Luís de Camões
Luís Vaz de Camões (Lisboa, Portugal, 1524 - 1580) portugaldar olerkaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Abenturazale amorratua izan zen: Afrikako, Indiako eta Ekialde Urruneko lurraldeetan barrena ibili zen, eta neke ugari nozitu zituen bere bizitzan zehar. Camões Portugalgo Errenazimentuko poeta handiena izan zen. Os Lusíadas (1572, «Lusoren ondorengoak» edo «Portugaldarrak») poema epiko handiak gertakizun haiek ekarri zituen gogora. Hamar kantuk osatzen duten poema horretan, Portugalen historia eta Vasco da Gamaren aurkikuntzak eman zituen ezagutzera Camõesek. Errenazimentu garaiko italiar moldeei jarraituz moldatua da poema; obra hori Portugalgo poema nazional bihurtu zen.
Soneto, oda, egloga eta elegia ugari idatzi zituen portugesez eta gaztelaniaz. Hiru komedia ere argitaratu zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.