Edukira joan

Skeleton

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Skeleton lasterketari» orritik birbideratua)

Skeleton
Gobernu kudeatzailea International Bobsleigh and Skeleton Federation
Sorrera XIX. mende amaiera, Suitza
Ezaugarriak
Kontaktua Ez
Kide kopurua 1
Mota Neguko kirola
Presentzia
Olinpikoa 1928, 1948, 2002- gaur egun

Skeletona banakako Neguko Olinpiar kirola da, gorputz-lera baten gainean irristatuz izotz-zirkuitu batean jaistean datzana. XIX. mendean Suitzan sortutako neguko irristatze kirol modalitate zaharrena da, non pertsona bat ahoz etzaten den irristagailu txiki batean eta izoztutako pista batean zehar irristatzen den. Helburua, helmugara aurkariak baino lehenago iristea da. Skeletona, bobsleigha eta lugea ez bezala, banakako kirola da. Bobsleigha bezala, lasterketa ibilbidearen goiko aldeko hasierako atean hasten da, lasterketa batekin abiadura hartuta. Kirolaren izena lerari dagokio, lerak giza hezurduraren itxura baitu.[1]

Skeletona izotzean irristatzen diren hiru modalitateen (bobsleigh eta luge-rekin batera) geldoena da, skeletonaren aurpegi-beheranzko posizioa ez baita buruz gora eta hankekin aurretik erabiltzen diren posizioak bezain aerodinamikoa. Lehenengo aldiz, San Moritzeko (Suitza) olinpiar programan agertu zen Skeleton-a 1928an, baita 1948an jokoetan ere. Betirako gehitu zitzaion 2002ko Neguko Olinpiar Jokoetarako olinpiar programari, zeinetan emakumezkoen lasterketa ere gehitu zen.

Lehenengo mailako lasterketetan, kirolariek 5 g-ko azelerazioa dute eta 130 km/h-ko abiadura har dezake.

Aurreratu dugun bezala, skeletona XIX. mendearen amaieran sortu zen Suitzan. Dena den, iturriak ez dira ados jartzen kirol honen jatorri eta sortzailearekin. Jatorriaren inguruan iturri batzuek diote Saint-Moritzen[2] sortu zela. Beste iturriek jatorria Suitzako Davos hiritik Klosters hirira zihoan pistan duela diote. Sortzaileari dagokionez gauza bera geratzen da. Iturri batzuek diote soldadu suitzarrek asmatu zutela, beste batzuek aldiz, soldadu ingelesak izan zirela. Iturri batzuk gainera izena ematen ausartzen dira eta Child soldadu ingelesak hezurdura itxurako lera metaliko baten gainean ahuspez irristatzea bururatu zitzaionean sortu zuela diote. Izenaren jatorria ere zalantzagarria da. Iturri batzuek diote hezurdura itxuragatik izena duela skeleton, beste batzuek, ordea, Norvegiako txirrista esan nahi duen “Kjaelke” hitzetik datorrela diote.

Argi dagoena kirol hau Suitzan asmatua zela da. 1905 arte skeletona Suitzan praktikatzen zen soilik eta hortik Austriara hedatu zen lehenik eta jarraian Europa osora. 1908 eta 1910ean jada txapelketak ospatzen ziren Semmering Passen, Austrian. 1892an L. P. Childek momentuko lera eraldatu zuen eta hezurdura forma eman zion. Hortik aurrera esaten da hasi zela kirola “Skeleton” deitzen[3]. 1923an Federation Internationale de Bobsleigh et de Tobogganing (FIBT) sortu zen, gaur egun kirol modalitate honen kudeatzaile nagusi dena. Hiru urte beranduago, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak bobsleigha eta skeletona kirol olinpiko bezala aitortu zituen. Horrela, 1928an Saint-Moritzeko Neguko Olinpiar Jokoetan skeletona froga bezala aurkeztu zen, baina ez zen berriro praktikatu joko olinpiko batzuetan 1948ra arte. Kirola ez zen Programa Olinpikoan ofizialki sartu 2002ko Salt Lake Cityko (Utah, AEB) Olinpiar Jokoetara arte. 2015ean FIBTari izena aldatu zitzaion eta gaur egun Bobsleigh & Skeleton Federation (IBSF) bezala ezagutzen da, gaur egun mundu mailan bobsleigha eta skeletona kudeatzeaz arduratzen dena. Estatutuak 2016an sortu ziren.

Nazioarteko hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Skeleton-a, batez ere, Suitzan praktikatzen zen; hala ere, 1905ean, Styria (Austriako estatua) bere lehen skeleton lehiaketa egin zuen Mürzzuschlag hirian (Austria). Horrek ateak ireki zizkien beste lehiaketa nazional batzuei, baita hurrengo urtean Austrian egindako txapelketari ere. 1908an eta 1910ean skeleton lehiaketak egin ziren Semmering pasabidean. Kirol honen ospea handitu ahala, skeleton-a aldatuz joan da, gaur egun dena izatera iritsi da.

1923an Federation Internationale de Bobsleigh et de Tobogganing (FIBT) sortu zen kirolaren zuzendaritza organo gisa. Handik gutxira, 1926an, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak bobsleigh eta skeleton-a kirol olinpiko izendatu zituen, eta San Moritz lasterketaren arauak onartu zituen ofizialki arau olinpiko gisa. 2015ean FIBT International Bobsleigh & Skeleton Federation (IBSF) izena hartu zuen, eta IBSFren Kongresuak 2016an onartu zituen egungo gobernu-estatutuak.

2002tik aurrera kirolak interesa irabazi zuen eta gaur egun izotz pista naturala izateko zailtasuna edo ezintasuna duten herrialdeetan ere praktikatzen da pista artifizialak sortuz. Herrialde horien artean, Australia, Zeelanda Berria, Bermuda, Irak, Israel, Hegoafrika, Brasil, Mexiko eta Argentina daude besteak beste. Halaber, emakume zein gizonezkoen modalitateak bereizten dira neguko kirol honetan. IBSFak babes ekonomikoa ematen die entrenamendu zein bidaietarako gutxienez hiru pilotu kualifikatu ez dituzten eta garatzeko bidean dauden herrialdeei. 2017an gizonezkoen 20 federazio nazionalek eta emakumezkoen 11k jaso zuten babesa.[4]

Lugean eta bobsleighean bezala, irteera oso garrantzitsua da. Esplosiboa izan behar da, hau da, erreakzio abiadura handikoa, abiadura ahalik eta azkarren irabazteko. Horregatik oinetako bereziak erabiltzen dira itsaspen maximoarekin. Abiadura lehen 50 metroetan lortu ondoren, kirolaria ahuspez jartzen da leran, burua aurretik duela, bere postura ahalik eta lauena eta aerodinamikoena izan dadin saiatuz.

Beste ezaugarri garrantzitsu bat bihurguneak hartzeko bolante edo lemarik ez dagoela da. Honen ordez, kirolaria bera da bere pisua alde batean edo bestean jarri behar duena lera bideratu nahi duen aldearen arabera.

Erabiltzen den kaskoak babes berezi bat du kokotsean, kirolariaren aurpegia lurzorutik oso hurbil pasatzen delako. Gaur egun erabiltzen diren trajeak zuntz sintetikoekin eginak daude eta gorputzera doitzeko bereziki diseinatuak daude, aireari erresistentzia minimoa eskaintzeko.

Bobsleigha edo lugearekin ez bezala, skeletonean soilik banakako modalitatea existitzen da, eta lehiaketak bi mahukatan ospatzen dira. Bietan lortutako denborak gehitzen dira eta orokorrean denbora gutxien lortu duen kirolaria da irabazlea.

Kirol olinpiko gisa garapen berezi bat izan du. Izan ere, 1928an Saint-Moritzen ospatu ziren neguko olinpiar jokoetan debuta egin ostean, gero programatik desagertu zen, eta 1948an jokoak berriro Saint-Moritzen ospatu zirenean itzuli zen. Hitzordu honen ostean programatik berriz desagertu zen 54 urtez. Salt Lake Cityko 2002ko olinpiar jokoetan itzuli zen eta harrezkeroztik neguko olinpiar jokoen parte izan da. Lehiaketan gizonen eta emakumeen kategoriak egiten dira.

Skeletoan-ak zaleentzat duen irisgarritasuna izan zitekeen bere ospearen katalizatzailea. Aipagarriena da Nino Bibbia Saitn Moritzeko (Suitza) fruta eta barazki merkatariak urrezko domina eskuratu zuela 1948ko ekitaldian [5].1969an Königssee/Berchtesgaden (Alemania) artifizialki hoztutako lehen pista iritsi zen, bertatik, kirolariek, baldintza meteorologikoak kontuan hartu gabe, kirola egin ahal izan zuten gaur egun arte .

Pistak (Zirkuituak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, FIBTk aitortutako bobsleigh eta skeletoneko hamasei pista daude Europako, Ipar Amerikako eta Asiako hamaika herrialdetan. Alemania da pista gehien dituen estatua, hain zuzen, hiru pistekin (Altenberg, Königsee eta Winterberg hirietan daude).  Munduko pistarik luzeena Naganon dago, Japonian, 1762,3 metroko luzerarekin.  Aldiz, laburrena Siguldan dago, Letonian, 1200 metrorekin. 1200 metroko distantzia, baimendutako gutxienekoa da. St. Moritzeko pista eraikitzen lehena izan zena, gaur egun hozte naturala duen bakarra da[6]

Prestakuntzan zehar baldintzen jarraipena egitea

Ahal izanez gero, entrenamendu ofizialaren azken eguna lasterketaren ordu berean egin beharko litzateke, eta pista prestaketak lasterketaren baldintzekin bat etorri beharko luke. Ez da aldaketarik egin behar pistaren profilean azken entrenamendu saioaren ondoren.

Hasierako ildaskak

Hasierako oinarriak epaimahaiak zehazten ditu entrenamenduko lehen egunean, eta haiek aginduta bakarrik alda daitezke. Bi ildoak behar bezala prestatuko dira skeleton kirolarientzat. Ildaskak gehienez, 17 mm-ko diametroa izango dute.

Lasterketa teknika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasterketa teknika 4 faseetan banatu daiteke[7]:

Oin batekin hasten da, zeharkako listoi batean kokatzen dena, irteeran ahalik eta sostengu handiena lortzeko, atletismoko irteerako takoen antzera. Lasterketa oso esprint lehergarria da, 20-30 metrokoa, non kirolariak lera helduleku batetik eusten dion jaitsieran helduko dion eskuaren kontrakoarekin.

Lera bultzadaren fasean desbidera ez dadin, irteera-eremuak errail bat du txertatua izotzean, eta leraren hortzetako bat sartzen da bertan.

Gehieneko abiadurara iristen denean, pilotuak eskua azkar aldatzen du eskulekuan, eta leraren gainean jaurtitzen da literalki. Fase honetan, garrantzitsua da ahalik eta bultzadarik handiena lortzea eta leran posizio egokian jartzea, ondorengo jarrera-doikuntzarik behar izan ez izateko. Gainera, jauziak ahalik eta zuzenena izan behar du, izotz-errailetik hortza atera dezaketen kolpeak saihesteko.

Burua aurretik duela buruz behera ibiltzean, ikusmen periferikoa oso ona da, nahiz eta ikuspuntua oso baxua izan. Ezinbestekoa da besoak gorputzarekiko paraleloan edukitzea (eskulekuak muturretik heltzen dira eta ez dira hatzak ixten), eta hankak eta oinak ahalik eta luzatuen edukitzea.

Hortz mota dela eta, zaila da lerak alboetara nahi ez dituen mugimenduak saihestea; beraz, nahiko ohikoa da pilotuak alboetako paretekin jotzea, eta, ondorioz, denbora galtzea.

Piloturik onenak gai dira ibilbide zuzena mantentzeko, ahalik eta abiadura eta denbora galera txikienekin.

Leraren ibilbidea aldatzeko mugimenduak hiru diziplinetako sotilenak dira: barruko patinean pisu gehiago kargatzean, lera norabide horretan biratzen da.

Besoak beti enborrari itsatsita daudenez, grabitate-zentroaren posizioa aldatzeko eta biraketa horretan laguntzeko barrurantz mugi daitezkeen gorputzeko atal bakarrak sorbaldak eta, neurri handiagoan, oinak dira.

Ez da harritzekoa bihurgune baten erdian pilotuak barruko oineko orkatila tolesten duela ikustea, bihurgunea ondo hartzeko. Bihurgunea handia izanez gero, kirolariak belauna toles dezake alde batera, baina horrek galera aerodinamiko handiagoa sortzen du, eta, beraz, litekeena da serie horretan denbora ona ez lortzea.

Lerek ez dutenez balazta-sistemarik, behin helmugako marra gaindituta, goranzko bidea hartzen dute eta elur freskoarekin bustita egoten dira , edo koltxoneta bigunak jartzen dira, pilotua hauen aurka gelditu ahal izateko.

Skeleton barruan, Cresta Runen jaitsiera St. Moritzen (Suitza) 125 urte daramatzan skeleton jarduera da eta aipatzeko moduko berezitasun batzuk ditu:

- Peralteak baxuagoak dira, eta, beraz, pilotua trazaduratik ateratzea ohikoa da (nahiz eta irteera-eremuak ondo prestatuta egon).

- Lerak eskuak eskulekuaren aurrealdeari helduta gidatzen dira, eta burua tenteago eramaten da. Era berean, eskulekuak alboko mugikortasun handiagoa ahalbidetzen du, Munduko Kopako ohiko skeleton pista batean baino intentsitate handiagoz bihurritu behar baita modalitate honetan. Buru tenteak aerodinamika okertzen du, baina ikusmena hobetzen du.

- Ibilbidean zehar frenatu egin behar da biratu ahal izateko.

Skeletonaren araudia oso sinplea da. Oinarria, zirkuitu batean egiten den lasterketa batean du eta lasterketa ahalik eta denbora gutxienean amaitzen duenak irabazten du. Olinpiar Jokoetan 4 jaitsiera burutzen dira eta denbora ofiziala 4 denboren batuketa da.

Hauek dira gaur egun skeletonean erabiltzen diren materialak:[8]

  • Alpetar lasterketetarako kasko berezia, kokotsa babesten duena.
  • Gorputzera doitzen den lasterketarako zuntz sintetikoko jantzia, airearekiko erresistentzia txikiena ezarriko duena.
  • Arantzadun zapatak, atletismokoen antzerakoak, izotzetan atxikimendua lortzeko
  • Betaurrekoak edota aurpegi babesgarriak
  • Jantziaren azpitik, sorbaldakoa edota ukondokoa
  • Lera

XIX. mendean erabilitako lerak sortzeko Kanadan eta Indian garraiorako erabiltzen ziren leretan oinarritu ziren. 1892an, L.P. Child-ek lerari egindako eraldaketa batzuen ostean sortu zen gaur egun metalezko hezurdura antza duen lera eta Ipar Amerikako kirolari bira bat eman ziona. 1902an Arden Bottek eserleku irristakor bat gehitu zion lerari kirolariek euren pisua ibilbidearen arabera aldatu ahal izateko. Gaur egungo leretan ez da ezaugarri hori aurkitzen.

2010ean, FIBTak leraren materialak mugatu zituen. Leraren ertzak altzairuzkoak izan behar dute eta ezin dute norabide zein balaztatze elementurik eraman. Oinarria aldiz, plastikozkoa izan daiteke. Leraren alboetan aurkitzen diren eskuleku eta topeak kirolaria lasterketan zehar finkatzen laguntzen dute. Hona hemen pistaren ezaugarri teknikoak:[9]

Dimentsioak:

  • Luzeera: 800-1200 mm
  • Altuera: 80-200 mm
  • Atleten arteko distantzia: 340-380 mm
Leraren pisua Gehienezko pisu konbinatua

(atleta+lera)

Leraren gehienezko pisua
Gizonezkoak 115kg 43kg
Emakumezkoak 92kg 35kg

Atleta eta leraren pisua ez bada maximora heltzen, atleta batzuk balasto batzuk ezartzen dizkiote lerari. Debekatuta dago balastoak kirolariari ezartzea.

Nazioarteko Lehiaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IBSFk lau zirkuitu lehiakor antolatzen ditu skeletonaren nazioarteko lehiaketarako, hiru gradutan: bi Kontinental Kopa, Kontinente Arteko Kopa (ICC) eta maila goreneko Munduko Kopa. Kirolari bakoitzak puntuak jasotzen ditu bere emaitzen eta lehiaketaren mailaren arabera, eta horiek erabiltzen dira euren sailkapenak zehazteko. Puntuazio horrek sailkapen orokor bat ere sortzen du lau zirkuituak kontuan izanik.

Lizzy Yarnold Munduko Txapelketan lehiatzen Lake Placiden, 2017ko azaroan.

Federazio nazionalei dagokionez, maila altuko atletei kuota-puntuak esleitzen zaizkie, aurreko denboraldian beren banakako marken arabera. Hala ere, federazioak libre dira edozein atleta kualifikatu bidaltzeko kuota duten lehiaketetara. Hala ere, banakako kirolarien sailkapenak erabiltzen dira lasterketa bakoitzeko hasiera ordena zehazteko. Komenigarria da, zirkuitutik jaisten lehenengoetarikoa izatea, izan ere, izotza hasieran egonkor eta sendo mantentzen da. Geroz eta lera gehiago zirkuitutik behera egiten dutenean, izotza ez da hain egonkor mantenduko eta horrek emaitzan eragingo du.[2].

Lau txapelketez gain, IBSFk Munduko Txapelketak ere antolatzen ditu. Irristatze denboraldi bakoitzaren amaieran egiten direnak, Neguko Olinpiar Jokoak egiten diren urtean izan ezik. Aldi berean Munduko Junior Txapelketa bat (23 urte edo gutxiagoko atletentzat irekia), urtero  ospatzen dena,  olinpiar jokoak egiten diren urtea kontuan hartu gabe. Munduko txapelketa egoten den denboraldi bakoitzean, Europako Txapelketa ere izendatzen da. IBSF Nazioarteko Batzorde Olinpikoarekin lankidetzan aritzen da Neguko Olinpiar Jokoetan skeleton lasterketak gainbegiratzeko. IBSFren sailkapen sistema erabiltzen da, Batzorde Olinpiko Nazionalen atleten kuoten esleipenak zehazteko.

Lehiaketa-zirkuitu erregularretan, lasterketa egunaren aurretik hiru edo lau eguneko entrenamendua egin behar da atletek pista bakoitzaren nondik norakoak ikas ditzaten. Aldi berean, kirolari bakoitzak aurre-entrenamendu horietan denbora zehatz batzuk bete egin behar ditu lehiatu ahal izateko. Normalean, lehiaketa berean bobsleigh lasterketak sartzen dira. Hori gertatzen denean, skeleton lasterketak egingo dira lehenik, bobsleigh-ko lera astunenek kalte handiagoa egiten baitute pistan.

Kopa kontinentalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi kopa kontinentalak, Europako Kopa ("Europa Cup" eta "Eurocopa" ere deitua) eta Ipar Amerikako Kopa dira. Bi txapelketak zabalik daude parte hartzen duten herri guztietako atletentzat, baina murrizketa batzuekin: sailkapen konbinatuko 15 kirolari onenek ezin dute kopa kontinentalean parte hartu, eta atletek ezin dute lasterketarik egin, euren taldeak ez baditu Munduko Kopan esleituta dituen kuota guztiak bete[3]. Hau da, esleitutako plaza guztiak beteta egon behar dira parte hartu ahal izateko.

Kopa kontinentalei dagokionez, Nazioarteko skeleton lehiaketen artean,  bi hauek ospe gutxiena dutena dira. Kopa kontinentaletan lasterketen emaitzek, sailkapenerako puntuaziorik baxuenak ematen ditu, lehen postuan 75 punturekin (Kontinente Arteko Kopan 120 puntu ematen dio irabazleari eta Munduko Kopak 225 puntu). 30 atleta onenek bakarrik dituzte sailkapen-puntuak; 30. postuak puntu bat balio du. Hala ere, diziplina honetan bi lasterketa egin ohi dira lasterketa-asteburu bakar batean, eta horrek aukera ematen die kirolari lehiakorrei sailkapen hobeagoa lortzeko. Aldiz, Munduko kopako lasterketa bakar bat egiten da eta, gaizki egingo balute, ez lukete beste aukerarik.

Munduko txapelketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko txapelketa skeleton kirolaren barruan dagoen nazioarteko txapelketa  gorena da, eta talde kuota zorrotzenak ditu. Zorroztasun horrek eragiten du taldeek plaza automatikoki ez jasotzea eta urtean zehar bakoitzaren errendimenduaren arabera plaza lortzea edo ez ahalbidetuko du. Sailkatzeko, talde batek gutxienez atleta bat jarri behar du sailkapen orokorreko lehen 60 postuetan (45 onenen artean emakumeen kasuan); bi atleta lehen 50 postuetan dituzten taldeek (35 onenen artean emakumeen kasuan) bi kuota puntu jasotzen dituzte, eta hiru kirolari lehen 30 postuen artean dituzten taldeek (25 onenen artean emakumeen kasuan) hiru kuota puntu jasotzen dituzte. Munduko Kopako denboraldia amaitzean, puntu gehien jaso dituzten gizon eta emakumeei, Munduko Kopako lasterketetan irabazitako puntuak bakarrik kontuan hartuta, "Kristalezko Globoa" izeneko garaikurra ematen zaie.

Txapelketa kontinentala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte bakoitzean, Munduko Kopako lasterketa bat eta Kopa Kontinentaleko txapelketa bat izendatu daiteke. Txapelketa hau "itxura egiteko" lasterketa bat da, eta programatutako Munduko Kopako ekitaldi erregularreko denboretan soilik oinarritua eramaten da aurrera. Gaur egun, Europan bakarrik egiten da.

Neguko Olinpiar Jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neguko Olinpiar Jokoetako Skeleton-ak, munduko txapelketaren bi eguneko formatu bera erabiltzen du, lau serietakoa, baina taldeen kuotak askoz txikiagoak dira. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak atleta-kuotak esleitzen dizkie batzorde olinpiko nazionalei, IBSFrekin lankidetzan eta IBSF sailkapen-sistema erabiliz, kalifikazioa zehazteko; 20 emakume eta 30 gizon lehiatu ziren 2018ko Neguko Olinpiar Jokoetan, Pyeongchangen (Korea), eta kuota totalaren ehuneko bat automatikoki joan zen harrera-herrialdera (Korea) genero bakoitzeko. Gizonen kategorian, hiru herrialdek hiru puntu jasotzen zituzten, seik bi puntu, eta bostek bat; emakumeen kategorian, bi herrialdek hiru puntu jasotzen zituzten, lauk bi, eta bik bat. Kuota esleitzeko herrialdeen sailkapena IBSFren sailkapen osoko hirugarren, bigarren edo maila altueneko atletaren arabera egin zen. Gainera, hiru kuota puntu erreserbatzen dira kontinentean ordezkaririk jaso ez duten herrialdeentzat, lagapen-prozedura horren arabera.

Batzorde Olinpiko Nazionalek beste kirolari batzuk bidali ahal izango dituzte, baldin eta horien sailkapenak kuota puntu bat ematen badute, baina aukeratutako kirolariek IBSFren zerrendako 60 onenen artean (gizonetan) edo 45 onenen artean (emakumeetan) sailkatuta egon beharko dute, eta Munduko Txapelketari aplikatzen zaizkion antzeko esperientzia-baldintzak bete beharko dituzte. Hala ere, IBSFren 4.1 arauak ezartzen du, 60 onenen (edo 45 onenen) kalifikazioa zehazteari dagokionez, jada kuota osoa jaso duten herrialdeetako maila baxuko kirolariak zerrendatik "garbitu" egiten direla atleta baten sailkapen arrunta zehaztu aurretik. Horrek eragina izan zuen 2018ko jokoetan Afrikarako ordezkari kontinentalak baimentzean, bestela sailkapenaren zerrendan baxuegiak izango baitziren sailkatzeko (bereziki, Simidele Adeagbo nigeriarra 74. postuan sailkatu zen garbiketaren aurretik, baina 45. postuan zegoen araua aplikatu ondoren).

Azkenengo neguko olinpiar jokoak 2022 izan ziren Txinan, Pekinen. Podiumean Christopher Grotheer Alemaniarra (irabazlea), Axel Jungk alemaniarra (bigarrena) eta Yan Wengang txinatarra izan zen gizonen aldetik eta Hannah Neise alemaniarra (irabazlea), Jaclyn Narracott australiarra (bigarrena) eta Kimberley Bos herbeheretarra (hirugarrena) emakumezkoetan.

Senior mailako Munduko Txapelketak

Olinpikoak ez diren urteetan, federazio nazional batek boluntario moduan, Munduko Txapelketak (seniorrak) antolatzeko (bobsleigh-entzat zein skeleton-entzat), eta zabalik daude Munduko Txapelketari eta KSIri (kirolari juniorrak barne) aplikatzen zaizkien esperientzia-baldintzak betetzen dituzten kirolari guztientzat. Munduko Txapelketa Nagusien kuota sistema Munduko Koparen berdina da, salbu eta federazio nazional guztiek atleta bat bidaltzeko eskubidea dutela. Diziplina bakoitzeko Munduko Txapeldun Juniorra defendatzen duenak sarrera automatiko bat ere jasotzen du. IBSF-k babestutako beste lasterketetan ez bezala, Munduko Txapelketetan bi eguneko lau txandako formatua erabiltzen da.

2016/17ko Munduko Txapelketak Königsseeko bobsleigh, luge eta skeleton pistan jokatu ziren Bavarian, 2017ko otsailaren 24tik 26ra. Letoniako Martins Dukursek irabazi zuen gizonezkoen lehiaketa eta Alemaniako Jacqueline Löllingek emakumezkoen lehiaketa. 2018a urte olinpikoa izan zenez, ez zen 2017/18 denboraldirako Munduko Txapelketarik egin.

Junior mailako Munduko Txapelketak

Junior mailako Munduko Txapelketak urtero ospatzen dira, baina programatuta daude Olinpiar Jokoekin eta Senior mailako Munduko Txapelketekin bat ez egiteko eta gatazkak saihesteko. Kirolari juniorrak 23 urtetik beherakoak dira, edo noizbait 23 urte betetzen dituztenak denboraldi lehiakorrean. Herrialde guztiek dute eskubidea Munduko Junior Txapelketetara hiru atleta bidaltzeko, baldin eta aurreko bi urteetan gutxienez bi pistatan hiru IBSF lehiaketa gainditu badituzte.

2017-18 Junior mailako Munduko Txapelketak 2018ko urtarrilaren 25ean jokatu ziren Sankt Moritzen (Suitza) eta irabazleak Anna Fernstädt alemaniarra eta Nikita Tregubov errusiarra izan ziren.

Erakundea Azalpena
Alberta Skeleton Association Calgaryn kokatua, Alberta, 1988ko Neguko Olinpiar Jokoen egoitza izan zen. Lasterketak eta matrikula eskaintzen ditu. Nazioarte mailako atletak sortu ditu.
Bavarian Skeleton Club 1969an ezarri zen Munichen (Alemania), eta Hans Riedmayer senataria eta Max Probst (bera skeleton bobinen ingeniaria) buru zituela, kluba garrantzitsua izan zen Konigsee, Tirol eta Txekoslovakiako lehen hezurdura-ekitaldietako batzuk antolatzeko.
Brazilian Ice Sports Federation Bob Skeleton brasildarraren erakunde ofiziala 1996-an  sortu zen Rio de Janeiron. Bere webgunean kirolari, historiari, gertakariei, argazkiei, albiste eta eguneratzeei  buruzko informazio asko dago.
British Bob Skeleton Association Bob Skeleton britainiar erakunde ofiziala. Bere kideen artean atletak eta zaleak daude. Bere webgunean kirolari buruzko informazio asko dago, bere historia, gertaerak, argazkiak, albisteak eta eguneratzeak kirolari buruz.
International Bobsleigh and Skeleton Federation 1923an Federation Internationale de Bobsleigh et de Tobogganing (FIBT) bezala sortua, eta 2015ean FIBSF kirol erakunde ofiziala da. Lausanan du egoitza nagusia, Suitzan.
St. Moritz Tobogganing Club 1887an San Moritzeko Bulpetts maiorrak sortutako klub pribatu bat da. Kideak zerrenda osagarriko eskatzaileen artean aukeratzen dira. San Moritz kirolaren sorlekua da.

Domina Olinpikoen Rankina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rankina Nazioa Urrea Zilarra Brontzea Totala
1 Estatu Batuak 2 2 1 5
2 Kanada 2 1 0 3
3 Errusia 1 0 1 2
4 Italia 1 0 0 1
Hego Korea 1 0 0 1
6 Lituania 0 2 0 2
7 Errusiako Atleta Olinpikoak 0 1 1 2
8 Austria 0 1 0 1
9 Erresuma Batua 0 0 3 3
10 Suitza 0 0 1 1
Totala (10 nazio) 7 7 7 21
Rankina Nazioa Urrea Zilarra Brontzea Totala
1 Erresuma Batua 3 1 2 6
2 Estatu Batuak 1 2 0 3
3 Suitza 1 0 0 1
4 Alemania 0 2 1 3
5 Kanada 0 0 1 1
Errusia 0 0 1 1
Totala (6 nazio) 5 5 5 15

Ranking Olinpiko Totala (2018)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rankina Nazioa Urrea Zilarra Brontzea Totala
1 Estatu Batuak 3 4 1 8
2 Erresuma Batua 3 1 5 9
3 Kanada 2 1 1 4
4 Errusia 1 0 2 3
Suitza 1 0 2 3
6 Italia 1 0 0 1
Hego Korea 1 0 0 1
8 Alemania 0 2 1 3
9 Lituania 0 2 0 2
10 Austria 0 1 0 1
Errusiako Atleta Olinpikoak 0 1 0 1
Totala (11 nazio) 12 12 12 36

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Skeleton sledding | Definition, History, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  2. (Ingelesez) «Actividades de deporte y recreo» aboutespanol (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  3. «History» web.archive.org 2014-02-14 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  4. Emerging Nations Support Package for 2017-18, Olympic Disciplines. .
  5. (Ingelesez) Bobskeleton.org.uk. (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
  6. (Ingelesez) «IBSF | International Bobsleigh & Skeleton Federation» www.ibsf.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  7. «Zonagravedad: El Portal de los Deportes de Inercia. - Pilotaje en skeleton» www.zonagravedad.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  8. (Ingelesez) «Luge, Skeleton, Bobsleigh - Deportes Invierno» deportesinvierno.info 2020-02-16 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  9. International Skeleton Rules. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Espainiako izotz kiroletako federazioa [1]
  • Nazioarteko bobsleigh eta skeleton federazioa [2]
  • Neguko Olinpiar Jokoak [3]
  • Espainiako neguko kirolen federazioa [4]
  • Alemaniako bobsleigh eta skeleton federazioa[5]
  • IBSF skeletonaren araudia[6]
  • IBSF Estatutuak [7]
  • Erresuma Batuko skeleton eta bobsleigh federazioa [8]
  • Europako gizonezkoen txapelketa (IBSF) [9]
  • Europako emakumezkoen txapelketa (IBSF) [10]
  • Estatu Batuetako bobsled eta skeleton federazioa [11]