Txikipedia:Belatz handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Belatz handia ehizatzen

Belatz handia (Falco peregrinus) hegazti harrapari bat da, Falconidae familiako espezie kosmopolita bat, Falco generokoa. Tamaina handiko belatza da, belearen antzeko neurrikoa. Bizkar gris urdina; behealde zuria, orbain ilunekikoa; buru beltza; eta «bibotetzar» beltza, mokoaren alde bietan. Orduko 100 kilometroko abiadura hartu ohi du, baina ehizean dabilenean orduko 400 kilometroraino ere iristen da; horregatik, munduko abere lasterrena dela jo ohi da. Eztabaidagai da ea tagarote belatza (Falco pelegrinoides) belatz handiaren azpiespeziea den ala beste espezie bat den.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurri ertaineko hegazti harraparia, 500 gramo eta kiloa artean pisatzen du, sexu eta subespezieen arabera. Iberiar penintsulan arrek 852-916 milimetroko hego-zabalera dute eta emeek 965-1250 milimetrokoa. Emeak arrak baino nabarmen handiagoak dira, dortsalki ilunagoak izaten dira eta bularraldeko orbanak dentsoago eta estutuago kokatuta izaten dituzte.

Belatz handiaren ezaugarri garrantzitsuenak bibote markatua, masail zuriak markatzen dizkiona, kokotetik behera iristen zaion kasko beltza, gris-urdinxka eta beltzaren arteko bizkarraldea, eta tonu zuri eta okreak dituen sabelaldea dira. Kokotsaren eta eztarriaren artean lerro horizontal dentsoak, orban dentso edo laxoak, edo markarik ez agertzea gerta daiteke banakoaren arabera. Gazteak bizkarralde arrea izateagatik eta bularraldeko orbanak eredu bertikal batean kokatzen direlako bereizten dira.

Belatz handiaren azpiespezie hauek sailkatu dira:

  • Falco peregrinus peregrinus, Eurasia mendebaldean bizi ohi da.
  • Falco peregrinus anatum, Mendi Harritsuetan aurki genezake.
  • Falco peregrinus brookei, Europaren hegoaldetik Kaukasoraino aurki genezake.
  • Falco peregrinus calidus, Artikoan sortu eta Eurasiako tundrara joan ohi dira, hegazti migratzailea da eta Saharaino iritsi daitezke.
  • Falco peregrinus ernesti, Zeelanda Berrian aurki genezake.
  • Falco peregrinus macropus,Australiako mota.
  • Falco peregrinus madens, Cabo Verdeko mota.
  • Falco peregrinus pealei, Ozeano Barearen ipar-ekialdetik Ipar Amerikaraino hedatzen da.
  • Falco peregrinus peregrinator, Asiar hegoaldeko mota.
  • Falco peregrinus tundrius, Ipar Amerikako tundra artikoan aurki genezake.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie kosmopolita da, kontinente guztietan agertzen da Antartikan kenduta. Europan, populazio nagusiak Espainian, Britania Handian, Frantzian, Italian eta beste lurralde mediterraneotan daude; bestalde, oso urria da lurralde eskandinaviarretan, eta egoera kritikoan dago edo ez dago Europa erdialdeko herrialdeetan, herrialde baltikoetan eta Islandian. Euskal Herrian banaketa orokorra du baina nahiko urria da.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habitat posible orotan ager daiteke belatz handia, baina ez da ezartzen basamortu handitan, beste belatz espezie batzuk ordezkatzen baitute, eta ezta oihan tropikal zabaletan ere; halere, lur artikoak, New York bezalako hiri handiak eta Alemaniako Oihan Beltza bezalako muturreko habitatetan bikote ugaltzaileak aurkitzen dira. Iberiar Penintsulan mendigune karstikoetan, granitozko hormetan, ibaietako kanoietan, harrobietan… agertzen da. Bestalde, munduko zenbait lekutan harrapakinak ugari diren baina habiak egiteko hormak falta diren ingurune irekietan, posteen gaineko bele eta erroien habiak erabiltzen dituzte. Gauzak horrela, ikusi da banaketa mugatzen duen faktorea elikagaien eskuragarritasuna dela, eta oinarrizko eredutik aldentzen diren habiak ikusi dira elikagai-iturria arazoa ez den leku askotan. Habia egiteko hormari dagokionez, zuloen presentzia eta hauen orientazioa funtsezkoa da, haize hotza iparraldean, eguzkiaren irradiazioa hegoaldean… saihesteko. Azken hamarkadetan, populazioen gorakadarekin gero eta gehiago ari dira harrobietako hormak erabiltzen, horma naturalen antzekoak baitira. Dena den, kasurik harrigarrienak harrobi aktiboetan ematen dira, kumeak aurrera ateratzen dituzten kasuak ikusi baitira. Elikadurari begiratuz lekurik hoberenak harrapakin dentsitate altuak agertzen dituztenak dira: lotegiak, elikatze-lekuak, edateko lekuak… Padurak, estuarioak, lakuak, hezeguneak… hegazti kontzentrazio altua izaten dute, eta ondorioz belatzak erakartzen dituzte.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dieta gehienbat ornitofagoa du, baina tarteka saguzarrak, mikrougaztunak eta lagomorfoak ere ehiza ditzake. Hainbat ikerketak, belatzek espezie ugarienak eta eskuragarrienak ehizatzen dituztela baieztatu dute. Ehizatzen duen hegazti barietatea ikusita harrapari generalista dela esan daiteke, txepetxa bezalako hegazti txikietatik lertxun hauskara bezalakoetaraino ehizatzen baitu, eta tarteko neurri guztiak. Espezieen hautapena aldatu egiten da bikotetik bikotera; kostako ingurune berean espezie limikoletan espezializatutako bikoteak, paseriforme txikitan espezializatutakoak eta turdidotan espezializatutakoak aurki daitezke.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Belatz handi. 2021-12-20 (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).