Edukira joan

Henri Alleg

Wikipedia, Entziklopedia askea
Henri Alleg

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHarry John Salem
JaiotzaLondres1921eko uztailaren 20a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParisko 19. barrutia2013ko uztailaren 17a (91 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Gilberte Serfaty
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, kazetaria, giza eskubideen aldeko ekintzailea, idazlea, gidoilaria eta saiakeragilea
Enplegatzailea(k)L'Humanité
Alger républicain (en) Itzuli  (1950 -  1965)
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Frantziako Alderdi Komunista
Berpizkunde Komunistaren Poloa Frantzian

IMDB: nm0020179 Allmovie: p315349 Edit the value on Wikidata

Harry John Salem, goitizenez Henri Alleg, (Londres, 1921eko uztailak 20Paris, 2013ko uztailak 17) frantses kazetari bat izan zen, PCFko kidea eta Alger républicain egunkariaren zuzendari izandakoa. La Question liburua idatzi zuen, Aljeriako gerran frantses armadak erabilitako torturak salatzen dituena.

Haurtzaroa eta Aljerian ezartzea

Londresen jaio zen Henri Alleg. Gurasoak errusiar eta poloniar jatorriko juduak ziren arren, ez zuen inoiz bere nortasun judua guztiz besarkatu nahi izan, Israel kolonialismo arrazistaren agente gisa ikusten baitzuen.[1][2][3] Allegek haurtzaroaren zati bat Parisen igaro zuen. Espainian Francoren matxinadak eragindako gerraren urteetan, eskola-ingurune gero eta politizatuagoa aurkitu zuen: alde batetik, Mussoliniren aurkako italiar iheslariak zeuden; bestetik, alemaniar judu herbesteratuak.

Alger républicain egunkariaren azala, 1951eko otsailaren 1ekoa. Behe ezkerraldean, ohar labur batean adierazten da Henri Allegek hartu zuela egunkariaren zuzendaritza. (Iturria: gallica.bnf.fr / BnF)

Alleg 1939an joan zen Aljeriara, 18 urte zituela; han, berehala bat egin zuen Aljeriako Alderdi Komunistarekin. 1946an, Gilberte Serfatyrekin ezkondu zen, bera bezala militante komunista sutsu bihurtu zena. 1951n Alger républicain egunkariaren zuzendari bihurtu zen.[4]

Aljeriako gerra: atxiloketa eta tortura

Kazetaritza lana

Alger républicain egunkaria debekatu zuenean Frantziako administrazio kolonialak, klandestinitatera sartu behar izan zuen Allegek.[5] Zailtasunak zailtasun, artikuluak Frantziara bidaltzen ere jarraitu zuen, horietako batzuk L'Humatié egunkarian argitaratu baitziren.

Atxiloketa

1957ko ekainaren 12an, 10e DP ospetsuko paraxutistek atxilotu zuten, Maurice Audin matematikari lagunaren etxean; hura ere Aljeriako Alderdi Komunistako kidea zen. Bezperan atxilotua zuten eta, dirudienez, hil arte torturatuta desagerrarazi zuten.[6]

Hilabete bat eduki zuten Alleg bahituta El Biarren,[oh 1] tortura saio amaigabeen mendera. Saio haietan, barbiturikoak eman zizkioten, behartuta; elektrodoak erabili zituzten; uretan murgildu zuten, ia ito arte; urkatze simulazioak egin zizkioten; eta zuziekin nahiz zigarroekin erre zuten.[7][5]

Dirudienez, buru egin zien borreroei (batez ere André Charbonnier eta Philippe Erulin lotinantak, Marcel Budget kapitainaren agindupean), esanez: «Hemen nago, ez naiz zuen beldur».[8] Jacques Massu jeneralak —geroago Aljeriako gerran kasu berezi batzuetan tortura erabiltzea onartu zuenak— 1971n azaldu zuenez, «torturei dagokienez, Allegek bi belarrondoko jaso zituen».[9] Roger Faulques, Atzerritar Paraxutisten Erregimentuko ofizialak, tortura haietan parte zela salatu zutelarik, honako hau adierazi zuen, 1970ean, Jacques Servan-Schreiber-en eta Jean François Kahn-en aurkako difamazio auzi batean: «Behin bakarrik ikusi nuen [Alleg], baina Aljeriako Alderdi Komunistako kideak atxilotu ahal izateko azalpenak eman zizkidan». Probokazio hori, Robert Badinter defentsaren abokatuetako baten arabera, torturaren erabilera justifikatzeko ahalegin bat izan zen.[10]

El Biarretik, Lodiko eremura (Draa Essamar, Medeako Wilaya) eraman zuten Alleg; han hilabete eginda, Serkadjiko espetxe zibilera eraman zuten, Aljerrera, non ez baitzuen oherik, mantarik, ispilurik, aulkirik edo mahairik. Goiko aldean kanila bat zuen zulo bat besterik ez zen komuna. «Bizirik irauten lagunduko liguken guztia falta genuen baldintza haietan», azaldu zuen Allegek.[11]

La Question eta zentsura

Isilpean idatzitako liburua

Kartzelan, jasandako torturen azalpenak idatzi zituen, orriak ezkutuan atereaz abokatuen bitartez. Bere emazte Gilberte Serfatyk, nahiz garai hartan Aljeriatik Frantziara kanporatua izan, orriak jaso, makinaz jo eta Allegek Alger républicain egunkariaren zuzendari gisa Frantzian ezarritako harreman literario eta kazetaritzikoetara banatu zituen.[12]

Etengabe lan egin zuen Serfatyk, Allegen atxiloaldiaren eta bortxaketen berri ematen zuten orriak plazaratzeko. Parisen egindako bilera publiko batean, Gilberte Serfatyk adierazi zuen: «Nire senarraren "bahiketak", Maurice Audinen "ihesak", edo Djamila Bouhired-en "epaiketak"[oh 2] ohiz kanpoko oihartzuna eduki dute, baina ez dira deus salbuespenezko. Gure herrialdean eguneroko errealitatea da... Espero dugu lagunduko diguzuela exekuzio guztiak geldiarazten... Sekulako ahalegina eskatzen dizuegu, zuen erantzukizunaren neurriko ahalegina».[12]

Nahiz eta editore gehienek interesa adierazi zuten Allegek esan behar zuenarekin, Frantziako giro politikoak atzerarazi egin zituen, argitaratuz gero arriskuan ikusten baitzuten argitaletxearen etorkizuna. Gilberte Serfatyk, baina, ez zuen etsi, senarraren lana Éditions de Minuit argitaletxeak argitaratu zuen arte.

Debekua Frantzian

Kaleratu bezain laster, ordea, debekatu egin zuen Frantziako gobernuak; baina Suitzan berrargitaratu zuten berehala, 1958ko martxoan, Frantzian debekua ezarri eta hamalau egunera. Frantzian debekatuta egon arren, liburu honek Aljeriaren independentziaren aldeko borrokalariek jasandako torturaren fenomenoa argitzen lagundu zuen. Isilpean, 150.000 ale banatzera iritsi zen.[13]

Liburuaren debekuak, bestalde, eragin handia ukan zuen Frantziako ezker intelektualen artean. Horrela, 1958ko apirilaren 17an, André Malraux, Roger Martin du Gard, François Mauriac eta Jean-Paul Sartre gobernuaren jokabidearen aurkako agiri gogor baten sinatzaile izan ziren, Giza Eskubideen Ligaren izenean.[14]

Film bat

Allegen liburu honetan oinarri hartuta, film bat egin zuen Laurent Heynemannek, 1977an, Jacques Denis eta Nicole Garcia zirelarik paper nagusietan; Donostiako Nazioarteko Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia jaso zuen.[15] 2013an, liburuaren edizio digital aske bat argitaratu zen.[16]

Epaiketa eta ihesaldia

Epaiketa eta zigorra

Atxilotu eta hiru urte espetxean igaro ondoren, «Estatuaren kanpoko segurtasunaren aurkako atentatua» eta «elkarte deseginaren berreraketa» leporatuta, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Henri Allegi, 1960an.[17] Atxilotua izan zenetik zigor epaia eman zen bitarteko espetxealdia Prisonniers de guerre liburuan azaldu zuen Allegek.[18]

Torturatzaile gisa Allegek akusatu zituen ofizier guztiek ukatu egin zuten salaketa. Allegen erruduntasun epaiaren ostean, agintari militarrek bi sendagile bidali zituzten Alleg aztertzera; alabaina ez zuten baimenik eman Frantziako gobernutik kanpo inork ikus zezan Alleg. Epaiketan, Allegen defendatzaileek lortu zuten epaile militar bat akusatuarekin batera joatea torturatu zuten eraikinetara. Torturatua izan zen sukaldearen azalpen xehakatuek baieztatu zuten Allegen kontakizuna ez zela asmakizun bat, baizik benetan gertatutakoa; baita ere, bere alde zuen Lodiko eremuan egindako azterketa medikua, galdeketak pairatu eta hilabete batera oraindik agerian baitzituen torturaren arrastoak (markak eskumuturretan eta orkatiletan, erredurak eta ubelduak).[19]

Ihesaldia

1960ko ekainaren 28an Maurice Audinen desagertzearen epaiketa hasi zen, Rennesen.[20] Atxilotu zutenean haren etxean zegoenez Alleg, lekuko gisa deklaratzera eraman zuten hiri hartako espetxera. Ospitale bateko egonaldia baliatuta, ihes egitea lortu zuen Henri Allegek. Militante komunisten laguntzarekin, Txekoslovakiara iritsi zen.[21]

Frantziara itzultzea

Kazetaritza militantea

Frantziara itzuli zen Alleg, Aljeriaren independentzia onartuko zuen Eviango hitzarmenaren ondoren, 1962an. Berehala jo zuen Aljeriara, Alger républicain egunkariaren birsortzean parte hartzera. Alabaina, Houari Boumediene militarraren estatu kolpeak ezarri zuen erregimen berrian, persona non grata deklaratua izan zenez Aljerian, Frantziara itzuli behar izan zuen 1965ean. Kazetaritza lanari ekin zion, berriro, 1966tik 1980ra bitarte, L'Humanité egunkariaren barruan, idazkari nagusi izatera iritsiko zen erredakzioan. 1979an, egunkariaren bidali berezia izan zen Kabulen, eta sobietarrek Afganistanen parte hartzea justifikatu zuen,[22] Frantziako Alderdi Komunistaren jarrera ofizialaren bat eginik.[23] Erretiroa hartu zuenetik hil arte, Palaiseau (Essonne) herrian bizi izan zen.

Jean-Pierre Lledo aljeriar zinemagileak dokumental bat plazaratu zuen 2003an, Un rêve algérien (Aljeriar amets bat) izenburuaz, 40 urte geroago Aljeriara itzuli zenean, aspaldiko adiskideekin berriro elkartzeko.[24]

Jarrera politikoa

Urteak aurrera egin ahala, Berpizkunde Komunistaren Poloko kide izan zen Alleg. Lehenago, 1998an, aitortu zuen deitoratzen zuela «Frantziako Alderdi Komunistaren desbideratze sozialdemokrata, bere benetakotasun komunista alboratzen baitu».[25] Comité Internationaliste pour la Solidarité de Classe (CISC, Klaseko Elkartasunerako Batzorde Internazionalista) elkarteko kide ere izan zen. 1992ko urriaren 10ean sortu zen, Comité Erich Honecker de Solidarité Internationaliste (Elkartasun Internazionalistako Honecker Batzordea) izenarekin, Alemaniako Errepublika Demokratikoko buruzagi ohi Honecker babesteko xedez, Alemaniako justiziaren jazarpenetatik.[26]

Baita ere, Russell Tribunal on Palestine (RToP, Palestinari buruzko Russel Auzitegia) iritzi taldeko babes batzordeko kide izan zen.[27]

Hamabien deia

Henri Allegek Hamabien deia deitutako agiria sinatu zuen, 2000. urtean, «Estatu frantsesak Aljerian egindako torturak aitor ditzan».[28] Hona hemen testu honen beste sinatzaileak:

Sinatzaileek, garaiko Errepublikako presidente Jacques Chiraci zuzendutako testuan, beren planteamenduaren zentzua zehaztu zuten: «Guretzat, bi herrien patu partekatuak eta justiziaren zentzu unibertsalak axola digun herritar frantses garen heinean, tortura borrokatu dugunontzat beste praktiken aurrean itsu izan gabe, Frantziari dagokio, Aljeriako gerra garaian bere izenean hasitako tortura gaitzestea, bere erantzukizunak kontuan hartuta. Frantziak hain lotura estua aitortzen dion oroimenaren betebeharrak ez luke garai eta toki bereizkeriarik egin behar».[oh 3][28]

2005ean, gutun bat sinatu zuen, beste aljeriar eta frantses eragile zenbaitekin batera, Errepublikako presidenteari eta Estatu frantsesari eskatzeko aitor zezala harkiak[oh 4] abandonatu egin zituela 1962an.[29]

Omenaldia

Henri Alleg 2013ko uztailaren 17an hil zen.[30][31]

Pariseko Père Lachaise hilerrian egindako hileta omenaldian, 2013ko uztailaren 29an, Frantziako eta Aljeriako estatuetako ordezkarien aurrean, Aljeriako presidenteak bere izenean irakurritako mezu batean gogorarazi zuen La Question dela «mundu osoan eragin duen oihartzun unibertsalagatik eta eragindako kontzientzia hartzeagatik, giza eskubideen kausa noblea zerbitzatzen lagundu duten testu nagusietako bat».[32]

Henri Alleg Palaiseauko hilerrian dago lurperatuta.[33].

Lanak

  • 1958 — La Question, Lausanne, E. La Cité, 1958; Paris, Les Éditions de Minuit, Alger, Éditions Rahma, 1992. ISBN 978-2-7073-0175-2. Edizio aske eta unibertsala, Initiative Claude Gohin.
  • 1961 — Prisonniers de guerre. Paris, Les Éditions de Minuit. ISBN 978-2707301802.
  • 1981 — La guerre d'Algérie. Paris, Ed. Temps Actuels. ISBN 978-2720700764.
  • 1994 — Le Siècle du dragon: Un reportage et quelques réflexions sur la Chine d'aujourd'hui et peut-être de demain. Paris, Le Temps des Cerises. ISBN 978-2841090167.
  • 2005 — Mémoire algérienne : Souvenirs de luttes et d'espérances. Paris, Éditions Stock. ISBN 978-2286018405.

Oharrak

  1. Aljerko guduak iraun zuen bitartean, frantses armadak galdeketa zentro bat ezarri zuen El Biar-en, eraikin amaitu gabeko batean. Ikus El Biar.
  2. Aljeriako FLNko kidea izan zen Djamila Bouhired. Kolonialismoaren aurka borrokatzeagatik, heriotza zigorra ezarri zioten 1957ko uztailaren 15ean. Zigorraren eraginez, kanpaina zabal bat egin zuten Frantzian Jacques Vergès eta Georges Arnaud haren abokatuek, agintari kolonialek Aljeriako ekintzaileak deuseztatzeko erabiltzen zituzten torturak salatzeko. Ikus Jean-Louis Gérard (2001) Dictionnaire historique et biographique de la guerre d'Algérie. Paris, Éditions Jean Curtuchet. ISBN 978-2912932273.
  3. Jatorrizko testuak honela zioen: «Pour nous, citoyens français auxquels importe le destin partagé des deux peuples et le sens universel de la justice, pour nous qui avons combattu la torture sans être aveugles aux autres pratiques, il revient à la France, eu égard à ses responsabilités, de condamner la torture qui a été entreprise en son nom durant la guerre d’Algérie. Il en va du devoir de mémoire auquel la France se dit justement attachée et qui ne devrait connaître aucune discrimination d’époque et de lieu».
  4. Harki izenak adierazten ditu frantses armadara bildutako aljeriar osteak, 1957tik 1962ra bitarte, Aljeriaren independentzia gerraren garaian.

Erreferentziak

  1. Charles Silvestre. (18 juillet 2013). Henri Alleg, auteur de "La Question", est mort. Le Monde.
  2. Ikus Catherine Dhérent (1998) 1958 : D'une république à l'autre - L'avènement de la République. Paris, Interbibly. ISBN 978-2910300104. 58. or.
  3. (Ingelesez) Donald Reid. (2007-09-01). «Review Article: The Question of Henri Alleg» The International History Review 29 (3): 573–586.  doi:10.1080/07075332.2007.9641136. ISSN 0707-5332..
  4. (Frantsesez) «Alger républicain / directeur Pascal Pia» Gallica 1951-02-01 (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  5. a b (Gaztelaniaz) Nabarralde. (2014-07-21). «Henri Alleg: La question (la tortura en Argelia)» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  6. (Frantsesez) «Association Josette et Maurice Audin» Association Josette et Maurice Audin (Noiz kontsultatua: 2022-10-27).
  7. (Frantsesez) Torture en Algérie : "La Question" d'Henri Alleg, un témoignage décisif. France Culture (Noiz kontsultatua: 2022-10-27).
  8. (Frantsesez) René Fagnoni. (2013-07-20). «Henri Alleg (1921-2013)» Comité de Groupe Socpresse (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  9. Jacques Massu (1971) La vraie bataille d'Alger. Paris, Librairie Jules Tallandier. ISBN 978-2268026206.
  10. (Frantsesez) «Memoire Online - Les débats autour de la guerre d'Algérie à travers le journal Le Monde - Philippe SALSON» Memoire Online (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  11. (Ingelesez) جدلية, Jadaliyya-. «Algerian Memories: An Interview with Henri Alleg» Jadaliyya - جدلية (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  12. a b (Frantsesez) Gilberte Alleg; Alain Ruscio. (2018-12-15). «Gilberte Alleg témoigne…» Cahiers d’histoire. Revue d’histoire critique (140): 75–78.  doi:10.4000/chrhc.9315. ISSN 1271-6669. (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  13. Ikus Jean-Yves Mollier (2007) Où va le livre ? Paris, La Dispute. ISBN 978-2843031519.
  14. (Frantsesez) «Protestation contre la saisie de «La Question» d'Henri Alleg. Malraux, Martin du Gard, Mauriac, Sartre. «L'Express, n° 357, 17 avril 1958, p. 2.» Malraux.org 2019-07-13 (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  15. «La Question» Donostiako Zinemaldia (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  16. Ikus henri Alleg (2013) La Question [1958], edizio digital aske eta unibertsla. Épinac, Initiative Claude Gohin.
  17. (Frantsesez) «Henri Alleg est condamné à dix ans de prison Une procédure de récusation est engagée par la défense» Le Monde.fr 1960-06-16 (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  18. Ikus Henri Alleg (1961) Prisonniers de guerre. Paris, éditions de Munit. ISBN 978-2707301802.
  19. (Gaztelaniaz) Nabarralde. (2014-07-21). «Henri Alleg: La question (la tortura en Argelia)» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  20. (Frantsesez) René Gallissot. (2020-06-21). Maurice Audin. Maitron/Editions de l'Atelier (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  21. (Frantsesez) «Les acteurs» Association Josette et Maurice Audin (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  22. Roger Faligot, Jean Guisnel eta Rémi Kauffer (2013) Histoire politique des services secrets français.De la Seconde Guerre mondiale à nos jours. Paris, La Découverte. ISBN 978-2707177711. 318. or.
  23. (Frantsesez) Georges Marchais en URSS. Institut national de l'audiovisuel (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  24. (Frantsesez) AlloCine. Un Rêve algérien. (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  25. «Henri Alleg, plus actuel que jamais ! - Faire Vivre le PCF !» lepcf.fr (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  26. (Frantsesez) «Comité internationaliste pour la solidarité de classe» solidarite-classe.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  27. (Ingelesez) Patrons | Russell Tribunal on Palestine. (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  28. a b (Frantsesez) Histoire coloniale et postcoloniale. (2000-10-31). «L’Appel des Douze à la condamnation de la torture durant la guerre d’Algérie.» histoirecoloniale.net (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  29. (Frantsesez) «Lettre adressée au président de la République le 20 septembre 2005, au sujet de la situation des anciens harkis et de leur famille» Ligue des droits de l’Homme 2005-09-21 (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  30. Rosa Moussaoui. (18 juillet 2013). Henri Alleg est mort. L'Humanité..
  31. Insee. Acte de décès de Harry John Salem. .
  32. (Frantsesez) «Dernier hommage au journaliste franco-algérien Henri Alleg» L'Humanité 2013-07-29 (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  33. Hommage de la Municipalité de Palaiseau à Henri Alleg.

Ikus, gainera

Kanpo estekak