Hassan Rouhani
Hassan Rouhani (persieraz: حسن روحانی; Sorkheh, Semnan, 1948ko azaroaren 12a) irandar kleriko xiita, diplomazialaria eta estatu gizona da. 2013ko abuztuaren 3tik 2021eko abuztuaren 3ra, Irango presidentea izan zen[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hassan Rouhani 1948ko azaroaren 12aan jaio zen, Semnan probintziako Sorkhe herrian. 1960an hasi zituen ikasketa erlijiosoak Semnango seminarioan, eta 1961ean Qom hirikora aldatu zen. 1972an, Zuzenbide judizialeko lizentzia atera zuen Teherango unibertsitatean. Eskoziako Glasgow Caledonian University-n jarraitu zuen prestakuntza, eta Zuzenbide konstituzionaleko doktoregoa lortu zuen 1999an[2].
Politikan Ruhollah Khomeiniren eskutik sartu zen. Mohammad Reza Pahlavi xahren aurkako hitzaldiak egin zituen, eta zenbait aldiz atxilotu zuten. Azkenik, 1977an Parisa erbesteratu zen. 1979an itzuli zen Iranera, Iraultzaren ostean[3]. Handik aurrera, garrantzi handiko karguak izan zituen. 1980-2000 bitartean Islamiar Kontsulta-Biltzarreko kidea izan zen, Defentsa Kontseilu Goreneko kidea 1983-1988 bitartean, eta Irango Aire Armadako komandantea 1985-1991 bitartean. 1989an, Irango buruzagi goren Ali Jameneiren eledun bilakatu zen Nazio Segurtasunerako Kontseilu Gorenean. 2000an, berriz, Adituen Batzarreko kide hautatu zuten[2]. 2002an ezagutzera eman zen Iranek programa nuklear sekretu bat zuela[4]. Auzia konpontzako egin ziren negoziazioetan, Rouhani izan zen Irango ordezkaritzaren burua 2003-2005 bitartean.
2013an, presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen. Haxemi Rafsanjani eta Muhammad Khatami buruzagi erreformistek haren aldeko kanpaina egin zuten eta, aurreikuspen guztien aurka, aise nagusitu zen, botoen %50,7 bildurik[5]. 2015eko uztailean, Iranek akordioa lortu zuen munduko sei potentziekin (AEB, Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania) energia nuklearra modu baketsuan erabili ahal izateko[6].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Naji, Kasra. Profile: Hassan Rouhani, President of Iran. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2017-4-4).
- ↑ a b Hassan Rouhani Fast Facts. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2017-4-5).
- ↑ Graham-Harrison, Emma. Hassan Rouhani: reformist insider who has ended Iran’s isolation. theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2017-4-5).
- ↑ Rodriguez, Mikel. Urteak, orduen mende. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-4-5).
- ↑ Rodriguez, Mikel. Hassan Rohani hautatu dute Irango presidente. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-4-5).
- ↑ Mendizabal, Martin. Zeintzuk dira Irango akordio nuklearraren irabazle eta galtzaileak?. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-4-5).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hassan Rouhani |