Poliomielitis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Poliomielitisaren ondorioak jasan dituen eskalea

Poliomielitisa edo polioa gaixotasun infekziosoa da, jatorri birikoa duena, hasieran digestio-aparatuari erasaten diona eta nerbio-sisteman kalte oso larriak eragin ditzakeena. Garai batean gizakien gaixotasun infekzioso nagusietako bat zen, baina gaur egun -txerto bati esker- guztiz kontrolpean dago ia mundu osoan.

Poliomielitisa aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. Azken urteotan ez da kasu bakar bat ere agertu EAE-an.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipto zaharreko estela, poliomielitisak jotako gizon bat erakusten duena (K.a. 1400 urte)

Poliomielitisaren eragilea Pikornabirusen taldeko birus bat da. Birus hauek RNA dute material genetiko gisa, kapside ikosaedriko batek babestua. Pikornabirus taldearen barnean bi birus mota daude: enterobirusak eta errinobirusak. Lehenengoek digestio-aparatuan sortzen dituzte gaitzak, eta bigarrenek eztarrian eta sudurrean. Poliomelitisaren birusa, hain zuzen ere, enterobirusen kategorian sailkatzen da.

Poliomielitisa aspalditik ezaguna bada ere, birus eragilea ez zen 1909. urtera arte identifikatu (Landsteiner eta Popper-ek). Gizakia da birus horren gordailu bakarra.

Gaur egun poliomielitis birusaren hiru seroaldaera ezagutzen dira: PV1, PV2 eta PV3. Hirurak dira patogenoak.

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko herrialde garatuetan edateko uraren kalitatea bermatuta dago, araztegietan ura kloratu eta edangarri bihurtzen baita. Horrek, umei jartzen zaien txertoarekin batera, desagerrarazi du polioa herrialde horietatik (gaitz hori ur kutsatuen bidez -gehienbat- transmititzen baita).

Gaur egun, Europa eta Amerika osoan desagertu da gaitza. Afrika eta Asiako herrialde gutxi batzuetan besterik ez dira kasu berriak agertu. 1988an 350.000 gaixo inguruk harrapatu zuen gaitza mundu osoan; 2005ean, 1.800-ek besterik ez. Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) helburua poliomielitisaren desagerpen osoa izaten da. Hori gertatuko balitz Lur planetatik kanporatzen den bigarren gaixotasun kutsakorra izango litzateke, baztangaren ostean.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polioaren birusa gorozki-aho bidetik transmititzen da. Horrek esan nahi du gorotzez kutsatutako ur edo janariak direla gaitzaren iturburua.

Gaixoek milioika birus kanporatzen dituzte haien gorozkiekin. Edateko urak tratamendu egokia jasotzen ez badu araztegietan, eta hondakin-urekin kontaktuan egoten bada, polioaren birusak gorotz-aho bidea osa dezake, eta edateko ura gaitzaren sorburua bihurtzen da.

Hain ohikoa ez bada ere, listuaren bidez ere kutsa daiteke poliomielitisa.

Birusak umeak infektatzen ditu batik bat. Aho-bidetik sartzen da gorputzean, eta urdailaren pH azidoa jasan ondoren hestera iristen da. Bertan, hesteko mukosak eta Peyer plakak kolonizatzen ditu. Peyer plaketatik birusak gorozkietara doaz, eta hauekin batera kanporatzen dira.

Hesteetatik, eta linfaren bidez, birusa odolera heldu eta hortik gorputz osora zabaltzen da. Kasu gutxi batzuetan nerbio-sistemara ere irits daiteke, kalte oso larriak eraginez.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poliomielitis birusaren infekzio gehienek ez dute sintomarik sortzen, hots, asintomatikoak dira.

Infektatutakoan, lau egoera ager daitezke:

  • sintomarik gabeko infekzioa: kasu gehienetan (%90-ean) gertatzen da. Ez dago inongo sintomarik.
  • poliomielitis abortiboa: gripe arin baten sintomak agertzen dira, (sukarra, eztarriko mina, ondoeza, hotzeria...). Kasuen %6a.
  • meningitis ez-paralitikoa: birusa nerbio-sistemara iristen denean. Sukarra, buruko, lepoko eta bizkarreko mina, botagura eta garondo-zurruntasuna agertzen dira. Kasuen %3a.
  • poliomielitis paralitikoa: larriena da, eta kasuen %1ean gertatzen da. Birusak nerbio-sistemaren eta hezur-muinaren neuronak kaltetzen ditu, eta muskuluak ahultzen dira. Ondorioz, paralisia agertzen da gorputzeko atal desberdinetan.

Profilaxia eta tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prebentzioaren aldetik txerto bat erabiltzen da, Sabin-en txertoa, ume guztiei ematen zaiena. Euskal Herrian txertaketa-egutegian ezarrita dago, eta aho-bidetik ematen da, 5 dositan (2,4,6,18 hilabeteetan eta 6 urteekin). Txertoa birus moteldu batekin egina da, eta immunitate iraunkorra eragiten du. Birusen hiru seroaldaeren aurka da eraginkorra.

Gaixotasuna agertzen denean ez dago tratamendu espezifikorik. Gaitzaren agerpen ez-paralitikoak berez sendatzen dira kasu gehienetan, baina paralisia azaltzen denean ez dago sendatzerik. Paralisiak arnas muskuluei eragiten badie polioa hilgarria izan daiteke.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Poliomielitis Aldatu lotura Wikidatan