Dante Alighieri
Dante Alighieri. |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Jatorrizko izena | Durante degli Alighieri | |
| Jaio | 1265eko maiatzaren 14a? | |
| Florentzia (Italia) | ||
| Hil | 1321eko irailaren 14a? | |
| Ravena (Italia) | ||
| Bikotekidea | Gemma (Messer Manetto Donatiren alaba) | |
Dante Alighieri, jaiotzako izen-deiturez Durante degli Alighieri (Florentzia, Italia, 1265eko maiatzaren 14a? - Ravena, Italia, 1321eko irailaren 14a?) poeta, prosako idazlea, literaturako teorialaria, moralaren filosofoa eta pentsalari politikoa izan zen.
La divina commedia (Jainkotiar komedia) da haren lan nagusia, 1308 eta 1321 artean idatzia. Lan hori Erdi Aroko Europako literatura gailurtzat hartzen da.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Dante 1265ean jaio zen, Florentziako familia noble batean. Bere familia gelfoen alderdikoa zen, nahiz eta Montapertiko borrokaren ondoren ez zuen aparteko errepresiorik jasan behar izan. Bere ama, Bella degli Abat, bera haurra zela hil zen eta geroago bere aita Lapa di Chiarissimo Cialuffiserekin ezkondu eta beste bi seme-alaba izan zituen.
12 urte zituela, Messer Manetto Donatiren alaba Gemmarekin ezkontzeko hitzartu zen. 1291n ezkondu eta seme-alabak izan zituen berarekin, baita hortik kanpo ere. Beatrice Portinariren maitalea ere izan zen.
Hainbat zeregin diplomatiko egin zuen Bonifazio VIII.a Aita Santuaren aurrean. Azkenean, guelfo beltzek batere kargurik gabe utzi eta erbestera egotzi zuten bizitza guztiko. Azken urteak Veronan, Luccan eta Ravenan eman zituen.
[aldatu] Obra
Dantek De Monarchian (1310-1314), latinez idatzi zuen obran, argitaratu zituen bere kezka politikoak: munduko aginpidea eta izpirituarena bereizi behar zirela aldarrikatu zuen, giza ekintza guztiek ondasun morala izan behar dutela argudiatuz.
Kultura eskolastikoan hezitako gizona izaki, zuhurtziari, ezaguera eta arrazoiari buruzko ikusmoldea azaldu zuen Il Convivio (1307, Oturuntza) italieraz idatzi zuen filosofia lanean. Hizkuntzaz kezkatuta, Italiako herrialde guztietarako literatura hizkuntza batua aldarrikatu zuen, latinez idatzi zuen De vulgari eloquentia obran azalduriko teoriei jarraituz (1303-1304).
Latinaren eta latin hizkuntzen arteko harreman historikoez arduratu zen lehenetarikoa izan zen. Filosofia eta moralismo ukituz beteak ageri dira, bestalde, Danteren poesia ugariak. Bederatzi urte zituela ezagutu eta hemezortzi urterekin berriz aurkitu zuen Beatricek inspiratu zizkion Canzoniere izeneko sonetoak, bultzatu zuen dolce stil nuovo haren erakusgarri bikainak. La Vita Nuova poema bildumak (1283-1293) guztiz mistiko bihurtu zen amodio hari buruzko lirismo aberats eta irudimenezkoa eskaintzen du (Beatricez «beste inorengatik inoiz esan ez dena» esateko).
[aldatu] La divina commedia (1307-1321)
Danteren lanik garrantzitsuena La divina commedia izan zen. Olerki epiko hau hiru zatitan banatuta dago (infernua, garbitokia eta paradisua). Lan honen gaia Dante berak, Virgilio eta Beatriceren laguntzaz, heriotzaren ondoko lurraldera egindako bidaia da. Virgiliok infernuan eta garbitokian zehar gidatu zuen Dante, jentila zenez paradisuan ezin baitzen sartu. Paradisuan Beatrice izango du lagun.
Leku bakoitzean goranzko bidea egingo du Dantek. Deskribapen zehatzak erabili zituen infernuko sufrimendua, garbitokiko bekatu garbitzeak eta paradisuko zoriontasuna.
Danteren beste ezein obrak ez dio La divina commedia epopeia mistiko handiari itzalik egiten. Poema handi horretan, lurreko zorionaren eta beste munduko loriaren eske ageri da gizadi osoa. Gizonaren ikuspegi teologiko eta dramatikoa eskaintzen duen epopeia hori Europako literaturako obra garrantzitsuenetakoa da.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.