Burgosko prozesua

Wikipedia(e)tik
(Burgoseko Prozesuatik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Burgosko prozesua edo Burgosko auzia 1970eko abenduaren 3an Burgosen auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri egindako epaiketa guztiz sumarioa izan zen. Hiru pertsona erail izanaz akusatu zituzten, eta epaiketaren bukaeran heriotza zigorra ezarri zieten akusatuetako seiri; hala ere, heriotza zigor horiek ez ziren bete, Francoren Ministro Kontseiluak kartzela zigorretara aldatu baitzituen.

Euskal Herrian sekulako oihartzuna izan zuen auzi horrek: etengabeak izan ziren protesta ekintzak eta greba orokorra ere egin zen, eta mundu guztian barrena mobilizazioak eta elkartasun ekitaldiak egin zituzten.

Eusko Abertzale Laguntzak ordaindu zituen prozesuak epaituei eragin zizkien gastu guztien % 90.[1]

Eduki-taula

[aldatu] Gertakariak

Epaitutako gertakariak hauek ziren:

  1. 1968ko ekainaren 7an, bidean jarritako kontrol batean José Pardines Azcay guardia zibila hil izana.
  2. 1968ko abuztuaren 2an, Donostiako polizia etxeko Gizarte Ikerketako Brigadako (polizia politikoa) buru eta torturatzaile ezaguna zen Meliton Manzanas hil izana.
  3. 1969ko apirilaren 9an, Fermín Monasterio Pérez taxilaria hil izana. Aurreko biak ez bezala, ez dago garbi ea ETAk hil zuen, etakideen eta polizien arteko tiroketa batean bala galdu batek hil baitzuen.
  4. Beste delitu batzuk —hala nola atentatuak eta lapurretak, guztira 30 milioi pezetatik gora biltzeko bidea eman zietenak— egin izana, bai eta delitu horietan guztietan lagundu izana edo estali izana.

[aldatu] Auziaren garrantzia

Asko ziren epaitutako pertsonak (hamasei), bai eta haientzat eskatzen ziren zigorrak ere: 6 heriotza zigor eta 752 espetxe zigor.

Auziaren oihartzuna ere ez zen makala izan. 1970eko abenduaren 1ean ETAk Eugen Beihl ShaefferAlemaniako Errepublika Federaleko kontsula— bahitu zuen, eta haren patua 16 prozesatuenarekin lotuko zutela zabaldu zuten. Horrela, nazioarteko interesa erakarri zuen Burgosko prozesuak.

Beste alderdi garrantzitsu bat Elizaren presentzia izan zen. Akusatuetako bi apaizak ziren, eta Eliza Katolikoak arreta berezia eskaini zion epaiketari. Gainera, Euskal Herriko elizako kide ugari ari ziren frankismoaren kontra, eta lokalak utzi zituzten bilerak edo protestak egiteko, sermoietan aipamenak egiten zituzten, eta abar. Argitaratu zituzten testuetatik ezagunena azaroaren 22ko artzain gutuna dugu, Donostiako gotzain Jacinto Argayak eta Bilboko gotzain Jose María Cirardak sinatua.

Abenduaren 12an, Katalunian 300 artista eta intelektualek itxialdia hasi zuten Montserrateko abadian, amnistia, askatasuna eta autodeterminazio eskubidea eskatzeko. Abenduaren 14an utzi zuten abadia, hango fraideei kalte ez egitearren.

Protestak han eta hemen ugaritu ziren, lantokietan, unibertsitatean...

[aldatu] Zigorrak

Eguberrietan, ETAk kontsula askatu zuen eta abenduaren 28an epaia jakin zen: ez ziren fiskalak eskatutako sei heriotza zigorrak, bederatzi baizik; eta kartzela zigorrak ere fiskalak eskatutakoak baino gogorragoak ziren. Berehala hasi ziren indultua eskatzeko ahaleginak.

Abenduaren 29an Erreinuko Kontseilua bildu zen, eta hurrengo egunean bildutako Ministro Kontseiluak azkenean indultua eman zuen: heriotza zigorren ordez kartzela zigorrak ezarri zituen.

[aldatu] Ondorengoak eta ondorioak

ETAri eskarmentua emateko pentsatutako epaiketa frankismoari egindako auzi bihurtu zen.

Alemaniako Errepublika Federaleko kontsularen bahiketa erabakigarria izan zen, nazioarteko arreta lortzeko orduan. Estatu horrek harreman ekonomiko sendoak zituen Espainiarekin eta heriotza zigorrak gerarazteko presioak egin zituzten. Honek eta Eliza Katolikoak izandako inplikazioak zigor haiek bertan behera uztera behartu zituzten.

Burgosko epaiketan auziperatutako Mario Onaindia eta Eduardo Uriarte Euskadiko Ezkerrako buru izango ziren ondorenean eta PSE-EE geroago. Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua, berriz, Herri Batasunako kide izango ziren eta Antton Karrera Ezker Batua Berdeak alderdian sartuko zen.

Epaiketaren emaitza Euskal Herriaren garaipentzat hartu zuen euskal gizarteak, eta luzaroan ospe handia izan zuen Telesforo Monzonek idatzitako Irabazi dugu abestiak:[2]

« Irabazi, irabazi dugu,

odolez ta malkoz irabazi dugu.
Irabazi, irabazi dugu,
burdinen atzetik irabazi dugu.

Hi, gudari, herriko zaindari,
Gernikako sua begietan argi...
hau loria, Burgosko auzia,
ezpatari nausitu zaio herria.

 »

Abesti horretan, ezpata eta herria jarri zituen aurrez aurre Monzonek, epaiketako uneetako bat nabarmenduz. Izan ere, epaiketako une batean, Mario Onaindiak «Gora Euskadi askatuta!» oihu egin zuelarik, gainerako akusatuak Eusko gudariak abesten hasi ziren, eta aretoan zeuden militarrek beren ezpatak atera zituzten.[2]

[aldatu] Epaituak

kondenen kuadroa
Izena Eskatutako sententzia Ebazpena Gerora
Teo Uriarte
Ikaslea, 25 urte
heriotz zigorra - 90 urteko kartzela zigorra 2 heriotz zigor - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Gero Euskadiko Ezkerraren sortzaileetakoa izan zen, eta egun PSE-EEn dago.
Unai Dorronsoro
Irakaslea, 29 urte
heriotz zigorra heriotz zigorra - 1.000.000 pta Geroago EMKko kidea.
Mario Onaindia
Bankuko langilea, 29 urte
heriotz zigorra - 60 urteko kartzela zigorra heriotz zigorra - 51 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Gero Euskadiko Ezkerraren sortzaileetakoa; gero, hil arte PSE-EEn aritu zen.
Jokin Gorostidi
Mekanikoa, 26 urte
heriotz zigorra - 50 urteko kartzela zigorra 2 heriotz zigor - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Geroago Batasuneko kidea izan zen.
Xabier Izko de la Iglesia
Inprimalaria, 29 urte
heriotz zigorra - 75 urteko kartzela zigorra 2 heriotz zigor - 27 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Geroago Euskadiko Ezkerreko kidea.
Xabier Larena
Ikaslea, 25 urte
heriotz zigorra - 40 urteko kartzela zigorra heriotz zigorra - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Euskadiko Ezkerreko kidea geroago.
Josu Abrizketa
Kimikoa, 21 urte
70 urteko kartzela zigorra 62 urte eta egun bateko kartzela zigorra Geroago ETA pm-n aritu zen eta Kuba herbesteratu zuten.
Enrique Gesalaga
Teknikaria, 27 urte
70 urteko kartzela zigorra 50 urteko kartzela zigorra Gero oinarrizko sindikalista izan zen.
Jon Etxabe
Apaiza, 37 urte
70 urteko kartzela zigorra 50 urteko kartzela zigorra Gero LKI STEE-EILASko kidea.
Bittor Arana
Montatzailea, 27 urte
70 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra 70 urteko kartzela zigorra Geroago CC.OO.ko kidea.
Gregorio López Irasuegi
Ikaslea, 24 urte
30 urteko kartzela zigorra 30 urteko kartzela zigorra 40 urteko espetxe zigorra. 1988an hil zen.
Ione Dorronsoro
Musika irakaslea, 31 urte
54 urteko kartzela zigorra 50 urteko kartzela zigorra Geroago EMKko kidea izan zen.
Itziar Aizpurua
Piano irakaslea, 27 urte
15 urteko kartzela zigorra 15 urteko kartzela zigorra Batasuneko kidea.
Antton Karrera
Agronomoa, 27 urte
12 urteko kartzela zigorra 12 urteko kartzela zigorra Geroago CC.OO.ko eta Ezker Batuko kidea.
Maria Arantzazu Arruti
Irasuegiren emaztea, 24 urte
absoluzioa
Julen Kaltzada
Apaiza, 35 urte
6 urteko kartzela zigorra eta 100.000 pta 12 urteko kartzela zigorra Egun euskara irakaslea da.

[aldatu] Erreferentziak

  1. Ainhoa Arozamena Ayala: Eusko Abertzale Laguntza, Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  2. a b «Burgosko prozesuak, gaur 40 urte», Berria, 2010-12-02.

[aldatu] Bibliografia

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak