Maite Idirin

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Maite Idirin

Bizitza
JaiotzaUgao1943ko uztailaren 12a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaAngelu2024ko urtarrilaren 20a (80 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Jokin Apalategi
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea
Musika instrumentuaahotsa

Inguma: maite-idirin-solatxi Musicbrainz: 800c32f9-0fe3-4fbe-a7eb-568bcd75c75d Edit the value on Wikidata

Maite Idirin Solatxi (Ugao, Bizkaia, 1943ko uztailaren 12a - Angelu, Lapurdi, 2024ko urtarrilaren 20a) euskal abeslaria zen. Bere gitarraz lagunduta, 1968an hasi zen herriz herri kantari. Atahualpa Yupanki euskaraz diskoa 1968an argitaratu zen, Durangoko Azokarako. Euskal musika klasikoa kantatu eta grabatu du, eta Euskadi Irratian musika klasikoari buruzko irratsaioa egina da. Angelun bizi zen.[1][2][3][4][5]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967an Atahualpa Yupanqui Bilbora etorri zen kantatzera. Buenos Aires antzokia, hiriko antzokirik handiena, bete zuen Yupanquik. Haren kantu sozialak txunditu egin zuen Maite Idirin. Ordurako Bilboko San Anton orfeoian hasia zen Idirin, euskal abestiak kantatzen. Eta Atahualpa Yupanquiren kontzertu hura Idirinen ibilbidea abiarazi zuen metxa izan zen nolabait. Yupanquik bezala gitarra jotzen hasi zen, eta berandu baino lehen jendaurrean hasiko zen kantuan.[5]

Jendaurreko lehen emanaldia 1968ko maiatzean eskaini zuen Idirinek, Zeberion (Bizkaia), Arkulanda auzoan. Zeberioko hartan folkloretik hartutako kantuak kantatu zituen. "Aita San Antonio", "Cuando salí de Cuba" —euskaraz, Ondarroako Argoitia neba-arrebek euskaraz kantatzen zuten eta—, eta horrelakoren bat. Kantatu eta Ares izeneko gizonezko bat agertu zitzaion disko bat grabatu behar zutela esanez.[2] Eta diskoa etorri zen, Cinsa diskoetxearekin.

Atahualpa Yupanki euskaraz diskoa 1968an argitaratu zen, Durangoko Azokarako. Argentinarraren kantuak hartu eta Gabriel Arestiri eta Paulo Iztuetari euskaratzeko eskatu zien Idirinek.[6] Iztuetak "Viento, viento" eta "Caminito del indio" itzuli zizkion, eta Arestik, "Piedra y camino" eta "Un día"; eta horrez gain, "Aitaren etxea defendituko dut" eman zion Arestik. Lehen disko hura taberna batean grabatu zuten eta Xabier Villaverdek (Soroak) lagundu zion gitarrarekin. 1968ko abenduan, Eibarko sariketako bakarlarien artean garaile suertatu ziren Maite Idirin eta Estitxu. Sariaren publizitateari esker Hego Euskal Herri osoan emanaldiak eskaintzen hasi zen Idirin.

Artean Francoren diktadura garaia zen, euskal kantagintzarentzat une zailak, zentsura zela-eta. Baina garai emankorrak ziren sorkuntzarako. Euskal kantagintza berritzen ari zen. Bittor Egurrolarekin, Beti Alai taldearekin eta Zintzoak bikotearekin Herrikoi taldea sortu zuen Idirinek. Ez Dok Amairuren garaia zen, halaber. Eta norabide bertsuan eraman zuten euskal kantagintza, zentsuraren oztopoak gaindituz. «Gogoan dut 68an, kantaldi bat egin genuela Ondarroan. Jaialdia baino lehen hitzak zentsurara bidali behar ziren. Ondarroako hartan, kantuak bidali, eta bat edo bi utzi zidaten kantatzen. Benito Lertxundik, eta Ondarroa bertako Argoitia neba-arrebek ere kantatu zuten. Guardia Zibila han zegoela, ez zegoela... ez genuen askorik kantatu. Ikastolaren aldeko jaialdia zenez, jendeak txaloka hartu zuen gure saioa. Ekitaldi militante izugarria izan zen hura. Han gertatutakoa ikusita, zera egiten hasi ginen, zentsurara folkloreko kantuak bidaltzen, eta jaialdian, berriz, bestelakoak kantatzen».[6]

1969ako musikan gutxienez hiru kontzertu hauetan parte hartu zuen Idirinek:

Maite Idirin omentzeko liburua (UEU, 2023)[6]

Arrazoi politikoengatik, lehenik Baionara eta ondoren Parisa alde egin beharra izan zuen kantariak, 1969an. Bermeoko portutik irten zen, uztaileko gau batean ihesi. Baionarainoko bidea barkuan egin zuen, eta handik Parisera joan zen.[4]

Hurrengo urtean Migel Arozena gipuzkoarraren Candelaria kafe antzokian hasi zen kantuan, euskaraz, Parisko Auzo Latinoan. Hiru urte egin zituen horrela, eta bi disko txiki atera zituen. 1970ean Parisko Pathe Marconiren estudioetan grabatu zuen lehena, Felix Ibarrondok eta Oleagak egindako bina kanturekin, Goiztirik argitaratuta, eta 1972an Hurrengoa, Arratiako Oihartzunak ahots taldearekin, Bernat Etxepareren hainbat letraren gainean Joxe Mari Arrizabalaga organistak moldatutako doinuekin, Elkar diskoetxeak argitaratua. Garai hartan Frantziako FR3 telebistak hainbat kantaldi-elkarrizketa grabatu zizkion Idirini, Estrasburgon, Parisen, Marsellan eta beste zenbait hiritan. Soziologia ikasi zuen Vincennesen.

1973an Euskal Herrira itzuli zen, Jokin Apalategi senarrarekin eta Ur semearekin. Baionan Zabal liburu denda ireki zuten, eta emanaldi ugari eskaini zituen, ikastolen loraldia hasi baitzen. Franco diktadorea hil zenean, Hegoaldean hasi zen abesten berriz ere. Halaber, Baionako kontserbatorioan musika ikasketak hasi zituen 1975ean. 1979an Baionako kantuzko urrezko domina jaso zuen. Ondoren Bordelen jarraitu zuen ikasten, eta 1981ean hango kantuzko urrezko domina eskuratu zuen. Ordurako lehen disko luzeak kaleratuak zituen: Hazia sortzen denez lurpean jarria... (Elkar, 1975) eta Ahizpatasuna (Elkar, 1979), azken hori Gotzon Aulestiaren laguntzarekin moldaketetan. Bi disko haiek Iparraldeko musikariekin grabatu zituen, tartean Errobi taldeko batzuk. Halaber, Ez Dok Amairu desegin ondoren sortutako Ortziken taldean parte hartu zuen.[7][5]

« Konturatu nintzen inork ez zuela gure herri musika landua edo kultua ezagutzen. Aita Donostia, Jesus Guridi, Remacha... hainbat musikagile zegoen, lotan baleude bezala. Nik haien bidetik jotzea erabaki nuen, haien lanak berreskuratzea »

Maite Idirin

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan (Donibane Lohizune, 1996ko uztailaren 2a)

1980ko hamarkadan ahotsa lantzen hasi zen, eta musika klasikoa. Camerata Contemporanea taldean hasi zen (Euskal Kamerata izena hartu zuen geroago), Haendel, Bach eta batez ere euskal klasikoak lantzen. Euskal Kamerata (Elkar, 1988) izan zen bide horretan lehen emaitza.

Ordurako kantagintza «krisian» zegoen, «rockeroengatik»: «Rockeroak indarrean sartu ziren Euskal Herrian eta kantari askok utzi zioten kantatzeari. Ni ere horrela gelditu nintzen: ‘Zer egingo dut, utzi, ala klasikoaren bidetik segitu?'». Hurrengo urteetan, Alejandro Zabala pianistarekin lan egin zuen —Ametsetan (Elkar, 1992)—, eta soprano bakarlari aritu da Xaramela abesbatzarekin —Felipe Gorritiren omenez (1839-1896), Chants Sacrés du Pays Basque...— eta Groupe Vocal Presence ahots taldearekin atera ditu diskoak. Horrez gain, hamaika disko kolektibotan parte hartu izan du, hala nola Javier Bello Porturen omenez, edo beste gisakorik, Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoan kasu.[5]

Musika klasikoari buruzko kolaborazioak egin zituen Gara egunkarian eta Euskadi Irratian.[3][8]

2014ko maiatzaren 30ean, euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal musikaren atariak(badok.eus) Maite Idirinen hamasei album jasotzen ditu:[9]

Bakarka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Atahualpa Yupanqui euskeraz (1968, Cinsa)
  • Solatxi (1970, Goiztiri)
  • Detchepare 1545 (1972, Elkar)
  • Izerdi hotz, odol bero... edo oztopo gabeko biderik ez da (1973, Elkar)
  • Hazia sortzen denez lurpean jarria... (1975, Elkar)
  • Ahizpatasuna (1979, Elkar)
  • Ametsetan (1992, Elkar)
  • Gabon kantak (2012, ausArt records)
  • Maite Idirin kontzertuan (2013, ausArt records)

Soprano bakarlari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskal Kamerata (1988, Elkar)
  • Groupe Vocal Presence (1996, Agorila)
  • Felipe Gorritiren omenez (1839-1896) (1996, Elkar)

Kolaborazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkar argitaletxearen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maite Idirinek, Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak lotura handia izan zuten Elkar argitaletxearekin.

Elkar argitaletxearen lehen sortzaileak Ipar Euskal Herriko 20 gazte izan ziren, 9 emakumezkoak eta 11 gizonezkoak, Manex Pagola izan zen ideiaren bultzatzaile nagusia Gexan Alfaroren laguntzarekin. Bazkide bakoitzak orduko 1.000 franko jarri zituen, garai hartako hilabete bateko soldata. Hauek izan ziren 1972ko haiek:

1987an Manex Pagolak eta Martxelin Arberbidek Elkar argitaletxean zituzten partaidetzak saldu egin zituzten, beste proiektu artistiko-kultural batzuek martxan jartzeko, beraien partaidetzak Antton Pocheluk eta Jeanne Hiriartek erosi zituzten. 1974ean hasierako 20 kideei beste hogei batu zitzaizkien, 4 emakumezkoak eta 16 gizonezkoak., han ziren Maite Idirin, Jokin Apalategi eta Paulo Iztueta. Denak ziren Hego Euskal Herrikoak, eta era horretara Elkar argitaletxeari nazio hedadura eman zioten. Bazkide berriek hasierakoek adinako ekarpena egin zuten. Honako hauek izan ziren 1974ko hogei kide berriak

Iparraldeko zein Hegoaldeko bazkideak beraien ideologia politikoan, kolore guzietakoak ziren, euskara eta euskal kulturaren beharrei erantzun baikor bat emateko bildu izan ziren. Ezberdintasun ideologiko hori, diferenteen artean kudeaketa bideratu beharra, Elkar argitaletxearentzat oso ekarpen ona izan zen, desberdinen artean lan egitea erakutsi ziolako eta elkarlanerako bideak ireki zizkiolako.

Euskal eta emazte iraultzen artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an grabatu zuen Ahizpatasuna haren izenburua da Idirinen jarrera feministaren froga. Deserrian ezagutu zuen kantariak emakumeen aldeko mugimendua. Hala hitz egin zuen hartaz Argia-n, 1978an: [10]

« Badirudi binomio bat sortzen dela euskal eta emazte iraultzen artean. Neretzako iraultza bakarra da. Euskal iraultzan emakumearen iraultza sartzen da. Eta euskal iraultzan emakumeak deretxo berdinak ez badituzte eta libroak gertatzen ez badira, ez da benetazko iraultza izango »

Maite Idirin (Argia (aldizkaria), 1978)

Emakumezkoek kulturan zuten presentziaz ere mintzatu zen elkarrizketa hartan: «Nere ustez abestian emakumezkoak gizonezkoak baino gutiago izateak badu zerikusirik beste ofizio edo langintzetan gertatzen denarekin. Ez da emakumezkoa prestatu, bultzatu profesio batetara. Ez da plazarazten gizona bezala». Beste emakume batzuekin bilerak egiten hasia zela ere aitortu zuen: «Munduan zehar emakumezkoen artean dabilen haizea ekarri berri dugu Euskal Herrira. Hasieran talde txiki batzuk ginen, ia denak gizonezkoen alderdietan militanteak izanak eta denok gauza batean bat gentozen: gure izaera deuseztatzen zela, gure arazoak bigarren maila batean uzten zirela alderdi horietan, alegia. Orain, Euskadiko Emakumeen Topaketek erakutsi ziguten bezala talde txiki horiek handitu egin dira eta garrantzizkoago dena, oihartzun handiko bilakatu dira euskal emakumeen artean».[10]

2010ean Euskal emakume musikagileak deituriko kontzertua antolatu zuten Bilboko Campos Eliseos antzokian. Ekimena Maite Idirinen ikerketa batetik sortu zen. Euskal emakume musikagileak ahanzturan gal ez zitezen eta haiek egindako lanari nolabaiteko aitorpena emateko. Julie Karrikaburu ((1827-1898), Emma Chacon (1886-1972), Emiliana Zubeldiari (1888-1987) omenaldia izan zen.[11][12]

Aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bilbao, Gidor. (2023). Sarako Idazleen Biltzarra 2023: "Maite IDIRIN - Herrigintza kantuz". Kanaldude (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  2. a b Elustondo, Miel. «Maite Idirin:'Emeki-emeki nire baitan aldatu egin zen musika egiteko manera'» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).
  3. a b NAIZ. (2023-01-23). «Maite Idirin, herriari, euskarari, ahizpatasunari ahots eztiz kantatu zien abeslaria» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  4. a b «Maite Idirin abeslaria hil da» EITB 2024-01-20 (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  5. a b c d Astiz, Iñigo; Ugarte Irizar, Itziar. (2024-01-21). «Maite Idirin abeslaria hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  6. a b c d Apalategi, Jokin; Iztueta, Paulo. (2023). «Maite Idirin, herrigintzan kantuz» www.ueu.eus (Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea) ISBN 9788484388524. (Noiz kontsultatua: 2023-06-01).
  7. Maite Idirin eta Jokin Apalategi. «Hegoaldeko jendeak apetituz jaten zituen Iparraldetik eramaten genituen produktuak (Ur handitan saioa)» www.eitb.eus (EITB media.) (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  8. Idirin, Maite. «Idirin: ‘Orduko eskema hautsi nuen: egiten ahal nuen klasikoa eta feminista izan’» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  9. «Maite Idirin» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).
  10. a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :4 izeneko erreferentziarako
  11. «Euskal emakume musikagileak ahanzturan gal ez daitezen, kontzertua egingo dute Bilbon - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  12. «Emakume musikagileak gogoratzeko kontzertua egingo da Bilbon, ekainaren 25ean» Argia 2010-06-14 (Noiz kontsultatua: 2020-03-13).
  13. Bilbao, Gidor. Sarako Idazleen Biltzarra 2023: "Maite IDIRIN - Herrigintza kantuz". Kanaldude (Noiz kontsultatua: 2023-06-01).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]