Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal Herrian, "Inguma" Jeinuak loa eten eta amets gaiztoak eragiten zizkien erasotzen zituen biktimei. John Henry Fuseliren "The Nightmare" obran, "Incubus" bat ikus daiteke lo dagoen emakume baten sabelean eserita. Inguma hitza, Incubus erromatar jeinutik datorrela pentsatzen da.

Inguma (enguma, ilduma, ingume eta ilguma izenez ere ezagutzen dena) Euskal Mitologiako pertsonaia da. Gauez etxekoak lo daudenean, etxeetan agertzen den Jeinu gaiztoa da. Haietako baten eztarrian estutzen du, arnasa hartzea zailduz, eta, ondorioz, ezin esanezko larritasuna eragiten du.

Amets gaiztoak eragiten dituen irelu, iratxo edo mamutzat ere ezagutzen da Maumau izenez. Zenbait herritan, jatorri garbirik ez duten gaixotasunen eragile izateak ematen dio Ingumari beste jeinu batzuen antza, hala nola, Aideko eta Gaizkiñerena.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aipatu bezala, hainbat izen hartzen ditu pertsonaia berdinak herri ezberdinetan: enguma, ilduma, ingume, ilguma... Anton Erkorekak dioenez, 'Incubo' erromatar jeinutik etor daiteke "Inguma" izena: "los genios nocturnos que atormentan y oprimen a las personas mientras duermen son denominados Inguma, termino que supongo procederá del que servia para designar a los númenes romanos que venían a posarse sobre el pecho de los durmientes, provocándoles pesadillas y que recibían el nombre de «incubos»."

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jeinu gautar gaiztoa dugu Inguma, etxekoak lotan daudela agertzen da eta loaldi txarra ematen du.

Inguma, sarrailetako zuloetatik barrena sartzen da etxeetara, edo ateen azpitik igarotzen den lurruna bezala. Isilean hurbiltzen da eta bakean lo dagoenari bere atzaparrekin lepoa estutzen dio, arnasa lasai hartzea galaraziz. Eztarrian dardara eragiten duen larritasun-sentsazio horren eragilea dela esaten da, baita amets gaiztoen eragile ere, eta gaixotasuna ere ekar diezaioke lotan harrapatzen duenari.

Garai batean, lo zeuden haurtxoen bat-bateko heriotzaren eragiletzat jotzen zen.

Euskal Mitologian, gainontzeko mitologietan bezala, muturreko izaera irudikatzen duten pertsonaiak aurki daitezke: ongia eta gaizkia, bakezalea eta oldarkorra, eraikitzailea eta suntsitzailea... mitologia askotan ageri den dualismoarekin bat eginez. Ingumak kasu honetan, gaizkia, oldarkortasuna eta izaera suntsitzailea berezko ditu, bere kontrako pertsonaia Gauargi delarik.

Ingumagandik babesteko, Amalurrek, bere seme-alaben ama eta babeslea denak, Gauargi sortu zuen, gaueko argia edo ilargi argia bezala ere ezagutzen den jeinua. Gauargik, zuhaitzen adaburuaren gainetik, edo harkaitzen gainetik, argien forma hartzen duela esaten da. Jenio hau argi moduan agertzen denean, Inguma hegan ateratzen da eta mendian galtzen da.

Elezaharrak eta sinesmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi gauza egin daitezke Inguma etxean ez sartzeko: Eguzki lorea ateetan eta leihoetan jarri, edo formula ezberdinen bidez babesa eskatu. Herri askotan bada, gauean oheratzeko orduan esaten den esaldi magiko edo otoitz moduko bat Ingumaren etorrera eragozteko. Euskal Herrian, tokian tokiko aldaerak jasan ditu formula magiko-erlijiosoak.

Jeinu honen erasoak saihesteko, Ezpeletako eskualdean oheratzean, formula magiko hau esateko ohitura dago:


"Inguma, enauk hire bildur,

Jinkoa eta Andre Maria Artzentiat lagun;

Zeruan izar, lurrean belar,

Kostan hare Hek guziak kondatu arte

Ehadiela nereganat ager."


Saran honako hau abesten dute Inguma ager ez dadin:


"Ingumes erromes

Ezniok hire beldurrez.

Jesus diat aita,

Ama Berjiña Ama,

Zeruko saindu ta aingeru guziak guarda."


Ithorrotzen, amets gaiztoen eragiletzat zuten Inguma. Uxatzeko, Ezpeletan erabiltzen dituzten hitz berak esaten dituzte, eta Gauargiri egiten zaion ondorengo erregu hau erantsi formularen amaieran:



"hi, aldiz, jin akitela, Gauargia!"


Amets gaiztoetatik libratzeko hainbat formula eta inbokazio erabiltzen dituzte Santa Ines, Ama Birjina eta San Andresi bideratuak. Bizkaiko Garai herrian eta inguruetan honela esaten zuten:


"Andra Santa Ines,

Bart egin dot ames:

ona bada, berorren partez;

tzarra bada, beioa artez."


Beizaman honako hau erabiltzen zuten otoitz egiteko:



"Amandre santa Inés,

bart egin det amets:

onez bada, bien partez;

txarrez bada, dijoala bere bidez."


Gipuzkoako Amezketan berriz hauxe esaten zen, amaieran Aita Gure bat esaten zelarik:


"Amandre santa Inés,

bart egin det amets;

berriz egin eztezadala

ez gaitzez ta ez onez."


Ataunen honako hau esaten zen:



"Amandre Santa Ines,

bart ein det ames;

eztakit onez ala gaitzez

onez ein badet, betor nere bidez;

gaitzez ein badet, bijoa bere bidez."


Arakilen honako otoitza egiten zen:


"Ama Birjina Karmes:

nik egin dut amets;

nere amets guztak

izan berorren onez."


Ezkurran hauxe esaten zen:


"Andre Santa Ines,

bart ein dut ames:

bart ein badut gattzez,

gaur ein dezadan onez."


Iturenen otoitz hau esaten zen:


"Ama Berjina de Kodes:

nik eiten bot ames,

izan daila onez."


Luzaiden, San Andresi egiten zitzaion honako erregu hau:


"San Andrés,

barda ein dut amets,

zurez eta neurez.

Yinkoa ta Andre dena Maria,

l har nazazie zien hunez.

Amen."


Murelagan, ohikoa zen sonanbuloak Arteagako Santa Ines ermitara eramatea; Diman, Errigoitiko elizara, ustezko santu baten gorputz ustelgabea gurtzen den lekura; Arroan, Iraetako Santa Ines ermitara, eta negartiak San Prudentziora; Zegaman eta Seguran, Mutiloako San Pedro ermitara; Ataunen, Olaberrira.

Euban esaten denez, hilaren 13ko gauean izaten den ametsa errealitate bihurtzen da.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Barandiaran Ayerbe, José Miguel de. INGUMA. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020. [Kontsulta data: 2020ko Apirilaren 29a]. Eskuragarri hemen: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/inguma/ar-74437/
  • Erkoreka, Anton. Etnografía de Bermeo, Leyendas, cuentos y supersticiones [on line], 2020. pp. 215 (VIII kapitulua: Mano que oprime o golpea) [Kontsulta data: 2020ko Apirilaren 30a]. Eskuragarri hemen:http://hedatuz.euskomedia.org/8706/1/02090273.pdf
  • Fiestas, rituales e identidades = [Festivities, rituals and identities. ] Eusko Ikaskuntza = Sociedad de Estudios Vascos = Societé d'Etudes Basques [2004] ISBN 8484198944 PMC
  • José Miguel de Barandiarán: Mitología Vasca, pp. 6971, Madrid, 1960;
  • Resurrección María Azkue: "Euskalerriaren Yakintza", I, pp. 115-117;
  • Romeu Figueras, J.: Mitos tradicionales pirenaicos, "Pirineos", n.° 15-16, p. 171.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]