BertsolaritzaTxikipedian: Proposamen didaktikoaUEUko Irakaskuntza Masterreko Master Amaierako Lan baten ondorioa da. Bertan erakutsi da Txikipediak erabilera pedagogiko egoki eta baliagarria izan dezakeela DBHko bigarren zikloan. Hori praktikan jartzeko burutu da, beraz, proposamen didaktiko hau.
Proposamen didaktikoa Euskara eta literaturako ikasgaian kokatu da eta bertsolaritza du ardatz. Aukeraketa honen arrazoiak ikerketa-lanaren ondorioetatik datoz:
Unitate didaktikoa DBHko bigarren zikloan lantzea proposatu da (DBH3 eta DBH4 mailak).
Bertsolaritza gaia bi arrazoiengatik aukeratu da. Alde batetik, Txikipedia lantzean ikuspegia garrantzitsua delako, eta edozein dela gaia ere, euskarazko Wikipedia lantzean zentroa Euskal Herrian kokatzea berebizikoa delako. Bestalde, bertsolaritza Txikipedian apenas landu delako.
Tresna pedagogiko gisa Txikipediaren zeharkakotasuna frogatu nahi da, hau da: Txikipediak ez du soilik zientzietako gaiak jorratzeko balio; letra eta literatura gaietarako ere baliagarria gerta daiteke.
Pertsona ugari norabide berean lanean jartzearekin kalitate altuko emaitzak lor daitezke. Proposamen didaktiko honek, beraz, lan indibidualaz gain, artikulu luze bat talde-lanean burutzea proposatuko du.
Txikipediaren beraren abantailak praktikan jarri nahi dira, tresna pedagogiko gisa erabilita: ikasleak ikerketa akademikoan trebatzea, konpetentzia digitalak garatzea, ikaslearen motibazioa aktibatzea.
Tresna moduan garatzen laguntzen dituen konpetentziez gain, Txikipediak Euskara eta Literatura ikasgai konkretu honen konpetentziak garatzen lagun dezakeela frogatu nahi da.
Beraz, arrazoi horiek guztiak abiapuntu izanda, proposamen didaktiko bat diseinatu da. Muina bertsolaritza eta Txikipedia lantzean datza, ikasleek Txikipedia bertsolaritzako edukiz hornitu beharko baitute. Alde batetik, bertsolari esanguratsuenen biografiak Txikipediara ekartzea proposatu da; bestetik, Txikipedian “Bertsolaritza” artikulua lan-talde bateratu bidez osatzea planteatu da, lan karga banatu eta kide bakoitzari zeregin konkretuak definituz.
Era honetan, Txikipedia bidez lantzen den konpetentzia digitalaz gain, Euskara eta literaturako konpetentzia osagarriak ere landuko dira. Proposamen didaktikoari dagozkion puntu garrantzitsuenak azalduko dira atal honetan, eta eranskinean aurki daitezke horien zehaztapenak.
Lan honek aurrekaririk badu, Orokieta Herri Eskolako ikasleek emakume bertsolarien biografiak landu baitzituzten EWKEren gidaritzapean[1]. Proposamen didaktiko honen ikuspegia, hala ere orokorragoa da: DBHko 3. eta 4. mailan aplikatzeko diseinatu da, Euskara eta Literatura ikasgaian, eta arnas luzeagokoa. Gutxi gorabehera 20 ikasleko gelan gauzatzeko dago egina.
Proposamen didaktiko honetan Wikipediako artikuluen moldaketak egingo dira Txikipediarako. Horretarako, sintesi lanaren bidez, ikasleek jatorrizko testuak eta kontzeptuak irakurri eta ongi ulertu dituztela demostratu beharko dute.
Hori dela eta, lan honen sarreran aipatu wiki-konpetentziez gain (IKTak, talde-lana, idazketa teknikoa, etab.), konpetentzia osagarri batzuk landuko dira, Euskara eta Literatura ikasgaiari dagozkionak hain zuzen ere. Heziberri 2020 dekretuan oinarrituz, ondorengo konpetentzia eta eduki gehigarriei ekingo diete ikasleek:
DBH 3. MAILA
Hizkuntza- eta literatura komunikaziorako konpetentzia. Euskara eta literatura
Bertsolaritzaren historia eta bertsolarien bizitzak barneratzea.
Ikertzeko eta idazteko trebetasunak lantzea.
Txikipedia eta Wikipediaren baloreak barneratzea: ezberdinen arteko elkarlana, euskarazko jakintza libre unibertsalaren sustapena, neutraltasuna, iturri egiaztagarrietatik datorren informazioa soilik publikatzea, hizkuntza estilo entziklopedikoa.
Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia garatzea.
Talde-lanean oinarrituz kalitatezko artikulu luze bat osatzea.
Nola 3. DBHn, hala 4. DBHn, ondorengo baliabide materialak beharko dituzte ikasleek:
Ordenagailu bana Interneteko sarbidearekin.
Bakoitzak bere Txikipediako kontua sortzea.
Euskara eta literaturako testu-liburuak.
Bi talderen kasuan, mikrofonoa eta audioa grabatzeko software egokia (Audacity software librea gomendatzen da).
Horrez gain, bai maila batean zein bestean ondorengo irakasleen kolaborazioa beharrezkoa da:
IKT dinamizatzailea: Txikipedia eta Wikipediaren oinarri teknikoen azalpenak emango ditu. Baliabide eta edukiak sortzeko tresna informatikoen erabilera egokia azalduko du.
Euskara irakaslea: informazio iturriak proposatuko ditu, idazten denaren kalitatea eta estiloa aztertuko ditu, eta, azkenik, iturrien fidagarritasunaren jarraipena eta lanketa egingo du.
Lanketaren esparru orokorra definitu ondoren, ikasketa-jardueraren xehetasunak formulatuko dira jarraian. Jesús Tramullasek proposatutako eskeman oinarrituz[2], ikus ondorengo puntuetan jarduera didaktikoaren sekuentzia:
Wikipedia eta Txikipedia: zer da hori? Nola erabili?
Lehenengo pausoa Wikipedia eta Txikipediaren oinarri, estruktura eta funtzionamendua ulertzea da. Ikasleek printzipio hauek jakitea behar-beharrezkoa da ondoren datorren lanketa guztia zuzen eta egoki gauza dezaten. Hala, egiletasun printzipioa, erabilera lizentzia edota erreferentzia eta estekak egiteko arauak barneratu behar dituzte. Horretarako, klase-ordu oso bateko lanketa proposatzen da, IKTko arduradunaren gidaritzapean. Ariketa praktiko bidez azalduko da.
Bestalde, ikasle-talde batek Wikimediara bertso batzuk grabatu eta igotzea da helburuetako bat (zortziko txikiaren, zortziko handiaren, hamarreko txikiaren eta hamarreko handiaren adibide bana). Wikipediaren mediateka da Wikimedia Commons, eta mota guztietako ikus-entzunezko edukiak sar daitezke bertan. Beraz, Wikimediaren printzipioak eta grabaketa-erremintak eskura izatea eta erabiltzen irakastea nahitaezkoa izango da. Horretarako, klase-ordu oso bateko lanketa proposatzen da, IKTko arduradunaren gidaritzapean.
Horretan lagunduko digu Hezkuntza Proiektuaren webguneak: bertan eskuragai ditugu laguntza orrialdeak, bideo-tutorialak, bideo-pilulak, liburuxkak edota biografiak nola idatzi laguntzeko gidaliburua[3]. Bai ikasleek, bai irakasleek gainbegiratzea gomendatzen da.
Proiektuaren muina Txikipedia bertsolaritza-edukiz hornitzea da talde-lanean. Izaera kolaboratibo hori ere ikasgelan aplikatuko da. Berdinen arteko ikaskuntza bultzatzeko bi bide proposatu dira:
Wikipediako bertsolari eta bertso-adituen biografiak Txikipediara egokitu
Ikasle bakoitzak bertsolari edo bertso-aditu baten biografia aukeratuko du, eta Txikipediara egokituko du. Bi klase-orduko jarduna egokituko zaio lan hau burutzeko. Ikasle bakoitzak bi ikaskideren biografiak zuzendu edota osatuko ditu, Txikipediako peer review edo parekoen ebaluazio teknika erabiliz. Klase-ordu bateko lanketa da. Irakasleak gidaritza lana burutuko du. Lanaren amaieran, artikuluaren idazketa ez ezik zuzenketaren maila ere ebaluatuko du. Behin zuzenketa amaitzean, IKT irakaslearekin batera saiakeraren emaitzak errepasatu eta artikuluak komentatzeko saio bat egingo da. Ikus jarraian, hurrenez hurren, 3. DBH eta 4. DBHko biografia proposamenak:
Biko taldeetan banatuko dira ikasleak, eta talde bakoitzak bertsolaritzaren ezaugarri eta historiaren inguruko atal bat aukeratuko du, eta hori Txikipediarako landuko du. Bi klase-orduko jarduna egokituko zaio lan hau burutzeko. Talde bakoitzak beste talde baten atala zuzendu edota osatuko du, Txikipediako peer review edo parekoen ebaluazio teknika erabiliz. Klase-ordu bateko lanketa da. Irakasleak gidaritza lana burutuko du. Lanaren amaieran, artikuluaren idazketa ez ezik zuzenketaren maila ere ebaluatuko du. Behin zuzenketa amaitzean, IKT irakaslearekin batera saiakeraren emaitzak errepasatu eta artikuluak komentatzeko saio bat egingo da. Ikus jarraian hurrenez hurren 3. DBHkoei eta 4. DBHkoei esleitu zaizkien “Bertsolaritza” sarreraren atalen zerrenda:
Jarraian deskribatzen dira ikasgelan Txikipediako artikuluak egoki garatzeko estrategiak:
Learning by doing: hasteko gomendatzen da ikasgela guztiaren artean artikulu bat egitea, Txikipediaren funtzionamendua eta oinarrizko kontzeptuak barneratu asmoz. Irakasleak bere ordenagailuaren pantaila partekatuz burutzea gomendatzen da. Eginez ikasteak fruitu onak ematen ditu.
Kontzeptu konplexuak adibide bidez azaltzeak emaitza onak eman dizkie. Adibidez, indar zentrifugoa azaltzeko kotxe batek bihurgune batean duen kanporanzko indarra irudikatu dute [4]
Ikasgaia aurrera doan heinean, aukera berriak irakastea komeni da, artikuluei ahots-mezuak edota argazkiak gehitzen ikastea, esaterako.
Talde-lan handiekin kontuz ibili behar da: ikasle ezberdinek aldi berean ezin dute artikulu berbera aldatu, informazioa galdu egiten baita. Banaka-banaka gorde behar dute informazioa.
Hizkuntza erregistroari erreparatzeko esan behar zaie ikasleei: kontzeptuak sinple idatzi behar dituzte, esaldi motz eta ulerterrazak, sintesi lana egin behar dute. Baliagarria da ikasleei adieraztea artikulua LHko ume batentzat dela.
Garrantzitsua: Wikipediatik kopiatzeak eta pegatzeak ez du balio. Ikasleei azpimarratu behar zaie Wikipediako informazioa Txikipediara moldatu behar dutela.
Txikipediako artikulua Wikipediako artikuluarekin lotzeko, biek izenburu berbera izan behar dut
Bannerra eta argazki-deskribatzaileaArtikulua estetikoki erakargarria egiteko, bannerra (gorriz inguratuta hurrengo argazkian) eta argazki-deskribatzailea (urdinez inguratuta hurrengo argazkian) gehitu:
Proba orrialdean lan egitea gomendatzen da. Behin irakasleak proba orrian landutakoa irakurri eta oniritzia ematen duenean, orduan argitaratzen dute artikulua.
Audioak grabatzeko Audacity programa librea erabiltzea gomendatzen da.
Txikipedian ez dira erreferentziak jartzen, horiek Wikipediako artikulu nagusian baitaude. Txikipediako artikulua Wikipediako artikulu nagusiaren sinplifikazioa denez, ez dira erreferentziak erabiltzen.
Euskara-maila minimoa beharrezkoa da Txikipedian artikuluak idazteko.
4 hilabeteko tailerretan ikasleen motibazioak behera egiten du. Bi hilabeteko tailerrak proposatu dira.
Nota jartzeko gai librea ematen zaie ikasleei. Beraien erreferente bat hartzen dute, eta indibidualki horren inguruko artikulu bat idazten dute.baluazio parametroak:
Ebaluazio parametroak:
Ikasitako egiturak ongi erabili dira?
Estekak ongi erabili dira?
Lehenengo hitza beltzez jarri du?
Argazkiak jarri al ditu? Ongi jarri ditu?
Artikulua pobrea edo aberatsa al da?
Irakasleen aldetik zailtasuna: euskarazko Wikipedian artikulu batzuk oso pobreak dira. Erreferentziazko Wikipediako artikulua, beraz, irakasleek txukundu behar dute lehenik, gero ikasleek laburbiltzeko. Horrek irakasleari aurre-lana eskatzen dio.
Bertsolarien biografiak lantzeko pare bat adibide aztertuko dira jarraian: Maialen Lujanbioren eta Lazkao Txikiren Txikipediako artikuluak:
Lazkao Txikiren artikuluko praktika onak aztertuko dira jarraian:
Txikipediaren erabiltzaileak haurrak dira, eta eurentzat egokitu behar da artikulua. Kasu honetan, ETBk Lazkao Txikiren inguruan egindako marrazki-bizidunak aipatzea oso positiboa da (ikus ondorengo argazkian azpimarratutako informazioa):
Dokumentazioa eta erreferentziak: irakaslearen aurre-lana
Txikipedian artikulu bat idazteko Wikipediako artikulua da oinarria. Wikipediako artikulua ahal bezain osatua izatea komenigarria da, beraz, Txikipediako laburpenaren kalitatea ere altua izan dadin. Askotan, zoritxarrez, Wikipediaren erreferentziazko artikulua ez dago hain osatuta.
Irakaslearen prestakuntza lana da erreferentziazko Wikipediako artikulua ongi osatzea, erreferentziaz hornitzea, eta edukiz betetzea. Horretarako eskakizun garrantzitsuenetako bat baimendutako iturri egiaztagarriak erabiltzea da. Behar-beharrezkoa da jatorrizko iturriak aipatzea, erreferentzietan oinarritu behar da informazio guztia.
Euskara irakaslearen lana erraztu asmoz, 10.5. eranskina garatu da. Bertan bildu dira Wikipediaz aparteko beste erreferentzia batzuk.
Lan honetan Wikipediaren oinarrian dagoen ebaluazio-filosofia aplikatuko da: peer review edo parekoen ebaluazioa delakoa. Metodo horren muina ondorengoa da: egilearen antzeko gaitasuna dutenek burutzen dute ebaluazioa.
Ikasle edo ikasle-talde bakoitzak, beraz, beste ikasleen artikuluak ebaluatuko dituzte, eta euren iruzkin eta aldaketak gehituko.
Jarraian ebaluazio-taula bat proposatzen da Txikipediako artikuluak zuzentzeko:
Ebaluazio gaia
Azalpena
Notaren ehunekoa
Artikuluaren ebaluazioa
Sarrerak erraz ulertzeko moduko ikuspegi orokorra ematen du eta artikuluaren funtsezko puntuak laburbiltzen ditu.
%10
Egitura argia da: goiburu eta azpitituluen logika errespetatu da, irudi eta diagramak leku egokietan daude.
%10
Artikulua orekatua da: gai batek bereziki ez du gain hartzen, eta alderdi garrantzitsuenak biltzen dira
%10
Estaldura neutroa da. ikuspegi desberdinak ematen dira, iritzi positiboak eta negatiboak. Hizkuntza neutrala erabiltzen da, iritzi pertsonalik gabe.
%10
Estetika
Estetikoki artikulu erakargarria da: bannerrak, irudiak, diagramak, ahotsa
%25
Hizkuntza
Hizkuntza zuzen, egoki eta natural erabili du. Erregistroa Txikipediako mailara egokitu du.
%10
Sintesi lan ona burutu du
%10
Peer review
Gelakideei zuzenketa egokiak egin dizkio
%10
Talde-lana
Ongi moldatu da taldekideekin, jarrera egokia izan du
Azkenik, etorkizunari begira Txikipedia ikasgelan lantzeko hainbat gidalerro proposatu nahi dira:
Curriculum-edukien lanketa: gehienbat ikasketa-edukiak kontsultatzeko sartzen dira haur eta gaztetxoak Txikipediara. Behar-beharrezkoa da, beraz, Txikipedia eduki horietaz hornitzea, eta eduki horien kalitateari erreparatzea. Etorkizun hurbilean, irakasle- eta hezkuntza-komunitateak bultzada handia eman diezaieke eduki horien kalitatezko lanketari. Euskal Wikilarien Kultur Elkartea norabide egokian ari da lanean, baina laguntza eta babes gehiagoren beharra du euskal instituzioen aldetik.
Gazteak, wikilari: hala ere, ez da ahaztu behar prozesu honetan gazteek izan behar dutela protagonista. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko gazteak idaztera bultzatzeko erreminta egokia da Txikipedia, eta nahitaez bultzatu behar da ildo hori.
Txikipedia, osagarri: Txikipediaren lanketa ikasgaien osagarri moduan planteatzea gomendatzen da. Ikasgai soil izateko moduko mamirik ez du, baina osagarri gisa funtzio biderkatzailea bete dezake.
Zutabe horiek landu eta Master Amaierako Lan hau osatu asmoz, Bigarren Hezkuntzako komunitateko irakasleak animatu nahi ditu lan honek: jar ezazue proposamen hau praktikan ikasgelan!