Immunitate-sistema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leukozito neutrofiloak eritrozitoen artean

Immunitate-sistema organismoak infekzioaren aurrean defendatzeko duen mekanismoen multzoa da. Mekanismo hauen bitartez organismoak mikrobio patogenoei aurre egiten die, eta baita bere barnean garatzen diren zelula gaiztoak -tumoralak- ere suntsitzen ditu. Halaber, immunitate-sistemak zelula arrotzen sarrera galarazten du.

Babes mekanismoak

Mikrobio bat gorputzean sartzen denean, organismoak infekzioen aurkako mekanismoa martxan jartzen du, immunitate egoera ezarriz. Mikrobioen aurkako bi mekanismo handi daude: Kanpokoak (berezkoak) eta barnekoak (infekzio agenteen estimuluen eraginez jarduten dutenak).

Espezifikoak ez diren mekanismoek patogenoei ez diete organismoan sartzen uzten:

  • Hesi azala: Mikrobio gehienentzat iragazgaitza, zauririk ez badago. Azalean zenbait azido daude eta mikrobio gehienek ez dute azalean asko irauten.
  • Organismoaren barrunbeak estaltzen dituzten muki mintzek, mukusa jariatu eta mikrobioak bertan geratzen dira harrapaturik eta kanporatuak izaten dira.
  • Txistu, malko eta gernua: honelako likido askok bakterizidak dituzte (lisozima, esaterako)

Hauek guztiek, onddoak eta bakterio patogenoak inhibitzen dituzte, substantzia bakterizidak askatuz edo funtsezko elikagaien lehiaren eraginez. Batzuetan, flora mikrobiar natural berezi bat eduki ohi dugu, inhibitzaile bezala jokatzen duena (hesteetako flora mikrobiarrak, esaterako, mikrobio patogenoen hazkuntza hesteetan galarazten du)

Defentsarako mekanismo espezifikoek modu espezifikoan erantzuten diete erasotzaileei, erantzun humoral eta zelularreko erreakzio immunitarioen bidez.

Immunitatea

Sakontzeko, irakurri: «immunitate»

Organismoak infekzioaren aurka azaltzen duen erresistentzia da. Immunitate-sistema sistema konplexuena da (nerbio-sistemarekin batera). Organo eta jario baskular nahiz interstizial guztietan sakabanatuta dago (burmuinean izan ezik); organo espezializatuetan biltzen da: hezur muina, barea, timo guruina, gongoil linfatikoak, amigdalak, Peyer-en plakak...

Behin eta berriro berritzen da eta immunitatea ematearen arduraduna da. Sistema honek osagai zelularrak ditu (linfozitoak), baita molekula disolbagarriak ere (antigorputz edo immunoglobinak), modu koordinatu eta osagarrian lan egiten dutenak. Zelula linfoide eta antigorputz hauek gorputzeko ehunetara odol jarioen bitartez iristen dira, sistema linfatikoetan ibili eta berriro odol sistemara itzultzen gero.

Sistema immunea martxan jartzen duten molekulak antigenoak dira. Erantzun immunea fenomeno multzoa da eta horien bidez antigeno batek linfozitoen aktibazioa edo antigorputzen sorrera eragiten du.

Bi linfozito mota daudela frogatu da; horiek erantzun immunitario mota bietatik bakoitza kontrolatzen dute: zelulen bidezko immunitatean linfozito mota batek hartzen du parte, T linfozitoak. Immunitate humorala B linfozitoen jardueraren ondorioz gertatzen da (ikusi: linfozito).

Antigenoak

Sakontzeko, irakurri: «antigeno»

“Bere aurkakoa sortzen duena”, definitu daiteke. Immunitate-sistema martxan jartzen duten molekulak eta antigorputz eta T linfozitoekin erreakzionatzen duten molekulak dira. Antigeno bakoitzak bere antigorputzaren sorrera eragiten du, eta biak batzen diren lekuari epitopo edo determinante antigeniko esaten zaio.

Antigenoek eta antigorputzek osagarritasun espazialaren bidez elkarreragiten dute, eta lotura ahulen bitartez lotuta daude (hidrofobikoak edo hidrogenozkoak). Immunitate-sistemarentzat gehienetan ez dira arrotzak izaten organismoko molekula antigenikoak. Norberarena eta beste batena bereizteko propietate horri tolerantzia immunologikoa deritzo.

Erantzun humorala: antigorputzak

Sakontzeko, irakurri: «antigorputz»

Molekula proteiko globular handiak dira. Euren antigenoak diren molekula espezifiko batzuk bakarrik ezagutzen dituzte eta horietara bakarrik lotu daitezke. Von Behringek eta S. Kitasatok aurkitu zituzten 1890ean.

Hauen funtzioa, birus eta bakterioak zuzenean detektatzea eta neutralizatzea da, estali eta bildu egiten dituzte gero makrofagoek fagozita ditzaten. Antigorputz bakoitzak bi antigeno elkar ditzake eta hauek determinante pila duenez, beste antigorputzetara elkar daitezke. Honela, antigeno molekula eta elkarloturiko antigorputzen konpleju handiak sortzen dira. Hauen egitura geneetan kodifikatua dago.

Ugaztunok milioika antigorputz sortzen ditugu. Zelulek euren gene segmentuen konbinazioa aukeratzen dute, milioi bat baino gehiagoren artean. Antigeno arrotza organismoan sartzean, berari dagokion antigorputza sortzen da. B linfozitoak arduratzen dira antigorputzak sintetizatu eta zirkulaziora esportatzeaz. B linfozito batek antigorputz bat bakarrik sintetizatzen du.

Antigorputzen egitura, lau polipeptidoz dago osaturik, disulfurozko bi zubiren bidez elkarturik daude. Bi handiak edo astunak dira (H kateak / heavy) eta besteak arinak (L kateak / Light). L-H-H-L multzoak Y itxura dauka

Gizakiok 5 antigorputz mota ditugu eta immunoglobinak deritzate:

  • Ig G: guztien %80. Gorputz likidoetan, hau da gehien dagoena eta mikroorganismoetara eta toxinak neutralizatzera lehenengo iristen dena. Plazenta zeharkatzeko ahalmena dauka eta enbrioiaren lehenengo etapetan bera arduratzen da organismoaren babesaz. Gerora ere amaren esnetik umearen hesteetara igaroko da eta gorputz osora zabaldu.
  • Ig A:%13 adierazten du. Plasman eta seromukietan dago.Gorputzaren kanpoko azaleko defentsaz arduratzen da. Bertan bakterioen ugalketa kontrolatzen du.
  • Ig M:%6 adierazten du. Infekzio erantzunetan agertu ohi da. Basoen barrualdean dago. Bakterioen aurkako lehen defentsa lerro indartsua da, zelulak banatu eta suntsitzeko ahalmena du.
  • Ig D:%0-1 adierazten du.Linfozitoen azalean daude eta antigeno hartzailearen lana egiten du (antigenoak aktibatu eta ezabatu)
  • Ig E: odol-serumean eta kanpo sekrezioetan dago eta %0.002 adierazten du. Organismoaren kanpo azalak babesten ditu eraso patogenoetatik. Egoera alergikoetan handitu egiten da. Parasito batzuk ere estaltzen ditu eta leukozitoek errazago suntsitu.

Immunitate-sistemaren zelulak: zelulen erantzuna

Sakontzeko, irakurri: «makrofago»
Sakontzeko, irakurri: «linfozito»
Irudi hauetan makrofago baten jarduera ikus daiteke, konidio batzuk deuseztatzen

Zelula hauek ez dute ehunik osatzen eta ez daude finkaturik, banaka banatuta baizik. Zelula amek immunitate-sistemako zelulak sortzen dituzte:

  • Makrofagoak: Ahalmen fagozitikoa duten zelula handiak dira eta ehun guztietan daude, baina gehienbat ehun konjuntiboan. Monozitoetatik sortzen dira: hauek zain eta kapilarrak zeharkatzen dituzten leukozitoak dira (hezur muinetan sortuak) eta gero, ehun konjuntiboetan sartu eta makrofago itxura hartzen dute.

Erantzun immunearen bi fasetan parte hartzen dute: aktibaturiko linfozitoen seinaleei erantzuten dieten zelula legez eta linfozitoen aktibazioa erregulatzen duten zelula bezala. Linfozitoak eta makrofagoak loturik doaz. Erantzun immunearen hasieran ere parte hartzen dute. Garbiketa lanak egiten dituzte: zelula hilak, partikula bizigabeak fagozitatzen…

Azkenik, sistema immuneko beste zelula batzuen jarduera murriztu ahal dute, horrek erantzun immunearen erregulazio negatiboa sortzen du

  • T eta B linfozitoak immunitate-sistemaren elementu espezifikoak dira, funtzio eta inbaditzaileak aurkitzeko eran desberdintzen dira.
    • T Linfozitoak: timora iristen dira, bertan heltzeko. Parasito edo agente intrazelularrak ezabatzea da haien eginkizuna. Linfokinak ere askatzen dituzte makrofagoak aktibatzeko. Hiru azpitalde daude:
      • T Linfozito laguntzaileak: Prozesaturiko zatiak ezagutzen dituzte eta makrofagoen mintzean daude. Horrek linfokin asko sortzen ditu eta T eta B zelulen zatiketa nahiz aktibazioa bizkortzen dute.
      • T Linfozito hiltzaileak: Diana zeluletara itsasteko gaitasuna dute, euren mintza digeriketa entzimekin eta entzima zitotoxikoekin zulatuz. Zelulak hil egiten dira eta infekzioa ez da zabaltzen.
      • T linfozito ezabatzaileak: Erreakzioa geldiarazten dute.
    • B Linfozitoak: organo linfoidetan egon ohi dira. Molekula arrotzetara batuko diren antigorputzak sortzea da haien eginkizuna. Geldirik oso txikiak dira baina aktibatzean milioika antigorputz sortzen dituzte.

T linfozitoek B linfozitoen sintesia sustatzen dute, linfokinak askatzean. Sintesi hori blokeatu ere egin dezakete, linfokin inhibitzaileak askatzen badituzte.

Berezko immunitatea eta immunitate egokitzailea

Substantzia arrotzak bi modutara identifikatzen dira:

  • Berezko immunitatearen bidez: Amagandik jasotako immunitatea da . Agente patogeno asko lehen kontaktuan suntsitzen ditu. Konplementu izeneko proteina da garrantzitsuena: antigorputzei laguntzen die. Konplementuaren proteina mota bat proteina antigeniko batera batzen da. Horrek konplementuaren beste molekula batzuk suspertzen ditu eta horiek zelula fagozitoak erakartzen ditu. Zelula ameboide horiek, azkenik, konplementuko molekula geruza batekin estalita dauden patogenoak irentsi eta digeritzen dituzte.

Makrofagoek mintz hartzaileak dituzte; hartzaileak bakterioetan finkatu eta horiei esker bakterioak irentsi egin ahal dira.

  • Immunitate egokitzailea: Bizitza osoan eskuraturiko mekanismoetan oinarritzen da. Mikroorganismoak ezagutu eta suntsitzen dituzte. Linfozito batzuek (NK zelulek) ez dute hartzaile antigenikorik, eta erantzun immune inespezifikoan parte hartzen dute. B linfozitoak agente arrotza detektatzean ugaritu egiten dira eta gero klonatu egiten dira. B linfozitoen hartzaileen gene arduradunek hipermutazioak dituztenean, antigorputz pila sortzen dira.

Immunitate artifiziala

Txertoen bidez patogenoen inbasioa kontrolatu edo suntsitu egiten da. Konplementuak eta antigorputzek kanpoko bakterioei eraso egiten diete; T linfozitoek berriz, kanpoko zein zelula barrukoei.

Bi immunitate artifizial mota dago:

  • PASIBOA: Antigorputz espezifikoak dituen seruma injektatzean lortzen da. Ez da iraunkorra.
  • AKTIBOA: Txertoak jarriz burutzen da. Immunizazio aktibo zientifikoa Edward Jenner sendagile ingelesarekin hasi zen. Baztanga edo nafarreriaren aurkako immunizazioa artifizialaren metodoa argitaratu eta vaccination izena eman zion, gaixotasuna behiarena zelako. Jenner-ek behien nafarreriaren birusa inokulatu zien giza nafarreria zutenei, haien immunizazioa lortuz. Horrenbestez, lehenengo txertoa sortu zuen eta hasiera eman zion gaur egungo immunologiari.

Txertaketa

Sakontzeko, irakurri: «Txerto»

Antigenoaren eta antigorputzaren artean egon daitekeen espezifikotasunean eta oroimen immunologikoan oinarritzen da.

Motak:

  • Mikroorganismo patogenoaren forma ez arriskutsuak edo motelduak:
Gaixotasun birikoak prebenitzeko erabiltzen diren txerto ia gehienek birus motelduak erabiltzen dituzte. Esaterako, baztangaren aurkakoa, polioarena, elgorriarena edo errubeolarena, besteak beste. Patogenoak moteltzeko modua Pasteur-ek aurkitu zuen. Mikroorganismo baten moteltze prozesuak mikrobioaren birulentzia gutxitzen du, baina ez ditu bere ezaugarri antigenikoak aldatzen (hots, antigorputzak sorrarazteko ahalmena ez da desagertzen). Badirudi patogenoaren ugaritze jarraituetan gertatzen diren mutazioek eragiten dutela moteltze hori.
  • Konposatu kimikoen bidez hildako mikroorganismoak:
Hildako birusekin erabiltzen diren txertoen artean A motako gripearena edo amorruarena daude. Hildako bakterioekin erabiltzen direnak, aldiz, sukar tifoidearena eta kukutxeztularena. Gaixotasun bakteriarrak prebenitzeko erabiltzen diren txerto gehienek bakterio hilak dituzte (ez baita oso ohikoa bakterio motelduak erabiltzea)
  • Era kimikoan aldaturiko toxina bakterianoak edo toxoideak:
Gaixotasun bakteriar batzuekiko immunitatea, bakterioek sortzen dituzten toxinak neutralizatzean datza. Egoera immunea sortzeko toxoideak erabiltzen dira. Toxoideak toxina bakterianoaren forma inaktibatoa edo toxikoa ez dena da; baina antigorputz batzuen produkzioa suspertzeko ahalmena dauka eta horiek gaixotasuna sortzen duen forma aktiboa neutralizatzen dute.
  • Antigeno garbituak:

Estalpe birikoaren proteina batek edo determinante antigenetikoak dituzten peptido batzuek erantzun immunea sor dezakete. Mikrobio moteldua edo mikrobio hilda erabili beharrean, beraz, mikrobio horren molekula antigenikoak erabiltzen dira txerto moduan erantzun immunea sortzeko

Txertoak eta bioteknologia

1. Proteina garbituetan oinarritutako txertoak;beharrezkoa da antigeno garbituak isolatzea, antigeno horiek sortzeko geneak klonatzea eta antigorputz monoklonalak erabiltzea.

2. Peptido sintetikoen bidez eginiko txertoak. Teknika immunokimikoak eta ordenagailuz lagunduriko ekipo automatizatuekin egindako ikerketak erabiltzen dira.

3. Peptido sintetiko aktiboekin eginiko txertoak ahotik hartzekoak.

Gaixotasun autoimmuneak

Sakontzeko, irakurri: «gaixotasun autoimmuneak»

Organismoak bere zelulek dituzten antigenoak ezagutzen ez dituenean, eta arrotzez jotzen dituenean, eraso egiten die. Gaixotasun autoimmunearen oinarria, beraz, berezko antigenoak eta kanpoko antigenoen arteko desberdintasuna ez ezagutzean datza.

Adibideak: anemia hemolitikoa, miastenia gravis, gazteen diabetes mellitus, artritis erreumatoidea, lupus eritematoso sistemikoa eta esklerosi anizkoitza, besteak beste.


HIPERSENTIBERATASUNA: ALERGIAK

Sakontzeko, irakurri: «alergia»

Antigeno batekiko bigarren kontaktutik aurrera, neurriz kanpoko erantzun bat sortzen da, alergia. Hori sortzen duen antigenoa alergenoa da.

Erreakzio alergikoan 3 fase daude:

1.Sentiberatasuna (alergeno baten eta indibiduo baten sistema immunearen arteko lehenengo kontaktuan ez dira gaixotasun sintomak agertzen).

2.Mastozitoen aktibazioa (Organismoen eta alergenoaren artean gero izango diren kontaktuetan, azken horren molekulak Ig E antigorputzetara lotzen dira, mastozitoen azalean. Bitartekari alergiko izenekoak alergien sintoma askoren eragileak dira).

3.Beranduko erreakzioa edo jarduera immunitario luzea(Alergenoaren diana ehunetan askaturiko substantziek leukozitoak erakartzen dituzte toki horretarantz; gainera, beste zelula immunitario batzuk ere erakartzen dituzte eta horiek, odol korronteak garraiatuak, basoak uzten dituzte alde horretan).

ALERGIEN SINTOMAK

Sentiberatasuna duen indibiduo batek gaixotasun alergikoaren sintomatologia agertzen du. Alergenoarekin egondako kontaktu motaren arabera sintomak desberdinak izango dira:

  • azaleko kontaktua: urtikaria, ekzema...
  • arnas bidetiko kontaktua: asma, errinitis, doministikuak...
  • aho bidetiko kontaktua: sabeleko mina, beherakoak, gorakoak...

Pertsona askok alergia diote elikagaiei (esnea, arrautza…). Organismoan sartu eta berehala garatzen dituzte aho bidetiko kontaktuaren ondorioz sortutako sintomak.

Immunitate-sistema eta HIESa

  • GIB-ak (HIESa sortzen duen birusak) ehun askoren zelulak infektatzen ditu.
  • GIBa ziklo zelularraren une zehatz batean bakarrik erreplika daiteke.
  • T linfozitoak suntsitzen ditu birus horrek; T linfozitorik gabe immunitate-sistema guztiz ahulduta geratzen da.
  • GIBaren ahalmen patogenoa larriagotzen duen faktore bat birusaren aldagai piloa sortzeko arriskua da.

ZELULAK SUNTSITZEKO MEKANISMOAK

GIB-aren azaleko antigenoak T linfozitoen azaleko hartzaile proteikoekin akoplatzen dira. Atxikidura gauzatu ondoren, birusaren material genetikoa T linfozitoren barrualdera sartzen da, infekzioa osatuz.

GIB-ak gehien erasotzen dituen zelulak Th linfozitoak dira (linfozito laguntzaileak). Dena den, makrofagoak eta timoren eta burmuinaren zelulak ere kaltetu ditzake. Gongoil linfatikoetan pilatzen dira birus patogenoak, eta bertatik immunitate-sistemaren hondamena antolatzen dute.

Immunitatea eta minbizia

Makrofagoak minbizidun zelula bati (irudiaren erdian, handiagoa) erasotzen

Immunitate-sistemak parte hartzen du minbiziaren prebentzioan, NK zelulen eta T linfozitoen bidez (zelula hauek minbizidun zelulak ezagutu eta suntsitzen baitituzte). Bestalde, minbiziaren aurka 3 immunoterapia bereiz daitezke:

  • Pasiboa: tumore zelulen antigorputz espezifikoen erabileran oinarritzen da.
  • Aktiboa: txerto antitumoralak ematean datza.
  • Egokituak: T linfozitoak aktibatzen dira laborategian, gero linfozito aktibatu horiek -minbizidun zelulei eraso egingo dietenak- gaixoengan injektatzen dira.

Bibliografia

  • Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua IBSN: 978-84-9860-026-1
  • Ingraham, J.L., Ingraham, C. Introducción a la Microbiologia Vol. 2, Ed. Reverté, (1998) IBSN: 84-291-1871-3
  • Forbes, B., Sahm, D., Weissfeld, A. Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana, (2002) IBSN: 84-7903-810-1
  • Farreras Rozman: Medicina Interna, Ed, Doyma (1992), IBSN: 84-7592-439-5
  • Smith A.D. (Ed) Oxford dictionary of biochemistry and molecular biology. (1997) Oxford University Press.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Immunitate-sistema Aldatu lotura Wikidatan