Reial Club Deportiu Espanyol1900. urtean sortutako Bartzelonako futbol taldea da, lehen mailan jokatzen duena. Gaur egun hiriko bigarren futbol talderik onena Bartzelonaren atzetik. Lehen mailan denboraldi gehien egin dituzten taldeen artean laugarrena da, Real Madril, Bartzelona eta Bilboko Athletic Klubaren atzetik.
1900 urterako Bartzelonan futbol talde ugari zeuden, FC Catalá, Football Club Barcelona eta Hispania CF besteak beste. Jokalari gehienak atzerritarrak ziren eta jadanik bertakoek ez zeukaten taldeetan sartzeko aukera askorik. Hori dela eta Ángel Rodríguez Ruiz ijeniari industrialak talde berri bat sortzea erabaki zuen eta horretarako bere aita presidente zuen Sociedad Gimnástica Españolaren lizentzia erabili zuen. 1900ko urrairen 28an beraz Sociedad Española de Foot-ball sortu zen urte bete beranduago Club Español de Foot-Ball izena hartu zuelarik. Bertako jokalari gehienak katalanak ziren baina bazeuden bi euskaldun eta andaluz bat ere. Lehenengo uniformea horia izan zen.
Lehenengo kopa 1903an irabazi zuen, Bartzelonako Copa Macaya hain zuzen ere. Jokalari guztiak ikasleak ziren eta 1906an jokalari gehienak galdu zituen, batzuk Kataluniatik kanpoko unibertsitatetan matrikulatu zirelako eta beste batzuk X Sporting Club taldera joan zirelako. 1909 bitartean beraz ez zuen partidarik jokatu. 1910an ikasleak itzuli eta beraiekin batera X Sporting Clubeko eta Club Español de Jujitsuko jokalariak jaso zituzten eta taldea birsortzea erabaki zuten, oraingoan Club Deportivo Español izena jasoz, izan ere futbolaz gain beste kirol batzuetan ere parte hartzen baitzuen, hala nola esgrima, boxeoa eta jiujitsua. Taldeak gaur egungo kolore zuri urdina eta Roger de Lauria itsasgizonaren armarria hartu zituen. 1912an Alfontso XIII.a Espainiakoak Errege titulua eman zion eta gaur egungo izena eskuratu zuen, hots, Real Club Deportivo Español.
Hasierako urteetan Kataluniako bigarren futbol taldea bihurtu zen Bartzelonaren ostean, izan ere Kataluniako lau txapelketa irabazi baitzituen. 1923an Sarriá futbol zelaia inauguratu zuen. Atzerriko taldeen aurka jokatzeagatik nabarmendu zen taldea bere sorreratik. Hasieran Bartzelonara etorri ziren talde portugaldarrak eta txekiarrak jokatzera, baina 1925 eta 1926an Espanyol bera atera zen Portugal, Hego Amerika eta Erdialdeko Europara partidak jokatzera. Ricardo Zamora atezainaren fama zela eta, Argentinako eta Uruguayko selekzioen kontra ere jokatu zuen Ameriketan.
Lehenengo titulu garrantzitsua 1929an lorturiko Kopa izan zen.
80. hamarkadako taldea, tartean John Lauridsen daniarra.
Gerra Zibilaren ondoren bikain hasi zen 1940ko Kopa lortuz. 50 urteurrena ospatzeko 1949an Espanyolek Filipinetan gira bat egin zuen. 50. hamarkadan taldeak Alejandro Scopelli entrenatzaile argentinarra fitxatu zuen. Bitxikeria da entrenatzaileak partiden atsedenaldian oxigenoa arnastu arazten ziela jokalariei indarra har zezaten. Hala ere ez zuen emaitza aipagarririk lortu.
1961ean Estatu Batuak eta Kanada aldean gira bat egin zuen. New Yorkeko liga amerikarrean parte hartu zuen beste europar talde batzurekin batera. Hasierako partidak irabazi arren bukaeran 7. postuan bukatu zuen. 1962an lehenengo aldiz bigarren mailara jeitsi zen, nahiz eta hurrengo urtean berriz igo zen, 1967an hirugarren postua eskuratu zuen baina 1969an berriz jeitsi zen.
1971ean Sobietar Batasuna ezagutu zuen bertan jokaturiko hiru partiduetan, konkretuki Kiev, Leningrado eta Moskun. Hamarkada hartan pare bat aldiz sailkatu zen UEFA jokatzeko eta 1973an berriz ere hirugarren egin zuen Ligan.
Gauza onak eta txarrak ezagutu zituen Españolek hamarkada hauetan. 1988an UEFA Kopako finala jokatu zuen Javier Clemente entrenatzaile zela, baina Bigarren mailara ere bi aldiz jeitsi zen. 1995ean izena katalanizatu zuen eta Reial Club Deportiu Espanyol de Barcelona, S.A.D. bihurtu zen. 1998an Lluís Companys Olinpiar Estadioan jokatzen hasi zen.
Ligaren erdialdean kokaturik egoten ohitu da. Denboraldi onak ere izan ditu, 2007ko UEFA Kopako finala eta 2000 eta 2006ko Erregearen Kopak besteak beste. 2009an Cornellà-El Prat estadioan jokatzera pasa zen. Urte honetan bertan Italian gira bat egiten ari zela Dani Jarque kapitainak bihotzekoa izan eta bapatean hil zen. 21 zenbakia zeukanez partida bakoitzeko 21. minutuan zaleek omenaldia egiten diote bere izena txalotuz. Azken hamarkadan taularen erdialdean ibili da baina 2018-19 urtean 7. egin eta Europara itzuli zen. Hurrengo urtean ordea hasieratik sartu zen jeitsiera postuetan eta maila galdu zuen 26 urte lehen mailan egin ondoren.
20. hamarkadan Valentí Castanys humoregileak zioen Españoleko zaleak lau katu beltz baino ez zirela. 1929an Espainian Felix katua famatu bihurtu zen, baina katalanez Gat Perico deitzen zen. Horregatik "katu beltza" atzera utzi eta periko katua ezizena jaso zuten, denborarekin perikito deitu zitzaielarik.
Taldea sortu zenean diru baliabide handirik ez zuen. Zuzendaritza taldekoa zen Juan Bautista Bou Garcíak ehungintza fabrika bat zeukan eta oihal hori asko zeukanez lehenengo elastikoak egiteko erabili zuen. 1910 urtean taldea birsortu eta Roger de Lauria itsasgizonaren armarria hartu zituenean kolore zuria eta urdina eskuratu zituen. Hasieran galtza beltzak erabili zituen baina 1941ean galtza urdinak hartu zituen.
1970tik aurrera nesken taldea ere izan du. Gaur egun Superligan ari den talderik onenetakoa da. 2006an garaile atera zen eta ordutik honako ligatan goiko postuetan gelditu izan da. Baina taldea batez ere Erreginaren Kopan moldatzen da ongi eta sei aldiz irabazi du.