Demokrazia Euskal Herriarentzat
Demokrazia Euskal Herriarentzat[1], izen laburrez Demoen mugimendua edo Demoak ere deitua 2000tik 2010era euskal presoen eskubideen alde, euskararen ofizialtasunaren alde eta berezko instituzioa eta aitortza lortzearen alde Ipar Euskal Herriaren esparruan edo bere egoerarekin desobedientzia zibila erabiliz ehun bat ekintza egin zuen mugimendua izan zen. Urte horietan bere ekinbideak eragin handia izan zuen bizitza politiko-sozialean.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000ko otsailean, lehen ekintzak egin eta zenbait astetan, idazki baten bidez mugimenduak bere aurkezpena egin zuen. Ezaugarri batzuk aipatu zituzten: ekintzak talde txiki, ertain edota handietan egiteko modukoak izango ziren; indarkeri-eza aktiboa izango zen metodoa; Euskal Herrian zenbait arlotan (euskara, laborantza, ekologia, antimilitarismoa...) egon diren esperientzietan oinarritu eta garatzeko asmoa, baita kanpoan ere (Confédération Paysanne eta José Bové, Greenpeace...); ekintza sinboliko eta pedagogikoak egitea, herritarren arreta erakarri nahian; umore eta ironia erabiltzea; legearen barrukoak edo kanpokoak izan litezke; jantziak (kamiseta horiak, maskak) eta artelana...ere erabiltzea; aldez aurretiko prestakuntza egokia eta ekintza gehienez bi ordu irautea; adi eta inguru desberdinetakoek parte hartzea.
Eremu nagusitzat Ipar Euskal Herria izan bazuten ere, dinamika nazionaletan ere parte hartu zuten, adibidez Joxemi Zumalabe Fundazioko atxilotuei elkartasuna adieraziz, ilegalizazioen kontra agertuz edota 2001ean UEUn eta Zarauzko Desobedientzia zibilaren egunetan esku hartuz.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen ekintza 2000ko urtarrilaren 6an egin zuten; Baionako espetxean "demokrazia Euskal Herriarentzat" tindatu zuten. Mugimendua 2010eko ekainean desegin zen, Baionako artxibategia zabaldu eta Pauetik hamar urte lehenago hartutako agiriak itzultzearekin batera.
Desegitearen inguruko balorapen desberdinak egin ziren; bistan da mugimenduak zituen hiru helburuak bete gabe daudela eta taldea indarra galtzen joatea edo kideen artean adostasunari eusteko zailtasunak faktoreak izan zirela[2]. Aldiz, esperientzia berriak abiatu izanak (EHLG, Bizi!) eta egoera politikoan suertatzen ari ziren aldaketek desagertzearen alde positiboan kokatuko lirateke. Helburu batzuen inguruan urratsak eman dira, hala errepideetako paneletan nola -seguraski inportanteena- Baionan artxibategia zabaltzea, departamenduko hiriburua izangabe halakoa izatea ez baita inolaz ere arrunta frantses estatuan eta hori, beraz, Demoen borrokaren emaitza dela esan daiteke.
Mugimenduan parte hartu zuten hainbeste kidek aktibo segitzen dute aipatu elkarteetan, gizarte mugimenduetan edota politika arloan: eledun lanetan edo epaitegietatik pasatu direnen artean Peio Etxeberri-Aintxart, iF Matxikote[3], Nikolas Padrones, Txetx Etxeberri, Xarlo Etxezaharreta, Gorka Torre...daude.
Beste aldetik, bere ibilbidean zehar populazioaren zati handi baten atxikimendua jaso izan zuten; artxibategien aferan historialari, abokatu eta ikertzaile ezagun askok demoen ekintzaren aldeko agiria sinatu zuten: Filipe Aramendi, Colette Capdevielle, Jean-Louis Davant, Marzel Etxehandi, Hélène Etxekopar-Etxart, Manex Goihenetxe, Jean Haritxelhar, Hector Iglesias, Jean-Claude Larronde, Maite Lafourcade, Yolanda Molina, Manex Pagola...Demo SA laguntza ekonomikoa lortzeko ekimenean ere inguru abertzale eta euskaltzalean eta gizarte mugimenduetan ezagunak diren pertsona askoren atxikimendua lortu zuten[4].
Ehun bat ekintzatan 700dik gora lagunek esku hartu zuten. Hamasei epaiketa izan zuten eta haietan 150 bat lagun auziperatu zituzten; horren ondorioz milaka euroko isunak, espetxeratzeko aginduak eta bestelako zigor batzuk jaso dituzte[5].
Helburuak eta ekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal presoen eskubideen alde: presoen Euskal Herriratzea, gaixo direnen askatzea eta baldintzapeko askatasunak eskatuz hainbat ekintza egin zituzten, 2000ko lehena barne. Daniel Dergi gose greban zegoen presoaren alde, hori dela eta Nicole Péry ministro baionesaren arreta deitzeko ekintzak edo Baionako Epaitegian kateatzea, aireportuan eta Parisen auto istripu baten antzezpena)
- Euskararen ofizialtasuna: leku eta eremu anitzetan euskarak bizi duen egoera salatu eta aitortza publiko eta ofiziala eskatu dute. Hezkuntza arloa (Baionako René Cassin lizeoan, unibertsitatean, Inspekzio akademikoan), errepideetako panelak euskaratzea (Baiona-Angeluko Mañon biribilgunea, Maule, Garrüze, Bidarte), instituzio nagusiak (Akitaniako Eskualde Kontseiluan ekintza, suprefeturan, Kontseilu Orokorraren Baionako adarraren inaugurazioan), Posta eta garraiabideak (SNCF) izan zituzten jomuga.
- Ipar Euskal Herriak berezko instituzioa izatearen alde: mugimenduaren izenean islatu bezala, euskal herritarrentzat demokraziarik ez dagoela salatu nahi zuten eta Euskal Herri osoaren eraikuntza nazionala garatu nahi zuten, hasteko Ipar Euskal Herriak duen aitortza instituzional eza agerian uzten zuten ekintzak burutuz. departamenduko Baionako egoitza den Villa Bakian kateatuz hasi ziren ildo honetan lortu zuten Demoek oihartzunik handiena, bereziki sinbolikoak ziren ekimen batzuen bidez:
- 2000ko martxoaren 3an Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrean Ipar Euskal Herriari dagozkion 21 eserlekuak hartu zuten. François Bayrou presidentearen protesten artean, martxoaren 31n aulkiak Baionan egindako ekitaldi batean berriro agertu ziren, Euskal Herriko hautetsien esku uzten zituztela aldarrikatuta; beraz, agintariek ostera ere Pauera eraman zituztenean "ebatsi" zituztela iritzi zion mugimenduak.
- 2000ko ekainaren 19an Paueko artxibategitik Lapurdiko Biltzarrak euskal departamenduaren alde onartu zuen ebazpena jasotzen duen dokumentua hartu eta ezkutatu zuten; atera zuten idazkia Dominique Joseph Garatek izenpetzen zuen eta 1789ko azaroaren 18ko erabakiaren segida zelako plantak egin zituzten. 2010ko azaroaren 4an Pauetik hartutako agiriak "Dominique Joseph Garatek" Christine Bessonart Senpereko auzapez eta Auzapezen Biltzarreko buruaren esku utzi zituen[6].
- Frantses errepublikaren ikurra den "Maiana" edo Marianneren eskulturak zenbait Herriko Etxetatik hartzea, "Maianen Askapenerako Demo Frentea" (MADEF) izen ironikoaz egin zirenak: 2002ko urtarrilaren 4an Maulen, Donibane Garazin eta Uztaritzen, urtarrilaren 18an Donibane Lohizunen, otsailaren 22an Biarritzen, apirilaren 11n Angelun eta apirilaren 24an, lehendakaritzarako hauteskundeetako lehen itzulian Kanbon, Hiriburun eta Mugerren.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Demokrazia Euskal Herriarentzat Démocratie pour le Pays Basque, Gatuzain argitaletxeak eta Demoek beraiek argitaratua, Baiona, 2002. ISBN 2-913842-24-0
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gutxitan DEH sigla ere aurki daiteke bere idazkietan.
- ↑ Les Démos sont morts...Vivent les Démos[Betiko hautsitako esteka], Euskal Herriko Kazeta, 2010eko ekainaren 8a.
- ↑ Ofizialki Yves Machicotte, horrela sinatzen du artista eta militante honek. Ikus iF Diseinuak[Betiko hautsitako esteka] webgunea.
- ↑ DEMO SA ekimena Demoen webgunean.
- ↑ Azken agurra[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010eko ekainaren 6a.
- ↑ Bi garai ezberdin eta eskaera bera[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010eko azaroaren 5a.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Demoen webgunea.
- SALTOK Azken Demo Dantza bideoa[Betiko hautsitako esteka] Kanalduden, mugimenduaren historia.