Luis Leongoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Luis Leongoa
Luis Leongoa
Luis Leongoa, Francisco Pachecoren marrazkia, 1599
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Fray Luis de León
Jaio 1527
Belmonte (Cuenca)
Hil 1591ko abuztuaren 23a
Madrigal de las Altas Torres (Avila)


Luis Leongoa (gaztelaniaz fray Luis de León, latinez F. Luyssi Legionensis; Belmonte, Cuenca, 1527 - Madrigal de las Altas Torres, Avila, 1591ko abuztuaren 23a) espainiar poeta, humanista eta agustindar fraidea izan zen. Haren obra XVI. mendeko literatura aszetikoaren barnean kokatzen da.

Espainiar Pizkundeko idazle garrantzitsuenetariko bat izan zen, Francisco Aldana, Alonso Ertzilla, Fernando de Herrera eta Joan Gurutzekoarekin batera. Luis Leongoaren poesiak arimak Jainkoarengana -bakea, ezagutza- iritsi eta lurretik alde egiteko duen desioa azaltzen zuen, jakindurian eta bakean oinarriturik. Bere obran, gai moralak eta aszetikoak dira nagusi.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Leongoa Cuencako Belmonte herrian jaio zen 1527an. Familiarekin batera Madrilera joan zen bizitzera, artean oso gazte zenean eta, 14 urte zituenean, Salamancara joan zen ikastera. Hiri honetan egin zuen bere garapen intelektuala. 1542an Agustindarren komentuan sartu zen, eta 1544ko urtarrilaren 29an botoak egin zituen[1]. Urte horretatik aurrera, Salamancako hiriari eta unibertsitateari lotuta egon zen hil zen arte.

Luis Leongoaren ikasgela Salamancako Unibertsitatean

1544 eta 1546 bitartean Arteetako batxiler titulua lortu zuen, eta 1546tik 1551ra Teologia ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean. Bertan, besteak beste, Filosofia Juan de Guevararekin, Teologia Melchor Canorekin eta Biblia Gregorio Gallorekin ikasi zituen. Ikasketak Alcaláko Unibertsitatean osatu ondoren, 1560an Teologiako lizentziadun (licentia docendi) eta doktore tituluak erdietsi zituen. 1560ko uztailean, Salamancako Unibertsitateko Bibliako katedra eskuratzen saiatu zen, baina lehiaketan Gaspar de Grajal nagusitu zitzaion. Hala ere, haren adiskide egin zen. 1561ean Santo Tomasen katedraz jabetu zen, eta 1565ean Durandorenaz[1]. 1565 eta 1568 bitartean, Joan Gurutzekoaren irakasle izan zela uste da; garai hartan, Fray Juan de Santo Matía deitzen zioten ondorenean ospe handikoa izango zen ikasle horri[2].

Denborapasan idazten zituen lanak berehala zabaldu ziren hirian, eta Salamancako lehenengo eskola osatu zuten Francisco Sánchez de las Brozas (el Brocense), Benito Arias Montano, Juan de Almeida, Francisco de la Torre, Juan de Grial, Pedro Chacón eta Francisco de Salinas musikari itsuaren oso gustukoak izan ziren.

Unibertsitateko postu gorenetan, ordea, lehia handia zegoen garai hartan ordenen artean, eta horrezaz gain, arazo teologikoak eta idazketari buruzkoak zirela eta, arerio ugari zituen Luisek. Horren guztiaren ondorioz, 1572ko martxoaren 27an Inkisizioaren kartzeletara eraman zuten, eta epaiketa bati aurre egin behar izan zion. Itun Zaharraren hebreerazko testua defendatzea eta Vulgataren latinezko bertsioak baztertzea leporatzen zioten alde batetik, eta, bestetik, Kantarik Ederrena-ren gaztelaniazko itzulpena egin izana, nahiz eta Trentoko kontzilioak debekatua izan testu sakratuak herri hizkuntzetara itzultzea. Salaketa horiek zirela eta, bere lagun batzuk ere, Gaspar de Grajal eta Martín Martínez de Cantalapiedra, atxilotu zituzten. Epaiketa hura bost urtez luzatu zen eta denbora horretan Valladolideko espetxean egon zen preso[3]. Azkenik, errugabea zela onartu zuten eta 1576ko abenduan espetxetik irten zen[1]. Kartzelako paretan ondoko poema hau idatzirik utzi zuela esaten da:

Aquí la envidia y mentira
me tuvieron encerrado.
¡Dichoso el humilde estado
del sabio que se retira
de aqueste mundo malvado,
y, con pobre mesa y casa,
en el campo deleitoso,
con sólo Dios se compasa
y a solas su vida pasa,
ni envidiado, ni envidioso![4]

«Emen bekaitzak eta gezurrak
iduki naute sarturik,
Doatsua da mundu gaizkile
onetatikan aldenik,
mendi maitean bizitzen dana
beartsu baña gozorik;
bizitzen dana Jaungoikoagaz
bakar-bakarrik mintzarik,
berari bestek, besteri berak
iduki gabe bekaitzik.»[5]

Presondegitik atera ondoren, Salamancako Unibertsitatera itzuli zen eskolak ematera. Bere lehengo katedra jabetzan harturik zegoenez gero, Teologiako ohiz kanpoko katedra bat eskaini zioten. 1578an Filosofia Moraleko katedra irabazi zuen lehiaketaz, eta 1579an Eskritura Santuena. 1580tik aurrera bere idazlanak argitaratzen hasi ziren. 1582-1584 bitartean beste auzi bat izan zuen, Teologia Fakultateko ekitaldi batean erabakimen askeari buruz egin zituen adierazpenengatik. Orduko hartan, prozesua Gaspar de Quiroga kardenalaren errieta leun batekin amaitu zen[1].

Bizitzaren azken urteetan egin zuen lanik garrantzitsuenetako bat Teresa Avilakoaren idazkien argitalpena prestatzea izan zen. Azkenik, Santa Teresaren idazlanen edizioa 1588an kaleratu zen. 1591 hasieran osasuna makaldu zitzaion. Abuztuan Avilako Madrigal de las Altas Torresen egin zen San Agustinen Ordenaren kapituluaren buru izan zen, eta herri horretan hil zen hilaren 23an[1].

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitz lauzko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Leongoaren estatua Salamancako Unibertsitatean

Luis Leongoaren hitz lauzko lan nagusiak, latinez idatzi zituen Bibliari buruzko komentarioez eta tratatu teologikoez gainera, lau hauek dira: Traduccion literal y declaracion del Cantar de los Cantares («Kantarik Ederrenaren hitzez hitzeko itzulpena eta azalpena»), La perfecta casada («Emazte betegina»), Exposicion del Libro de Job («Joben Liburuaren azalpena») eta De los nombres de Dios («Jainkoaren izenei buruz»):

Traduccion literal y declaracion del Cantar de los Cantares[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeita hiru urte zituela idatzi zuen Fray Luisek Kantarik Ederrena-ren itzulpena eta iruzkina Salamancako Sancti Spiritus komentuko moja batek hala eskatuta. Moja hark beste inork ez irakurtzeko idatzi zuen, ustez, lan hura, baina, egileak berak jakin gabe, liburua beste esku batzuetara ere iritsi zen, eta Fray Luisen etsaiek Inkisizioaren epaiketan erabili zuten haren kontra.

Literatura kritikari askoren azterketa-gai izan da Fray Luisek liburu hori moja batentzat zergatik itzuli ote zuen jakitea, lanaren edukia maitasunezkoa baita, eta egileak ez baitu pasadizo horien interpretazio mistikorik egiten. Hitzez hitz itzuli zituen Luisek lan horren ahapaldi guztiak, eta itzulpenari glosa bat edo testuaren komentario bat erantsi zion ondoren. Estiloari dagokionez, Fray Luisen prosaren biribiltasuna eta heldutasuna bete-betean antzematen dira lan honetan. Horrezaz gain, aipagarria da liburuan oinarrizkoa den alaitasun sutsua, artean esetsaldiek eta itxialdiak kutsatu gabe zirauen alaitasuna[3].

Behin Fray Luis espetxetik irten zenean, Kantarik Ederrena-ren komentarioa latinera itzultzeko eskatu zioten nagusiek: Explanatio in Cantica Canticorum (1580an argitaratu zen lehenengo aldiz).

La perfecta casada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lehengusinari zuzendutako La perfecta casada lanean (Salamanca, 1582), emakume ezkonduak familiarekin eta Jaungoikoaren maitasunean dituen betebehar eta eskubideak azaltzen ditu zehatz-mehatz Luisek, eta emazte kristauaren eredua erakusten du orobat. Luis Leongoak ez zituen bertatik ezagutzen ezkontzaren gorabeherak, baina bere etxeko esperientziak, batetik, eta behaketa zorrotzak, bestetik, oinarri sendoak eman zizkioten liburua osatzeko. Bestalde, liburu honetan, gainerakoetan bezalaxe, iturri erlijiosoak erabili zituen Fray Luisek, Biblia eta Liburu Santuak batez ere, baina ez zituen baztertzen hurbilagoko idazleak, hala nola Luis Vives eta Juan de Guevara.

Fray Luisek, hortaz, emazte batek behar dituen bertuteak azaltzen ditu La perfecta casada liburuan. Bertute horiek, ordea, ez dira soilik azalekoak, etxeko bizitzari eta ohiturei dagozkien xehetasunak ere ematen ditu. Lan horretan, aipagarriak dira, orobat, garai hartako etxeetako bizimoduaren deskripzioak, oso erritmo bizian adieraziak. Zenbait kritikarik XV. mendean indar hartzen ari zen feminismoaren kontrako joeraren oihartzunak ikusi ditu lan horretan; beste batzuek, aldiz, erabat kontrakoa dela adierazten dute, alegia emakumearen apologia argia egiten duela liburuak[3].

Exposicion del Libro de Job[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joben liburuaren azalpena lanean, Kantarik Ederrena-ren komentarioan egiten duen bezalaxe, kapitulu guztiak hitzez hitz itzultzen ditu Fray Luisek lehenbizi, eta ondoren, azalpen bat eransten dio hitz lauz; horrezaz gain, testu horren beraren parafrasi bat egiten du hiruko bertsoetan. Joben liburuaren azalpena da, hain zuzen, Fray Luisek gaztelaniaz idatzi zuen liburu luzeena, eta hogei urtez aritu zen lan horretan, zenbait etenaldi eginik, hala ere[3].

Hortaz, idazleak berak bere bizitzan izan zituen gorabeherak eta aldiak, bai idazkerari, bai izpirituari dagozkionak, argi eta garbi ikusten dira liburu horretan. Urteetan bizi izan zituen esetsaldiek, itxialdiek eta eztabaidek bere baitan sortu zioten atsekabea nabarmen antzematen da liburuko iruzkinetan. Liburua ez zen, ordea, argitara eman 1779. urtea arte; baina, ezin esan daiteke argi eta garbi zein arrazoik atzeratu zuen argitalpen hori; baliteke Fray Luisek hebreerazko testua erabili izanagatik gorabeherak izatea Elizarekin[3].

De los nombres de Cristo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De los nombres de Cristo (1574-1575) lana hartzen da Fray Luisen maisulantzat. Pedro Portocarrero jaunari -Errege Batzordeko eta Inkisizioko kideari- eskaini zion Fray Luisek liburua, epaiketaren une latzenetan babesle izan baitzuen Portocarrero. Luisek berak liburua espetxean idatzi zuela aipatzen du, baina lan horretan nabarmen antzematen den estilo eta kontzeptu baretasunak sinesgaitz egiten du baieztapen hori; Fray Luisen lanaren ezagutzaile direnen iritziz, ezin sinets daiteke horrenbesteko oreka duten orrialdeak hain une larrietan idatzi zituenik[3].

De los nombres de Cristo lana elkarrizketa moduan antolatu zuen Luisek. Hiru agustindar fraide dira protagonistak: Marcelo (egilea bera), Sabino eta Juliano. Hiru fraideak Ordenaren etxe batean elkartzen dira, eta Eskritura Santuak Kristori ematen dizkion izenei eta horien egokitasunari buruz hitz egiten dute: «Gazte Eder», «Jainkoaren Aurpegi», «Bide», «Artzain», «Mendi», «Etorkizuneko Mendearen Aita», «Jainkoaren Beso», «Jainkoaren Errege», «Bake Printze», «Senar», «Jainkoaren Seme», «Maite», «Jesus» eta «Bildots»[3].

Elkarrizketaren aurretik izena zein ataletan agertzen den aipatzen da, eta ondoren izen horrek sortzen dituen arazoei buruz jarduten dute eztabaidan. Fray Luisen gainerako lanetan bezala, honetan ere, jatorri askotako iturriak erabiltzen ditu, eta Bibliaz gainera -hori da, dena dela, oinarri-oinarrizko idazkia-, hainbat idazle greziar eta latino aipatzen ditu. De los nombres de Cristo lanean iristen da Luis Leongoa goreneko mailara, bai literatura formaren osotasunari eta heldutasunari, bai pentsamenduaren sakontasunari dagokionez. Prosak harmonia, edertasun eta soiltasun handia iristen ditu lan horretan, eta ezaugarri horiek dira, hain zuzen, Fray Luis hizkuntzaren maisu bihurtzen dutenak. Askotan aipatu izan da Fray Luisen hitz lauzko lanek, eta batez ere De los Nombres de Cristo lanak, duten balio poetikoa[3]. Ondoko ahapaldi hau Luisen gaztelaniazko prosak erdietsi zuen bikaintasunaren adibide da:

«
Consiste, pues, la perfección de las cosas en que cada uno de nosotros sea un mundo perfecto, para que por esta manera, estando todos en mí y yo en todos los otros, y teniendo yo su ser de todos ellos, y todos y cada uno de ellos teniendo el ser mío, se abrace y eslabone toda esta máquina del universo, y se reduzca a unidad la muchedumbre de sus diferencias; y quedando no mezcladas, se mezclen; y permaneciendo muchas, no lo sean; y para que, extendiéndose y como desplegándose delante los ojos la variedad y diversidad, venza y reine y ponga su silla la unidad sobre todo. Lo cual es avecinarse la criatura a Dios, de quien mana, que en tres personas es una esencia, y en infinito número de excelencias no comprensibles, una sola perfecta y sencilla excelencia (De los nombres de Cristo, lib. I).
 »

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fray Luisen bertso lanek betidanik izan dute estimu handia, eta horiexek dira haren lan ezagunenak eta zabalduenak. Dena dela, poemak ez ziren argitaratu egilea bizi izan zen bitartean, eta eskuizkribuak besterik ez ziren banatu. Izkribu horiek, eskuz esku zabaldu zirenean, akatsez bete zituzten; Luisek hori ikusirik, nahiz eta bere idatziak argitaratzearen kontrakoa izan zen beti, poesiak zuzentzeko erabakia hartu zuen. Beri ere, Fray Luisek bildu zituen poemak ez ziren bera bizi zela argitaratu[3].

Bertso lan gehienetan lira bertso mota erabili zuen, eta maisutasun handiz erabili ere. Bertso mota horrek zituen aukera guztiez baliatu zen idazlea, eta bere adierazpen poetikoaren oinarri bihurtu zuen. Haren bidez iritsi zuen lirak betegintzarrean, eta hari esker garrantzi handiko lekua hartu zuen Garcilaso de la Vegaren berrikuntza metriko hark hizkuntzaren barruan[3]. Estilo erraz eta austeroa zuen itxuraz, irudi edo apainketarik gabea. Zangalatrauak adierazten du haren sufrimendua. Admirazioak eta interjekzioak nonahi, hitz bikote ugari agertzen dira era berean.

Latinezko eta hebreerazko poesiatik hartutako sinbologia darabil eta hiru tradizio kultural ezberdin uztartzeko gaitasuna du: poesia greko-latino klasikoa (Horazio, Virgilio eta Neoplatonismoa), literatura biblikoa (Salmoak, Joben liburua, Kantarik Ederrena) eta Espainiako Pizkundeko poesia italiazalea eta jatorra. Beti ere, Horazio olerkariak eragin nabarmena izan zuen Luis Leongoaren lirikan. Baina ezaugarri teknikoak eta estilistikoak Horaziorenak berarenak badira ere, poeta pertsonala izan zen edukiari dagokionez. Ez du zerikusirik Horazioren izaera ausart eta zinikoak, Fray Luisen poesia erlijioso, sutsu eta larriarekin. Zenbait kritikariren arabera, lehenengo lanetan nabaria da Horazioren eragina, eta horietan ez da ezaugarri erlijiosorik antzematen; heldutasuneko lanetan, aldiz, eragin hori desagertu egiten da. Lehenengo aldiko lanen artean aipagarriak dira, Oda a Santiago («Oda Santiagori»), La Profecia del Tajo («Tajoko iragarpena»), A Felipe Ruiz («Felipe Ruizi»), eta guztietan ezagunena Vida retirada («Bakartasun bizitza»). Heldutasun aldiko lanak dira, besteak beste, Noche serena («Gau barea»), A Francisco Salinas («Francisco Salinasi»), La morada del cielo («Zeruko egoitza») eta A Nuestra Señora («Andre Mariari»)[3].

Olerki moralak eta patriotikoak albora utziz, idatzi zuen oda asko eta askotan gustukoen zituen gaiak bakardadea, naturara erretiratzea, bake espirituala eta ezagutzaren beharra dira. Ezinegon nabarmeneko gizona, pasioz beteta zegoen eta, beste gauzen gainetik, bakardadea, lasaitasuna eta bakea zituen gogoko:

Vivir quiero conmigo,
gozar quiero del bien que debo al cielo,
a solas, sin testigo,
libre de amor, de celo,
de odio, de esperanzas, de recelo.[6]

«Naiago nigan bizi;
griñatxar, bekaitz, gorroto, axut
ta ustekeri ezik,
goiari zor diodan
zoria bakarrez goza nai dut.»[7]

Gai hau bere lirika osoan agertzen da nabarmen, naretasunaren bila dabil, baretu nahi du, bere nortasunak pasiorako joera duelako. Naturan aurkitzen du hain beharrezkoa zaion kontsolamendu hori. Al apartamiento oda:

Sierra que vas al cielo
altísima, y que gozas del sosiego
que no conoce el suelo,
adonde el vulgo ciego
ama el morir, ardiendo en vivo fuego:

recíbeme en tu cumbre,
recíbeme, que huyo perseguido
la errada muchedumbre,
el trabajar perdido,
la falsa paz, el mal no merecido.[8]

« Zeru goiaño oan
mendizut, bean ez bezelako
lanarte gozaleku:
emen jendeak, itsu,
griña biziaz iltzea naiago.

Ar nazak gandur ortan,
pake gezurruts, jendarte galkor,
lanbide alper eta
iñoiz ere merezi
ez izan gaitzez igesi bainator.»[9]

Luis Leongoaren estatua Salamancako Unibertsitatean

Aipagarriak ditu, bestalde, autore klasikoen itzulpenak; Virgilioren Eglogak eta Georgikak eta Horazioren Odak dira poesia itzulpenen artetik nagusiak. Grezieratik itzulpen gutxi batzuk egin zituen, Pindaroren Lehenengo Olinpikoa eta Euripidesen Andromaka lanaren atal batzuk, besterik ez. Latin eta grekozko itzulpenetan bertso hendekasilaboak, Terceto encadenado edo Octava Real deritzonak, erabiltzen zituen.

Teologia eta mistika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Leongoak Bibliaren ezagutza sakona zuen, eta ondo ezagutzen zituen teologia ikerketak ere. Erlijioaren alorrean zuen jakintza zientifikoa bai latinezko lanetan hai gaztelaniazkoetan erakutsi zuen. Latinez lan hauek idatzi zituen:

  • De legibus, hiru liburuz osatutako lana;
  • In Cantica Canticorum Salomonis explanatio, 1582an;
  • In psalmum vigesimumsextum explanatio, 1582an.

Latinezko lan horiek haren lan guztiaren barruan parte handiena osatzen badute ere, itzalean gelditu dira nolabait, Fray Luisek gaztelaniazko idazle gisa izan duen garrantziak hura gainditu baitu.

Bestalde, gai erlijiosoak bazituen ere gustukoen, hertsi-hertsian harturik, ez zen idazle mistikoa izan. Fray Luisen lanetan intelektualaren jarrera da gainerako ezaugarrietatik nabarmentzen dena. Jainkoarekin bat egiteko helburua ez da Fray Luisengan, Teresa Avilakoarengan eta Joan Gurutzekoarengan bezalako amodiozko oldarrekin azaltzen; lurreko loturak utzi eta zeruaz gozatzea amesten duenean, ez du maitasuna asetzeko modua amesten, Sortzailearekin batera gauza guztien ezagutza lortzeko bidea baizik[3].

Edizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko dira eta batzuk azpimarratuko ditugu:

  • Bere lanak eskuizkribuetan asko zabaldu baziren ere, 1631ra arte, ez ziren editatu, Quevedok inprimatu zituenean lehen aldiz. Salamancako Eskolako Francisco de la Torrerenarekin batera argitaratu zituen, Gongoraren erabateko Kulteranismoaren aurka.
  • 1779an, Francisco Cerdá y Ricok beste batzuk editatu zituen.
  • Osatuenetako bat Gregorio Mayáns y Siscarrek egin zuen (Valentzia: Tomás de Orga, 1785).
  • Hala ere, bere lanaren eskuizkribu zehatzenak bere ilobak kopiatutakoak izan ziren, fraide eta teologo agustinoa zen Basilio Ponce de Leónek, alegia.
  • XVIII. mendean, Pedro Estala filologoak editatu zituen bere obrak Valentziako eskuizkribu batean oinarrituz.
  • 1805-1806an Antolín Merino agustindarrak 5 alez osatutako lan batean editatu zituen, Obras del maestro fray Luis de León izenarekin.
  • Salvador Faulík De los nombres de Christo, añadido juntamente el nombre de Cordero (Valentzia: Salvador Faulí, 1770) editatu zuen.
  • XIX. mendean, Biblioteca de Autores Españoles delakoak egin zuen edizio berri bat (Madrid, Manuel Rivadeneyra, 1855).
  • XX. mendean, Manuel Fraile aitak Los nombres de Cristo editatu zuen (1907).
  • Federico de Onísek ere egin zuen 3 aleko edizio bat Editorial Castaliarentzat 1914tik 1922 bitartean.
  • 98ko Belaunaldiko Enrique de Mesa poetak 1876 eta 1977 artean De los nombres de Cristo editatu zuen.
  • Luis Astrana Marínek La perfecta casada atera zuen (Madril: Aguilar, 1933).
  • Elena Milazzok egin zuen beste bat (Erroma, 1955).
  • Joaquín Antonio Peñalosak lan hau editatu zuen olerki originalak eta Cantar de los Cantares-ekin batera Mexikoko Porrúa editorialean (1970).
  • Ospe handia hartu zuten Ángel Custodio Vega agustinoak BAC o Biblioteca de Autores Cristianosentzako egin zuenak. Edizio hori berritu zuten eta oraindik lor daiteke (Barcelona: Planeta, 1970).
  • Juan F. Alcinak Poesia editatu zuen (Madril: Cátedra, 1986?.
  • Cristóbal Cuevasek De los nombres de Cristo (Madrid: Cátedra, 1977), Poesía completa (Madrid: Castalia, 1998) eta Fray Luis de León y la escuela salmantina (Madril: Taurus, 1986) atera zituen.
  • José Manuel Blecuak ere Poesía egin zuen (Madril: Gredos, 1990) eta Cantar de Cantares de Salomón (Madril: Gredos, 1994).
  • José María Becerra Hiraldok Cantar de los Cantares editatu zuen. Interpretaciones literal, espiritual, profética (El Escorial: Ediciones Escurialenses, 1992) eta Cantar de los Cantaresen iruzkina (Madril: Cátedra, 2004).
  • Antonio Sánchez Zamarreñok De los nombres de Cristo berri bat egin zuen (Madril: Austral, 1991).
  • José Barrientosek Epistolario, Cartas, licencias, poderes, dictámenes editatu zuen (Madril, Revista Agustiniana, 2001).
  • Emiliano Fernández Vallinak Tratado sobre la Ley atera zuen bi hizkuntzetan (Monasterio de El Escorial: Ediciones Escurialenses, 2005).
  • Ángel Alcalák ere editatu zuen: El proceso inquisitorial de fray Luis de León (Salamanca, Junta de Castilla y León, 1991).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e   San José Lera, Javier, Fray Luis de León: Apunte biográfico, Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, cervantesvirtual.com, http://www.cervantesvirtual.com/portales/fray_luis_de_leon/autor_apunte/. Noiz kontsultatua: 2015-06-25 .
  2.   Ramírez González, Clara Inés (2007), La crisis de la razón dialéctica en la Universidad de Salamanca durante la segunda mitad del siglo XVI, Universidades hispánicas: modelos territoriales en la Edad Moderna, II, Universidad de Salamanca, books.google.es, https://books.google.es/books?id=m28m2pYQRdIC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2015-06-27 .
  3. a b c d e f g h i j k l   Fray Luis de Leon (1527-1591), Lur Entziklopedia Tematikoa, euskara.euskadi.eus, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-luredir/eu/contenidos/articulo/c1703/eu_d1703013/1703013.html. Noiz kontsultatua: 2015-06-25 .
  4.   Leongoa, Luis, Al salir de la carcel, Poesía de Fray Luis de León, los-poetas.com, http://www.los-poetas.com/f/frayluis1.htm. Noiz kontsultatua: 2015-06-28 .
  5.   Leongoa, Luis, Ziegatik irtetzean, Karmelo Etxegaraik euskaratua, Euskal-Erria, 1884, urkiza.armiarma.eus, http://urkiza.armiarma.eus/cgi-bin/urkiza/EBMODBER.pl?Bertso=27577. Noiz kontsultatua: 2015-06-28 .
  6.   Leongoa, Luis, Vida retirada, Poesía de Fray Luis de León, los-poetas.com, http://www.los-poetas.com/f/frayluis1.htm. Noiz kontsultatua: 2015-06-28 .
  7.   Leongoa, Luis, Bakarraldia, Joan Inazio Goikoetxeak euskaratua, 1964, Literaturaren Zubitegia, klasikoak.armiarma.eus, http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/G/GazteluMusika008.htm. Noiz kontsultatua: 2015-06-28 .
  8.   Leongoa, Luis, Al apartamiento, Poesía de Fray Luis de León, los-poetas.com, http://www.los-poetas.com/f/frayluis1.htm. Noiz kontsultatua: 2015-06-28 .
  9.   Leongoa, Luis, Bakardiari, Joan Inazio Goikoetxeak euskaratua, 1964, Literaturaren Zubitegia, klasikoak.armiarma.eus, http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/G/GazteluMusika015.htm. Noiz kontsultatua: 2015-06-28 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luis Leongoa Aldatu lotura Wikidatan