Edukira joan

Ruandako genozidioa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Tutsien genozidioa» orritik birbideratua)

Ruandako genozidioa
Irudia
Map
Motagenozidio
gatazka
Denbora-tarte1994ko apirilaren 7a - 1994ko uztailaren 17a
KokalekuRuanda
HerrialdeaRuanda
Parte-hartzaileak
Helburututsi
Honen ondorioaConsequences of the Rwandan genocide (en) Itzuli
Pertsona hilak1.000.000
Kronologia
1994ko apirilaren 8a-1994ko apirilaren 14aOpération Amaryllis (en) Itzuli
1994ko maiatzaren 17a-Arms embargo (en) Itzuli
1994ko apirilaren 6a Assassination of Juvénal Habyarimana and Cyprien Ntaryamira (en) Itzuli
Opération Turquoise (en) Itzuli
2017 Pope Francis asks for forgiveness for church's role in Rwanda genocide (en) Itzuli

Ruandako genozidioa 1994an gertatu zen. Gatazkan, hutuek (hainbat joeratan banatuta) eta tutsiek hartu zuten parte.[1] Linda Melvern britainiar erreportariak adierazi zuenez, genozidioa ondo planifikatuta zegoen. Triskantzaren hasieran, 30.000 pertsonak eratu zuten milizia eta herrialde osoan zeuden barreiatuta.[2] Miliziako zenbait kidek AK-47 errifleak lortzeko erraztasunak omen zituzten, inprimaki soil bat beteta. Beste arma batzuk lortzeko, hala nola granadak, ez zen inolako paperik bete behar eta masiboki banatu ziren.

Melvern erreportariaren esanetan, genozidioa kabinete batzarretan eztabaidatu zela aitortu zuen Ruandako lehen ministro Jean Kambandak. Era berean, kabineteko ministro batek «tutsi guztiez libratzearen alde» zegoela esan zuen, «tutsirik gabe Ruandako arazo guztiak amaituko liratekeelako».[3]

Aurrekari historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. IV. mendean, batwa etniako biztanleak (ehiztariak) Ruandako mendi oihantsuetan jarri ziren bizitzen. Mende batzuk geroago, XI. mendean, hutu etniako nekazariak eskualde berera heldu ziren eta bizimodu sedentario bati ekin zioten. Batwa etniako kideekin bizikidetzan bizi ziren hutuak. Hortik ehun urtera, XII. eta XIII. mendeetan, abeltzain tutsiak gaur egungo Ugandako lurretatik Ruandara iritsi ziren. Azken horiek bertan bizitzen jarri ostean, batwa (ehiztariak), hutu (nekazariak) eta tutsi etniak (abeltzainak) elkarrekin bizitzen hasi ziren. Elkarbizitza hori sinbolikoa izan zen XVI. mendera arte baina, une hartan, tutsi etniako buruzagiek kanpaina militarrak hasi zituzten hutuen aurka: haien printzeak hil zituzten, atal genitalak moztu eta hauek eskegi, halaber. Asmoa aurkariak umiltzea zen, eta hala, tutsien menpe jarri ziren hutuak.

Tutsiek nagusitasuna izan arren, desberdintasun ekonomikoak ez ziren guztiz agerikoak hutuekin alderatuta. Etnia batekoa edo bestekoa izateak estatus soziala markatzen zuen, baina hutu batek posible zuen, adibidez, klasez igotzea, ondasunak baldin bazituen, batez ere. Bestalde, inguru hartako gutxiengoa zen etnia tutsiak (biztanleriaren % 14 inguru), basailutzari ekin zion.

XIX. mendean, errege tutsiek beren nagusitasuna finkatu zuten. Nyiginya izeneko klanak herrialdea menperatu zuen eta horrek hasiera eman zion gatazka militar eta sozialari. Tutsiek hutu etniako gehiengoa baztertzen zuten. Egoerak hala bultzatuta, egitura sozioekonomiko klasista bat garatu zen, Europako kolonizazioarekin gehiago indartu zena. Kolonizatzaile alemanak iritsi ziren lehendabizi (1897-1916) eta, ondoren, belgikarrek hartu zuten Ruanda. Azken horiek nortasun agiria sartu zuten herrialdean (1934) eta horrek aukera gehiago eskaintzen zien tutsiei: besteak beste, maila sozial hobea eta administrazio kolonialean postu hobeak eskuratzeko aukera ematen zituen agiriak. Horrek guztiak desberdintasun sozialak erabat instituzionalizatzea ekarri zuen, onuradun nagusiak tutsiak baitziren. Bitartean, batwa etniako kideek tratu on samarra jaso zuten tutsiengandik: izan ere, piramide sozialean, hutuen gainetik ikusten zituzten mendiko ehiztariak.

Kolonizazio belgikarraren ondorioz, sistema sozial eta politikoa estamentu nagusiaren mesedetan indartu zen, hots, tutsien mesedetan. Afrikako kolonizazioa adostu zenean, Europako herrialdeen artean banatu zen kontinentea. Kolonizatzaileek talde jakin bati edo beste bati garrantzia handiagoa ematen zieten, betiere, interesen arabera. Belgikar administrazioak ikusi zuenean tutsien aldarrikapenak gehiegizkoak zirela, ordura arteko jarrera aldatu, eta hutuen alde jarri zen. Etnia bien arteko lehiakortasuna zorroztu egin zen eta hori ikusita, belgikarrek etnietan oinarritutako alderdi politikoak sortu zituzten: Ruandako Batasun Nazionala (UNR), hutuen aurkako jarrera zuena, Ruandako Batasun Demokratikoa (RADER), Hutuen Askapenerako Mugimendua (Parmehutu) eta Masen Promozio Sozialerako Galdekapena (Aprosoma), tutsien aurkako jarrera zuena. Era berean, Europako misiolarien rolak ere kontuan hartzekoak dira, sistema soziala eta kolonizazioa legitimatu zutelako. Bidegabeko portaerak eta esplotazioa neurtzeko neurriak erabaki ziren.

XX. mendearen erdialdean, 1958an, hutu talde batek aldaketa eskatzen zuen manifestu bat idatzi ostean, honakoa erantzun zen gorteetatik:

« Hutuek ondare komuna banatzeko eskubidea nolatan eskatzen duten galde daiteke. Izan ere, gure (tutsiak) eta haien (hutuak) arteko harremanak beti egon dira basailutzan oinarrituta; ez dago, beraz, gure artean inolako senidetasunik. Gure erregeek herrialdea konkistatu, hutuen erregetxoak hil eta hutuak gure menpe jarri bazituzten, nola nahi dute gure anaiak izatea? »


Tutsi gobernatzaileen jarrerari aurre eginda, Perraudin obispoa bezalako pertsonak erabakigarriak izan ziren hutuen askapenerako prozesuan. 1959ko otsailaren 11ko gutun pastoralean honakoa zioen:

« Justizia eta karitatearen legeak herrialdeetako instituzioei eskatzen dizkie oinarrizko eskubideak, aukera berdintasuna eta arazo publikoetan esku-hartzeko aukerak bermatu behar direla biztanle guztientzat. Gizabanako eta talde sozial batenganako pribilegioak, faboritismoa, edota babesa eskaintzen duten instituzioak ez dira moral kristauarekin bateragarriak. »


Une horretatik aurrera, tutsien botereari aurre egiten hasi ziren hutuak, pixkanaka-pixkanaka, aberastasunaren banaketa helburu izanda. 1959ko azaroaren 1ean, gazte talde tutsi eta lider hutu baten artean izandako sesioak iraultza bati eman zien hasiera. Hutuek tutsien ondasunak erre eta haietako jabe batzuk hil zituzten. Bi urte iraun zuten maila baxuko erasoaldietan 74 hildako zenbatu zituen belgikar administrazioak. Haietako 61 tutsien milizia berriek hildako hutuak ziren. Tutsien helburua zen hutuen iraultza hari amaiera ematea, baina hutuen mugimendu iraultzaileak indar handiagoaz erantzun zuen ondoren. Hurrengo bi urteetan, 20.000 tutsi inguru hil zituen. Bortizkeri zurrunbilo haren aurrean, gauzak okertu eta tutsiak erbestera zihoazela ikusita (150.000 inguru), Nazio Batuen Erakundeak amnistia aldarrikatu zuen 1961eko maiatzaren 31n, eta hala, urte hartan bertan independentzia eskuratu zuen Ruandak. Era berean, erreferenduma egin zedin eskatu zuen NBEak eta hartarako begiraleak bidali. Erreferendumaren emaitzak ezezkoa eman zion ordu arteko monarkia tutsiari, bozen % 80 jasota. Gobernatzaile tutsiek errepublika onartu behar izan zuten eta hutuei eman zitzaien boterea. Une hartan erbesteratu ziren gazte tutsiek, Ruandako Fronte Abertzalea eratu zuten urteen joan-etorrian. Ruandako gerran rol garrantzitsua izan zuen fronteak, 1990etik 1994ra.

Ruandako egungo mapa.

Nagusitasun kolonialetik alde eginda, Grégoire Kayibanda izan zen Ruandako lehendabiziko presidentea. Hazkunde ekonomikoa eta egonkortasun soziala itxaropentsuak ziren. Mendeetan pilatutako desberdintasun handiak zeuden oraindik, baina tutsiek eta hutuek ez zuten liskar handirik izan euren artean. Nekazariak hezkuntza zerbitzua jasotzen hasi ziren eta herrialdea garatzen hasi zen, baliabide askorik ez bazuen ere. Alabaina, monarkiaren aldeko tutsi erbesteratuek Ruandaren ondoko herrialdeetan antolatzeari ekin zioten. Ruandako gobernuaren aurkako erasoak hasi zituzten, arrakasta handirik gabe. Errepublikaren alde (hutuak gehienbat) eta aurreko erregimenaren alde (gehiengo tutsia) zeudenen arteko gorrotoak gora egin zuen, baina liskarrek ez zuten orduko 1970eko hamarkadan indar handirik hartu. Halere, desberdintasun sozialak agerian geratzen hasi ziren eta horrek gatazka handiagoak ekarri zituen gerora.

1972an hilketa latzak izan ziren Burundi mugakidean: 350.000 hutu hil zituzten tutsiek eta, horren ondorioz, tutsien aurkako sentimendua indartu egin zen Ruandako hutuen gehiengoan. Biztanleriak tutsien aurka gogor ekiteko eskatu zion Grégoire Kayibanda presidenteari. Alabaina, presidenteak hartutako neurriek ez zituen biztanleak asebete eta gobernuan gertatu ziren ustelkeria kasuek estatu-kolpe bati eman zioten bidea. Habyarimana jeneral hutu jatorikoak estatu-kolpea eman zuen 1973ko uztailean[4].

Demokraziaren aurkako esku hartzea izan arren, gobernuak egonkortasuna izan zuen 1980ko hamarkadaren erdialdera arte. Frantziako laguntza logistiko eta militarra izan zituen horretarako. Ondoren, adiskidantza nazionala lantzeari ekin zitzaion. Datu horiek guztiak Munduko Bankuak eta Amnesty Internationalek baieztatu zituzten. Batetik, Ruandaren garapen eredugarria azpimarratu zuen Munduko Bankuak (1980ko hamarkada) eta, bestetik, Giza Eskubideekiko errespetua Amnesty Internationalek (1990). Estatu-kolpearen ondoko 17 urtean tentsioa mantendu egin zen arren, bi taldeak lasaitu egin ziren nolabait. Finantza kontuak kontrolatzea tutsiei zegokienez, erbestean zeudenek ikusi zuten herrialdearen barruan boterea zutela. Ruandako Fronte Abertzalea herrialdean era klandestinoan sartu eta bertako hainbat gazte tutsi erreklutatu zituen. Hala, heziketa ideologiko eta militarrak jaso eta brigada sekretuak eratu ziren, mendi muinoetatik masiboki barreiatu zirenak. Ruandako Fronte Abertzaleko ideologo Tito Rutaremarak honakoa gogoratu zuen:

« 1987. urte amaierarako Fronteko 38 talde zeuden herrialdearen barruan. »


Kafearen prezioa jaistea bezalako kanpo faktoreek (esportaziorako produktu nagusia) eta barruko beste zenbait faktorek tentsio berriak sortu zituzten 1980ko hamarkadako erdialdetik aurrera. Horri gehitu behar zaio ustelkeria kasuak gertatu zirela herrialdearen ipar partean. Era berean, egoera ekonomikoa okerrera zihoan eta erbesteko tutsiek ez zuten jatorrizko herrialdera itzultzerik. Faktore horien guztien ondorioz, Ruandako Gerra hasi zen.[5]

Genozidioaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990ean, Ugandan zeuden tutsi erbesteratuek Ruandako Fronte Abertzalea sortu zen. Urrian, talde horrek Ruanda inbaditu zuen, Ugandako armadaren laguntzaz.

1993an Ruanda eta Uganda Arushako Ituna (bake ituna) izenpetu zuten. Bertan, hainbat erabaki adostu zituzteb: trantsizio gobernua eratzea: 22 ministroetako 5ek Frontekoak izan behar zutela xedatzen zen; halaber, tutsi errefuxiatuen itzulera kontrolatzeko batzorde bat sortu zen; fronteko kideak armadan sartu eta tropen % 40 osatzekoak ziren; eta 1995ean hauteskunde parlamentarioak egitea.

1994ko apirilaren 6ean, genozidioa hasi zen, Ruandako Juvénal Habyarimana (hutua) eta Cyprien Ntayamira brundiar presidenteak zeramatzan hegazkina bi misilekin bota zutenean. Hurrengo egunean, Agathe Uwlingiyimana lehen ministroa eta NBEko hamar belgikar soldadu hil zituzten. Horren ondorioz, Kasko urdinak erretiratu egin ziren, biztanleria segurtasun gabe utzirik. Hutu erradikalek beren gobernua deuseztatuta zegoela ikustean eta Kasko urdinak joanak, egoera aprobetxatu zuten genozidioa hasteko. Kontraerasoan, Ruandako Fronte Abertzaleak (tutsiek osatua) Kigaliko inguruei eraso egin zieten.

Apirilaren 9an, Jean Kambanda hutuak moderaturik gabeko gobernua eratu zuen. Egun berean, Frantziak eta Belgikak bere biztanle guztiak atera zituzten, enpresetako ruandarrak bertan utzita. Gurutze Gorriak apirilaren 11rako 10.000 ruandar hil zirela estimatu zuen. Bitartean, Nazio Batuen MINUAR bakearen aldeko misioak ez zuen ezer egin. Apirilaren 14an, Belgikaren armada erretiratu egin zen, NBEko Kuartel Orokorrak emandako agindu zuzenengatik. Kofi Annanek ez sartzeko agindu zuen.

Apirilaren 17an, Kibuye konderrian, tutsien beste sarraski bat hasi zen, hurrengo hiru hilabetean 250.000 pertsona hil zituena. Boutros-Ghalik, Ruandako egoera larria ikusita, UNAMIR misioa milaka soldadu gehiagoz indartzeko eskatu zuen, sarraskiak geldiarazteko. Bestalde, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak UNAMIR misioa 2.500 pertsonatik 270era murriztera adostu zuen aho batez. Apirilaren 21erako, Gurutze Gorriak 100.000 pertsona hil direla estimatzen du.

Maiatzaren 4an, Boutros-Ghalik genozidio terminoa lehenengoz erabili zuen, Ruandan gertatzen zen sarraskiari erreferentzia egiteko; horren ondorioz, Bill Clinton eta beste buruzagi garrantzitsu batzuk deseroso jarri zituen. Egoera okertuz zihoala ikusita, UNAMIR misioa berrezartzea erabaki zuten eta une horretan tutsien kontraerasoa hasi zen iparraldean. Gurutze Gorriaren estimazioen arabera, maiatzaren 13rako 500.000 pertsona hil zituzten, baina inongo agintarik ez zuen artean genozidio hitza erabili.

Ekainaren hasieran, Ruandako Fronte Abertzaleak herrialdearen ipar-ekialdean antolatu eta Ruandan bizi ziren atzerritar guztiei alde egiteko ultimatuma eman zien. Mendebaldean, berriz, ALIR izeneko Ruandaren Askapenerako Armada sortu zuten.

Ekainaren 22an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Frantziari denbora batez Ruandako hego-mendebaldea kontrolatzeko eskatu zion, segurtasuna eta bakea mantentzeko.

Uztailaren erdialdean, Ruandako Fronte Abertzaleak Kigali menderatu zuen: bertan zegoen gobernu erradikal hutuak Zaire ingurura alde egin zuen. Bi milioi hutuk ere alde egin behar izan zuten herrialdetik eta Goman inoizko errefuxiatu-esparrurik handiena eratu zuten. Hura hartzen da genozidioaren amaieratzat.

Elizan babestu ziren 5.000 pertsona granadaz, labanaz, tiroz eta bizirik errez hil zituzten.

Ruandan hilketen eta gatazken eragile nagusiak ruandarrak izan diren arren, kanpoko potentzien eragina (Britainia Handia, Frantzia eta Belgika) sarritan azpimarratu da eta gertaera larrienean, 1994ko genozidioan ere nabarmendu zen. Genozidioan 800.000-1.000.000 hildako izan ziren; gehienak, zibilak (Ruandan guztira 5.800.000 biztanle ziren).

Azken hamarkadetan, bortizkeriazko barne-gatazkak izan dira Ruandan. Alderdi ezagunenak tutsien eta hutuen arteko (Ruandako tribuak) guduak izan ziren. Etnien arteko bana-lerroa, ordea, ez da gatazkaren arrazoi bakarra izan: 1994ko genozidioa hutu erradikalen eskuetan zegoen gobernuak piztu zuen, eta tutsiak adina hutu moderatu hil ziren; hain zuzen, arrazoi politikoengatik boterearen aurkariak zirenak. Hala ere, hutuen eta tutsien arteko adiskidetasunak eta ezkontzak ere izan dira.

Mendebaldeko herrialdeek Ruandako gatazkan munta nabarmena izan zuten eta oraindik ere dute. Adibidez, Belgikak, potentzia kolonial ohiak, hasieratik erabaki zuen gutxiengo tutsiari pribilegioak ematea eta elite bihurtzea.

1995ean, Frantziak Ruandaren armamentu-hornikuntzarako akordioa izenpetu zuen. Era berean, Frankofoniaren izenean, hutu erradikalen erregimen diktatoriala babestu zuen, ekintza onartezinak egiten zituzten arren. Ugandako erbestealditik itzultzen ari ziren haien aurkari tutsiak anglofono bihurtu ziren. Gerard Purnierren ustez, Frantzia genozidioaren "katalizatzailea" izan zen.

Nazioarteko arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genozidioaren zati bat nazioarteko laguntza programen bidez finantzatu zen, besteak beste, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren doiketa programetako fondoak erabiliz. Genozidioaren prestakuntzan 134 milioi dolar xahutu zirela esan ohi da eta haietako 4,6 milioi aihotz, aitzur, aizkora, laban eta mailuetan gastatu omen zirela. Estimazioen arabera, gizonezko hutuen hirutik batek matxete berria zuen. Frogatuta geratu da genozidioa eragin zuen gobernua urteetan babestu zuela Frantziak, babesaz gain, armak bidaliz hutu miliziei, Munduko Bankuak garapenerako bideratutako diru laguntzak erabiliz eta matxeteak nekazari-tresna gisa fakturatuz. Parisek ez du sekula bere ardura onartu, nahiz eta Ruandako Gobernuak gerora froga sendoak publikoki aurkeztu. Munduko potentzia handiek ezikusia egin zuten.[6]

Bill Clintoni ere errua egotzi zaio, sarraskiak gelditzeko esku hartu ez zuelako ez ezik, tragedia gerta zedin aktiboki parte hartu zuelako ere bai. Izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiko Michael Hourigan fiskal australiarrak egindako ezkutuko ikerketa sakonaren ondorioz, Habyaramanaren hegazkina Bill Clintonek eta Kamek bota zutela argitu zuen (hain juxtu, hegazkina bota ondoren hasi baitzen hondamendia). Iturri batzuen arabera, 1997an Clintonek Ruanda bisitatu zuenean, Habyaramanaren hegazkinaren eraispenaren inguruko informazioa zeukan edonor hiltzeko eskatu zion Kagameri. Clintonen bisitaren ondoren, mundu guztian zehar hilketa batzuk izan ziren: adibidez, Nairobin (Kenyan), Seth Sendashonga eta Théoneste Lizinde hil zituzten.

  • Hotel Rwanda (Terry George)
  • Shooting Dogs (Michael Caton-Jones)
  • Sometimes in April (Raoul Peck)
  • 100 Days (Nick Hughes)
  • Flores de Ruanda (David Muñoz)[7].
  • Shake hands with the Devil. The journey of Roméo Dallaire (Peter Raymont)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]