Euskal Herriko historia ekonomikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskal Herriko historia ekonomikoak denboran zehar Euskal Lurraldeetako jarduera ekonomikoen garapena eta aldaketa biltzen ditu.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultza neolitikoa (K.a. 4500-2500) berandu gertatu zen Euskal Herrian[1] (orokorrean, europako hego ekialdean), baina gainontzeko tokietan bezala, gizataldeak sedentarizatzea ekarri zuen. Nekazaritza indarra hartzen hasi zen eta abeltzaintza egonkortu egin zen, eta teknika industrial edo artisauen hobekuntzak ere nabaritu ziren (zeramika, harri lanketa...).

Urrengo garaietan (kobre aroa, brontze aroa eta burdin aroan) metalurgiaren garapena gertatu zen. Herrixkak finkatu eta nekazaritza gehiago indartu zen, beti ere abeltzantza izanik jarduera nagusia[1].

Erromanizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko ekonomia erromatar garaian»
Erromatarren bide nagusiak K. o. I. mende inguruan.

Euskal Herrian K. o. I-III. mendeetan nabaritu zen gehien bat erromanizazioa. Erromanizazioak laborantza teknika berriak eta meatzeen ustiapen zabala ekarri zituen. Laborantza teknika berriek Ebro ibaiaren inguruetan izan zuen eragina, batez ere: erromatarrek "ager vasconum" zeritzoten lurralde emankortzat zutenari (zerealentzat egokia zen lurrari) eta "saltus vasconum" deitu zioten abletzaintza nagusi zen ingurune menditsu eta oihanez estaliari. Esan bezala, erromatarrek ager eremua ustiatu zuten batez ere, interes berezia zuten kasuetan saltus eremuan ere finkatu zirelarik, zela meatzeak zeudelako (Oiartzun, Banka edo Somorrostro, adibidez.) edo merkataritzarentzat interesgarri zitzaielako (Txingudi, Zarautz eta Getaria inguruak, adibidez)[2]. Meatzeei dagokionez, erromatarrek harrobiak eraiki zituzten marmola ustiatzeko, baita burdina, zilarra eta beste metal batzuk lortzeko ere. Ekonomia eredu banatu horrek ezberdintasun kulturalak eragin zituen bi guneetako populazioen artean.

Erromatarrek lehen hiriguneak ere sortu zituzten, beren kontrola finkatzeko asmoz[1]. Izan ere, erromatarrek lehen hiriguneak gotorleku militarren inguruan eraiki zituzten. Horrez gain, errepideak ere eraiki zituzten (erromatar galtzadak), lehengai eta merkataritza produktuen mugimendua errazteko eta tropen mugikortasuna handituz lurraldea errazago menperatzeko. Erromatarren garaian, beraz, merkataritzaren gorakada gertatu zen, eta horrekin batera txanpon landuen erabilera zabaldu zen euskal herrian (ezagunak bazituzten ere, ez dirudi ordurarte oso hedatuak zeudenik).

Erromatarren agintaldiaren bukaeran, nekazaritza jarduerek indar handia hartu zuten eta latifundio egitura bat agertu zen.

Erromatar inperioaren gainbehera eta goi Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

V. mendeko germaniar herrien inbasioek inperioko lurretako segurtasun falta ekarri zuten. Garai hauetan, gainera, bagauden matxinadak gertatu ziren, lurjabe handien kontra altxaturiko nekazari txiro eta esklaboen altxamenduak. Garai hauetan, uste denez, "saltus" eta "ager" guneetako baskoien arteko harremana berriz sendotu zen[1].

Erromatar inperioaren krisiak eta honen gainbeherak asko kaltetu zuten lurraldeko merkataritza. Erromaren ahuleziak eta bisigodoen inbasioek gatazka egoeran murgildu zituen Euskal Herriko lurraldeak denbora luzez, jarduera ekonomikoak orokorrean kaltetuz. Nekazaritza ustiapena ere murriztu zen, baina egitura instituzionalen ahuleziak presio fiskala gutxitu eta nekazari txiki autonomoak ugaritzea ekarri zuen. Izan ere, biztanle asko agintari erromatarrek jadanik ustiatu ezin zituzten lur, baso eta meatzeetan lanean hasi ziren[1].

Musulmanek nekazaritza teknika berriak zabaldu zituzten iberiar penintsulan. Irudian, zubi erromatarra eta arabiar jatorriko ureztatzeko errota (Granada).

Ondorengo urteetan arabiarren etorrera, frankoen erresumaren presentzia eta dukerrien agerpena nabarmendu ziren. Alde batetik, musulmanek nekazaritza produktu, erreminta eta sistema berriak ekarri zituzten. Bestetik, frankoen eta musulmanen arteko lehiak tokiko buruzagi erdi-autonomoei bide egin zien, bataren zen bestearen babesean indartu zirenak. Krisiaren ostean, egonkortasuna eta hazkunde demografikoa gertatu ziren, eta horrek herrixka berrien agerpena ekarri zuen.

Erromatarren gainberaren ondoren ia ezerezean zeuden botere eta jerarkiak berriz agertzeak zenbait ondorio ekarri zituen: zenbait tokitan joputza egoeran bizi ziren nekazariak, noblezia eta elizako lurjabeen menpe. Hala ez zenean ere, herri xehearen eskubideen galera gertatu zen, aprobetxamendu kolektiboaren eskumenak murriztu egin baitziren. Horri loturik, nekazari askeak jauntxoengandik ihesi ordurarte ia erabat basatiak ziren lurraldeetan kokatu eta ustiatzen hasi ziren[1]. Askotan, nekazari hauek Nafarroako koroaren laguntza jaso zezaketen.

Nafarroako erreinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiribilduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu ekonomikotik, ekonomiaren pixua landatik hiribilduetara mugitzen hasi zen europa guztian. Feudalismoaren hasieran, landa eremuetan zegoen aberastasun iturria, nekazaritza eta industria gehiena han baitzegoen. Merkataritza berriz indartzearekin, eta nekazaritza teknika berriek ekarri zuten hazkunde demografikoarekin, hiribilduek pisua hartu zuten, gutxika. Politika antolaketaren auzia ere tarteko zen: landa eremuak jauntxo feudalen esku zeuden zuzenean, baina hiribilduak ordea ez zeuden inolako jauntxoren menpe, eta koroari soilik zor zioten leialtasuna. Erregeek, jauntxoen boterea ahuldu eta berena indartzeko, hiribilduak bultzatzeari ekin zioten landa eremuen kaltean. Izan ere, hiribildu titulua erregeak soilik eman zezakeen, eta artisau eta teknikarientzat abantailak eskeintzen zitzaizkien bertan bizitzeko.

Hiribilduetan artisau eta teknikarientzat abantailak eskeintzen zitzaizkien bertan bizitzeko, eta giro horretan garatu ziren erdi aroko industria eta merkataritza europan. Bestalde, inguruko lurrak ere kontrolpean zituztenez, nekazaritzaren zati bat ere haien inguruan gertatzen zen.

Lehen hiribilduak XII. mendean agertu ziren Euskal Herrian (Guardia 1164an, Donostia 1180an, Gasteiz 1181an, Balmaseda 1199an...) eta XIV. mendearen amaiera bitartean 88 hiri eta hiribildu sortu ziren. Hiri-kontzentrazio nagusia Gipuzkoan pilatu zen (25 hirigune), Araban 23 hirigune batu ziren eta Bizkaian 21. Nafarroan, Behe Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan hirigune gutxiago batu ziren[1].

XIV. eta XV. mendeen artean bandoen arteko gerlek ekonomia kaltetu zuten. Jatorria, nobleen arteko gatazkez gain, noble eta hiribilduen eta noble eta nekazarien arteko gatazketan bilatu behar da. Euskal Herriko kasuan, interes politikoak ere baziren tarteko, gaztelako koroa ala nafarroako koroaren interesak defendatzen baitzituzten bando ezberdinek. Kontrara, garai honetan europan triskantza handiak eragin zituen izurri beltzak ondorio gutxi izan zuten Euskal Herrian.

Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal herrian zehar, merkataritza Donejakue bidetik pasatzen zen, bereziki[1][3]. Gaztelako artilea zen gehien mugitzen zen produktua, eta XIII. mendearen erdialdera zenbait hiribildu sortu ziren mugimendu hori bideratzeko (Agurain, Ordizia eta Tolosako hiribilduak 1256an, eta Arrasate eta Bergarakoak 1260 eta 1268an).

Itsas merkataritza ere bultzatu zen, Baionako kaia izanik garaiko portu nabarmenena. Baiona ingelesen menpe zegoen orduan, eta bizkaiko golkoan zehar zabaldu zuten jarduna, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean merkataritza zirkuito bat sortuz. Orokorrean, garaiko Kantauriko kostak merkatal arloan bi funtzio betetzen zituen: alde batetik, Flandria, Ingalaterra edota Andaluziako merkatuen abiapuntu zen eta, beste alde batetik, inportatutako ondareak birbanatzen zituen[1]. Itsas merkataritzan mugitzen ziren produktu nagusiak burdina eta artilea ziren[3].

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritza gorabehera, euskal itsas portuen jarduera nagusia arrantza zen erdi Aroan. Orokorrean, arrantza baliabide beharrezkoa zen kostako herrientzat, hornikuntza bideak urriak baitziren[1]. Euskal kostaldeko arrantzaleek beren lan eremua zabaldu zuten, XIV. mendean Asturias eta Galiziako kostaldean egiten zuten arrantza, bertakoekin liskarrak ere izaten zituztelarik. Gerora, bakailauaren bila bretainia, irlanda eta ingalaterrara ere joaten ziren.

Ohiko arrantzaz gain, garai horretan hartu zuen indarra balearen ehizak. Euskal baleazaleak XI. mendean hasi ziren balearen ehizan[4], baina XIII. eta XVI. mendeen artean jo zuten goia. Hasieran balearen arrantza jarduera osagarria besterik ez zen, eta portu ingurura hurbiltzen ziren baleak soilik ehizatzen zituzten itsas-gizonek. Gerora, baleatik ateratzen ziren etekin handiak zirela eta, jarduera profesionalizatu egin zen. Erdi aroan balea-ehiza komertzialean aritzen ziren bakarrak zirela uste da[4][5]. Denborak aurrera egin ahala balea ehizan trebetasun handia lortu zuten euskaldunek eta euskal kostaldeko balea ia guztiz desagertzeraino ehizatu zuten. Harrapakina portu inguruan gehiago izan ez zutenean, baleontzietan gero eta urrunago joaten hasi ziren. Balearen ehiza eta bakailauaren arrantza modu paraleloan praktikatzen zituzten euskaldunek.

Arrantza eta balearen ehizarekin batera, hauei loturiko aktibitate ekonomiko multzoa ere bazen kostaldean; arrantza materialaren ekoizpena, eta bereziki, itsasontzien eraikuntza. Lekeition, Bermeon, Ondarroan eta Bilbon ontziolak zeuden XV. mendean, baita Hondarribian, Donostian eta Baionan ere. Arrantza jarduera ekonomiko handia zen, jende asko hartzen zuena. Hori dela eta arrantzaleak elkarte edo kofradiatan antolatzen hasi ziren.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriaren arloan burdinolak ziren elementu nabariena. Burdingintzarentzat eremu ona zen, lehengaiak lortzeko mineralak eta labeak berotzeko egurra eskura baitzeuden[6]. Haize-burdinolak alde batera utzi eta hidraulikoak edo uraren indarrarekin funtzionatzen zutenak agertu ziren lehenik nafarroan eta gerora Bizkaia eta Gipuzkoan. Bertan ekoitzitako burdina estimatua zen europan eta asko kanpora bidaltzen zen, Ingalaterrara, bereziki (XV. mende amaieran 3000 tona inguru eramaten zitzaizkien urtero[1]). Arma-industria horri loturik garatu zen VI. menditik aurrera, Soraluzen, Durangon, Eibarren, Markinan eta Gasteizen[1][7].

Aro modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzari dagokionez, mediterranear isurialdean zerealak, olioa eta mahatsa ziren gehien lantzen ziren laboreak, eta ardia zen azienda ohikoena. Kantauriar isurialdean nekazaritza mugatuagoa zen, artatxikia, sagarra eta gerora artoa lantzen ziren bereziki. Basogintza eta abeltzantza indartsuagoak ziren, eta azken arloan behiak ziren azienda zabalduena. Bi guneen arteko desoreka zela eta kontrabandoa ohikoa zen (Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugan ematen zen, baina gerora foruek erreinua ez baina merkataritza muga bertan mantendu zuten).

Arrantzari dagokionez, XVI. mendetik aurrera euskal baleazaleek Ternuara jo zuten. Bakailauaren bila joaten ziren ontzi gehienak, baina balea-ehiza zen aberastasun iturri handiena. Baleetatik produktu asko lortzen ziren, baina koipea zen estimatuena, balio handia baitzuen merkatuan. Kostaldeko herrietara aberastasun handia ekarri zuen horrek. XVII. mendean, Herbeheretako eta Erresuma Batuko arrantzaleekin zuten lehia zela eta arrantza eremuetatik at utzi zituzten euskaldunak, eta horrek arrantza jardueraren apaltzea ekarri zuen. Askotan, arrantzan aritu ezinda, euskal ontzi asko kortsario moduan aritu ziren garai haietan[4]. Ontzigintza nahiko indartsua zen, Gipuzkoan eraikitzen ziren ontzi gehien, eta Espainiako erregeen armada bertako ontziolek hornitzen zuten. Hala ere, XVI. mendearen bukaerako Gaztela, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerlek asko kaltetu zuten euskal kostaldeko ontzigintza.

Mirandaola, XVI. mendeko burdinola.

Burdinolek gero eta indar gehiago hartu zuten, eta ekonomian funtsezkoa bihurtu ziren. Bizkaia eta Gipuzkoan 300 bat burdinola zeuden martxan XVI. mende hasieran[6], eta kopuruak gora egin zuen. Euskal herritik zetorren europako burdinaren zati nabarmen bat, eta jende askori ematen zion lana. Hala ere, XVI. mende bukaera eta XVII. mendeko merkatuaren bilakaerak burdingintzaren krisia eragin zuen Gipuzkoa eta Bizkaian.

Merkatal jarduera burdingintzari, koloniei eta mugei loturik hazi zen. 1511ean sortu zen Bilboko Kontsulatua, burdin merkataritzaren garrantziaren adierazgarri. Bertatik, burdinaz gain, artilea esportatzen zen[3]. Beste merkataritza zentro bat sortu zen Donostian, Caracaseko Konpainiaren eskutik (1728), eta Europako eta Amerikar kolonietako produktuen mugimenduan oinarritzen zen (kakaoa eta tabakoa, batez ere)[8] eta España eta Venezuelaren arteko merkataritzan pribilegioak ukan zituen, ia erabateko monopolian[3][9]. Azkenik, Baionak Aragoiko produktu trukeak eta Bilbo eta Donostiako portuekiko zuen harremana baliatu zituen[3]. Garai hartako merkatalontzien tamaina handitzeak portu txikien merkataritza fluxua mugatu zuen, portu handien mesedetan, eta Bilboko itsasadarreko portuak izan ziren irabazle nagusiak[3].

XVII. mendeko krisiaren ondoren, XVIII. mendean ekonomiaren suspertzea gertatu zen arlo gehienetan. Burdingintza berrabiarazi zen, garaiko politika protekzionistek barneko eta espainiar kolonietako merkatuak segurtatzen baizituzten. Teknikak, ordea, zaharkiturik geratzen ari ziren. Kobrearen industria bat ere garatu zen Baigorri inguruetan eta Aralarko mendileroan. Ehungintza, zerrategiak eta beste industria batzuk ere agertu ziren.

Erregimen zaharraren krisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mende bukaeratik aurrera gertatu zen aitzinako erregimenaren krisiak ekonomian eragin nabarmena utzi zuen. Egitura feudalek lehiakortasun gutxi eskaintzen zuten ekonomikoki, eta horrek merkatu krisiak eragin zituen nekazaritzan eta industrian, baita matxinadak ere. Bestalde, ekonomia kaltetu zuten garai hartako gerrateek, konbentzio gerrak eta gerra napoleondarrak lehenik, 1820ko erreboltak gero eta karlistaldiek azkenik. Burdingintzan eragina nabari izan zen, XIX. mendean burdinola zahar guztiak itxi baitziren. Ingalaterrako industrializazioak eskaria handitu zuen, baina euskal herriko burdinolak ez ziren gai eskaintza egokia emateko, txikiak eta teknologikoki atzeratuak baitzeuden (egur ikatzean oinarrituak ziren, izan ere)[6].

Merkataritzaren alorrean egoera nahasia zen, gune bakoitzak eskumen bereziak baitzituen. Aduanak eta zergak ez zeuden kostaldean, foruak zirela medio (Balmasedan, Urduñan, Gasteizen, Seguran, Ataunen y Tolosan kokatuak zeuden). Horrek merkataritza abantailak ematen zizkien kostaldekoei, barnekaldeken kaltean, eta kontrabandoa errazten zuen. Burgos eta Santanderreko merkatariak ziren kaltetuenak, eta agian hauen presioz mugitu ziren 1718an aduanak kostaldera. Horrek matxinadarako sua piztu zuen eta 1722an aduanak ohiko tokira itzuli zituzten[3].

Gerrek sorturiko zorrei aurre egiteko lur publikoen salmenta bultzatu zuten udaletxeek, eta horri liberalen XIX. mendeko desamortizazio politika gehitu behar zaio. Hori guztia bat zetorren garaiko pentsamolde liberal eta kapitalistekin. Erregimen berriak lurra burgesia kapitalistaren eskuetan metatzea ekarri zuen eta herritarren klase apalenak kaltetu zituen[1]. Horrez gain, nobleziari eta elizari zenbait pribilegio kendu zizkion eta berregituraketa administratiboa eta foruen galera ere tarteko ziren. Egoera horretan gertatu ziren karlistaldiak. Gerra bertatik bertara pairatu zuten herritarrek, eta ondorio gogorrak utzi zituen hego euskal herrian. Gainera, gerra galdu izanak administrazioaren berregituraketa zentralizatzailea eta foruen desagerpena (1876) ekarri zituen.

Aurrekoaren eta nekazaritzan gertatu ziren zenbait arazoren ondorioz migrazioak gertatu ziren euskal herrian, nekazari txiki askok lurrak galdu baitzituzten. Batez ere Nafarroa Garaian, eta iparraldeko barnekaldean gertatu zen hori, eta Amerikako lurraldeetara jo zuten[1].

Nekazaritzan, aipaturiko arazoak alde batera utzita, erreminta berriak hedatu ziren (berandu, baina golde belarridunaren erabilera zabaldu zen) eta ameriketako produktu asko sustraitu ziren euskal lurretan Artoa landatzen zen jadanik, eta garai honetan bultzada ukan zuen, garia baino gehiago ekoitziz. Patata ere garai honetan hedatu zen.

Industriari dagokionez, egoera kaxkarrean zen, aipatu bezala. XIX. mendeko industrializazio bortitzak aldatu zuen hori guztia.

Industrializazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Industrializazioa Euskal Herrian»

Industria iraultzak eta Bessemer prozesuaren asmakuntzak berebiziko ondorioak utzi zituzten euskal herrian. Eragina Bilboko itsasadarrean izan zen nabarmenena, baina zeharka Arabari eta batez ere Gipuzkoari ere eragin zion.

Industria iraultza XIII. mendearen bukaeran hasi zen Erresuma Batuan, eta XIX. mendearen erdialderako Europa eta ipar Amerikara zabaldua zegoen. Ikatz bidez funtzionatzen zuen lurrun makina eta industria prozesuen mekanizazioa izan zuen ardatz. Euskal Herrira bigarren karlistaldiaren ondoren heldu zen iraultza hau, meatze, burdingintza eta portuei loturik.

Nuestra Señora del Carmen, labe garaiak, Barakaldon (1870ko hamarkada).

Industrializazioaren eragina bereziki bortitza izan zen Bessemer prozesua zela eta. Prozesu horri esker altzairua azkarrago ekoiz zitekeen, beti ere burdin ez fosforikoa erabiliz gero. Bizkaian ziren burdin mota horretako meatze handienak, eta ondorioz burdinaren ustiapena eta esportazioa masiboki igo ziren. Itsasadarrak materialaren mugimendua errazteak eta garaiko lege liberalek ere erraztu zuten hori. Kanpoko interesek bultzaturik industria teknikak berritu ziren, lehiakortasun handia eskuratuz. Kanpoko teknikarien zuzendaritzapean harrikatzez beroturiko lehen labeak eraiki ziren; kokezko lehen labe garaiak (harrikatza Erresuma Batutik ekartzen zen)[6]. Bilboko itsasadarrean meatzegintza eta metalurgiari loturiko hainbat enpresa indartsu sortu ziren, batzuetan Ingalaterrako, Belgiako eta Alemaniako enpresarien babespean (Orconera Iron Ore Co. Ltd. eta Societé Franco-Belge des Mines de Somorrostro, adibidez), eta beste batzuetan bertako enpresarien elkarte gisa (Ybarra y Cia, Chavarri, Durañona, Gandarias, Lezama-Legizamon, Sota eta Aznar...). Esportaziora begira garaturiko jarduera zen, 1876 eta 1900 bitartean mineralaren %90 esportatu egiten zen, esportazioaren %70 Ingalaterrara bideratzen zelarik[1].

Produktuen itsas mugimenduen kari ontziola berriak agertu ziren, gehienetan meatzegintzari eta metalurgiari loturik zeuden enpresaburuen eskutik. XVIII eta XIV. mendeetan bi ontziola gune nagusi zeuden euskal kostaldean: Bilbokoa eta Pasaiakoa. Bilbon mota guztietako ontziak egiten ziren, eta ontziola handienak Euskalduna eta beranduago La Naval izan ziren. Lehendik ere produkzioa oparoa zen, 1841 eta 1874 artean 1000 ontzi inguru itsasoratu zituztela kalkulatu da[10], baina egurrezko belauntzien eskaria jeitsi ahala ontziola zaharrak desagertu eta metalezko baporeen eraikuntzan aritzen ziren berriak agertu ziren. Pasaiako ontziolak arrantza-ontzietara bideraturik zeuden garai haietan. Famatuenak Andonaegui, Luzuriaga eta Balenciaga ziren.

Gipuzkoako industriaren garapena motelagoa izan zen, hein batean Bizkaiakoari lotua, eta beste lurraldeetan are gehiago atzeratu zen. Gipuzkoan meatze handirik ez eta materialen eraldaketara jo zuten. Erremintak eta beste produktu manufakturatuez gain, ehungintza ere aipatu beharrekoa da, XIX. mendean lau enpresa sortu baitziren Gipuzkoan[11]. Bizkaiako industrializazioa ez bezala, Gipuzkoakoa ez zen gune bakarrean kontzentratu eta sakabanatuago ageri zen. Araban eta Nafarroan lehengaiak, kapitala eta langile kualifikatuak falta zituztenez, poliki aitzinatu ziren. Iparraldean ere gertatu zen industrializazio xume bat, baina nekazaritzari loturikoa izan zen batez ere. Irin-errotak, gaztandegiak, artilea edo haragia prozesatzeko tailerrak... garatu ziren. Hala ere, 1881ean Adur ibaiaren hertzean bi labe garai zituen burdingintza fabrika bat sortu zen, Bizkaiako burdinaz eta Ingalaterrako ikatzaz hornitzen zena. Bestalde, euskal kostalde guztian kontserba fabrikak agertu ziren, arraina lortzeko erraza zen produktua izanki.

Banku ugari sortu zen XIX. mendeko erdialdetik aurrera[12]. 1857an sortu zen Bilboko Bankua (Banco de Bilbao), 1862an Donostiako Bankua (Banco San Sebastian), eta 1864an Gasteizko Bankua (Banco de Vitoria) eta Iruñeko Bankua (Banco de Pamplona). Bankuak agertzearekin batera agertu ziren Aurrezki Kutxak ere. 1850ean Gasteizko Aurrezki Kutxa sortu zen (Caja de Ahorros de Vitoria) eta 1872an Iruñekoa (Caja de Ahorros de Pamplona). Bilbo zen lurraldeko finantza zentru nagusia[1], 1890ean inauguratu zen ofizialki Bilboko Burtsa.

Azkenik, industrializazioari loturik, trenbide sarearen agerpena ere aipatzekoa da. Produktuen mugikortasuna errazteaz gain, turismoaren gorakada nabaria eragin zuen, Miarritzen adibidez[1].

Industrializazioaren inguruak gizarte gatazka zenbait ageri dira. Burgesia eta proletargo klaseak finkatu ziren eta haien arteko ezberdintasun ekonomikoak handitu. Bilboko itsasadarrera migrazio masiboak gertatu ziren, eta enpresarien zapalketaren kontra langile borrokak eta sindikatuak antolatzen hasi ziren. 1886-1911 urteen artean 160 lanuzte izan ziren, horietatik 5 orokorrak[1].

XX. eta XXI. mendeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran egoera ona bizi zuen euskal herriko ekonomiak, eta industrializaziok irekiriko bideei jarraki zion[2].

Lehen sektorean, hirien hazkundeak eskaera handitu zuen eta nekazaritza, abeltzainta eta arrantzan hazkunde bat eman zen. Biztanleria aktibo gehiena bertan ari zen lanean eta produkzioa hiriei begira egiten zen gero eta gehiago[1].

Industrian, mende hasierako meatzaritzaren krisiak burdingintza eta inguruko aktibitateei kalte egin zien. Prezioek behera egin zuten eta langile borrokek indarra hartu ahala industriak lehiakortasuna galdu zuen nazioartean. 1920 eta 1930ko hamarkadetan izan zen krisialdi gogorrena, eta gerora etorriko ziren gerrek sektorearen suspertzea oztopatu zuten.

Zerbitzuen sektorean bankuak eta turismoa aipatu behar dira. Bestalde, hegoaldeko merkataritzak I. Mundu Gerrari probetxua atera zion, ez baitzuten gerra zuzenean pairatu[3].

Gerra ondorengo ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldean Espainiako Gerra Zibilaren eta Francoren diktaduraren ondorioak pairatu zituen ekonomiak. Gerran zehar azpiegitura ugari suntsitu ziren. Horrez gain, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidore izendatu eta autonomia estatutuak galdu zituzten. Azkenik, Espainia frankistaren isolazioak esportazio eta inportazioak zailtzen zituen. Gizartea txirotua zen orokorrean, eta horrek barne salmenta ere mugatzen zuen.

Egoera pixkanaka hobetzen hasi zen hego Euskal Herrian 1940ko eta 1950ko hamarkadetan[1]. Bestalde, epealdi honetan hasi ziren pixkanaka Araba eta Nafarroa industrializatzen. Lehenagotik existitzen bazen ere (XIX. mendekoak dira lehen euskal kooperatibak, gehienetan landa eremukoak)[13], kooperatibismo mugimendua indartu zen industriaren inguruan, Arrasateko kooperatiba izan zelarik nabarmenena[13][14]. Industrializazioaren garapena egonkorra izan zen 1976-1985eko krisia eta ondorengo industria-birmoldaketa gertatu arte.

Zerbitzuen arloa pixkanaka joan zen garatzen hegoaldean, batez ere diktaduraren azken hamarkadan.

Iparraldean nekazaritzari loturik jarraitu zuen ekonomiak. II. Mundu Gerrak ez zuen lurraldean kalterik eragin, lanerako besoak galdu baziren ere. Industria gutxi baina egonkorra zen, eta turismoak goraka jarraitu zuen kostaldean. Industrian "Forjas del Adour" enpresa eta kontserba fabrikak eta zapatak egiteko enpresa ugari zirela ere azpimarratzekoa da (1951ean 15 zapata-lantegi ziren, eta 20 bat kontserba fabrika)[1].

Industria-krisia eta birmoldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Industria-birmoldaketa»

1973ko petrolioaren krisiaren ondorio izan zen industria-krisia. Eskaria jeitsi eta produkzioa garestitzeak fabrika asko itxi beharra ekarri zuen. Industria krisiak Euskal Herriko gune industrializatuenak kolpatu zituen gehien, Bizkaia eta Gipuzkoa. Langabezia tasa ikaragarri hazi zen, europako altuenetako bat izateraino (% 22,8)[1]. Iparraldean, ordea, nekazaritzari lotuagoak izanik, apenas izan zuen eraginik.

Industria-krisia zela eta industria-birmoldaketa gertatu zen; bigarren sektoreko aktibitateak hirugarren sektorera bideratu zirelarik. Bestalde, mantendu den industria espezializatuagoa da.

Birmoldaketaren ondoren nolabaiteko oparotasun ekonomikoa gertatu zen, 2008ko atzeraldi handia arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v Borja, Antonio. «Euskal Herriko historia ekonomikoa» Auñamendi Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  2. a b «Historia económica de Euskal Herria» Hiru . Noiz kontsultatua: 2019-11-4.
  3. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Fernández de Pinedo y Fernández, Emiliano. «Comercio» Auñamendi Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  4. a b c Zeberio Rodríguez, Manu. «Balea-ehiza» Auñamendi Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  5. «Balea-ehizaren hastapenak» lekeitiokondare.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  6. a b c d «Burdingintzaren historia Euskal Herrian» Hiru . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  7. «Armagintzaren historia Euskal Herrian» Hiru . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  8. (Gaztelaniaz) Garate Ojanguren, Montserrat. «La Real Compañía Guipuzcoana de Caracas» Auñamendi Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  9. (Gaztelaniaz) «La Real Compañía Guipuzcoana de Caracas y la Real Compañía de Filipinas» Hiru.
  10. (es) Astilleros. . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  11. «Ehungintza» Hiru . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  12. (Gaztelaniaz) «Creación de los bancos y Cajas de Ahorro» Hiru . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  13. a b (Gaztelaniaz) Borja, Antonio. «Cooperativismo en Euskal Herria» Auñamendi Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  14. (Gaztelaniaz) «Las cooperativas» Hiru . Noiz kontsultatua: 019-11-04.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]