Juan Jose Agirre Begiristain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Juan Jose Agirre Begiristain
Bizitza
Jaiotza Alegia1930eko ekainaren  7a (88 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerak liburuzaina

Juan Jose Agirre Begiristain (Alegia, Gipuzkoa, 1930eko ekainaren 7a) beneditarra da, Lazkaoko Beneditarren Monasterioko bibliotekaria, eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioko zuzendaria.

Agirrek azken berrogei urtean Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz argitaratutako liburu, aldizkari, kartel, panfleto eta abarren bilduma itzela bildu du, ikertzaileen esku jartzeko helburuarekin. Aitzindaria izan da lan horretan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monasterioa eta bibliotekonomia ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Jose Agirre Begiristain 1930ean jaio zen Alegian (Gipuzkoan). Lazkaoko Beneditarren Monasterioan sartu zen 13 urterekin, eta ikasketa erlijiosoak egin zituen, gehienak Lazkaon (Gipuzkoan), eta azken urtekoak Belokeko Beneditarren Monasterioan, Urten (Lapurdin). 1955ean apaiztu zen Baionan (Lapurdin), eta Lazkaora itzuli zen, Lazkaoko Beneditarrek zeukaten ikastetxean eskolak ematera. Irakasle lanetan aritu zen hamabost urtez, harik eta ikastetxea itxi eta Monasterioko Bibliotekaren ardura hartu zuen arte. 1970ean gertatu zen hori.

Ezer gutxi zekien Agirrek orduan liburuetaz, eta Montserrateko Abadiara joan zen Bibliotekonomia ikasketak egitera, jakina baita Beneditarrek entzute handiko Biblioteka daukatela bertan. Han piztu zitzaion bibliotekari-bokazioa; bildumagile eta artxibero bokazioa ere bai. Eta artxibo handi bat sortzea erabaki zuen, Euskal Herriarekin erlazionatutako funtsekin, etorkizunean ikertzaileek erabil zezaten. Gauzak horrela, 1973an itzuli zen Lazkaora, eta eginkizun berriari ekin zion[1].

Agirrek egindako lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agirrek Monasterioko Biblioteka antolatu zuen, liburu berriak eskuratu zituen eta bildumak osatzeari ekin zion. Era berean, gerora Euskal Biblioteka gisa ezagutuko zenaren oinarriak jarri zituen monasterioan aurkitu zituen euskal liburu eta aldizkariekin. Horrekin batera, liburutegi eta artxiboetan artean gordetzen ez ziren dokumentuak biltzeari ekin zion: panfletoak, kartelak, pegatinak… Eta arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari.

Pixkanaka, Agirrek materiala biltzeko boluntario sarea egituratu zuen bere inguruan; berak ere makina bat bidaia egin zituen Euskal Herrian zehar material bila. Denborarekin, gainera, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta beste hainbat erakundetako partaide izan zirenen paperak eta artxiboak jasotzen hasi zen. Horrekin guztiarekin batera, monasterioko instalazioak egokitu zituen bildutakoa modu egokian gordetzeko, eta lehen antolaketa eta deskribapen lanak egin zituen. Hala, Lazkaoko Beneditarren Biblioteka ezaguna egiten hasi zen, eta laster izan zituen ikertzaileak ate-joka.

Lan asko egin du Agirrek ordutik hona. Artean ere lanean jarraitzen du, euskal gizartearen errekonozimendu zabalarekin. Hainbat sari ere jaso ditu azken urte hauetan. Egiaz, Agirre aitzindaria izan zen bere lanean, eta hasiera-hasieratik etorkizunera begira izandako ikuspegi zabalari esker, euskal ondare dokumentalaren zati garrantzitsu bat salbatzen lagundu duela esan daiteke.

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agirrek egindako lan horri segida emateko, bestalde, 2011n Lazkaoko Beneditarren Fundazioa sortu zuten Lazkaoko Beneditarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak[2]. Agirrek egindakoari babesa eta jarraipena ematea da fundazioaren helburua: Lazkaoko Beneditarren Fondoa deiturikoa gordetzea, osatu eta garatzea, eta gizartearen esku jartzea. Agirre bera de fundazioko zuzendaria.

Bibliografía[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Joan Mari Torrealdai: "Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea: Juan Jose Agirreren artxiboa". Lazkao: Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, 2011 ISBN ISBN 978-84-95234-42-1

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Jose Agirre LBF-ren web gunean

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Juan Jose Agirre (Ahotsak.com), Ahotsak.com-i eskeinitako elkarrizketa
  2. Gizon baten eskuek bildua (Berria), Lazkaoko Benediterren Fundazioaren eraikin berriaren irekiera