Jean Ibarnegarai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aihotz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:03, 13 apirila 2016
Jean Ibarnegarai
Jean Ibarnegarai
Jean Ibarnegarai 1932. urtean.
Datu pertsonalak
Izen osoa Michel Albert Jean Joseph Ibarnegarai
Ezizena Ibarne
Jaio 1883ko urriaren 16
Uharte Garazi (Nafarroa Beherea Nafarroa Beherea)
Hil 1956ko apirilaren 25
Paris (Frantzia Frantzia)

Michel Albert Jean Joseph Ibarnegarai[1] (Uharte Garazi, 1883ko urriaren 16 - Paris, 1956ko apirilaren 25) euskal herritar politikaria eta Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzaren sortzailea izan zen. Eusko abertzaletasunaren aurkaria, antikomunista eta faxista izan zen hitzez eta ekintzez.[2]

« Espainiako Gerra Zibila bukatzera zihoalarik, Eskualduna astekariaren 1939ko otsailaren 24ko zenbakian agertu da Ibarnegarai diputatuaren artikulua, frantsesez dudarik gabe. Titulua: «Arriba España». Hain zuzen espainol hizkuntzan idatziak direnak dira: «Arriba España! España libre! España grande!» »
Jean Haritxelhar[3]

Bizitza

Parisko Sorbonan eta Bordelen ikasi zuen Zuzenbidea, eta abokatu bihurtu zen. 1914ko apirilean diputatu hautatu zuten. Lehenengo Mundu Gerran zauritua, Ohorezko Legioko domina ezarri zioten. Diputatuen Ganberara itzultzean, Versaillesko Ituna kritikatu zuen.

Hasieran Fédération républicaine alderdiko kidea, gerora Parti Social Français ultraeskuindar alderdiko kide izango zen. 1940ko maiatzaren 10ean, Estatuko ministro hautatu zuten, Paul Reynauden gobernuan.

Vichyko gobernuan parte hartu zuen, Pétainen lehendabiziko bi gobernuetan ministro izanik, 1940ko irailaren 6an dimisioa eman arte.

1943an, Erresistentziako kide gisa iheslariei Pirinioak zeharkatzen laguntzen ari zela, atxilotu eta Tirolera erbesteratu zuten. Gerraondoan, Vichyko gobernuan parte hartu zuela eta, eskubide zibilak galtzera kondenatu zuten, baina indarrik gabe utzi zuten zigorra, Frantziako Erresistentziaren laguntzaile ere izan zelako.

Hego Euskal Herriko iheslariak Gurseko kontzentrazio-esparruan biltzeko ideia izatea leporatu zaio.[4] Bere eskuin muturreko ideologiak eta katolikotasunak komunisten aurka aritzea agindu zioten. Horregatik, garai batean hurbil zuen EAJ bazterrean utzi zuen, Espainiako Gerra Zibilan jeltzaleek ezkerrarekin egin zituzten itunak zirela kausa. Ibarnek argi eta garbi Francoren alde hitz egin zuen.[3]

Bordelen eginiko mitina

Bordelen egin zuen mitinean, argi geratu zen bere ideologia Espainiako Gerra Zibilean:

« Lau probintzia baitu Euskal-Herriak: Nafarra, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Nafarra, oso-osoa, altzatu da komunisten kontra, Araba hiru eskualdeak, heiek ere, jarri dira Mola jeneralaren alde: harekin dira, Gipuzkoarretan, hiru-laurdenak eta Bizkaitarren erdiak.

Zer da bada gelditzen Madrileko eta Valentziako gobernamendu erdi marxista, erdi komunista denaren alde? Eskualdunen laurdenak ere ez du ohiko bere urhatsari ukho egin. Bizkaiaren erditsua bakhar-bakharrik; gaineratikoak, gaineratiko guziak Franco jenerala du bermatzen.

Guk gure xedea hartua dugu. Pariseko gure biltzarrean errana dut: Frantziako Eskualdunak Francoren Eskualdunekin gira.

Goiz huntan, Bordeleko biltzar huntarik harat gaztiatzen diotet bai Franco jeneralari; bai Mola jeneralari; hain tropa ederrak diren errekete troperi -"gure tropa hoberenen ordu hoberenetan bertan ez dugu sekulan soldado lerdenagorik manatu (agindu)" zerrautan heien aintzindarietarik batek- gaztiatzen diotet ene agurrik beroena, gogoz eta bihotzez heien bitoriari gaudela".

»
Jean Ibarnegarai, "Euskaldunez mintzo Ibarnegarai Eskualduna", S. Arotzarena, Eskualduna, 1937-6-11

Pilota arloan

Pilotari txapelduna eta pilotazalea, garaztarrak Frantziako Pelota Federazioa sortu zuen Baionan, 1921ean,[5] eta 1929an Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzaren sortzaile eta lehen presidente bihurtu zen.[6]

Euskal literaturako aipamenak

Bere ekintzen ondorioz, euskal literaturan oroitzapen gaiztoa utzi du Ibarnegaraik.

Abesti anonimoa

Joseba Tapiak Agur Intxorta Maite (Gaztelupeko Hotsak, 2001) diskorako berreskuratutako kantua:[2]

« Diputado fiña

Ibarne, Ibarne,
republiken etsai,
Eskualerrin erne
zan Ibarnegaray.

Diputado fiña
izan bear omen zun,
zimaurrez egiña
askoz obe gendun.

Erbetarren alde
joka behar zuala
esan-ta, bertzalde
joan da, zer azala!

Faszistekin baltzan
dabil ezkeroztik
gezur eta fartsan
ez dago oberik.

Erriyaren aldun
izan bearrean
Dourceles-en lagun
nayago du izan.

Lagun ere ez da
morroitxoa baizik.
Ibarne, Ibarne!
Bai al dezu lotsik?

Edo zentzuz antzu
gelditu al zara?
Nola zoaz faltsu
orien aldera?

Euskaldun semea
libertade aurka!
Arbaso legea
darabil adarka.

Zoaz, bai, Ibarne,
Doixlande aldera
zu lakoak erne
oi diren lurrera...
Fürer-i gibela kuztera!

»
Anonimoa. Erri, 1937ko apirilaren 24a.[2]

Orixeren poema

Nikolas Ormaetxea Orixe Gursen izan zen, eta bere egoeraren erruduntzat zuen Ibarnegarai. Hona hemen Orixek idatzitako poema:[2]

« Idorreria

Kanta behar dut dakizun nekhea.
Holako nekerik, nehun badea?
Batak egiten omen du xixtor gogorra,
bertzeak ur mehea?
hirugarren batek, haren zortea!
erditzen du erditzen du haizea!
Gerla denborako idorreria,
aski jan gabeko ahuleria.
Lau egun jan eta ere, ez zaut betetzen
ertzearen erdia.
Pusa ta pusa banendi balia...
Alferretan alferretan guzia.
Bigarrenez noa kabinetera
chanza hobearen entseiatzera.
Ez banu sekula santan nik ezagutu
Uharteko jaun mera!
Donibanetik uda pasatzera
igorri nau igorri nau Gurs-era.
Horen erdi nindagon kokoriko
haurrik ote zitzautan etorriko.
Zainak lehertu ponduan, begiak gorri
ez nexka ez mutiko.
Beldur nintzen antchuen iduriko
nindakela nindakela bethiko.
Hirugarrenez banizun ustea
garait nezakela nere nekhea.
Aspaldi jan eskas eta mehatua zen
ene bare sarea.
Bi umez izortu zaut sabelpea
etendura etendura doblea!
Haizatu dut ene malur zaharra
egun oroz biz iten dut beharra.
Uzkurtu nizan orduko atheratzen zaut
urhe mokor azkarra.
Bidarraiko jana ez duk hondarra
badik nunbeit badik nunbeit indarra!
Etsaigoa behar badut ahantzi,
othoi, Jauna, enetzat induljentzi!
Ez beita sobera gogor jaun horrentzat nik
gorde dudan sententzi.
Jana egin eta naizela jantzi
«Ibarneri, Ibarneri goraintzi!»

»
Nikolas Ormaetxea Orixe

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak