Antzinaroa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Agrigento: Adostasunaren tenplua

Antzinaroa, Europako historian, Historiaurrearen eta Erdi Aroaren artean Mediterraneo inguruan garatutako zibilizazioen garaia da. Idazkerak ematen dio hasiera garai honi, K. a. IV. milurtekoan Egipton eta Mesopotamian sortu baitzen. Eskuarki, Antzinaroaren amaieratzat jotzen da Erromatar Mendebaldeko Inperioko azken enperadorearen erorketa (K. o. 476. urtea). Dena den, hainbat historialarik data hori aurrera edo atzera mugitzen dute (K. o. 300-600 artean).

Antzinako Grezian eta Erroman Europako lehendabiziko zibilizazio letradunak izan ziren. Garai horietan, gaur egungo Europaren sustraiak sortu ziren: Greziakoak dira ezagutzen ditugun filosofia, artea eta historia bera ere; erromatarrak, berriz, zuzenbidea, alfabetoa eta hizkuntza andana (hizkuntza erromantzeak hain zuzen ere), besteak beste. Halaber, kristautasuna hasi zen hedatzen. Prozesu motela eta luzea izan arren, urte askotan Europako ikurretako bat erlijio hori (edo erlijio horren mota bat) bilakatu zen.

Erromatar Inperioak Mediterraneo inguruko lurraldeak batu zituen, Europan egungo Portugaldik Turkia arte. K. o. lehendabiziko bi mendeetan ez zuen etsai arriskutsurik ezagutu, eta mugen barruan bakea (Pax Romana) ezarri zen. Hala ere, barneko borrokak eta kanpoko inbasioak zirela medio, Europako Mendebaldean Erromako boterea desagertu zen. Ekialdean, Konstantinopolis hiriburua, Inperioak aurrera egin zuen beste milurteko batez.

Mesopotamia

Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamia»

Tigris eta Eufrates ibaien arteko lur emankorretan nekazaritzak aurrerakada handia izan zuen eta, ondorioz, hiri-estatu independenteak sortzen hasi ziren, batzuetan elkarren lehian: Ur, Uruk, Lagash eta Eridu, besteak beste. k.a. XXIII. mendetik aurrera, Mesopotamian zibilizazio aberatsa garatu zen, agintari herria herriaren atzetik zetorrela: sumertarrak, akadiarrak, babiloniarrak eta asiriarrak.

Herri bakezale eta langilea eratu zuten sumertarrak izan ziren lehenengo agintariak. Agintarien artean, Gudea, Lagasheko erregea da nabarmentzekoa. K.a. 2300 urte inguruan, Akadeko herriak, Akadeko erregea zen Sargonek zuzenduta, sumertarren hiriak indarrez hartu eta inperioa sortu zuen. Ondoren, Babilonia bihurtu zen hiri nagusia, Hammurabiren erregealdian loraldi handia lortu zuena ekonomian eta kulturan. K.a. VII. mende erdialdera, asiriarrek, Asurbanipal erregearen aginduetara, Mesopotamia osoa menperatzea lortu zuten.

Azkenik, pertsiarrek Mesopotamiako lurrak konkistatu eta euren inperioan sartu zituzten. Inperio horrek K. a. VI. mendean izan zuen unerik gorena.

Antzinako Egipto

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Egipto»

Antzinako Egipto Nilo ibaiaren ibarrean K. a. IV. milurtean sortu zen zibilizazioa dugu. Mazedoniar erregeen (K. a. IV. mendea) eta Erromako Inperioaren (K. a. I. mendea) konkistarekin eta kristautasunarekin pixkanaka-pixkanaka desagertuz joan zena.

Antzinako Egipton boterea era teokratiko batean antolatzen zen. Faraoia jainko eta agintari goren zen aldi berean. Ondoren erregearen ingurukoak eta arkitekto onenak zeuden, gero artisauak eta nekazariak eta azkenik esklaboak. Egipto oso gizarte esklabista zen.

Antzinako Grezia

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Grezia»

Antzinako Grezia Mendebaldeko Zibilizazioaren jatorrizko kulturatzat hartzen da. Greziar kulturak Erromatar Inperioan itzelezko eragina izan zuen, baita Pizkundean eta beste ondorengo aroetan ere, hala hizkuntzan, nola politikan, hezkuntzan, filosofian, zientzian eta arteetan. Antzinako Grezia Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzeraino grezieraz berba egiten zuten lurraldeez osatua zen.

Antzinako Erroma

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erroma»

Erroma hiriaren inguruan zibilizazio bat sortu zen K. a. V. mende inguruan. Hamabi mendetan zehar zibilizazio honek hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, oligarkian oinarritutako errepublika eta inperioa. Mediterraneo itsasoko ingurua menderatu zuen armadaren eta asimilazio kulturalaren bidez. Hala ere, arrazoi ezberdinengatik, gainbehera etorri eta, azkenean, mendebaldeko alderdia behintzat, V. mendean desagertu zen. Ekialdeko alderdia [Bizantziar Inperioa]] bilakatu zen, Konstantinopolis hiriburua zuela.

Antzinako Greziarekin batera, Erromako zibilizazioak "Antzinate Klasikoa" osatzen du, egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarri garrantzitsuenetako bat. Izan ere, Erromak legea, gerra, artea, literatura, arkitektura eta gramatika (besteak beste) izugarri garatu zituen.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antzinaroa Aldatu lotura Wikidatan