Edukira joan

Katajineta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katajineta
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaViverridae
Generoagenet (en) Itzuli
Espeziea Genetta genetta
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia10,5 aste
Masa72,5 g
Kumaldiaren tamaina2,5
Eguneko zikloagaueko

Katajineta (Genetta genetta) biberridoen familiako ugaztun karniboroa da, katu txiki baten tamainakoa[1].

Gorputz luzexka (43–55 cm luze), mutur zorrotza, hanka motzak eta isats luze eta iletsua (33–52 cm luze) ditu. Katuarekin alderatuta hanka motzak eta buru txikia ditu, bainahar bezala hatzapar erdi-uzkurkorrak ditu eta horri esker zuhaitzetara aise igotzen da.

Ilajea arre-grisaxka du, eta orban ilunez beteta dago gorputzean eta eraztun ilunez isatsean. Arrek batez beste 2 kg pisatzen dute, eta emeak baino % 10 handiagoak izaten dira[2].

katajinetak ohitura gautarrak ditu.

Animalia bakartia eta gauzalea da, baina aktibitate handiena ilunabarrean eta egunsenti aurrean izaten du. Arra emea baino aktiboagoa dela ikusi da, tamaina handiagoaren ondorio izan daiteke, energia eskakizun handiagoa baitakar horrek[3]. Egunean zehar zuhaitzetan atseden hartzen egoten da. Animalia lurraldekoia da eta emearen eta arraren eremuak gainezartzen badira ere sexu bereko katajineten lurraldeak ez[4]. Urdaibaiko hiru katajineta eme ikertu ziren eta beren lurraldeak 2 eta 10 km2 arteko hedadura hartzen zutela ikusi zen[5]. Arrek eta emeek, biek markatzen dute lurraldea. Arrek gernua erabiliz eta emeek alboetan, atzeko hanketan eta perineoan dituzten guruinekin.

Karraskariz, hegaztiz, ugaztun txikiz, muskerrez, anfibioz, intsektuz eta arrautzaz elikatzen da. Basasagua bereziki gustuko du eta katagorria ere harrapa dezake. Karraskariak harrapatzeko atzetik erasotu eta kolpea ematen dio buruan. Ondoren burutik hasten da jaten[6].

Afrikan harrapari ugari ditu, lehoinabarra, serbala, karakala, azkonar eztijalea eta hontz espezie handiak. Europan harrapari gutxiago ditu, hala ere parasitoak izaten ditu, akainak, arkakusoak eta zorriak, eta kalte handia eragiten diote.

Urtarrila eta irailaren artean ugaltzen dira, gehienbat otsailean eta martxoan. Kopula bizpairu minutukoa izaten da eta gau berean bost aldiz ere egiten da. 10-11 astetako haurdunaldiaren ondoren jaiotzen dira kumeak, gehienez lau ale. Kume jaioberri horiek 60-85 gramotako pisua izaten dute. Zazpi aste dituztenean hasten dira haragia jaten eta edoskitzeak lau hilabete irauten ditu. Bost hilabete dituztenean ehizan hasten dira. 19 hilabeteko adinarekin heldutasun sexuala lortzen dute.

Etxekoturiko katajinetak 13 urte bizitzera irits daitezke[7].

Banaketa eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katajineta Afrikatik, iberiar penintsulatik eta Frantzia hegoaldetik hedatzen den animalia da. Bere banaketa jatorria Afrika da, baina gizakiaren eraginez iberiar penintsulan eta Frantzian sartua eta naturalizatua izan da. Afrika osotik banatzen da, Sahara basamortutik, oihan trinkoenetatik eta Madagaskar uhartetik izan ezik.

Iberiar penintsulan eta Frantzia hegoaldean ere oso ohikoa den ugaztuna da, erraz naturalizatu dena.

Baso eta sastraka guneak atsegin dituen animalia da. Zuhaitzetatik trebetasun handiz mugitzen den animalia bizkorra da. Landak eta eremu irekietan ere aurki daiteke, beti ere gutxiengoko zuhaitz masa bat hurbil badu.

Katajineta eskalatzaile trebea da, abiadura handiz mugitu daiteke zuhaitzen artean, katagorriak ehizatzeko, hegaztien arrautzak jateko edo harrapariak ekiditzeko abantaila handia izanda. Igerian ere ondo moldatzen da, ura gustokoa ez izan arren.

Ohitura gautarrak ditu, gauaren babespean mugitzen da harrapakinak ehizatzeko eta bera baino handiagoak diren harrapariak ekiditeko. Egunsentian, ilunabarrean eta gau ilunean du jarduera nagusia.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bizi den azpiespeziea, Genetta genetta genetta, Iberiar penintsulan, Balear uharteetan eta Frantzian bizi da, eta Europako iparraldera eta ekialdera hedatzen ari da. Beste azpiespezie batzuk Ekialde Hurbilean eta batez ere Afrikan oso arruntak dira. Europan denbora gutxi daramala uste da, eta gizakiak maskota gisa ekarria dela, edo oharkabean, ezkutuko bidaiari, itsasontziren batean.

Euskal Herri osoan oso hedatuta dago, bai kantauri zein mediterraneo isurialdean. Zuhaitzen babesa maite du, beraz, basoetan eta gutxiengoko zuhaitzez osaturiko eremuetan topa dezakegu.

Antzekotasunak eta desberdintasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina eta ohitura aldetik antzekotasun handiak ditu lepahori eta lepazuriarekin. Hirurak dira gautarrak eta ekologia antzekoa dute. Baina itxuraz, ilajeaz eta morfologiaz ezberdintasun handiak ditu beste biekin konparatuta.

Gaueko iluntasunean, ilajea eta tamaina dela eta, basakatu edo etxe katu txikiekin ere nahasi daiteke, baina eguna iristen denean argi geratzen dira beraien arteko ezberdintasun nabarmenak.

Esan dezakegu aipaturiko animaliekiko antzekotasunak ekologian eta tamainan daudela, morfologian desberdintasunak garbiak dira.

30 azpiespezietik gora deskribatu dira. Ondorengo lau hauek dute onarpen zabala komunitate zientifikoan:

Argazki bilduma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Wilson, Don E.; Reeder, DeeAnn M.. (2005). Mammal Species of the World: A Taxonomic and Geographic Reference. JHU Press ISBN 978-0-8018-8221-0. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  2. Larivière, Serge; Calzada, Javier. (2001/12). «Genetta genetta» Mammalian Species 2001 (680): 1–6.  doi:10.1644/1545-1410(2001)6802.0.CO;2. ISSN 0076-3519. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).[Betiko hautsitako esteka]
  3. Camps, D.. (2008). Activity patterns of adult common genets Genetta genetta (Linnaeus, 1758) in Northeastern Spain. Galemys 20:, 47–60 or..
  4. (Ingelesez) Palomares, F.; Delibes, M.. (1994-08-25). «Spatio-Temporal Ecology and Behavior of European Genets in Southwestern Spain» Journal of Mammalogy 75 (3): 714–724.  doi:10.2307/1382521. ISSN 0022-2372. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  5. Zuberogoitia, I., Zabala, J., Garin, I., & Aihartza, J.. (2002). Home range size and habitat use of male common genets in the Urdaibai biosphere reserve, Northern Spain.. Zeitschrift für Jagdwissenschaft 48(2):, 107–113 or..
  6. Delibes, M.. (1974). Sobre alimentación y biología de la gineta (Genetta genetta L.) en España. Doñana: Acta Vertebrata. 1..
  7. Roeder, J. J., & Pallaud, B.. (1980). Ontogenèse des comportements alimentaires et de prédation chez trois genettes (Genetta genetta L.) nées et élevées en captivité: rôle de la mère. Mammalia 44(2):, 183–194 or..
  8. Caroli Linnæi ó. Systema naturæ per regna tria naturæ, secundum classses, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  9. Geoffroy Saint-Hilaire, Etienne; Cuvier, Frédéric. (1824). Histoire naturelle des mammifères : avec des figures originales, coloriées, dessinées d'aprèsdes animaux vivans. Chez A. Belin ... , (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  10. Hemprich, W. F., Ehrenberg, C. G.. (1832). Symbolae physicae, seu Icones et descriptiones corporum naturalium novorum aut minus cognitorum, quae ex itineribus per Libyam Ægytum, Nubiam, Dongalam, Syriam, Arabiam et Habessiniam. Volume I: Mammalia.. Ex Officina academica, Berolini..
  11. (Ingelesez) Johann Baptist Fischer. (1830). Synopsis Mammalium. Addenda, Emendanda Et Index Ad Synopsis [! Mammalium. ] sumtibus J. G. Cottae (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]