Triatloi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hiru probak: igeriketa, txirrindularitza eta korrika-lasterketa

Triatloia kirol olinpiko bat da, hiru kirol-diziplina ezberdin biltzen dituena: igeriketa, txirrindularitza eta martxa lasterketa.[1] Proba batetik bestera ez dago etenik, eta horiek modu ordenatuan gauzatzen dira.[2] Triatloian parte hartzen dutenenei atleta, triatleta edota triatloilari deitzen zaie, eta proban zehar erlojuaren aurka lehiatzen dira, markarik onena lortzeko asmoarekin jarduten dute. Triatletak diziplina batetik bestera aldatzeko behar duen denborari trantsizioa deritzo. Hori horrela, igeriketatik txirrindularitzarako trantsizioari T1 deitzen zaio, eta txirrindularitzatik martxa lasterketarako trantsizioari, aldiz, T2.

Triatloiko hiru diziplinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triatletak igeriketako etapan.

Igeriketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triatloia osatzen duten hiru zatiei dagokienez, igeriketa da lehena eta zailena.[2] Bertan geratu izan dira begi-bistan gabezia teknikoak. Horregatik, triatleta gehienek igeriketa dute jatorrizko kirol gisa. Igeriketako diziplinan edozein estilo onartzen da, baina gehiengoek crawl estiloa erabiltzen dute.[2] Igeriketa ur irekietan egiten da: itsasoan, ozeanoan, zingiretan, etab. –sustapeneko triatloietan bakarrik lehiatzen da 50 edo 25 metroko igerilekuetan–. Uraren tenperatura 13 °C-tik beherakoa denean, ezin da igeriketa-diziplina lehian sartu, parte hartzaileen segurtasuna arriskuan jartzen baitu. Tenperatura 13 ºC eta 16 ºC artekoa bada, neoprenozko jantzia erabili behar da nahi eta nahi ez. Neoprenozko jantzia erabil daiteke tenperatura 16 °C eta 20 °C artekoa denean ITU (Triatloiko Nazioarteko Batasuna) nazioarteko probetan, eta 22 °C-ra artekoa ez-eliteko FETRI (Espainiako Triatloi Federazioa) proba nazionaletan. Uraren tenperatura 20 °C-tik gorakoa denean (ITU probak edo FETRI eliteko probak) edo 22 °C-tik gorakoa (elitekoak ez diren FETRI probak), debekatuta dago neoprenozko jantzia erabiltzea (60 urtetik gorakoentzat izan ezik, horientzat beti baitago onartuta).[3]

Triatletak txirrindularitzako etapan.

Txirrindularitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrindularitzari dagokionez, iraupen luzeeneko osagaia da.[2] Diziplina horretan, lehiaketaren arabera, drafting-a –beste triatleta baten gurpilaren atzetik joatea, haizeak horren gogor ez jotzeko– egin daiteke edo ez. Horrek guztiz bereizten du proben prestaketa. Drafting-a debekatuta dagoen lehiaketetan, atleten artean gutxienez egon behar den distantzia 10 metrotakoa da, eta hori errespetatzen ez dutenek zigorra jasotzen dute. FETRI lehiaketa nazionaletan eta ITU nazioarteko lehiaketetan drafting-a onartzen da; baina distantzia luzeko triatloietan (Ironman-ean adibidez) ez. Txirrindularitzako proba amaitzean, bizikletak box izeneko espazio itxietan uzten dira.[3]

Martxa lasterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, martxa lasterketa diziplinarik traumatikoena da triatleta gehienentzat, kolpe errepikakorrek gainkarga handia sortzen baitute.[2]

Triatletak martxa lasterketako etapan.

Triatloian lehiatzen ari diren atletek ezin dute laguntzarik jaso. Hori gertatzen bada, parte-hartzaileari jakinaraziko zaio, baina egoera ez bada zuzentzen, parte hartzailea kanporatua izango da. Bestalde, laguntzaile zein entrenatzaileek aholkuak eman ditzakete lehiaketan zehar, ibilbidearen alboetan egonda edota parte hartzaileen aurrean jarriz geldirik.[3]

Triatleten gorputz-konposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triatloia, proba konplexutzat hartzen da, izan ere, kirol-arrakasta lortzeko, azalduriko hiru diziplina ezberdinen jakintza tekniko zuzena izan behar da, morfotipo egokiarekin batera, prestakuntza fisiko gogorren bidez eskakizun fisiologikoei erantzun ahal izateko. Hau da, proba bat amaitzeko triatletak behar duen denbora bere gaitasun mailaren, gorputz osaeraren, entrenamenduen, egoera fisikoaren, eraginkortasunaren eta errendimenduaren araberakoa da. Zineantropometrikoki, triatloilaria edota triatleta kirolari altu gisa definitzen da, pisu gutxi eta gorputz-adar luzeduna. Gizonezkoen mailako eliteko triatletek txirrindularien neurri eta pisu antzekoak izan ohi dituzte eta gantz-masaren ehunekoan distantzia ertaineko igerilarien antzekoak izan ohi dira. Adierazitako faktore horiek aspektu negatibo zein positiboa izan ohi dute triatloilariengan. Izan ere, gantz-masa handia izatea onuragarria izan daiteke igeriketako diziplinan flotazioa errazten duelako, baina aldiz, faktore berberak eragin negatiboa du txirrindularitzan edota martxa lasterketan, atletak muskulu-masa handiagoarekin orekatu behar baitira.[2]

Xterra.

Morfotipoak gorputzaren endomorfia edo adipositate erlatibo gutxiagoko zein gorputzeko gantz ehuneko txikiagoa duen triatleta baterantz eboluzionatu du. Izan ere, bainujantzi mota bat erabili behar izatera heldu dira triatletak, fase horretan maiz egoten diren tenperatura baxuak direla eta, zeinak flotagarritasuna handitzen duen. Bestalde, egiaztatu denez, 1997. urtetik 2011. urtera bitartean, Junior elitean lehiatzen diren triatleten ektomorfia handitu egin da.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat teoria daude triatloia noiz eta nola sortu zen adierazten dutenak. Alde batetik, Scott Tinley triatleta, historialari eta idazleak dioenez, triatloiaren jatorria 1920-1930 hamarkadan Frantzian eginiko lasterketa bati egozten zaio, orduan "Les trois sports", "La Course de Débrouillards" edota "La course des Touche à Tout" deiturikoa. Triatloi horrek oraingo triatloiaren alderantzizko ordena zuen: hasteko 3 kilometroko martxa lasterketa, 12 kilometro bizikletaz jarraian, eta amaitzeko, Marne kanalean barrena igerian. Proba hori urtez urte errepikatu da. Bestalde, 2010az geroztik, garai hartan eginiko lasterketa urtero errepikatzen dute Frantzian, Joinville-le-Pontetik gertu, Meulanen eta Poissyn. Hori horrela, 1920. urtean L'Auto izeneko egunkari frantsesak "Les trois sports" izeneko lehiaketa haren berri eman zuen.[4]

Bestetik, bada beste teoria bat pisu handiagoa hartzen duena aurrekoak baino. Triatloia San Diegoko (Kalifornia) Track and Field-en klub batean sortu zela uste da, 1974an zehazki, Jack Johnstone eta Don Shanahanen eskutik. Gaur egungo triatloiaren alderantzizko ordenan egin zen: lehendabizi martxa lasterketa, ondoren txirrindularitza, eta azkenik, igeriketa.[5] Bertan, 46 pertsonak hartu zuten parte. San Diego Track Club-aren babesletza izan zuen, lagun-talde bat probetarako entrenatzen hasi baitzen. Hala ere, gaur egun, gertakari hori ongi dokumentatuta mantentzen da, eta ez da Frantziako ekitaldietan oinarritzen. Bi atleta horiek "Biatloia" sortu zuten, 7,2 km martxa lasterketa eta 400 m igeri egin beharreko proba, alegia. Hala, adierazten denez, Biatloiari beste diziplina bat gehiago sartzea erabaki zuten 1978ko irailaren 25ean, eta lehenengo aldiz neurri hauekin egin zuten triatloia: 9,66 km martxa lasterketa, 5 km txirrindularitza eta 500 m igeriketa.[5] 1989. urtean, distantzia ofizialak ezarri ziren eta horiek 1.500 m igerian, 40 km txirrindularitza eta 10 km martxa lasterketa ziren. Gaur egun, distantzia horiek mantentzen dituen triatloiari triatloi olinpiko deritzo.

Triatloia Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan 1980ko hamarkadaren hasieran zabaldu zen triatloia. Espainian, aldiz, 1963. urtean Castro Urdialesen antolatutako Ziklo-Nata-Cross lehiaketa izan zen triatloiaren antzeko lehenengo txapelketa, Espainiako triatloiaren aitzindari dena. Hala ere, ordutik hogei urte igaro behar izan ziren triatloia berriro Espainian ager zedin. Izan ere, Espainian antolatutako hurrengo triatloi proba Castellón (Espainia) burutu zen, non Castro Urdialesen antolatutakoaren ordena aldatu zen: lehenik eta behin txirrindularitza, bigarrenik igeriketa et azkenik martxa lasterketa. Gauza bera gertatu zen 1984ko Guadalajarako Triatloian (Espainia), askorentzat Espainiako lehenengo triatloia dena. Bertan, igerilari, lasterkari eta sorosleek hartu zuten parte.[5] 1984ko irailaren 1ean Guadalajaran eginiko triatloiak jarraipena izan zuen urteetan zehar, hau da, ez zen denboran bakartuta geratu, eta gaur egun ere antolatzen jarraitzen da. Beraz, Castellón 1983. urtean antolatutako triatloia Estatu Batuetatik kirola hedatu ondoren Espainiako lehenengo triatloitzat jotzen da, eta Guadalajarakoa, berriz, egiten jarraitzen den eta tradizio luzeena duena da.

Triatloia Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987. urtean egin zen lehengo triatloia Nafarroan, zehazki, Burlatan. Gainera, urte berean Nafarroako triatloiko lehenengo txapelketa antolatu zen, Iruñean. Bestetik, urte berean, Nafarroako lehenengo duatloia Lizarran egin zen, eta 1991. urtean izan zen Nafarroako lehenengo duatloi txapelketa. Hala ere, 1986. urtera arte Nafarroan ez zegoen triatloi-klubik, eta urte hartan sortu zen lehengo kluba triatloi sekzio bat zuena, Beste Iruña izenarekin. Hortik aurrera, hainbat triatloi klub edota triatloiari sekzio espezifikoa bermatzen dioten klubak sortu dira, hala nola; Hiruki kluba, Nafarroako Unibertsitate Publikoko klubean sekzioa, etab. Bestalde, 2000. urtean sortu zen Nafarroareko Triatloi Federazioa. Nafarroan modalitate hauek eskaintzen dira: triatloia, duatloia, neguko triatloia, akuatloia eta krossa (mendian bizikletaz).[6]

Hona hemen Nafarroako Triatloi Federazioko lizentzien bilakaera:[6]

Kirolariak Urtea Epaileak Entrenatzaileak Klubak
2000 37 0 0 4
2001 104 0 0 4
2002 116 4 1 4
2003 166 8 1 4
2004 186 8 1 7
2005 295 10 9 9
2006 385 18 7 12

Ironman-aren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ironman-a herri-kondairaren arabera 1978. urtean sortu zen, Hawaiiko uhartean zeuden AEBetako marinel batzuen artean egindako apustu batetik. Apustu egin omen zuten horietariko zein zen kirolaririk iraunkor, gogor eta osoena: igerilari bat, atleta bat edota txirrindulari bat. Eztabaida hiru proba ezberdinetan ardaztu zen. Lehenik eta behin Waikikiko badian (Waikiki Roughwater Swim) zehar 3,86 km egin behar zuten igeri; jarraian, Ohonako itzulia (Around-Oahu Bike Race), hots, 180,2 km bizikletaz; eta azkenik, irlako maratoi proba (Marathon of Honolulu), zehazki, 42,195 km martxa lasterketan oinarritzen zena.[5]

Triatloiaren sinbolo olinpikoa.

Apustuaren ostean ez zen adostasunik lortu, eta beraz, John Collins komandanteak, itsas armadako infanteak, hiru probak batzea erabaki zuen, muturreko gogortasunean aritzeko gai zein zen erabakitzeko. Collinsek lau urte lehenago parte hartu zuen San Diegon Mission Bayko (San Diego) lehen triatloian, eta Ironman hori, aurretik eginiko triatloian oinarritu zen. 1978ko otsailaren 18an burutu zen lasterketa, Ironman (burdin gizona) izenarekin, hiru probak amaitzea lortuko zuten parte-hartzaileak definitzeko. 15 atletek hartu zuten parte; besteak beste, Collinsek, eta Gordon Hallek. Gaur egungo distantzia errekorra 2016. urtean lortu zuen Frodenok, 7 h 35 minutu eta 39 segundorekin, alegia.[5]

Olinpiar jokoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triatloia 2000. urteko Sydneyko Olinpiar Jokoetan bihurtu zen kirol olinpiko. Bertan, distantzia olinpikoa ezarri zen: igeriketan 1.500 m (0,89 milia), bizikletan 40 km (24,9 milia) eta martxa lasterketan, aldiz, 10 km (6,2 milia).

Distantziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triatloiaren jatorrizko distantzia Ironmanetan erabiltzen denaren berbera da: 3.800 m igeriketa, 180 km txirrindularitza eta 42 km martxa lasterketa. Hala ere, distantzia horiek distantzia olinpikora (1.500 m igeriketa, 40 km txirrindularitza eta 10 km martxa lasterketa) edota esprintetara (750 m igeriketa, 20 km txirrindularitza eta 5 km martxa lasterketa) laburtu daitezke.

Eliteko triatletek batez beste ordubetean amaitzen dute proba esprint distantzian, 1 h eta 5'-an distantzia olinpikoan edo estandarrean, 4 h eta 4,5 h bitartean distantzia ertainean, eta 5,5 h eta 7 h bitartean distantzia luzean.

Adin txikikoak direnek (sarritan 7-12 urte bitartekoek ere) distantzia laburragoak egiten dituzte, eta lasterketa horiei IronKid deitzen zaie. IronKid-ean burutzen diren distantziak esprintetakoen erdia dira.

Bestalde, Half Ironman izeneko proba ere badago, normalean Ironman batean lehiatzeko sailkapen-probatzat erabiltzen dena. Half Ironman-a 1.900 m igeriketa, 90 km txirrindularitza eta 21 km lasterketak osatzen dute.

Izena Igeriketa Txirrindularitza Lasterketa Oharrak
Triatloi infantila 200 - 500 m
5-15 km
1-5 km
Distantziak parte-hartzaileen adinaren arabera aldatzen dira.
Super sprint-a 250 a 500 m 6,5 a 13 km 1,7 a 3,5 km ITUk arautua.[7]
Sprint-a 750 m 20 km 5 km ITUk arautua.[7]
Motza 900 m
40 km
10 km
Olinpikoa 1.500 m

(0.94 mi)

40 km

(25.0 mi)

10 km

(6.25 mi)

Distantzia olinpiko edo nazioarteko distantzia ere esaten zaio. ITUk arautua.[7]
Distantzia erdia 1.900 a 3.000 m 80 a 90 km 20 a 21 km< Middle distance, “ironman erdia” edo Ironman 70.3 ere esaten zaio. ITUk arautua.[7]
Distantzia luzea 1.000 a 4.000 m 100 a 200 km 10 a 42,2 km ITUk arautua.[7]
Ironman-a 3.8 km

(2.4 mi)

180 km

(112 mi)

42.195 km

(26.2 mi)

Ironman 140.6 ere deitzen zaio. Oinez egin beharreko distantzia maratoiaren distantzia bera da.

ITUk Triatloiko Nazioarteko Batasuna adierazten du, eta distantzia olinpikoko lasterketak antolatu zein zigortzen ditu. Lasterketa horiek mundu osoko goi mailako, junior mailako eta kirolari afizionatuen txapelketetan ematen dira gehien, bost adin-tarteetako taldeetan banatuta. Elite mailan, txirrindularitza unean drafting-a erabiltzea onartzen zaie triatletei. Hala ere, adinaren arabera drafting-a ez dago baimendua.

Triatloiko Munduko Korporazioak (WTC) Ironman eta Ironman 70.3 ekitaldiak zigortu eta antolatzen ditu urtero. Lasterketa horiek Kailua-Konan, Hawaiin (urrian, Ironman) eta Clearwaterren (azaroan, Ironman 70.3) urtero egiten diren Munduko Txapelketak sailkatzeko balio dute.

Modalitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triatloi lasterketak hainbat modalitatetan sailkatzen dira: distantziaren arabera, laburrak edo luzeak; txirrindularitza-zirkuituaren arabera, errepidekoak edo krosekoak (bideetakoak zein mendikoak); edota drafting-a onartzen dutenak eta ez dutenak.

Modalitate bakoitzean, lehiaketa ezagunenak hauek dira:

  • Munduko triatloi-serieak (ingelesezko siglak: WTS): Distantzia laburreko hainbat lasterketa biltzen dituen mundu mailako txapelketa da, eta txirrindularitza errepidean zein drafting-a onartzen ditu. Denboraldiko probetan lortutako 5 emaitzarik onenak hartuta puntuazio altuena lortzen duen triatleta izaten da txapelketako irabazlea.
  • Ironman: Triatloiko proba guztietatik gogorrena da. Hiru zatitan bereizten da: igeriketa, 3,86 km; bizikleta, 180 km eta korrika, 42,195 km (maratoia). Lasterketak, gehienez, 17 ordu irauten ditu, baina batez besteko denbora 12 ordukoa da eta azkarren egindako ironman-a 7:41:33 denboran egindakoa da. Distantzia luzeko triatloia ere deitzen zaio.
  • Xterra: Triatloi kros modalitateko distantzia laburreko txapelketa da.

Triatloi federazioek zuzentzen dituzten beste zenbait probetan proba berean zenbait kirol diziplina egiten dira. Horietariko bat duatloia da, martxa lasterketa, ondoren txirindularitza eta txirrindularitza ostean berriz martxa lasterketa hartzen dituena bere baitan. Mendiko duatloia ere badugu, asfaltatu gabeko bideetan eta mendiko bizikletan egiten dena. Akuatloia, martxa lasterketak, jarraian igeriketak eta amaitzeko berriz martxa lasterketak osatzen dute. Azkenik, triatloi zuria dugu, neguan egiten dena, eta igeriketaren ordez iraupen-eskia eta kuadriatloia biltzen dituena (triatloiari piraguismoa gehitzen dio).

Ondorengo taulan azalduriko proben distantzia espezifikoak azaltzen dira.[8]

Triatloi zuria.
Duatloia Martxa lasterketa - txirrindularitza - martxa lasterketa Sprint-a 5-20-2'5

Motza 10-40-5

Luzea 14-60-7

Triatloia Igeriketa - txirrindularitza - martxa lasterketa Sprint-a 0,75-20-5

Luzea 1,5-40-10

Triatloi zuria Martxa lasterketa - txirrindularitza - iraupen-eskia Motza 10-25-10

Luzea 15-40-15

Kuadriatloia Igeriketa - piraguismoa - txirrindularitza - martxa lasterketa Motza 2,5-10-50-10

Luzea 5-20-100-20

Akuatloia Martxa lasterketa - igeriketa - martxa lasterketa Motza 2'5-1-2'5

Duatloian, eskakizun fisiko handieneko ekitaldiari Powerman deritzo (10 km-ko martxa lasterketa, 150 km-ko txirrindularitza eta 30 km-ko martxa lasterketa), Ironman triatloiaren antzekoa.

Arauak (triatloia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioz, triatloia, banakako kirol bat da. Triatloia burutzen ari direnean ez dute baimenik laguntza eskatzeko ez jasotzeko. Hala ere, ekitaldiaren antolatzaileek izendatutako boluntarioen laguntza izan dezakete, horiek lasterketan elikagaiak eta ura banatzen baitituzte.

Zenbait triatloietan drafting-a onartuta dago. Hala, arau horrek eragin handia du talde-taktiketan. Izan ere, txirrindularitza-etapan, zenbait txirrindulari elkarrengandik gertu jarri ohi dira, atleta bakoitzaren aurrekoak airearen erresistentzia murrizteko asmotan, hala ahalbidetzen baitu drafting-ak. Taktika hori onartuta ez dagoen probetan eginez gero, zigorra jasoko da. Bestalde, zigortze hau triatloia Olinpiar Jokoetan sartzearekin aldatu egin da. Izan ere, distantzia olinpikoko lasterketa askotan, Olinpiar Jokoetakoak eta ITUren Munduko Kopako ekitaldietan barne (ITUren mailako ekitaldi profesionaletan), txirrindularitza etapan, drafting-a onartu da.

Aldaketa horrek eztabaida handia sortu du triatleten eta triatloizaleen artean. Drafting-a baimentzearen aldekoek, arau horren lauguntzaz triatloia nazioarteko txirrindularitzaren arauetara gehiago hurbiltzen dela adierazten dute. Arauaren aurka agertzen direnek, aldiz, arau horrek igeriketa-maila ona duen triatleta baten lorpenak ezabatzen dituela adierazten dute. Izan ere, igeriketa-maila baxuagoa duten lehiakideek, drafting-arekin lortutako denbora tarte horretan igeri egiteko aukera izango lukete.

Bestetik, triatloiko proben denbora segmentatuta dago. Emaitzak, webgune ofizialetan argitaratzen dira eta triatleta bakoitzarentzat denbora zehatza erakusten da, zikloaren denbora (trantsizioekin), gauzatze-denbora eta denbora osoa adierazten dira bertan. Hala ere, argitalpen batzuetan, trantsizioen denboraren zehaztapena bereizita adierazten da. Triatloiaren arabera arauak aldatu egin daitezke, hots, lasterketa batetik bestera arau ezberdinak egon daitezke indarrean: hala nola, onartutako ekipamenduen deskribapenetan (adibidez, wetsuitak, igeriketarako neoprenozko jantzia, onartzea) atleten arteko interferentzien debekuetan, etab.

Triatloiko txirrindularitzako etapari dagokionez, igeriketako diziplina amaitu ostean, bizikleta hartu aurretik kaskoa jarri behar dute parte-hartzaileek, eta txirrindularitzako etapa amaitu ostean, bizikletak utzi ondoren kendu ahalko dute kaskoa. Hala ere, azalduriko etapa pasatu ostean leihakideek kaskoa edozein unetan ken dezakete. Bestalde, azalduriko araua ez betetzeak errekusazioa ekarriko du. Horrez gain, badira erakunde antolatzaileen arabera aldatzen diren arauak; esate baterako, sarri ezarrita daude atleta bakoitzak etapa bakoitzean atzeratzeko izan dezakeen denbora, edota, antolatzaileek emandako igeriketa-txanoa derrigorrez erabili behar den ala ez, hornidura hidrikoko eta elikadurako postuak banatu behar diren ala ez, edota gazte-kategorietan bizikletako piñoi batzuk blokeatu behar diren ala ez, besteak beste.[9]

Kategoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi kategoria absolutu bereiz ditzakegu: gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuak. Kategoria absolutuetan parte hartzaile guztiek dute postua, eta horrez gain, adinaren eta sexuaren arabera kategoria ezberdin batean arituko dira.

Adina Kategoria
15-17 Kadete
18-19 Junior
20-23 Sub 23
40-49 Beterano 1
50-59 Beterano 2
60 edo gehiago Beterano 3

Lehiaketa egiten den urteko abenduaren 31n parte-hartzaileak duen adinaren arabera zehaztuko da adin kategoria. Aipatutako kategorien alternatiba gisa, lehiaketa bat ezar daiteke adin-taldeen arabera. Kasu horretan adinak horrela bildu eta sailkatuko lirateke: 17-19 urte, 20-24 urte, 25-29 urte, 30-34 urte, etab.

Lehiaketa ezagunenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtean triatloiko ehunka edo milaka lehiaketa jokatzen dira. Horietariko batzuk triatloi-komunitateetan ospetsuagoak dira beste batzuk baino, historia luzea, muturreko ingurumen baldintzak, distantzia oso luzeak, erronka fisikoa edota psikologikoak baitituzte. Hona hemen horietako batzuk:

  • Hawaiiko Ironman Munduko txapelketa, Kailua-Konan (Hawaii). Triatloi hau, lehen aldiz 1978. urtean egin zen Oahun, triatloi kirol modalitatea berpiztu eta bost urtetara (San Diegon, Kalifornian). Ondoren, Hawaiiko uharteko Kailua-Konara lekualdatu zuten. Kasu horretan, txirrindularitzaren etapak labaren gainean ehun milia baino gehiago hartzen ditu. Bertan, Hawaiiko uharte handian, eguerdian, 110 ºF-ra (43 ºC) iristen diren tenperaturak daude, eta zeharkako haizeak sarri 55 mph (90 kilometro orduko) hartzen ditu.
    Lanzaroteko Ironmana.
  • Lanzaroteko Ironman-a (Espainia). La Santa Elkarteak sortu zuen 1992. urtean, Lanzaroteko hegoaldeko hirian, zehazki, Hondartza Zurian. Lehen aldi horretan 148 pertsonak hartu zuten parte, eta horietako 116k amaitu zuten proba behar bezala. 1993. urtean, aldiz, proba hori Puerto del Carmenera lekualdatu zuten, eta gaur egun, bertan burutzen da triatloia. Lasterketa maiatzaren bukaeran izaten da, triatleta askorentzat prestaketa fisiko bikaina izaten da Hawaiiko triatloirako, munduko proba gogorrenetakoa baita azken hori parte hartzaile askorentzat.
  • Nizako triatloia (Frantzia). 2002. urtera arte egin zen lasteketa hau, WTC-k (Triatloiko Munduko Korporazioa) Frantzian Ironman gisa onartu zuen arte. 1980ko hamarkadan, Nizako distantzia luzeko triatloia (4 km igeriketa, 120 km txirrindularitza, 30 km martxa lasterketa) eta Konako munduko txapelketa urteko bi lasterketa garrantzitsuenak bihurtu ziren. Mark Allen estatubatuarrak 10 aldiz irabazi zuen.
  • Alcatrazeko ihesa triatloia, San Frantziskon (Kalifornia). Lasterketa horrek ohiko marka komunetik kanpo dauden distantziak ditu. San Frantziskoko badiako ur hotzetan (1,5 milia, hots, 2,4 km) hasten da, Alcatraz uhartetik kostalderaino. Jarraian, 18 milia (29 km) txirrindularitza eta 8 milia (13 km) martxa lasterketa egin behar dira. Guztia badiaren inguruko eremu gogorretan gauzatzen da. Lasterketaren unean, hareazko eskailerak igo behar dira, zehazki, hondartza ondoan dagoen labar batetik gora dauden 400 eskailera.

Emakumezkoak eta triatloia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolean eta jarduera fisikoan, oro har, emakumezkoen presentzia gaur-gaurkoz gizonezkoena baino murritzagoa da. Historikoki, emakumeak gizonezkoak baino beranduago sartu dira kirol-mundura, eta horien sartze prozesua zailtasunez beteta egon da, oztopo soziokultural batzuk gainditu behar izan baitituzte. Tradizionalki, emakumeak zailtasun handiak izan ditu familia eremutik irteteko, baina denbora aurrera joan ahala, gizarte zein kultura estereotipatuan bermaturik egon diren eta dauden ideien aurka borrokatu izan du. Hala ere, emakumea zailtasun eta oztopoak gaindituz joan da. Esan daiteke emakumeen kirola XIX. mendean hasi zela. Gainera, gaur egungo egoerari erreparatzen badiogu, emakumeak etxetik irtetea lortu duela ikus genezake, lan-merkatura sartu dela eta antzeko zerbait gertatu da kirol-arloan ere. Izan ere, gehitzen doa emakumezkoen portzentaia kirol-jolas-lanbide munduan.[10] Hala ere, gaur-gaurkoz, emakumeen kirola ez da gizonena bezain ospetsua eta jarraitua.

Espezifikoki triatloiari dagokionez, 1979. urtean egin zen lehenengo emakume parte-hartzaileak onartzen zituen proba. Lyn Lemaire izan zen Ironman batean parte hartu zuen lehenengo emakumea. Bi urte geroago, lasterketa hori Konara aldatu zen. Urrian burutu zen triatloia, eta urtero egiten da Munduko Ironman Txapelketa gisara.

Gainera, gero eta gehiago dira kirolean genero-parekotasunaren aldeko erakundeak. Triatloiari dagokionez, gaur egun une gorenean dagoen kirol gazte gisa, arau, distantzia, sari eta aintzatespen berdinak bermatzen ditu bi sexuentzat. FETRIk, Emakumea eta Kirola Batzordea sortu du, triatloian emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna bultzatuko duten neurriak hartu eta garatzeko, horien behar eta kezkak aztertu eta ebazteko, eta baita emakumezkoen partaidetza bultzatzeko ere.[10]

Emakumezkoentzako triatloiak, distantzia aproposak bermatzen ditu, entrenamendu bidez kirolaz gozatzeko adinako neurriak, alegia. Espainian, historian zehar ehunka emakumek hartu izan dute parte triatloietan, eta urtetik urtera kopuru hori nabarmen handituz doa. Hala ere, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasuna oraindik ere agerian dagoen faktorea da kirol munduan.[10]

Bestalde, historikoki Paula Newby-Fraser izan da Ironmanak egiten munduko emakumezkorik hoberena. Emakume horri Konako erregina ere deitzen diote. Zortzi aldiz izan zen Ironman Munduko Txapelketan, Kailua-Konan (Hawaii) txapelduna, zehazki, 1986 eta 1996 urte bitartean eta distantzia osoko 24 lasterketa irabazi zituen (1991. urtetik 1994. urtera). Izan ere, orain arte ez du inork berdindu zortzi tituluko errekorra eta bere garaian denborarik hoberena berak bazuen ere, 8 ordu, 50 minutu eta 24 segundoko munduko errekorra, 2009an errekor hau hautsi zuten. Hala ere, jarraitzen du triatloi munduko legenda izaten.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lista de deportes olímpicos» Olympic Channel . Noiz kontsultatua: 2020-05-14.
  2. a b c d e f g Universidad de Alicante. Departamento de Enfermería Universidad de Alicante. Departamento de Didáctica General y Didácticas Específicas Guillén Rivas, Laura Mielgo-Ayuso, Juan Norte, Aurora Cejuela Anta, Roberto Cabañas, María Dolores Martínez Sanz, José Miguel. (2015). Composición corporal y somatotipo en triatletas universitarios. Grupo Aula Médica PMC 957150394 . Noiz kontsultatua: 2020-04-02.
  3. a b c Cejuela Anta, Roberto. (2007). «Análisis de los factores de rendimiento en triatlón distancia sprint» Journal of Human Sport and Exercise (2): 1–25 doi:10.4100/jhse.2007.22.01 ISSN 1988-5202 . Noiz kontsultatua: 2020-04-02.
  4. History of Triathlon
  5. a b c d e (Gaztelaniaz) «¿Cómo y cuándo nace el triatlón?» Taymory Life 2016-07-19 . Noiz kontsultatua: 2020-04-02.
  6. a b (Ingelesez) pierdete.com. «Federación Navarra de Triatlón» www.navarratriatlon.com . Noiz kontsultatua: 2020-04-09.
  7. a b c d e (Ingelesez) International Triathlon Union. «2016 ITU Competition Rules (pdf)» Triathlon.org . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  8. (Gaztelaniaz) «Triatlón ¿en qué consiste y qué tipos hay?» BUHO 2017-05-17 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  9. (Gaztelaniaz) «Reglamentos » FETRI - FEDERACIÓN ESPAÑOLA DE TRIATLÓN» FETRI - FEDERACIÓN ESPAÑOLA DE TRIATLÓN . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  10. a b c Mujer y Triatlón. . Noiz kontsultatua: 2020-04-03.
  11. (Gaztelaniaz) «La mejor mujer “ironman” de la historia» Triatlon Online 2015-12-18 . Noiz kontsultatua: 2020-04-03.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]