Mohammed Mursi
Mohammed Mursi Issa al-Ayyat (arabieraz: محمد مرسى; El Adwah, 1951ko abuztuaren 8a - Kairo, 2019ko ekainaren 17a) egiptoar politikaria izan zen, Anaia Musulmanetako kidea, 2012-2013 bitartean Egiptoko presidentea izandakoa. 2012ko ekainaren 30an izendatu zuten Egiptoko Arabiar Errepublikako presidente, hilabete lehenago eginiko hauteskundeak irabazi ondoren; Egiptoko historian demokratikoki aukeratutako lehenbiziko presidentea izan zen. Abdel Fatah al-Sisi jeneralak kargugabetu zuen 2013ko uztailaren 3an, estatu kolpe baten bidez.[1] 2019ko ekainaren 17an hil zen, epaitua izaten ari zela.[2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1951ko abuztuaren 8an jaio zen Mohammed Mursi El Adwah hirian. Kairoko Unibertsitatean ingeniaritza ikasi zuen, eta Hego Kaliforniako Unibertsitatean egin zuen doktore tesia. 1980ko hamarkadaren hasieran Kaliforniako Estatu Unibertsitatean egin zuen lan, eta 1985ean Egiptora itzuli zen, Zagazigeko Ingeniaritza Unibertsitatean irakasle hasteko. Politikan 2000ko hamarkadan hasi zen nabarmentzen, hautagai independente gisa diputatu hautatu zutenean. Orduz geroztik, Anaia Musulmanen barruan egin zuen ibilbidea hertsiki loturik egon zen Khairat al-Xater buruzagiarekin zuen harremanarekin. Analisten arabera, mugimenduaren diziplinarekiko erakutsi zuen fideltasunari eta bere izaera adeitsuari esker egin zuen goiti.[3]
Egipton hauteskundeen bidez hautaturiko lehen presidentea izan zen Mursi; 2011ko Arabiar Udaberriaren ostean, 2012an egin zituzten bozak, eta Anaia Musulmanek sorturiko Askatasuna eta Justizia alderdiarekin aurkeztuta irabazi zituen, bigarren itzulian botoen % 51,7 jasota. Urtebete iraun zuen karguan: 2013ko uztailean, armadak boteretik kendu zuen, Abdel Fatah al-Sisi Defentsa ministroaren erabakiaren ondorioz.[4]
Militarrek kolpea eman zutenetik kartzelan egon zen Mursi, eta 2015eko apirilean jaso zuen lehenbiziko zigorra: hogei urteko espetxealdia ezarri zioten, 2012ko abenduan —oraindik agintean zegoenean— haren presidente jauregiaren aurrean gertatutako istiluen erantzuletzat jota. Beste auzi batean, bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten, espioitza eta atzerriko taldeekin elkarlanean aritzea leporatuta.[5] 2019ko ekainaren 17an hil zen, Kairoko auzitegi batean, espioitza karguak egotzita epaitzen ari zirelarik. Egiptoko telebista kate publikoak jakinarazitakoaren arabera, hitza hartu ostean bihotzekoak eman zion eta, ospitale batera eraman zuten arren, han hil zen.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gonzalez, Ricard. Ispilua konbexu bihurtu zen. Berria egunkaria, 2016ko urtarrilak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-4).
- ↑ Rodriguez, Mikel. Mohammed Mursi Egiptoko presidente ohia hil da bere aurkako epaiketa batean. Berria egunkaria, 2019ko ekainak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-4).
- ↑ Nor da Mohamed Morsi Egiptoko presidente berria?. Argia astekaria, 2012ko ekainak 25, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-4).
- ↑ a b Perez Zala, Ander. Mursi Egiptoko presidente ohia hil da, auzitegian hitza hartu ostean. Berria egunkaria, 2019ko ekainak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-4).
- ↑ Garcia, Adrian. Mursiren heriotza zigorra berretsi du Egiptok, 2011ko olatua guztiz itotzeko. Berria egunkaria, 2015eko ekainak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-4).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekoa Hosni Mubarak |
Egiptoko presidentea 2012 – 2013 |
Ondorengoa Adli Mansur |