Lankide:Uxfp/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pankrea edo area, ornodunen digestio-aparatuaren eta sistema endokrinoaren parte den organo luzanga da, bizitzarako ezinbestekoa den guruina izanik. Gizakietan, abdomen barrunbean kokatzen da, epigastrioan zehazki, honen atal handia hartzen duelarik; eta posible izanik ezker hipokondrioraino luzatzea.[1] Konkretuki, bigarren orno lunbarraren mailan kokatzen da, eta 14-18 zentimetro arteko luzeera du, zeharkako norabidean luzatuz.

Pankrea, guruin exokrinoa zein endokrinoa da. Funtzio endokrinoa, garrantzitsuak diren hormonak odolera jariatzean datza, hauen artean, intsulina, glukagoia, gastrina eta somatostatina. Funtzio exokrinoa, aldiz, azido pankreatikoaren jariapenean datza. Honek, bikarbonatoa eta entzimak ditu osagai modura. Bikarbonatoak, urdailetik datorren eta duodenoan sartzen diren azidoak indargetzen ditu, eta entzimek, karbohidrato, proteina eta lipidoen liseriketan hartzen dute parte.[2]

Pankrea hitza, grekerako pánkreas (πάγκρεας) hitzetik dator: [pan- (πᾶ-ν) 'dena', + -kreat- (κρέα-ς) 'mami' + -s].[3]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdomen barrunbean pankreak daukan kokapena eta beste organoekiko harremana.

Pankreak aurrealdetik urdaila du, eta bi organoen artean omentu poltsa txikia dagoenez, peritoneoz atzeko egitura izango da pankrea gehienbat (buztana salbuespen bakarra izanik). Horrez gain, duodenoak pankrea burua inguratuko du, eta pankrearen aurpegi dortsalean edo atzealdeko aurpegian, aorta arteria, beheko kaba zaina, eta diafragmaren gerri-aldeko atala daude. Atzealdetik, ezker giltzurrun eta giltzurrun gaineko guruinekin harremanduko da ere. Gainera, hasieran, pankrearen atzealdean geldituko dira enbor zeliakoa eta odol-hodi mesenterikoak, nahiz eta gero pankrea, odol-hodi mesenterikoen atzealdera pasatuko den. Horrez gain, pankrearen buztana, bareraino hedatuko da.[4]

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen egituran zenbait atal eta konduktu desberdin bereiz daitezke:

Atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen atalik zabalena izango da. Bere posizioari dagokionez, duodenoaren bigarren eta hirugarren herenak osatzen duten hutsunean edo espazioan kokatzen da. Hortaz gain, duodenoaren atal hauek pankrearen buruko aurre aurpegia estaliko dute, pareten arteko atxikidura txiki bat egonik. Buruaren azpialdean gako itxurako luzakin bat egongo da pankrearen gantxo edo processus uncinatus[2] bezala ezagutzen dena. Honek eskuma, atze eta beheranzko norabidea izango du honen gainetik igaroko dira goi mesenteriko arteria eta zainak. Periotoneoaren atzeko atala[5] izango da, honek bere aurre pareta soilik estaltzen baitu.

Pankrearen atalak: 1.Pankrearen burua. 2.Pankrearen gantxoa. 3.Goi mesenterio odol hodiak. 5.Pankrearen gorputza. 8.Wirsung hodia. 10.Pankrearen iduna. 11.Pankrearen buztana.

Iduna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruaren jarraipena den pankrearen atal estua. Bere atze aurpegian goi arteria mesenteriko odol hodiek izango dute dreinatzea beheko kaba zainean (zainek) edo jatorria abdomen aortan (arteriek). Urdailaren piloroaren[5] mailan aurkituko da eta peritoneo atzekoa izango da.

Gorputza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idunaren jarraian, ezkerreko norabidea hartuz, epigastrioan zeharka luzatzen den atala izango da. Pankrearen zatirik luzeena da, L I/II[1] mailan kokatzen dena. Atzekaldetik, abdomen aortarekin, diafragmaren ezkerreko zutabearekin, ezkerreko giltzurrun gaineko guruinarekin, ezker giltzurrunarekin, ezkerreko giltzurrun zainarekin eta bare arteria eta zainarekin erlazionatzen da. Aurrekaldetik aldiz, peritoneo eta urdailarekin.[5] Honen ondorioz, peritoneo atzeko zatia izango da.

Buztana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezker hipokondrioraino luzatu egiten den pankrearen muturreko atala izango da, nahiko puntazorrotza. Goranzko norabidea du eta kolonaren ezkerreko angeluarekin eta barearekin erlazionatu egiten da.[2] Hain zuzen ere, barearen hiloraino luzatu daiteke, bertan bare-giltzurrunetako lotailua [1] aurkituko delarik (lotailu hau baretik giltzurrunetara luzatzeaz gain, diafragma eta pankrearen buztarera ere ailegatuko da). Lotailu hau peritoneozkoa izanik, pankrearen buztana peritoneo barnekoa [5] kontsideratzen da.

Konduktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrean bi konduktu nagusi aurkituko dira, funtzio exokrinoa bete egingo dutenak:

  • Wirsung hodia edo nagusia: pankrearen buztanetik eskumarantz hedatu egiten den hodia izango da. Burura ailegatzean beherantz joko du, koledokoarekin elkartuz duodenoaren papila nagusian edo Vater papilan[6] aurretik. Koledokoarekin elkartzerakoan eta papila nagusiaren aurretik, Oddi-ren esfinterra eratuko dute bi hodiek.
  • Santorini hodia edo txikia: pankrearen buruaren goialdean kokatu egiten da, idunetik duodenoaren papila txikiraino[6] luzatu egiten dena. Orokorrean, idun mailan Wirsung hodiarekin elkartu ohi da. Inkonstantea da: ez da pertsona guztietan garatzen.

Enbriologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen garapen enbrionarioa.

Hasieran bi egitura dira, duodenotik sortuak:

  • Pankreas dortsala (kimu handiena) . Duodenoaren beste paretatik aterako da. Hemendik Santorini hodia aterako da.[7]

Enbrioi garaian duodenotik garatuko denez, berarekin batera biratu eta atzekaldera pasako da, erretroperitoneala bihurtuz. Biraketa honetan pankreas bentralak dortsalak baino gehiago biratuko du, dortsalaren azpikaldean geratuz. Orduan, pankreasaren kimu biek bat egingo dute pankreas bakarra eratzeko. Hala ere, pankreas batuaren behekaldean pankreas bentralaren arrasto bat geratuko da, prozesu unziformea edo “uncus” deritzona.

Biraketaren ondorioz kimuak batu ez ezik, bi pankreasen hodiak (Santorini eta Wirsung) gurutzatu egingo dira. Bi hodi hauek duodenoan drainatuko dute, eta haien etorrerak duodenoaren mukosan toles biribil moduan ikusiko dira:

  • Wirsung hodiaren eta koledoko hodiaren etorrera batera bukatuko da duodenoaren karunkulu nagusian / papila nagusian / Vater-en anpuluan. Wirsung eta koledokoa (behazunaren garraiorako hodia) hodi nagusi gisa geratuko dira, beraz, pankreasaren eta koledokoaren jariapena batera bukatuko dira.
  • Santorini hodiaren etorrera karunkulu txikian / papila txikian bukatuko du. Hau karunkulu nagusia baino 2cm gorago dago ggb. Santorini hodi laguntzaile edo osagarri gisa geratuko da.

Histologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrea guruin berezia da, mistoa deritzogu, digestio funtzioa duen atal exokrinoa eta funtzio metabolikoa duen atal endokrinoa dituelako.

ATAL EXOKRINOA

Azino pankreatikoz osatuta dago. Azinoak egitura histologiko esferiko eta hutsak dira, zelulen elkarketak dira, eta pankrea-azidoa sintetizatzeaz arduratzen dira. Bi zelula mota bereiz ditzakegu jariatzen dituzten substantzien arabera: zelula azinarrak eta zelula zentroazinarrak.

Zelula azinarrak. Pankrea-azidoaren konponente entzimatiko edo proteikoa sintetizatzeaz arduratzen dira. Besteak beste amilasa pankreatikoa, lipasa pankreatikoa, kolesterol esterasa pankreatikoa, erribonukleasa eta desoxirribonukleasa.

Zelula zentroazinarrak. Pankrea-azidoaren konponente akuosoa sintetizatzeaz arduratzen dira. Konponente akuoso hau oso aberatsa da bikarbonatoan eta tanpoi gisa jokatzen du, duodenoko eduki azidoa neutralizatuz. [8]


ATAL ENDOKRINOA

Langerhans-en irlatxoek osatzen dute. Hormona jariatzaileak diren zelulek osatutako pilaketak dira. Irlatxoetan funtzio desberdinak dituzten zelula mota desberdinak aurkitu ditzakegu.

Alfa zelulak. Glukagoia sintetizatzen eta askatzen dute. Glukagoiak glukosaren askapena eragiten du gibeletik; izan ere, gibelak glukogenoa gordetzen du hepatozitoetan eta gluzemia (odoleko glukosa maila) igotzea behar denean, pankrearen eraginagatik askatu egiten da odolerantz. Zelula hauek Langerhans irlatxoen %10-20 osatzen dute, eta periferian kokatzen dira.

Beta zelulak. Intsulina sintetizatzen eta askatzen dute. Intsulina, berriz, odoleko glukosa maila erregulatzeaz arduratzen da; zelulen glukosa erabilera errazten du, eta soberan dagoena gibeleko hepatozitoetan metatzea eragiten du.

Delta zelulak: D eta D1. D zelulek somatostatina sintetizatzen dute. Digestio aparatuaren eta behazun-xixkuaren muskulu leunaren uzkurketak inhibitzen ditu digestioa amaitu denean eta glukogenolisia induzitzen du, beste funtzioen artean. D1 zelulek hesteko peptido hodi eraginkorra sintetizatzen dute. Honen funtzioak glukogenolisia eta hipergluzemia induzitzea, heste-mugimenduen erregulazioa eta hesteko epitelio zilindrikoaren elektrolito eta ur jariaketa kontrolatzea dira.

Epsilon zelulak. Grelina sintetizatzen dute. Hormona hau gose-sentsazioa induzitzeaz arduratzen da.

PP zelulak. Pankrearen jariapen exokrinoa kontrolatzen eta erregulatzen duen polipeptidoa sintetizatzen eta jariatzen dute. [8]

Bariazio anatomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankreas divisumaren erresonantzia magnetikoa (RM): a) Besikula biliarra. b) Koledokoa. c) Santorini hodia. d) Wirsung hodia. e) Giltzurruna.

Pankrearen garapen enbrionarioan ematen diren aldaketa desberdinen ondorioz, bariazio desberdinak aurki ditzakegu. Ez hori bakarrik, adinarekin ere, pankrearen pisuaren eta tamainaren murrizpen nabaria ematen da, baita ehunaren fibrosia ere.[9]

Bariazio anatomiko nagusien artean, honako hauek bereiz ditzakegu:

  • Pankreas divisum : ohikoena izango den bariazioa da (populazioaren %5-10ak pairatzen du).[10] Garapeneko kimu dortsal eta bentralak modu egokian ez migratu eta fusionatzean[11] ematen da. Honek, konduktu osagarri eta nagusiaren arteko komunikazio eza eragingo du, azido pankreatiko gehiena duodenoko papila txikian[11] dreinatzen delarik. Orokorrean asintomatikoa izango da.
  • Pankreas anularra : malformazio arraroa[12] da. Kasu honetan, ehun pankreatikoak beheranzko duodenoa inguratu egiten du. Asintomatikoa izan ohi den arren, duodenoaren estenosia[12] eragin dezake, gaixoek nauseak edo botakak pairatuz.
  • Ehun pankreatiko ektopikoa: ehun pankreatikoa bere kokapen anatomikotik kanpo agertzen da, kasuen %70ean[13] urdailaren piloro inguruan kokatzen delarik. Gehienak sintomarik izan ez arren, pankreatitisa edo pankreako minbizia eragin dezake.[13]

Odoleztapena eta linfa itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1.Enbor zeliakoa 2.Abdomen aorta 3.Bare-arteria 4.Urdaila 5.Barea 6.Pankrea edo area 7.Goiko arteria mesenterikoa 8.Duodenoa 9.Pankrearen burua 10.Porta zaina

Irrigazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen odoleztapena enbor zeliakoak eta goiko mesenterio arteriak burutuko dute.

Pankrearen buruaren odoleztapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen buruaren odoleztapena pankrea-duodenoetako goiko eta beheko arteriek burutuko dute[14].

  • Pankrea-duodenoetako goiko aurre eta atzeko arteriak : enbor zeliakoko gibel arteria batua ren adarra den urdail-duodenotako arteriatik sortuko dira. Hauek pankrearen buruaren goialdea irrigatuko dute.
  • Pankrea-duodenoetako beheko aurre eta atzeko arteriak: goiko mesenterio arteriaren lehengo adarrak izango dira. Arteria hauek pankrea buruaren behealdea odoleztatzeaz arduratuko dira.

Pankrea-duodenoetako goiko eta beheko aurreko adarrak anastomosatu eta aurreko pankrea-duodenoetako arkua osatuko dute pankrea buruaren aurrealdean hau odoleztatuz. Bestalde, pankrea duodenoetako goiko eta beheko atzeko adarrak pankrea buruaren atzean anastomosatuko dira atzeko pankrea-duodenoetako arkua osatuz.

Pankrearen idunaren, gorputzaren eta buztanaren odoleztapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen iduna, gorputza eta buztana enbor zeliakotik ateratzen den bare-arteriaren adarren bidez odoleztatuak izango dira[14].

  • Bizkarraldeko pankrea arteria: pankrearen iduneko bizkarraldea odoleztatuko du. Pankrearen beheko ertza baino lehenago adar bitan bantuko da:
    • Eskuineko adarra: pankrea-duodenoetako goiko aurreko arteriekin anastomasatuko da.
    • Ezkerreko adarra: pankrea arteria nagusiaren eskuineko adarrekin anastomosatuko da.
  • Pankrea arteria nagusia: bare-arteriaren luzerako erdiko puntuan sortzen da eta pankrearen gorputza irrigatuko du. Hau ere, beheko ertzetik gertu bitan banatuko da:
    • Eskuineko adarra.
    • Ezkerreko adarra: pankrearen buztan aldeko arteriarekin anastomosatuko da.
  • Pankrearen buztan aldeko arteria: arearen buztana edo urruneko eremua odoleztatzeaz arduratuko da.
  • Beheko pankrea arteria : pankrearen beheko ertzean aurreko hiru arterien batuketatik sortuko da eta beheko eremu hori odoleztatuko du.
    Pankrearen itzulera benosoa.

Itzulera benosoa edo Zain itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen itzulera benosoari dagokionez, arearen iduna, gorputza eta buztaneko odola pankrea zainei esker arearen gainean kokatzen bare-zainetan drainatuko da[15]. Bestalde, pankrea buruko odola goiko mesenterio zainera bideratuko da pankrea-duodenoetako zainen bidez[14]. Azkenik, aipatutako bare-zaina eta goiko mesenterio zaina, beheko mesenterio zainarekin bate egingo dute porta zaina osatuz. Azken hau gibeletik igaro ondoren gibel-zainen bidez beheko kaba zainera bideratuko da.

Linfa itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankrearen gorputz eta buztaneko linfa itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arearen gorputzeko eta buztaneko linfa bare-pankreatako noduluetan (bare arteriaren alboan kokatuta) drainatuko da. Hala ere, eremu honetako hodi linfatiko batzuk zuzenean nodulu preaortikoetan drainatzen dute linfa[16].

Pankrearen buru eta iduneko linfa itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arearen buru eta iduneko hodi linfatikoak modu zabalago batean pankrea-duodenotako arteriaren, goiko arteria mesenterikoaren eta gibel arteriaren inguruan kokatutako noduluetan drainatzen dute. Gainera, beste hodi batzuk nodulu preaortiko eta nodulu zeliakoetan ere drainatuko dute linfa[16].

Inerbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerbio sistema autonomoa: urdinez sistema parasinpatikoa eta gorriz sinpatikoa. Pankreasaren inerbazio parasinpatikoa X nerbio pare kranealaren eta sinpatikoa nerbio esplakniko nagusi eta txikiaren bidez.

Inerbazioari dagokionez, pankreak nerbio-sistema autonomoaren inerbazioa jasoko du.

Inerbazio sinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Torax nerbio esplakniko nagusiaren (T5-T9) eta txikiaren (T10-T11) bitartez burutzen da. Nerbio hauen lehenengo neuronak bizkar-muinaren alboko adarrean kokatzen dira. Axoiak bizkar-muinaren aurreko errotik igaroko dira bizkar-nerbioetara. Ondoren, bizkar nerbioetatik aldenduko dira komunikatze-adar zuria eratuz eta alboko kateko gongoiletara ailegatuz. Hauetan ez dute sinapsirik egingo, eta jarraian, erdiguneko gongoiletara bideratuko dira. Plexu zeliakora iritsiko dira, eta gongoil zeliako eta goiko-mesenterio gongoiletan sinapsia burutuko dute[14]. Sinapsi osteko zuntzek pankrea-odol-hodien, batez ere urdail-duodenoetako arteriatik sortutakoen adarrak jarraituko dituzte.

Inerbazio parasinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inerbazio parasinpatikoa Vagus nerbioaren bidez burutzen da.

Lehenengo neuronak nerbio bagoaren bizkarraldeko nukleoetan kokatzen dira, erraboilaren parean. Nukleo hauetatik, sinapsi aurreko zuntzak sortuko dira nerbio esplaknikoen ibilbidea jarraituz aorta aurreko plexuetara ailegatuko direnak, nahiz eta hemen sinpasia ez egin. Sinapsia pankreak dituen barruko gongoiletan egingo dute. Mota desberdineko pankrea gongoilak ditugu:

  • Goiko gongoil pankreatikoak
  • Beheko gongoil pankreatikoak
  • Gongoil espleknikoak
  • Gongoil pankreaduodenalak

Hemendik sinapsi osteko zuntzak aterako dira. Hauek arteriolen ibilbidea jarraituz acini eta irlatxoetarantz helduko dira, pankrearen sekrezio funtzioan parte hartzeko.

Inerbazio sentikorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inerbazio sentikorraren arduradunak nerbio esplaknikoak izango dira. Hauek sinpatiko nerbio esplaknikoen barrutik bideratuko dira, baina kontrako noranzkoan. Minaren sentsibilitatea hartzeaz arduratzen dira. Askotan pankreako mina gerrikoa balitz bezala nabaritzen da epigastrioa, hipokondrio biak eta bizkarra hartuta.

Patologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat patologia lotzen dira pankrearekin:

Pankreatitis[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behazun-harrien ondoriozko pankreatitisa.

Pankreatitisa, pankrearen hantura edo inflamazioa da. Pankreatitisak bat-bateako agerpena duenean eta egun batzuetako iraupena duenean, pankreatitis akutua dela esango dugu. Aldiz, urte askotan zehar agertzen denean eta mina iraunkorra denean, pankreatitis kronikoa izango da. Pankreatitis kasu arinak, inolako tratamenduren beharrik gabe desagertu daitezkeen bitartean, kasu larriek heriotza ekar ditzakete.[17] Bai kasu arin zein larriek, ospitalizazio beharra izaten dute gehienetan.

Pankreatitis akutuaren kausa nagusiak, alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta behazun-harriak dira. Behazun-harriak, behazun-xixkuan ematen diren materia solidoaren (kolesterolez osatutako kristalak batez ere) metaketak dira.[18]

Sintoma nagusia, abdomeneko min bortitza da, gerriko baten modura sentitzen dena, epigastrio, bi hipokondrio eta bizkarrean zehar.

Odol-analisiak eta irudi bidezko diagnostiko probak (Tomografia Axiala adibidez), diagnostikoa egiteko lagungarriak izan daitezke.[19]

Pankreako minbizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbizia prankreatikoen artean ohikoena, adenokartzinoma pankreatikoa da. Orokorrean, oso tratamendu konplikatua dute, izan ere, normalean, kirurgiara aplikatu ahal izateko bereanduegi harrapatzen dira, eta hori da sendatzeko tratamendu bakarra. Pankrea minbizia ez da ohikoa 40 urte baino gutxiagoko pertsonetan eta batazbesteko diagnosi adina 71 urtekoa da. Minbizi hau pairatzeko arrisku faktoreak, pankreatitis kronikoa, adin nagusikoa izatea, erretzea, obesitatea, diabetesa eta hainbat ezaugarri genetiko (1 motako neoplasia endokrino anizkoitza, herentziazko poliposi gabeko kolon minbizia, eta nerbio sistema displasikoa dira horietako batzuk) dira. Kasuen %25 tabakoa erretzearekin lotuta dauden bitartean, %5-10 dira heredaturiko geneen ondorio.[20]

Diabetes mellitus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diabetes mellitusa, pankrea intsulina nahikoa ekoizteko gai ez denean, edo zelulek intsulinaren estimuluarekiko erantzuten ez dutenean intsulinak funtzioa bete ezin duenean sortzen den gaixotasuna da. Bi mota nagusi daude:

  • 1 motako diabetes mellitus : gaixotasun autoinmunea. Normalean, 35 urte izan aurretiko diagnostikoa egiten da, baina edozein adinetan aurkez daiteke. Intsulina ekoizteaz arduratzen diren zelulak (β-zelulak) suntsitzen dira, eta ondorioz, ez da intsulina gehiago ekoizten.
  • 2 motako diabetes mellitus: pazientearen bizitza erdialderantz (40 urte baino gehiago) diagnostikatzen da normalean, nahiz eta gazteetan kasuak dauden ere. Zelulek (gibel eta giharretako zelulek batez ere) intsulinaren eraginarekiko erresistentzia garatzen dute progresiboki, eta intsulinak jada ez du eraginik izango.[21]

Horrez gain, diabetes gestazionala eta induzitutako diabetesak ere ezagutzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Schünke, Michael. (<2011>). Prometheus texto y atlas de anatomía. (2ª ed., mejorada y amp. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-7903-980-6. PMC 434127564. (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  2. a b c Gray's anatomy : the anatomical basis of clinical practice. (40th ed., anniversary ed. argitaraldia) Churchill Livingstone/Elsevier 2008 ISBN 978-0-443-06684-9. PMC 213447727. (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  3. (Gaztelaniaz) «Dicciomed: Diccionario médico-biológico, histórico y etimológico» dicciomed.usal.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  4. (Gaztelaniaz) Muñoz, Amat. (1991). Anatomía Humana Funcional y aplicativa (4ª edición). ESPAXS, 998-1003 or. ISBN 84.7179.214.1..
  5. a b c d (Gaztelaniaz) Spalteholz, Werner. (1959). Atlas de Anatomía Humana (2º edición). Barcelona: Editorial Labor, S.A. (argitaratze data: 1944).
  6. a b (Gaztelaniaz) ANATOMÍA DE PÁNCREAS - Diplomadomedico.com. 2015-09-14 (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  7. a b Sadler, T. W. (Thomas W.). (2006). Langman's medical embryology.. (10th ed.. argitaraldia) Lippincott Williams & Wilkins ISBN 0-7817-9485-4. PMC 62302298. (Noiz kontsultatua: 2020-11-26).
  8. a b (Ingelesez) Pancreas. 2020-11-04 (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  9. (Gaztelaniaz) «Efectos del envejecimiento sobre el aparato digestivo - Trastornos gastrointestinales» Manual MSD versión para público general (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  10. «Páncreas divisum. Diccionario médico. Clínica Universidad de Navarra.» www.cun.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  11. a b Nadia Rojas. VARIANTES ANATÓMICAS PANCREÁTICAS Y ANOMALÍAS CONGÉNITAS. (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  12. a b (Gaztelaniaz) «Páncreas anular: MedlinePlus enciclopedia médica illustración» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  13. a b (Gaztelaniaz) Salceda-Otero, J. C.; Duarte, J. E.; Sabbagh, L.. (2011-01-01). «Páncreas ectópico gástrico de infrecuente localización en la muscularis de la mucosa» Revista de Gastroenterología de México 76 (1): 73–78. ISSN 0375-0906. (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  14. a b c d García Porrero, Juan A.,. Anatomía humana. (2.ª edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9110-210-6. PMC 1151086219. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  15. Frick, Hans.. (1981). Manual de anatomía humana. II, Cabeza, cuello, vísceras, sistema nervioso. Omega ISBN 84-282-0651-1. PMC 911391998. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  16. a b Pró, Eduardo Adrián.. (2012). Anatomía clínica. Médica Panamericana ISBN 978-950-06-0123-8. PMC 851822792. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  17. «Pancreatitis - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  18. (Gaztelaniaz) «Cálculos biliares - Trastornos del hígado y de la vesícula biliar» Manual MSD versión para público general (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  19. (Gaztelaniaz) «Pancreatitis aguda - Trastornos gastrointestinales» Manual MSD versión para público general (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  20. (Ingelesez) Pancreas. 2020-11-04 (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).
  21. (Gaztelaniaz) Administrator. «Diabetes mellitus» Fundación Española del Corazón (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).