Erich Honecker
Erich Honecker (Neunkirchen, Sarre, Alemania, 1912ko abuztuaren 25a - Txileko Santiago, Txile, 1994ko maiatzaren 29a) politikari sozialista alemaniarra izan zen, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren estatu burua 1976 eta 1989 bitartean.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neunkirchen-en jaio zen, Sarre, tradizio komunistako familia langile batean. 1926an Gazte Komunistetara afiliatu zen, eta 1929an dagoeneko Alemaniako Alderdi Komunistara (KPD). Urte berean Moskuko Lenin Eskola Internazionalera joan zen ikasten, eta 1931n itzuli. Lau urte geroago, 1935ean, alderdi naziak atxilotu zuen, bere afiliazio politkoa zela medio, eta hamar urteko espetxera kondenatu zuten. Kartzelan egon zen preso Bigarren Mundu Gerraren amaiera arte, 1945ean.
Gerra bukatutakoan, Wilhelm Pieck eta Walter Ulbricht militante komunistekin batera, bestak beste, Ekialdeko Alemaniako Alderi Komunista eta Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) arteko batasuaren buru izan zen, eta Alemaniako Alderdi Sozialista Bateratua sortu (SED). 1946ko urriaren hauteskundeetan diputatu aukeratu zuten eta 1950erako SEDaren Komite Zentraleko kide zen.
Alemaniako Errepublika Demokratikoaren sorreratik (1949) buruzagi nagusienetarikoa izanik, Honecker Walter Ulbricht ortodoxoa kanporatu zuen boteretik 1971n: SEDaren Idazkari Nagusia bihurtu eta Defentsa Nazionaleko Kontseiluko Presidentea izan zen. Azkenean, 1976an Alemaniako Errepublika Demokratikoaren (AED) Estatuaren Burutza gain hartu zuen. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Idazkari Nagusiaren, Mikhail Gorbatxov, Perestroikaren aurka egonik, Berlingo Harresiaren erorketa eragin zuten gertaerek ustekabean harrapatu zuten, eta alderdikideko Politburoak kargua uztera bultzatu zuten 1989ko urrian. Haren ordezkoa Egon Krenz izan zen.
AEDaren erorketaren ondoren, Honecker sobietar ospitale baten iraun zituen hilabete batzuez, eta SESBra egin zuen ihes Alemaniako Errepublika Federalaren (AEF) jarraipenetatik ihes egiteko, baina Errusiako erregimen sozialista desegitean estraditatu egin. Bere agintaritzan zehar Berlingo Harresia gurutzatzen hil ziren 192 lagunen hilketa eta goi traizioa leporatu zioten, baina bere osasun egoera larria zela eta libre utzi zuten, eta Txilera ihes egin zuen. AEDak 1970 eta 1980 hamarkadetan Augusto Pinocheten diktaduratik ihes egin zuten ehunka militante politikoak onartu zituen, eta bertan haren alaba Sonja bizi zen. Hantxe hil zen 1994ko maiatzean, gibeleko minbiziak jota. Margot Honeckerekin egon zen ezkonduta, AEDko Hezkuntza ministroa izandakoa.
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Honecker SEDaren XI. kongresuan, 1986
-
Honecker ekitaldi publiko batean, 1983
-
Honecker NVAko tropak agurtzen
-
Honecker (azpian, erdian) AEDaren XL. urteurrenaren ospakizunetan, 1989