Java uharteko Kemusuk herrixkan jaio zen, Yogyakartatik hurbil. Herbeheretako gudarosteko kide izan zen eta japoniarrek antolatu zuten Indonesiako gudarostean sartu zen 1943an. 1965ean, estatu kolpe baten bidez, aginpidea hartu zuen higikunde militarraren burua izan zen. Sukarno lehendakariaren gobernuan esku handia izan zuen, baina Suhartok bere kargua uztera behartu zuen hura eta lehendakaritza eskuratu zuen 1968an.
Indonesiako Errepublikako presidentea izan zen 1967tik 1998ra. Agintean iraun zuen hiru hamarkada horietan Orden Berria (indonesieraz: Orde Baru) izeneko politika erabili zuen: gobernu zentral gogorra militarrek babestua. Komunismoaren kontrako joerak Mendebaldeko herrialde askotako babesa ekarri zion. Urte askotan, Indonesia izan zen AEBengandik diru gehien jasotzen zuen bigarren herrialdea, Israelen atzetik. Komunismoaren aurkako errepresioak ez zuen mugarik izan, eta ehunka mila lagun hil ziren bere agintaldian. 1975ean, Ekialdeko Timorren anexioak hamarka mila pertsonaren heriotza eragin zuen[1].
1990eko hamarkadarako, gobernuaren autoritarismoak eta ustelkeriak nahigabea hedatu zuten herri osoan zehar. 1997-1998an, Asiako hego-ekialdeko finantza krisiak bete-betean harrapatu zuen Indonesia, herrialdeko bizi-kalitateak behera egin zuen, eta Suharto galduz joan zen instituzio zibil eta militarren artean zeukan babesa. 1998an, oso istilu larriak izan ziren, eta ikasleak astebetez egon ziren kalean hiriburuan; ia 500 lagun hil ziren. Azkenik, 1998ko maiatzean dimisioa eman zuen, eta presidenteordeak, Bacharuddin Jusuf Habibiek, hartu zuen presidente kargua. Ondoren, erretretan bizi zelarik, auziperatu nahi izan zuten, baina ezinezkoa izan zen, haren osasun ahula zela-eta[1].