –hau da, boterea eta dirua dutenak– eta jabeak ez direnak –aurrekoen esklaboak eta txirotasun larrian bizi direnak–. Azkenik, egoera hori konpontzeko, gizakiak naturara itzultzeko beharra duela aldarrikatu zuen[5]

Julie edo Heloïse berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte txiki baten bizitza ideala irudikatu zuen Rousseauk Julie ou La Nouvelle Héloïse liburuan, nobela baten tankera emanez. Familia baten antolamendua moldatu zuen –gurasoak, seme-alabak, morroi-neskameak, gainerako senideak, adiskideak– naturaren irakasbideen arabera bizi zena, baina natura hura ez zen basa, kulturak eta arrazoiak ernaldua baizik. Itxurakeria, hipokrisia, harrokeria, bekaizkeria eta azpikeria ezin onartuzkoak ziren giro hartan, gardentasunaren, kidetasunaren, xalotasunaren eta garbitasunaren mesedetan.

Harrigarri hura nola zen posible? Zein printzipiotan zegoen oinarritua elkarkidetasunezko gizarte hura? Eliseo Zelaiak, Greziako eta Erromako mitologian heroi eta bertutetsuen arimak hil ondoren biltzen diren lekua zen harmonia haren sinboloa. Hortaz, sinbolo horri jarraiturik, grinak, bihozkadak, orekatuak behar dute, arrazoiaren bidez araztuak. Hala bada, La Nouvelle Héloïse-k bi maitaleren bilakaera morala kontatzen du: Juliek eta Saint-Preux-ek beren grina sutsuari uko egin behar diote arrazoi moralengatik; oinaze ezin handiagotan egonagatik, beren maitasun grinari nagusituko zaizkio azkenik. Zentzumenen dei suharra menderaturik, beren kontzientziekin bakean baina beren maitasun grinari leial, elkarrekin biziko dira Julieren senarraren babespean. Bertutea eta zoriona elkar harturik daude alderdi askotako nobela horretan. Bertutea eta zoriona orobat dira familiartearen eta haurren heziketaren ardatz nagusiak. Eta gizarte txiki horretako bizitza ordenatua eta zoriontsua hiri handietako bizitza gaiztakeriaz, esklabotasunez eta zorigaitzez beteari kontrajartzen zaio.

Émile, edo Hezkuntzaren gainean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Émile, ou De l'éducation liburuan, haren pentsamenduak ikuspegi pedagogikoa hartu, eta hezkuntza eredu berria proposatu zuen. Haren arabera, umea gizarteratzean jasaten duen ontasun- eta inozentzia-galtzearen prozesua aztertu egin behar zen, hori saihesteko eta umeari gizakien prozesu naturalak jarraitzen uzteko, norberarekiko eta besteenganako maitasunean oinarritutako heziketa eskainiz.

Gizarte hitzarmena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indarra ez da zuzenbidea, Gizarte hitzarmenako irudia, 1801

Zuzenbide politikoa sortzea izan zen Rousseauren anbizio nagusia; beraz, ez zuen zuzenbidea zer zen deskribatu nahi; aitzitik, zuzenbideak zer izan behar zuen bilatu nahi zuen, edo, bestela esanda, gizarte eta aginpide zilegi baten oinarriak jartzea erabaki zuen. Gizabanako bakoitzari, segurtasuna –gizabanakoaren bizitzako zoriona segurtasuna zen Rousseaurentzat gizarte bizitzan– ziurtatuko zion elkartze mota bat bilatu nahi zuen, aldi berean gizabanakoaren askatasuna ere ziurtatuko zuena.

Thomas Hobbes eta John Lockeren filosofiaren kezka nagusiak bildu zituen hala. Rousseauk berezko pribilegioen edo indartsuenaren legean oinarritutako aginpide oro ukatzen zuen. Harentzat, aginte zilegiak giza taldeen arteko hitzarmenetik sortua behar zuen; elkartasunezko hitzarmena zen beraz, eta ez mendetasunezkoa. Herria ez da bakarrik burujabetzaren sorburua; burujabetzaren erabiltzaile eta egile da. Gizabanako oro hiritarra da baita ere, eta, eskubide orori, betebehar bat dagokio: «norberak bere burua eta bere ahal guztia guztien borondatearen gidaritza gailenaren pean jarri beharra dauka».

Rousseauren ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaiko entziklopedistetatik urrundu eta Eliza katolikoarekin liskartu zenez, bere doktrina polemikoengatik, bere literatur estiloa aldatu egin zuen. Bere lan autobiografiko ek Europako literaturan funtsezko aldaketa eragin zuten, hainbesteraino, non autore erromantizismoaurreko edo Erromantizismoaren aitzindaritzat hartzen baita. Bere garaian eragin handiena izan zuten lanak Julie ou la Nouvelle Héloïse (Julia, edo Eloisa Berria) (1761) eta Émile, ou De l'éducation (Emilio, edo Hezkuntzaren gainean) (1762) izan ziren, familiari buruzko ideiak eraldatu baitzituzten[6].

Beste lan oso garrantzitsu batzuk dira: Gizarte kontratua eta Discours sur l’origine et les fondements de l’inégalité parmi les hommes (Gizakien ezberdintasunaren funtsa eta jatorriari buruzko hitzaldia).

Ideia politiko eta sozialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gizarte kontratua»
Gizarte kontratua frantsesezko jatorrizko argitalpenaren lehen orrialdea.

Rousseauk Ilustrazio garaiko lan garrantzitsuenetako bat egin zuen[7];​ Gizarte-kontratua liburuaren bidez, politika berri bat sorrarazi zuen[8].​ Politika berri hori oinarrituta dago «volonté générale» (borondate orokorra) delakoan eta herrian, burujabetzaren gordetzaile gisa. Legezko gobernu modu bakarra estatu errepublikanoa izango dela adierazten du, non herri guztiak legeak egiten dituen; gobernu-era edozein dela ere, dela monarkia ba edo aristokrazia bat, ez dio estatuaren legitimitateari eragin behar[9].​ Rousseauk garrantzi handia ematen dio estatuaren tamainari, zeren eta, behin estatuaren biztanleria hazten denean, gizabanako bakoitzaren borondatea gutxiago ordezkatuta baitago borondate orokorrean; beraz, zenbat eta handiagoa izan estatua, orduan eta eraginkorragoa izan behar du haren gobernua borondate orokor hori ez saihesteko[10].

Azterketa politiko eta sozialetan, Rousseauk boterea herriaren gain erortzen den eskema sozial bat garatu zuen argudiatu autoritatea izango den lider bakar baten beharrik gabe multzo gisa bizi eta bizirautea posible dela. Askatasun naturalean oinarritzen den proposamena da, zeinarekin, Rousseauk azaltzen duenez, gizakia jaio baita. Gizarte kontratuan, Rousseauk argudiatzen du gizartea gobernatzen duen boterea herritar guztien onerako begiratzen duen borondate orokorra dela[11].​ Botere horrek baldintza baten pean baino ez du indarrik hartzen, gizarte bateko kide bakoitza elkartasunez elkartzen denean; Rousseauk azaltzen duenez: «Gutako bakoitzak bere pertsona eta botere osoa batera jartzen ditu borondate orokorraren zuzendaritza gorenaren pean, eta kide bakoitza osotasunaren zati banaezintzat hartzen da»[12]. Azkenik, Rousseauk planteatzen du herritarrek beren gain hartutako batasunak «gai izan behar duela –guztien indar osoarekin– batasuneko pertsona bakoitza eta haren ondasunak defendatzeko eta babesteko, baina horietako bakoitzak, guztiekin batera, bere buruari bakarrik obedituz eta lehen bezain aske geratuz»[12].

Rousseauren obrak argudiatzen du gizakien elkarketa hori ez dela gauza naturala[13].​ Gizakia aske den egoera naturaletik ateratzen da zerbait artifiziala sortzeak bizirauteko beharra dakarkiolako, gizakia ez baita, berez, lagunkoia, eta ez zen beste batzuekin elkartuta egoteko jaio. Borondatezkoa da batzuk besteekin elkartzea eta lotura hori moraltasunaren eta arrazionaltasunaren garapenarekin oinarritzea naturak ezarri dizkion beharrak asetzeko. Morala eta arrazoia agerikoak dira gizartean, gizarte-ordena bat sortzeko gai den arau-eredu bat ezartzen baitu, batzuek besteen gainean duten nagusitasuna saihesteko eta gizarteko kide guztien ordezkaritza parte-hartzailea lortzeko[14].

Gizarte kontratuaren bidez, Rousseauk demokraziari bidea irekitzen dio, non kide guztiek aitortzen baitute arrazoiaren autoritatea lege komun baten bidez gorputz politiko berean elkartzeko, bada, obeditzen duten legea beren baitatik sortzen baita[15]. Gizarte honek Errepublika izena hartzen du, eta herritar bakoitza guztiekin ados bizi da. Gizarte horretan, beharrezkoak dira arrazoimenaren eta borondate orokorraren hausnarketaren bidez sortutako jokabide-arauak, bizitza zibilean gizakiak gobernatuko dituzten legeak garatzeaz arduratzen direnak[15].​ Rousseauren arabera, herria da, borondate orokorraren bidez berretsiz, elkartze zibila baldintzatzen duten legeak ezartzeko kalifikatu bakarra[16].​ Rousseauren lanaren arabera, gobernu legitimo oro errepublikanoa da; hau da, errepublika batek helburutzat du interes publikoa eta borondate orokorra duen gobernua izatea. Horregatik, Rousseauk ez du baztertzen monarkia gobernu demokratikotzat erabiltzea, bada, borondate orokorrari atxikitakoek, zenbait egoeratan, gobernu monarkiko edo aristokratiko bat ezartzea komeni bazaie, orduan, horixe da guztien ongia[15].

Bere eredu politikoan, Rousseauk, burujabetza funtzioa, herriari egozten dio. Termino horri ez dio klase edo nazio bakar bat izendatzen duen ezaugarririk esleitzen, baizik eta estatu bat osatu eta borondate orokorraren adierazpena diren lege berberen pean bizi nahi dutenen komunitate baten irudikapena. Herriak, subirano gisa, deliberazio publikoa burutu behar du, elkarturiko hiritar guztiak berdintasunean jarriko dituena, non gorputzak ezin duen erabaki bakoitzaren interes legitimoen kontra doan ezer. Rousseauren errepublikako legeak gizarte-ordenaren arabera garatuta daude, itun sozialaren izaeraren bidez ezarriak eta ez gizabanako bakar baten giza konbentzioen bidez. Legeek giza arrazionaltasunaren eta moraltasunaren eskakizunak arau bihurtzen dituzten konbentzioetan oinarritu behar dute, eta, aldi berean, ez diote justiziaren idealari erasotzen, kide guztiek elkar errespeta dezaten agintzen baitu[15]. Rousseauk ezartzen du batasunaren arauak deliberazio publikoaren emaitza izan behar dutela, bertan baitago subiranotasunaren jatorria. Deliberaziotik sorturiko legeak ez dira bidezkoak izango eta subiranotasuna ez da zilegi izango deliberazioak interes komuna errespetatzen ez badu eta hiritarrek arauak guztientzat berdinak izateko baldintzak onartzen ez badituzte[15].​ Lege horiek ez dute gobernatzeko era berezirik ezartzen; baizik eta administrazioaren arau orokorrak finkatzen dituzte, eta konstituzioa definitzen dute, zeinaren arabera herriak jokatu behar duen; izan ere, nahimen orokorraren adierazpen gorena dira.

Rousseauk Gizarte kontratuan planteatutako ideal politikoa autonomia arrazionalean oinarritzen da. Hori lege komunaren erreinua suposatzen duen asoziazioa da, non kide bakoitzak, gizarte-itunera batzean, bere burua obeditzen duen legeak borondate orokorrean oinarritzen direlako eta hiritar bakoitza legegile den arauak sortzeko deliberamendu publikoa hartzen duenean eta mendeko arauok obeditzera askatasunez makurtzen denean[15].

Gizarte kontratuaren ideal politikoa edozein gobernu-eratan egin daiteke. Rousseauk argudiatzen du edozein gobernu modu baliozkoa eta zilegi dela lege komunak araututako parametroen barruan gauzatzen bada. Rousseauk honela definitzen du errepublika bere lanean: «Legeek gobernatutako estatu oro, bere administrazio modua edozein dela ere»[12].

Rousseauren eredu politikoan, herria dimentsio bikoitzean agertzen da, non botere subiranoaren subjektu eta objektu den[13].​ Gizabanako bakoitza burujabetasunaren subjektu da bere eskubide guztiak komunitateari ematen dizkiolako, baina, aldi berean, objektua da –osotasun baten zati denez– bere buruari ematen diolako. Itun hori ezartzean, burujabetza herriarena da eta, ondorioz, besterenezina, zatiezina, absolutua eta hutsezina da, kontraesana baita burujabeak, herri gisa, bere buruaren aurkako zerbait ezartzea meneko gisa[13].

Rousseauk Gizarte kontratuan garatzen duen eredu politikoaren ezaugarria da giltzarri den «borondate orokorraren» ideia roussoniarra. Borondate hori guztien borondatetik bereizten da izaera unibertsalista eta itxura arautzailea duelako. Ez da borondate kualitatiboa, baizik eta kualifikazio moral baten bidez eratzen dena, non gizakiek interes unibertsalisten arabera jokatzea eskatzen den[13]. Behin borondate hori eratuta, haren agintaldia apelaezina da, interes kolektiboa baitu xede, interes indibidualetik ezberdina ez dena. Hori dela eta, partaideren bat borondate orokorrari aurre egiten saiatzen bada, gizarte-gorputzak men egitera behartuko dio.

Rousseauk demokrazia herriaren gobernu zuzen gisa ulertzen zuen. Aldezten zuen sistemaren oinarria zen herritar guztiek, aske eta berdinak, beren borondatea adierazteko aukera izatea akordio komun batera iristeko, gizarte-kontratu batera. Gizarte kontratua liburuan, esan zuen: «herriak berresten ez duen lege oro, baliogabea dela eta ez dela legea» eta «burujabetasuna ezin dela ordezkatu besterendu ezin den arrazoi beragatik». «Borondate orokor» gisa ezin denez ordezkatua izan, zuzeneko demokrazia sistema defendatzen zuen, neurri batean, Suitzako 1849ko konstituzio federala inspiratzen duena.

Rousseauren teoriek nazionalismo modernoarekin duten lotura da teoria politikoak eta ideien historiak atxikitako gaietako bat. Bere lanetan, Rousseauk nazionalismo modernorako oinarriak planteatu zituen, gizakia elkartu den errepublika edo gizartearekiko identifikazio sentimenduak egotziz, nahiz eta argudiatu zuen sentimendu horiek estatu txiki eta demokratikoetan bakarrik izango zirela posible[17].

Rousseau eta Euskal Herria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Les Confessions (1766) lanean esan zuen Rousseauk sekula ezagutu zuen pertsonarik toleranteena zela Manuel Ignacio Altuna azkoitiarra. Altunak eta Rousseauk Veneziara egindako bidaia batean topo egin zuten: Inoiz ez dio inongo laguni galdetu haren erlijioz. Judu, protestante, turkiar, sintsa nahiz ateoa izateak ez zion inporta, gizaki zintzoa izanez gero[18][19].

Liburu horretan bertan, halaber, euskal konstituzioen gorespena egin zuen Gernikako arbola aipatuz:

« Gernika munduko herririk zoriontsuena da. Hango aferak baserritarren batzar batek gobernatzen ditu. Haritz baten pean biltzen dira eta ebazpenik zuzenenak hartzen dituzte beti. »

Frantziako Iraultzaren garaian, egun Baionako auzo den Santizpirita udalerriari Jean-Jacques-Rousseau izena ipini zitzaion. Hala izan zen 1793 eta 1795 artean[20].

Rousseauren hilobia, Parisko Panteoian
  • Projet concernant de nouveaux signes pour la musique (1742).
  • Dissertation sur la musique moderne (1743).
  • Discours sur les sciences et les arts (1750).
  • Narcisse ou l’amant de lui-même, antzerkia (1752).
  • Le Devin du village (1752), opera.
  • Encyclopédie ou dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers Diderot eta d'Alembert-ekin batera (1755).
  • Discours sur l'origine et les fondements de l'inégalité parmi les hommes (1755).
  • Examen de deux principes avancés par M. Rameau (1756?).
  • Jugement du Projet de paix perpétuelle de Monsieur l'Abbé de Saint-Pierre (1756).
  • Lettres morales (1757-1758).
  • Julie ou la Nouvelle Héloïse (1761).
  • Du contrat social (1762).
  • Émile, ou De l'éducation (1762).
  • Dictionnaire de musique (1755-1767).
  • Les Confessions (hilondokoa).
  • Dialogues de Rousseau juge de Jean-Jacques (hilondokoa).
  • Rêveries du promeneur solitaire (hilondokoa).
  • Essai sur l'origine des langues (hilondokoa).
  • Projet de constitution pour la Corse (hilondokoa).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Sánchez Meca, D.; Abad Pascual, J.J.. Rousseau. acfilosofia.org.
  2. Arbre généalogique des familles Rousseau et Bernard. Famille, je vous aime!, ac-grenoble.fr.
  3. a b c d Delaney, James J.. Jean-Jacques Rousseau (1712—1778). Internet Encyclopedia of Philosophy, iep.utm.edu.
  4. Bertram, Christopher. Jean Jacques Rousseau. Stanford Encyclopedia of Philosophy, plato.stanford.edu.
  5. J.J. Rousseau. thales.cica.es.
  6. Geary, P., Kishlansky, M., & O'Brien, P., Civilization in the West, Combined Volume (7ª Edición) (MyHistoryLab Series), Nueva York: Longman, 2005.
  7. Geary, P., Kishlansky, M., & O'Brien, P., Civilization in the West, Combined Volume (MyHistoryLab Series) (7 ed.). Nueva York: Longman, 2007.
  8. Caso, A., Rousseau. Filósofos y Moralistas Franceses, México: Editorial Stylo, 1943, pp. 45-60
  9. Villa Verde, M. J., Rousseau y el pensamiento de las luces, Madrid: Tecnos, 1987.
  10. Zhang, H. (s.f.). On “The Social Contract” by Rousseau. Yale University. Consultado el 20 de octubre de 2010.
  11. Rodríguez, J. "Estado de derecho y democracia. Instituto Federal Electoral", s.f., recuperado Octubre 20, 2010, de www.ife.org.mx/documentos/DECEYEC/estado_de_derecho_y_democracia.htm
  12. a b c Rousseau, Jean-Jacques (1762). El Contrato Social. (varias ediciones).
  13. a b c d Iglesias, M., Aramberri, J., Zuñiga, L., Los Orígenes de la Teoría Sociológica, Madrid, Akal, 1980.
  14. Carracedo, J. (1987). «Democracia y Legitimación del Poder en Rousseau.» Revista de estudios políticos, 58, 215-242. Consultado el 20 de octubre de 2010.
  15. a b c d e f Moreau, J., Rousseau y la fundamentación de la democracia, Madrid: Espasa-Calpe, 1977.
  16. Grimsley, R., La filosofía de Rousseau, Madrid: Alianza, 1977.
  17. Engel, S., «Rousseau and Imagined Communities.» The Review of Politics, 67(3), 2005, 515-537. Recuperado de ProQuest Social Science Journals. (Document ID: 900947981). Consultado el 20 de octubre de 2010.
  18. Laxalt, Txomin, Brèves de Pays basque, 2008. 126.or.
  19. Artetxe, Jose. Rousseau eta Altuna. armiarma.eus.
  20. Bayonne & Saint-Esprit, Geneoweb.org.

Rousseauri buruz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Blaise Bachofen, La Condition de la liberté. Rousseau, critique des raisons politiques, París, Payot, 2002
  • Bellod, J. F. Reivindicación de Rosusseau, Revista de Economía Institucional
  • Bruno Bernardi, La fabrique des concepts. Recherches sur l'invention conceptuelle chez Rousseau, París, Honoré Champion, 2006
  • Maurice Blanchot, El libro que vendrá, Caracas, Monteávila, 1969 (or. 1959)
  • Ernst Cassirer, Rousseau, Kant, Goethe: filosofía y cultura en la Europa del siglo de las luces, Madrid, FCE, 2007
  • Nanine Charbonnel, Philosophie de Rousseau, Aréopage, 2006
  • André Charrak, Raison et perception: fonder l'harmonie au XVIIIe siècle, París, Vrin, 2002
  • Charles Coutel, Lumières de l'Europe: Voltaire, Condorcet, Diderot, París, Ellipses, 1997
  • Monique y Bernard Cottret, Jean-Jacques Rousseau en son temps, Perrin, 2005
  • Michel Coz, Jean-Jacques Rousseau, París, Vuibert, 1997
  • Michel Coz y François Jacob, Rêveries sans fin: Autour des «Rêveries du promeneur solitaire», Orléans, Paradigme, 1997
  • Michel Coz, La Cène et l'Autre Scène: Désir et profession de foi chez Jean-Jacques Rousseau, París, Honoré Champion, 1998
  • Gaëtan Demulier, Apprendre à philosopher avec Rousseau, París, Ellipses, 2009
  • Robert Derathé, Jean-Jacques Rousseau et la science politique de son temps, París, Vrin, 2000
  • Jacques Derrida, De la gramatología, Buenos Aires, Siglo XXI, 1970 (or. 1967)
  • Arbi Dhifaoui, «Julie ou la Nouvelle Héloïse»: roman par lettres, roman de la lettre, Túnez, Centre de Publication Universitaire, 2000
  • Arbi Dhifaoui, Le roman épistolaire et son péritexte, Túnez, Centre de Publication Universitaire, 2008
  • Béatrice Didier, La musique des Lumières: Diderot, l'Encyclopédie, Rousseau, París, PUF, 1985
  • Charles Eisenmann, "La cité de Jean-Jacques Rousseau" y "Politique et religion chez Jean-Jacques Rousseau", en Écrits de théorie du droit, de droit constitutionnel et d'idées politiques, París, Panthéon-Assas, 2002, pp. 611-619 y 621-638
  • Francis Farrugia, Archéologie du pacte social, París, L'Harmattan, 1994
  • Michel Foucault, «Introducción a Rousseau juez de Jean-Jacques», 1962, en Dits et écrits, I, París, Gallimard, 1994.
  • Victor Goldschmidt, Anthropologie et politique, París, Vrin, 2000
  • Bernard Groethuysen, Jean-Jacques Rousseau, París, Gallimard, 1949 (y 2003)
  • Florent Guénard, Rousseau et le travail de la convenance, París, Honoré Champion, 2005
  • Jean-Luc Guichet, Rousseau, l’animal et l'homme: l'animalité dans l'horizon anthropologique des Lumières, París, Éditions du Cerf, 2006
  • Jouvenel, Bertrand de. Ensayo sobre la política de Rousseau. Encuentro ISBN 978-84-9055-014-4..
  • Catherine Kintzler, Poétique de l'opéra français de Corneille à Rousseau, París, Minerve, 2006
  • Paul de Man, Alegorías de la lectura, Barcelona, Lumen, 1990 (or. 1979)
  • Roger D. Masters, La philosophie politique de Rousseau, Lyon, ENS Éditions, 2002
  • Arthur Metzler, Rousseau. La bonté naturelle de l'homme, París, Ed. Belin, 1998
  • Gérard Namer, Le système social de Rousseau: De l'inégalité économique à l'inégalité politique, París, L'Harmattan, 1999
  • Gérard Namer, Rousseau sociologue de la connaissance: de la créativité au machiavélisme, París, L'Harmattan, 2000
  • Patrick Riley (ed.), The Cambridge Companion to Rousseau, Cambridge University Press, 2001
  • Claire Salomon-Bayet, Jean-Jacques Rousseau ou l'impossible unité, Seghers, 1968 (or. 1971)
  • Robert Spaemann, Rousseau: ciudadano sin patria, Madrid, Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 2013 (or. 1980).
  • Jean Starobinski, Rousseau. La transparencia y el obstáculo, Madrid, Taurus, 1983 (or. 1976)
  • Jean Starobinski, Accuser et séduire. Jean-Jacques Rousseau, París, Gallimard, 2012
  • Frédéric Worms, Rousseau, Émile ou de l'éducation, Livre IV, París, Ellipses, 2001

Hiztegi eta entziklopediak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Frantsesez) Larrère, Catherine. (2003). Philippe Raynaud ed. ROUSSEAU Jean-Jacques, 1712-1778. (Troisième édition complétée. argitaraldia) Paris: PUF, 687-695 or. ISBN 978-2-13-052947-7..
  • (Frantsesez) Malaurie, Philippe. (2001). Rousseau. (Deuxième édition. argitaraldia) Paris: Éditions Cujas, 109-114 or. ISBN 2-254-01301-7..
  • (Frantsesez) Royer, C.. (1900). M. Léon Say ed. Rousseau. 2 (Deuxième édition. argitaraldia) Paris: Guillaumin et Cie, 758-765 or..

Entziklopediak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]